Hezkuntza sistema tirabira asko sortzen dituen gaia da politikagintzan. Euskadin tirabira horiek izugarri gordintzen dira euskararen auziarekin, euskara ez politizatzeak dakarren politizazioarekin.
Gaur jakin dugu Isabel Celáak, EAEko Hezkuntza sailburua, esperimentu berria egin nahi duela hezkuntza eta eleaniztasunarekin. Berrogei bat ikastetxe hartu hemendik, hiru hizkuntza handik, probeta baten sartu, guztia ondo irabiatu, Bunsen pizgailuari eman eta ea zer ateratzen den.
Patxi Lopezen elkarrizketarekin hasi genuenaren haritik, gaurkoan Mrs. Probeta ekarri dut blog honen umorearen txokora, erantzun batzuen bila.
– Ugaitz: Egun on, Celáa andrea.
– Isabel Celáa: Egun on, bai, esto… zuri.
– U: Nonbaitetik hasteko, urtebete pasa da PSE hauteskundeetan bigarren geratu zenetik. Ordutik hona, zer nolako balantzea egingo zenuke?
– IC: Euskal gizartea, orokorrean, koskortu egin zaigu. Orain urtebete, heldugabea zen gizartea hezteko erronkari heldu genion, eta gaur egun, denak daude formal-formal.
– U: Den-denak? Bosgarren solairuko auzokoak esan dit herria hankaz gora jartzen ari zaretela, tabernariak ETB ikusterik ez dagoela, lagun batek ez duela oso ondo ulertzen PP eta PSE elkarren ondoan ibiltzea, bus gidariak alaba eskolako jantokian utzi behar duela eta ez dakiela zer gertatuko den grebarekin, jubilatu batek 25 enpresari biltzen dituen batzar batetik ondorio garbirik atera daitekeen ez daukala oso garbi… eta jarrai nezake.
–IC: Baina horiek eguneroko arazotxoak dira. Gainera, zu ziur basat… ejem! abertzale askorekin hitz egiten duzula, eta noski, abertzaleok ez duzue oso ondo ulertu oraindik demokraziak zelan funtzionatzen duen. Baina herriak bai.
– U: Zer ulertu behar dut? Abertzaleok ez dugula hausnarketarako gaitasunik ala abertzaleok ez garela herriaren parte?
– IC: (ahotsaren tinbrea igo egiten du) Cucurrucucu palomaaaaaaa… Ui! Dei bat, barkatuko didazu une batez? Polita politonoa?
– U: Zer erremedio…
– IC: Aja, mmmm, bai, bai… … … Erosi! (telefonoa poltsan gordetzen du). Nondik gindoazen? A! Bai! Gaztelania erdoiltzeko arriskuan dago gure ikasleen artean, eta hizkuntza babesteko hezkuntza-sistema egokia diseinatu beharrean gaude.
– U: Hobe izango da gaian zentratzea, arrazoi duzu, bestela… Matrikulazioaren azken datuek argi eta garbi erakutsi digute gurasoen %96k eredu euskaldunen aldeko hautua egiten dutela. Ez du ematen gurasoek arriskuan ikusten dutenik euren seme-alaben gaztelania maila, ezta?
– IC: Ez, gurasoek ez dute ikusten, baina gobernuak bai. Gobernuak dena ikusten du, gobernuak uneoro daki zertan zabiltzan. Atzo, iluntzeko 22:00 aldera… ez al dizu lotsarik ematen???
– U: (aho bete hortz) Orwell utziko dugu momentuz, ondo baderitzozu. Datorren ikasturteari begira, 40 ikastetxetarako esperimentua proposatu duzu, xehetasun handirik gabe, baina ingelesa, euskara eta gaztelania txertatzen ditu proposamenak. Serioa al da umeekin esperimentatzea edo gobernuak sistema zehatz eta egonkorrik ez aurkeztea?
– IC: Mengelek ere esperimentuak egin zituen umeekin, eta historia liburuetan agertzen da. Hori ez du edonork lortzen.
– U: Ez dakit adibidea oso fina den… Saiatuko naiz galdera bestela formulatzen. Ume bat hartzen baduzu, eta bere ikasketa prozesua aztertu X urtez, emaitzak onak ez badira, zer egin ume horrekin? Nola berreskuratu denbora? Halako proposamenek ez al dituzte hausnarketa sakonagoak eta adostasun handiak behar?
– IC: Baina zuk zer uste duzu? Ikusi nahi zintuzket Antonio Basagoitirekin bilera baten. A eredua, A eredua, A eredua… joe!!! Ni ere A ereduaren alde nago, CeláA da nire abizena, baina makilatu beharko dugu A eredua nola edo hala, ezta? Paper polit batekin estali, lazotxo gorriarekin lotu, eta ea gizarteak pakete-sorpresa erosten digun.
– U: Nola bermatuko da euskararen maila behintzat gaztelaniakoaren parekoa izatea lortzea?
– IC: Aztertzen ari gara.
– U: Astean zenbat ordu emango dira hizkuntza bakoitzean?
– IC: Aztertzen ari gara.
– U: Zein ikastetxetan jarriko da abian egitasmoa?
– IC: Aztertzen ari gara.
– U: PSE hurrengo hauteskundeetara aurkeztuko al da?
– IC: Aztertzen ari… eeeii! Ia ia, e? Baina ez nauzu harrapatu. Alproja…
– U: Jarraituko dugu. Euskal Herriko Uniber…
– IC: Euskal Herria ez da existitzen!!
– U: Barkatu?
– IC: tu tu tu tu tu tu tu tu tu…
– U: Tira, amaitzen joango gara. Zerbait gehitu nahi duzu?
– IC: Bai, nolakoa da Patxi Lopez aurrez-aurrekoan?
– U: Zuk galdetzen didazu niri?
– IC: Bai. Aurreko baten elkarrizketa egin zenion, ezta? Nik ez dut ia ezagutzen, beti dabil Ipodari entxufatuta, Bruce Springsteen entzuten edo argazki poseak egiten. Ez dut aukerarik izan berarekin hitz egiteko.
– U: Oso pertsona berezia da.
– IC: Jatorra, e? Bai, hala uste dut nik ere bai. Zer? Amaitu dugu, ezta? Laborategira itzuli behar dut.
– U: Bai, bai, joan lasai.
Eta gero, gerokoak izango ditugu.