Bizkaian, gaztelaniaz argitaratzen diren hiru egunkari nagusien azala ikusita gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean, sorpresa ederrak har ditzakegu. Ez dauka azalpen askoren beharrik, batzuetan, keinu sinple batek asko esaten duelako. Mundiala:
Tag: Deia
Argazkiak hitz egiten duenean
Gaur, Urkullu lehendakariaren eta Barcina foru presidentearen arteko bileraren kronikak agertzen dira egunkarietan. Ez dakit bilerak eduki handirik izango zuen, baina bada aurrerapauso bat, bederen, EAE eta Nafarroako Foru Erkidegoaren arteko harremanak normalizatzeko. Lehen harri koskortxo bat alegia.
Hori esanda, ez nator topaketa horrek eman ditzakeen fruituez hitz egitera, [Enlace roto.] topatu dudan sekulako argazkia iruzkintzera baizik:
Kasualiatea izan daitekeela ez dut inondik inora ukatuko, baina ez didazue esango argazki horrek gauza gutxi esaten duenik. Argazkiak hitz egiten du.
Alde batetik, herritarraren pare jartzen den agintaria ikusten dugu, makurtu egiten dena, arazoak dituenari ahal duen moduan laguntzeko, keinua serio. Urkullu jauna.
Bestalde, besteen arazoei barre egiten dien agintaria dugu, Barcina andrea. Arazoak arazo, aurrera egiten duena, atzera begiratu barik, ezer gertatuko ez balitz bezala. Horrela deskriba daiteke ere bere agintzeko modua, itsuan aurrera egitea, eta inguruan zer dagoen bost axola.
Bi agintari, bi pertsona, bi jokabide desberdin.
Patxi Lopez, bere hitzen morroi.
EiTBn Patxi Lopezi egin behar zioten elkarrizketa ikusten hasi naiz, baina onartu egingo dizuet, sutan jarri naiz eta futbola jarri dut, han behintzat euskaraz entzungo baitiot Azkargorta euskaltzain urgazleari.
Ez ba! Ez da zilegi! Benetan uste al duzue normala dela gure telebista publikoan honako komunikabideen ordezkariak agertzea bakarrik Lopez elkarrizketatzen? El Mundo, El País, Diario Vasco (Vocento) eta EiTB bera (hala aurkeztu dituzte behintzat). Denak abertzale-abertzaleak… baina Espainara begira.
Non geratu dira Deia, Berria edo Gara komunikabideek, besteak beste, Lopezi egin liezazkioketen galderak? Zulo beltzen batean akaso.
Lehendakariak ez du gustuko deseroso jar dezaketen komunikabideei erantzutea. Deiak gaur bertan salatzen zuen bezala, prentsa askatasunaren nazioarteko egunean, atzo alegia, kazetari guztiei erantzungo ziela zin egin zuen Patxik; bi urte darama Deia edo Onda Vascari elkarrizketarik eman gabe ordea.
Lotsagarria da EiTBk lehendakariari ematen dion baldintzarik eta mugarik gabeko babesa, eta lotsagarria era berean, Lopezen jarrera gizartearen parte handi batek entzun, ikusi edo irakurtzen dituen komunikabideei bizkarra ematearren, guztion ordezkari behar lukeela ahazturik.
Hala eta guztiz ere, amaitzeko, elkarrizketa ikusi dudan tarte laburrean, ez nuke lehendakariak esandako zerbait iruzkintzeko aukera galdu nahi. Bilduren ilegalizazioaz, Auzitegi Gorenaren erabakia defendatu egin du, demokraziaren izenean gainera, Ezker Abertzaleak ez omen baitu eman behar haina urrats hauteskundeetan egon ahal izateko. Hitz horiek grabatuta daude, eta zer demontre esango luke bihar Epaitegi Konstituzionalak Bilduren zerrendak baliozkotuko balitu? Egun batetik bestera, Ezker Abertzalearen jarrera zertan aldatu dela esango luke gure mandatariak? Bere berben preso geratu da gure Patxiku.
Zelan izan liteke Lopezek daukan bezalako kargua duen pertsona bat hain arduragabea? Hori da PSEren egiteko eta jarduteko modua, ez zait besterik bururatzen.
Ba lagunok, Bilduk aurkezterik ez badauka, horixe bera da datorkiguna hurrengo lau urteotan, bai aldundietan, bai hainbat udalerritan, hautesleok kontrakoa esaten ez badugu behintzat. Zaila izan da pasatu duguna eta pasatzen ari garena, baina zailagoa izan liteke etortzeko dagoena.