Igande santuak

Beherapenak heldu dira, eta Gabonak igarota, kontsumo eroenaren atzaparretan berriz jausteko aukera ezin hobea dugu mutur aurrean.

Baina aurten, gure polemikarik gabeko Euskadi maitagarri honetan, istilua azaldu zaigu merkataritzan. Istilua zergatik? Ba dikotomia honekin laburbil daiteke gauza: erostea eskubide ukaezina da / Igandeetan irekitzea gizartearen alienazioan beste aurrera pausu bat da.

Sinplifikazio galanta da bota dudana, baina galdera-kate baten bidez eman nahi nioke nik aterabidea arazoari: zer gizarte eredu da sortu nahi duguna? Kontsumoan oinarritu behar al dugu gure ekonomiaren funtzionamendua? Krisiak ez al zuen ba frogatu hori eredu aldrebesa zela? Kontsumoan oinarritu behar al dugu gure aisialdia? Hori al da gure seme-alabei utzi nahi diegun etorkizuna?

Agian galdera horiek planteatzearekin atzerakoia izango naiz oso, baina atzerakoia zergatik? Familia defendatzeagatik, lanarekin uztartu ahal izateko; kultura eta sormena defendatzeagatik gure aisialdia pasatzeko modu konstruktiboena dela uste dudalako, kirolarekin batera; erostea gure beharrak asetzeko bete behar dugun ekintza bezala baino ez dudalako ikusten.

Jaun-andreok, Internet 24 orduz zabalik dago, astelehenetik igandera. Has gaitezen pentsatzen zerekin bete nahi dugun gure denbora librea eta zer eraiki nahi dugun denbora libre horretan.

Atzerakoia bada hori defendatzea, kontserbadorerik kontserbadoreena naiz, baina nire ustez, gizabanakoen eta gizartearen mesederako.

Espainolez! Ni mersedes, ni hostias

Zer txarrak eta gaiztoak diren katalanak, euren hizkuntzez errotulatzen ez duten merkatariei isuna jartzen baitiete. Gainera, ez da hala. Aurretik hartutako konpromisoarekin betetzen ez dutenei, diru-laguntza kentzen omen diete. Baina tira, txikikeriak.

Zer txarrak eta gaiztoak garen euskaldunok, behar den moduko lehendakari bat etorri behar izan zaigula (Patxi Lopez alegia) euskal merkataritzaren gainean zegoen Damoclesen ezpataren mehatxua behin betiko uxatzeko. Hemengo merkatariei ez zaie isunik jarriko euskara mespretxatzeagatik, zelan ba? Gainera, merkatari handiei exijitzen zitzaien, Kortingles, Sara, Kalefur eta antzekoei… Horiek onak dira, horiek enplegua sortzen dute, eta euskara jarri behar al da baldintza bezala espainolez bakarrik mintzo direnek lan egin ez dezaten? Zer intoleranteak diren euskaldunak…

Ba bueno, badirudi espainiar estatuan ez direla erdipurdiko kontuekin edo epelkerietan ibiltzen, eta espainola defendatu behar bada, isun kolpeka defendatuko dute eurek, hain zuzen ere Euskadin eta Katalunian kritikatzen duten gisara. Irakurri berri hau: [Enlace roto.].

Baina betiko istorioa da, Euskadin balio ez duenak balio du Espainiako leku askotan, eta ez du inork txintik ere esango: autobus gidariei ingelesa exijitzea oposaketa ateratzeko Kanariar irletan, Valentzian kartelak valentzieraz jartzea bakarrik, Erkidego berean valentziera “inposatzea” eskoletan, e.a.

Euskadin euskaraz mintzo garenok, aldiz, matraka barneratuta daukagu zoritxarrez: en castellano, por favor. Eta askori, mesedez eskatzea ere kostatzen zaie.

San Ildefonsoko Patxi

Jakin badakigu lehendakariak 100 euroko [Enlace roto.] herritarren artean, 500.000 euro gastatu behar ditu horretan. Tira, 500.000 eta beste horren beste “neurria” iragartzen. Gainera, ez pentsa hauteskundeetan daukanik burua gure Patxik, ez horixe, gutxi gora behera hilabeteko epea utziko baitu zozketa egin eta hauteskundeak bitartean. Denbora sobera.

Nik galdera batzuk dauzkat lehendakari jaun agurgarriarentzat:

1. Non izango da zozketa? Koskojalesko Casa del Pueblon? Ala lehendakaritzan instalatuko da loteria-ontzia?

2. Familia bakar batek bonu bat baino gehiago  irabaz dezake ausaren magiaren eraginez?

3.  Zer merkataritza da dirua zozkatzen sustatzen dena? Ez al da hobe familien kontsumo ahalmena hobetzeko neurri eraginkorragoak bilatzea? (enplegua, behar duen jendearentzako gizarte laguntza…)

4.  Zer gertatuko da ikusten badut BMW eta Audia dauzkan auzokideari bonua egokitu zaiola eta niri ez zaidala deus ere jausi?

5. Zer gobernu klase da herritarren etorkizun eta arazoekin zozketak egiten dituena?

Horiek galderak, eta orain, ezkor galanta naizenik pentsa ez dezazuen, proposamen batzuk ere botako ditut Jaurlaritzaren aurrekontuan eraginik izan dezaketenak, baita ekonomia berraktibatzeko ere. Hona:

1. Gobernukideek (lehendakaria, sailburuak…) biluzik agertzen diren egutegia atera dezatela Korteinglesen atean saltzeko.

2. Txosna bat jar dezatela hiriburuetako Aste Nagusietan. San Ferminetan ere ausartuko balira, ez legoke gaizki.

3. Futbol partida bat joka dezala Eusko Jaurlaritzak Aldundien selekzio baten aurka. Diru apur bat ateraz gain, Patxi Lopezek aukera izango luke [Enlace roto.], bere ametsik beroena.

4. Aurtengo Euskal Encouterren, Aresekin koordinatuta, Ertzaintzak sarekada egin dezala pelikulak deskargatzen dituzten guztiak atxilotzeko eta isun lodikoteak kobratzeko.

5. “Lost” telesaila ikusi eta ondo ulertzeko maratoia ere antola dezake Patxik. Ez dakit honek zerbaiterako balio lezakeen, baina egun batzuetarako behintzat ondo okupatuta edukiko genuke gure “lunbreratxoa”.

Bestela ere, programarik ez dagoenean, beti geratzen da ondo urtegiren bat inauguratzea.

Ez horregatik, lehendakari.