Astakeriak kanpainan

Lau egun besterik ez, eta nahikotxo entzun behar izan ditugu dagoeneko.

Behin eta berriro errepikatzen dira, adibidez, Basagoitirenak: ETA gora, ETA behera, Bildu ETA da, EA eta ETA bildu dira, ETA, ETA… Bildu kaka.

Patxi Lopezen txilinbueltak ere oso ospetsuak dira: Bildu kaka baina “ongi etorri Bildu”. Gainera, esan du ez duela sekula Bildurekin hitzarmenik egingo. Bildu kendu eta PP jarri, eta orain dela bi urteko kanpainako esaldiaren hitzez hitzeko kopia aterako zaizue.

Hain ospetsuak ez diren beste bi politikariren perlatxoak dakartzat gaurko:

– Oskar Matute (Alternatiba, gaur egun, Bilduren barruan): “hitzarmen partidistak ikusiko ditugu Bilduri hautesleek emango dioten boterea kentzeko”.  Ez du gogoratu nahi, ordea, Bildu bera “sortu” zutenetik, hitzarmen partidista bat dela berez, EA, Alternatiba eta Ezker Abertzaleak osatutako hitzarmen partidista.

– Javier Maroto (PPren bozeramailea Gasteizko Udalean): “nik euskara maite dut, nire bigarren abizena Aranzabal da”.  Eta listo! Abizenei botere magikoak aitortu dizkie Maroto jaunak. Zer esan behar ote du bere alderdiko zati erlijiosoenak? Heresia bota du, ezta?

Umoreari erreparatu nahi badiozue bakarrik, oraindik hamaika egun geratzen zaizkigu barre batzuk botatzeko. Gauza serio hartu nahi izanez gero, tamalgarria da politikari batzuen hausnarketarako ahalmena.

Zoritxarrez,  to be continued…

Patxi Lopez, bere hitzen morroi.

EiTBn Patxi Lopezi egin behar zioten elkarrizketa ikusten hasi naiz, baina onartu egingo dizuet, sutan jarri naiz eta futbola jarri dut, han behintzat euskaraz entzungo baitiot Azkargorta euskaltzain urgazleari.

Ez ba! Ez da zilegi! Benetan uste al duzue normala dela gure telebista publikoan honako komunikabideen ordezkariak agertzea bakarrik Lopez elkarrizketatzen? El Mundo, El País, Diario Vasco (Vocento) eta EiTB bera (hala aurkeztu dituzte behintzat). Denak abertzale-abertzaleak… baina Espainara begira.

Non geratu dira Deia, Berria edo Gara komunikabideek, besteak beste, Lopezi egin liezazkioketen galderak? Zulo beltzen batean akaso.

Lehendakariak ez du gustuko deseroso jar dezaketen komunikabideei erantzutea. Deiak gaur bertan salatzen zuen bezala, prentsa askatasunaren nazioarteko egunean, atzo alegia, kazetari guztiei erantzungo ziela zin egin zuen Patxik; bi urte darama Deia edo Onda Vascari elkarrizketarik eman gabe ordea.

Lotsagarria da EiTBk lehendakariari ematen dion baldintzarik eta mugarik gabeko babesa, eta lotsagarria era berean, Lopezen jarrera gizartearen parte handi batek entzun, ikusi edo irakurtzen dituen komunikabideei bizkarra ematearren, guztion ordezkari behar lukeela ahazturik.

Hala eta guztiz ere, amaitzeko, elkarrizketa ikusi dudan tarte laburrean, ez nuke lehendakariak esandako zerbait iruzkintzeko aukera galdu nahi. Bilduren ilegalizazioaz, Auzitegi Gorenaren erabakia defendatu egin du, demokraziaren izenean gainera, Ezker Abertzaleak ez omen baitu eman behar haina urrats hauteskundeetan egon ahal izateko. Hitz horiek grabatuta daude, eta zer demontre esango luke bihar Epaitegi Konstituzionalak Bilduren zerrendak baliozkotuko balitu? Egun batetik bestera, Ezker Abertzalearen jarrera zertan aldatu dela esango luke gure mandatariak? Bere berben preso geratu da gure Patxiku.

Zelan izan liteke Lopezek daukan bezalako kargua duen pertsona bat hain arduragabea? Hori da PSEren egiteko eta jarduteko modua, ez zait besterik bururatzen.

Ba lagunok, Bilduk aurkezterik ez badauka, horixe bera da datorkiguna hurrengo lau urteotan, bai aldundietan, bai hainbat udalerritan, hautesleok kontrakoa esaten ez badugu behintzat. Zaila izan da pasatu duguna eta pasatzen ari garena, baina zailagoa izan liteke etortzeko dagoena.

Gaizkiaren ardatza: Osama “Bildu” Laden

Obelixen esaldia datorkit burura behin eta berriro: “erromatar hauek erotuta daude”.

