Igande santuak

Beherapenak heldu dira, eta Gabonak igarota, kontsumo eroenaren atzaparretan berriz jausteko aukera ezin hobea dugu mutur aurrean.

Baina aurten, gure polemikarik gabeko Euskadi maitagarri honetan, istilua azaldu zaigu merkataritzan. Istilua zergatik? Ba dikotomia honekin laburbil daiteke gauza: erostea eskubide ukaezina da / Igandeetan irekitzea gizartearen alienazioan beste aurrera pausu bat da.

Sinplifikazio galanta da bota dudana, baina galdera-kate baten bidez eman nahi nioke nik aterabidea arazoari: zer gizarte eredu da sortu nahi duguna? Kontsumoan oinarritu behar al dugu gure ekonomiaren funtzionamendua? Krisiak ez al zuen ba frogatu hori eredu aldrebesa zela? Kontsumoan oinarritu behar al dugu gure aisialdia? Hori al da gure seme-alabei utzi nahi diegun etorkizuna?

Agian galdera horiek planteatzearekin atzerakoia izango naiz oso, baina atzerakoia zergatik? Familia defendatzeagatik, lanarekin uztartu ahal izateko; kultura eta sormena defendatzeagatik gure aisialdia pasatzeko modu konstruktiboena dela uste dudalako, kirolarekin batera; erostea gure beharrak asetzeko bete behar dugun ekintza bezala baino ez dudalako ikusten.

Jaun-andreok, Internet 24 orduz zabalik dago, astelehenetik igandera. Has gaitezen pentsatzen zerekin bete nahi dugun gure denbora librea eta zer eraiki nahi dugun denbora libre horretan.

Atzerakoia bada hori defendatzea, kontserbadorerik kontserbadoreena naiz, baina nire ustez, gizabanakoen eta gizartearen mesederako.