Irakurri dut atzo Gara egunkariak argitaratu zuen Euskal Herriko Futbolarien prentsa oharra. Bihoa aurretik barruak astindu dizkidala testuak, emozionatu eta guzti egin naiz apur bat, eta nire buruari zera esan diot, ostia! Aurrera doaz, pausuak ematen ari dira, gure selekzioa nahi dute eta prest daude edozertarako.
Betidanik behar izan ditugu halako eragileak gure herrian aberrigintzarako, eta gizartean ospea eta entzutea dutenek inork baino gehiago eragin dezakete.
Baina lehen sintoma horien berotasuna epeltzen joan denean, gauzak beste modu batera ikusi ditut eta beste zenbait xehetasun ekarri dut gogora:
1. Egoera eskizofreniko hau guztia ez zen kolore batzuengatik hasi, izen baten lehiagatik hasi zen: Euskal Herria, Euskadi, Euskal Selekzioa… pitokeria galanta. Badakigu zer eta nor garen, eta abestiak dioen bezala: zuri, gorri eta berde gure koloreak, defenda ditzagun mundu guztian.
2. Ofizialtasunerako urrats sendorik ez ematea leporatzen diete jokalariek Euskal Federazioari. Gogora dezagun saltsa honetan, behintzat beste federazio bat badagoela tartean: Nafarroakoa. Eta Iparralderi dagokionez, pentsatzen dut Akitanian Federazioa ere egongo dela. Erantzukizuna zergatik da bakarrik Federazio batena?
3. Jokalarien papera. Ofizialtasuna lortu nahi dutela diote, jokalariak askatasunez erabaki ahal izatea zein selekziorekin jokatzen duen. Baina giroa nahasteaz aparte eta prentsa oharrak ateratzeaz gain, zer egin dute jokalariek? Euskal Herria horrenbeste maite duten horietakoren batek uko egin al dio Espainiarekin (edo Frantziarekin) jokatzeari? Hori ereduarekin lan egitea litzateke.
4. Euskal Herriko Futbolariak talde horrek zeintzuk ordezkatzen ditu? Guztiak? Euskal Herriko jokalarien %100? Noren izenean hitz egiten dute? Hori ere ez zaigu batere garbi geratu.
5. Jokalariek banaka hitz egiten dutenean, euren klubetako prentsaurrekoetan, ez dira hain garbiak, ez dute ofizialtasunez hitz egiten, ez dituzte pausu sendoak aipatzen eta honako hitzok bakarrik darabiltzate: futbolaren jaia, partida polita, giroa, jokatu nahi… Hitz hutsak, inolako konpromisorik adierazten ez dutenak.
Hortaz, bai, futbolariak ados omen daude Euskal Selekzioaren ofizialtasuna erdiesteko helmugarekin, baina Euskal Herriko Futbolariak izenak ematen dien anonimotasunpean ezkutatzen zaizkigu.
6. Eta bukatzeko, prentsa oharra Gara egunkarira bakarrik bidali zuten jokalariek. Hori bai pluraltasun ariketa bikaina, Euskal Herrian beste komunikabiderik ez balego bezala. Horrela helarazi nahi dizkiete euren iritziak euskal gizarteari?
Gainera, hor tartean ESAIT ere ibili zaigu bazterrak nahasten, ez dakit zeren bozeramaile, partidarik ez zela egongo, euren esku bakarrik balego bezala. Horretarako bakarrik bada ere, sentimendu baten monopolioa nahi dutenei ahoa itxi diete jokalariek bederen.
Tira, inuxente-inuxente, oraindik espero dut, nozibait, saltsa honetan guztian denek aurpegia ematea eta benetako irtenbideen bila hastea. Herri honen gehiengoak Euskal Selekzioa ikusi nahi baitu lehia garbian nazioartean, badelako garaia.