Atzo, Argia aldizkariari atxikituta dauden blogetariko baten, esaldi hau irakurri nuen: “Eusko Jaurlaritzak aurrekontu osoaren (10.215 milioi euro) %0,047 (4,87 milioi euro) inbertituko du euskarazko hedabideetan (EITBren 121,8 milioiak aparte)”.
Benetan, zur eta lur geratu nintzen. EiTBrena, behartuta bezala edo, jartzen zuen blogariak. Zelan esan liteke Jaurlaritzak 4,87 milioi ematen dituela euskarazo komunikabideetarako bereak propio, DENONAK, direnak kontu horretan sartu barik, horiek hutsaren hurrengoa izango bailiran?: Euskadi Irratia, Gaztea, ETB1, ETB3… Eta hori, oraindik Jaurlaritzaren beste komunikatzeko bide edo tresna batzuk aintzat hartu gabe, hala nola, Irekia, Euskadi.net, sare sozialetako profilak…
Oso garbi daukat euskara bultzatu egin behar dugula, euskarari lagundu egin behar zaiola erakunde publikoetatik eta lagundu egin behar diogula kontsumitzaileok, merkatu pribatuan ez baita baldintza berberetan lehiatzen euskaraz produzitzen duena. Horregatik, zerbait egin beharko litzateke, adibidez, Harkaitz Canoren “Twist” liburuak, bereziki luzea ez dena, 26€ balio ez dezan.
Baina komunikabide pribatu batek zer egin behar ote du? Ba, lehenik eta behin, bere izaeraz kontziente izan, pribatua dela alegia. Ondo dago laguntza publikoa eskatzea, baina hasteko, administrazio publikoek bere kaxa ateratzen dituzten, guztionak diren eta ele bietan doazen komunikabideak gutxiestea ez zait oso jokabide garbia iruditzen. Eta agian, komunikabide pribatu horiek beste galdera batzuk bota beharko lituzkete airera, eurek beraiek erantzuteko modukoak: euskaldun guztion komunikabide gara? Guztiok eroso irakurtzeko moduko aldizkari edo egunkaria gara? Gure ildo editoriala euskara da bakarrik, euskal kultura eta euskaldunok oro har? Ez al dugu menpekotasun politikorik?
Ez dut esan nahi ildo editorialik eduki ezin dutenik, jakina, baina guztiok ordaindutako komunikabide euskaldun publikoak ditugula nahita ahaztea ez da fin geratzen argudioa tesi jakin batzuetara moldatu ahal izateko.
Jende gehiagok gure komunikabidea irakurtzea nahi badugu, horrek esan nahiko du jende gutxik irakurtzen digula, edo ez zaigula irakurle nahiko dugula iruditzen, eta agian, soluzioa guk geuk eman dezakegu, barrutik, kanpora begiratzen hasi baino lehen.