Mundua zeharo zoratu egin zaigu. Bakearen Nobel saria duen Obama, Estatu Batuetako presidentea, publikoan agertzen da pertsona bat erail dutela adierazteko, harro-harro.

Bai, pertsona hori Bin Laden da, terrorista gaizto hura; baina zer estatu demokratikok erailtzen du pertsona bat, aurretiazko epaiketarik gabe gainera, eta gero poz-pozik atera jendaurrean Berri Ona ematera?

Hori da arazoak konpontzeko daukagun edo nahi dugun modua? Ematen du baietz, Europar Batasunak belarriekin txalotu baititu Obama presidentearen jarrera eta erabakia. Orain mundua seguruagoa dela diote, ikusiko dugu zer nolako erantzuna ematen duen hemendik aurrera terrorismo islamistak, zoroak edonon aurki baititzakegu. Nik behintzat, hurrengo hilabeteotan, ez nuke Washingtonera doan hegaldirik hartuko.

Eta… A! Gorpua eta guzti zeukan Obamak hortik gordeta hasieran, baina kasualitatez orain itsasora bota dute. Ikusi Zaldieroak Berrian argitaratu duen zinta.

Eta Euskadin bertan ere, badaukagu gure “malomalosoa”; gertatzen dena da, hemen, “malomalosoak” izen ezberdinak eta identitate anitz hartzen dituela besteok despistatzeko. Hartu duen azken izena “Bildu” izan da.

Bildu horren atzean terrorista gaizto asko dago, eta pertsona onez mozorrotutako beste terrorista pila. Denak dira txarrak, denak kaka. Terrorista baten (irakurri “ezker abertzaleko politikaria”) Facebookeko laguna bazara eta Bilduren haueskunde-zerrendan bazoaz… ILEGALIZAU!!! Bada ez bada. EA eta Alternatiba alderdiek ibilbide demokratiko fina daukatela atzetik? AAAAAAAA!!! Sesiente! Zertarako sartu dira saltsa honetan?

Horiek dira Espainian dauden justizia eta demokraziaren kontzeptuak.

Baina mundua zoratzeko modukoa denez, antzeko egoeren aurrean hauteskundeetara normal aurkeztu diren alderdiek, hauteskundeak aurkaratu nahi dituzte Estrasburgon, Konstituzionalak ez badio Bilduri bere oniritzia ematen. Alderdi horiek EA, Alternatiba eta Ezker Abertzalea bera dira (orain lau urte, leku batzuetan bai eta beste batzuetan ez  esan ziotenean, jokoa onartu zuen arren).

Horren aurrean, zoratzekoa den honetan, zer eskatuko diete gainerako alderdiei? Non jarriko diete onargarritasunaren listoia?

Garai latzak datoz, zoratzeko modukoak hauek ere…

Sozialisten kea, gizartearen eztula

Oporretatik bueltatzea da lanik gogorrena, eta are gogorrago egiten da halako sen masokista ezkutuak jotzen gaituenean. Sen horren tranpan erori eta PSE-EEren web orrian sartzea erabaki nuen atzo (euskarazko atalean, noski). Ba berehala damutu zitzaidan…

Hauek denak portadako gaiak dira (irudia ikusi eta ondoko testua irakurri):

Nork jartzen du noranzko bateko sentimendu nazionala langabeziaren kontrako borrokaren aurretik? EAJk? Kopeta behar da PPSOE koaliziotik hori esateko, eta azken datuak ikusita gainera: “Langabezia % 7,48 hazi da EAEn eta % 16,76 Nafarroan”

PSEk zer leporatzen diola PPri? Terrorismoaren aurkako politika? Baina Basagoiti eta Lopez ez al zeuden oinarrizko gaietan ados? Lotsagarria da euskal gobernuan dauden alderdi biek ikuskizun tamalgarri hau ematea: etsaiak, eta hala ere, lagunak? Nork sinesten du hori dagoeneko?

“Radical”, euskaraz muturrekoa. Espainiatik urrun dauden proiektu politikoak muturrekoak dira? Espainiara gero eta gehiago hurbiltzen gaituztenak ez, ordea. Ba, azken urteotan, frogatuta geratu da zer nolako zama suposatzen duen Espainiak Euskadiko ekonomian; kultura, hizkuntza… ez aipatzearren. Hortaz, zer da muturrekoa izatea? Kaltetzen gaituena sutsu defendatzea, ez da hala?

Hori da PSEk saldu nahi diona euskal gizarteari: KEA. Hutsalak dira planteamenduak, sinesgarritasun bakoak. Azken irudiarekin, agian, hobeto uler daiteke esan nahi dudana:

Eta ikusi [Enlace roto.] langabeziaren azken datuak Espainian.