Espainolez! Ni mersedes, ni hostias

Zer txarrak eta gaiztoak diren katalanak, euren hizkuntzez errotulatzen ez duten merkatariei isuna jartzen baitiete. Gainera, ez da hala. Aurretik hartutako konpromisoarekin betetzen ez dutenei, diru-laguntza kentzen omen diete. Baina tira, txikikeriak.

Zer txarrak eta gaiztoak garen euskaldunok, behar den moduko lehendakari bat etorri behar izan zaigula (Patxi Lopez alegia) euskal merkataritzaren gainean zegoen Damoclesen ezpataren mehatxua behin betiko uxatzeko. Hemengo merkatariei ez zaie isunik jarriko euskara mespretxatzeagatik, zelan ba? Gainera, merkatari handiei exijitzen zitzaien, Kortingles, Sara, Kalefur eta antzekoei… Horiek onak dira, horiek enplegua sortzen dute, eta euskara jarri behar al da baldintza bezala espainolez bakarrik mintzo direnek lan egin ez dezaten? Zer intoleranteak diren euskaldunak…

Ba bueno, badirudi espainiar estatuan ez direla erdipurdiko kontuekin edo epelkerietan ibiltzen, eta espainola defendatu behar bada, isun kolpeka defendatuko dute eurek, hain zuzen ere Euskadin eta Katalunian kritikatzen duten gisara. Irakurri berri hau: [Enlace roto.].

Baina betiko istorioa da, Euskadin balio ez duenak balio du Espainiako leku askotan, eta ez du inork txintik ere esango: autobus gidariei ingelesa exijitzea oposaketa ateratzeko Kanariar irletan, Valentzian kartelak valentzieraz jartzea bakarrik, Erkidego berean valentziera “inposatzea” eskoletan, e.a.

Euskadin euskaraz mintzo garenok, aldiz, matraka barneratuta daukagu zoritxarrez: en castellano, por favor. Eta askori, mesedez eskatzea ere kostatzen zaie.