EH-Bildu eta euskara

Gaur EH-Bildu eta euskarari buruzko bi gai pilatu dira aldi berean, eta arreta deitu didatenez, tartetxoa egin nahi izan diet blog honetan.

Lehenik eta behin, EH-Bilduren web orrian sartu naiz hizkuntza normalizaziorako zer proposatzen duten ikusteko, eta arreta deitu didan lehenengo gauza izan da zati bat gaztelaniaz idatzita dagoela. Hemen  sakatuta ikus dezakezue (ordu honetan behintzat, aldatu gabe dago oraindik). Dena den, irudia gorde dut, bada ez bada.

Bai, egia da, denok egin dugu halakoren bat, euskarazko testua sartu nahi genuen lekuan gaztelaniazkoa sartu konturatu gabe, eta ez dauka aparteko garrantziarik. Baina arreta deitu dit gauza batengatik: oraindik ez al du inork interesik izan EH-Bilduk hizkuntza politikaz zer esan behar duen aztertzeko? Eta suposatuz bakar batzuek irakurri dutela, ez al die inork abisatu erroreaz? Harritzekoa.

Hala ere, mamira ere jo nahi nuen apur bat. Hain justu, gaztelaniaz agertzen den zatitxoan azaltzen da lehentasunezko hizkuntz politika subiranoa (bai, lehentasunezkoa eta subiranoa, hala esaten du, baina espainolez) lortzeko ezarri nahi dituzten neurriak. Honakoak (ez ditut nik itzulpen lanak egingo):

1. Lograr nuevos vascoparlantes y universalizar el euskera

2. Lograr espacios para el euskera

3. Incidir en la motivación del uso del euskera entre los euskaldunes

Eta neurri horiek irakurri ondoren, burura datorkidan lehen galdera hauxe da: baina NOLA demontre? Hor asmo onak baino ez ditut ikusten, oso asmo onak gainera, nire ustez, baina ez dute azaltzen asmo horiek nola gauzatu nahi dituzten. Hortaz, neurriak direla dioen lekuan, “helburuak” jarri beharko lukete, gutxienez.

Baina horrezaz gain, oraindik gehiago harritu nauen beste gai bat atera da gaurkoan, EH-Bildu eta euskararekin lotuta, eta bi iturri desberdinetatik ikusi dut.

Euskal Herrian Euskaraz elkarteak txio bat argitaratu du Twitterren esanez Iñigo Urkullu izango zela euskarazko hauteskunde debatean parte hartuko zuen lehendakarigai bakarra. Hementxe duzue:

Eta ondoren, [Enlace roto.] ere atera da albiste harrigarri hau. Berriaren zati bat kopiatzen dizuet:

El candidato del PNV a lehendakari participará, en cambio, en los dos debates a cuatro, en euskera y castellano. La formación jeltzale ha elegido a Ortuzar y Egibar para los programas a seis. El PP se ha decidido por Laura Garrido para los programas en euskera y por Arantza Quiroga para el de mañana. En el caso de EH Bildu, Mintegi no debatirá en euskera, ya que en esos debates tomarán parte Marian Beitialarrangoitia y Xabier Isasi.

Ba bai, harrigarria bada ere, eta alderdi ezberdinek hala baieztatu dutela dirudi, Iñigo Urkullu hautagai jeltzalea izango da ETB1-eko kamaren aurrean eztabaidan arituko den lehendakarigai bakarra.

Ez dut hemen esango EH-Bilduk ez duela euskararekiko konpromisorik, gezurretan arituko nintzatekeelako, baina zenbatetan entzun behar izan du Euzko Alderdi Jeltzaleak euskararekiko inolako konpromisorik erakusten ez duela hori ere gezurra izanik? Ba hortxe duzue konpromisoa, euskal herritarren aurreko konpromisoa.

 

 

Patxi Lopez, bere hitzen morroi.

EiTBn Patxi Lopezi egin behar zioten elkarrizketa ikusten hasi naiz, baina onartu egingo dizuet, sutan jarri naiz eta futbola jarri dut, han behintzat euskaraz entzungo baitiot Azkargorta euskaltzain urgazleari.

Ez ba! Ez da zilegi! Benetan uste al duzue normala dela gure telebista publikoan honako komunikabideen ordezkariak agertzea bakarrik Lopez elkarrizketatzen? El Mundo, El País, Diario Vasco (Vocento) eta EiTB bera (hala aurkeztu dituzte behintzat). Denak abertzale-abertzaleak… baina Espainara begira.

Non geratu dira Deia, Berria edo Gara komunikabideek, besteak beste, Lopezi egin liezazkioketen galderak? Zulo beltzen batean akaso.

Lehendakariak ez du gustuko deseroso jar dezaketen komunikabideei erantzutea. Deiak gaur bertan salatzen zuen bezala, prentsa askatasunaren nazioarteko egunean, atzo alegia, kazetari guztiei erantzungo ziela zin egin zuen Patxik; bi urte darama Deia edo Onda Vascari elkarrizketarik eman gabe ordea.

Lotsagarria da EiTBk lehendakariari ematen dion baldintzarik eta mugarik gabeko babesa, eta lotsagarria era berean, Lopezen jarrera gizartearen parte handi batek entzun, ikusi edo irakurtzen dituen komunikabideei bizkarra ematearren, guztion ordezkari behar lukeela ahazturik.

Hala eta guztiz ere, amaitzeko, elkarrizketa ikusi dudan tarte laburrean, ez nuke lehendakariak esandako zerbait iruzkintzeko aukera galdu nahi. Bilduren ilegalizazioaz, Auzitegi Gorenaren erabakia defendatu egin du, demokraziaren izenean gainera, Ezker Abertzaleak ez omen baitu eman behar haina urrats hauteskundeetan egon ahal izateko. Hitz horiek grabatuta daude, eta zer demontre esango luke bihar Epaitegi Konstituzionalak Bilduren zerrendak baliozkotuko balitu? Egun batetik bestera, Ezker Abertzalearen jarrera zertan aldatu dela esango luke gure mandatariak? Bere berben preso geratu da gure Patxiku.

Zelan izan liteke Lopezek daukan bezalako kargua duen pertsona bat hain arduragabea? Hori da PSEren egiteko eta jarduteko modua, ez zait besterik bururatzen.

Ba lagunok, Bilduk aurkezterik ez badauka, horixe bera da datorkiguna hurrengo lau urteotan, bai aldundietan, bai hainbat udalerritan, hautesleok kontrakoa esaten ez badugu behintzat. Zaila izan da pasatu duguna eta pasatzen ari garena, baina zailagoa izan liteke etortzeko dagoena.