Patxi Lopez atera zaigu berriro, azken boladan, euskal herritarrok [Enlace roto.] dauzkagula gogoraraztera. Behintzat, esaldia atera digu plazara, asko errepikatuta egia bihurtuko zaiolakoan edo.
Hori bai, bada ez bada ere, zein identitate maite behar dugun argi gera dakigun, Eusko Jaurlaritzak hitzarmena sinatu du Espainiako Gobernuarekin Euskadiren irudia Europan Estatuarekin lotze aldera,[Enlace roto.] (Euskadi behar dut) lelopean.
Lelo horrek zaharrago bat ekarri dit gogora, “Euzkadik behar zaitu” ospetsua alegia. Eta hala da, zure koloreak ez badatoz bat horia eta gorriarekin, zuriak, gorriak eta berdeak behar zaituzte. Jarri aberriari nahi duzun izena, Euzkadi, Euskadi, Euskal Herria, Baskonia… niri bost, baina guztiok gara euskaldun, begietatik beste ezer sartu nahi diguten arren (ezta?)
Kopeta behar da identitate arazoak gaindituta dauzkagula baieztatzeko eta handik laburrera Espainia hitzaren “armoniarekin” ahoa betetzeko. Balearen tamainako kopeta.
Tartean, gaur bertan, edozein arazoz gaindi dagoen hitzordua omen daukagu 20:30ean, futbol Mundialaren final erdiak. Gorriz jantzita doan talde batek jokatzen duela esan didate, egia esan, ez naiz asko enteratu, komunikabideetan ez baita ia ezer aipatzen horretaz. Baina ahaztu zure bizitzan eta ingurukoenean dauden arazo guztiak, horrek beste ezerk baino garrantzia handiagoa baitauka. Zuk ez duzu 600.000 euro jokoan, baina lasai, bularra puztuko zaizu hor baitaude Llorente, Martinez eta Alonso zure herria ordezkatzen, ezta?
Gogora ekartzearren baino ez: Alemania, Uruguai edo Holandako selekzioek ez dute sosik jasoko txapelketa irabaziz gero. Estatu horietako herritarren patriketatik ez zaie txakur txikirik ordainduko.
Horregatik bakarrik bada ere, I don´t need Spain. Dirua xede nobleagoetarako dago.