Aukeratu ipuinaren amaiera

Bazen behin bi hizkuntza ofizial zituen herria: axulartarra bata eta zerbantinoa bestea.  Herri hura gobernatzen zuten mandatariek zerbantinoa zerabilten herritarrengana zuzentzeko. Herritar asko, aldiz, axulartarrez mintzatzen ziren, nahiz eta kasu gehienetan zerbantinoa ere ulertu.

Herritarrek ez zuten ulertzen nola herriaren subiranotasunetik bertatik ateratako gobernari haiek muzin egiten zioten euren hizkuntzari.

(Ipuin honek bi amaiera posible dauka, hautatu zeurea)

1. AMAIA:

Herritarrak, azkenean, ohitu egin ziren mandatari haien diskurtsora. Arrunt egin zitzaien zerbantinoz entzutea, eta zerbantinoz hasi ziren eurak ere bai.

Emeki, axulartarra galtzen joan zen,  eta txakurren izenetan edota esamolde jakin batzuetan soilik utzi zuen bere arrastoa.

Ordutik hona, nortasuna galduta, zer ziren ere gogoratzeko gai ere ez dira axulartarrez aritzen zirenen ondorengoak.

2. AMAIA:

Egoera hura axulartarrez mintzatzen zirenentzat ez ezik, onartezina zen  ere zerbantinoa zerabilten askorentzat.

Mespretxuak kaleak berpiztu zituen. Jendea konturatu egin zen bere hizkuntzak zuen balioaz. Mandatarien bizkar ematean ezkutuko interesak ikusi zituzten, herriarentzat mesedegarri izango ez ziren interesen defentsa hain zuzen ere.

Axulartar hizkuntzak Urrezko Arorako ataria eraiki zuen urte haietan: gero eta hiztun gehiago; musika, literatura eta bestelako arteen emaria biderkatu egin zen…

Axulartarrez ez zekitenengan ere interesak gora egin zuen. Mugimendu handi hura ikustean, haren partaide izateko beharra sentitu zuten, eta hurbildu egin ziren ordura arte arrotz egiten zitzaien mundura.

Azkenean, mandatari haiek euren karguak utzi behar izan zituzten, euren interes gorenek kale eginda, eta bidea zabalik utzi zieten atzetik etorri ziren beste batzuei, herriarengandik hurbilago zeudenak.

Urrezko Arorako ataria igaro eta hizkuntz baten kontzientziak berak, herritarren arteko elkarbizitzan ere bere harri koskortxoa jarri egin zuen. Denak lagunago, denak pozago.

Eta hala izan bazan sar dadila kalabazan…

Oharra: gaur, Sabino Arana Fundazioak euskarari buruzko mahai ingurua antolatu du, Xabier Lapitz kazetaria moderatzaile. Eusko Legebiltzarrean dauden indar politiko guztien ordezkari banak egon behar zuten eztabaidan.

PP-ren ordezkariak aitzakia jarrita huts egin du (Iñaki Oyárzabal, “y” grekoz eta tildez). PSE alderdiak, aldiz, Vicente Reyes bidali behar zuen hara, baina azken horren aitzakia desagertzea izan da, tutik ere esan barik.

Kasualitatez, edo ez, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko gobernua mantentzen duten bi alderdien ordezkariak falta izan dira.

Barka naza barkatu behar nauenak, baina alderdi horiek, halako jarrerekin, batez ere Gobernuko alderdiak, PSE, ez dute daukatena merezi.

The Amazing Lopezman

superlopezMarvel argitaletxeko superheroia bailitzan, gure Patxik komiki eta film berrietako protagonista izateko hainbat ezaugarri betetzen ditu. Errepasa ditzagun banaka batzuk:

1.  Superheroi onenek bezalaxe, nortasun bikoitza dauka. Bruce Wayne eta Batman, Clark Kent eta Superman, Peter Parker eta Spiderman… Horien guztien maila berean, Patxi Lopez eta Gezurterobero: lehendakari ingeniaria, lehendakari ikasle aplikatua, lehendakaria eta bere nortasun birtuala (bera al da blog, Facebook, Twitter eta tramankulu horien atzetik dagoen gizakia?).

2. Errealitatea bere moldera itxuraldatzeko gaitasuna. Adibidez, liderra inoiz ez izanda, edo behintzat, lidergorik inoiz erakutsi ez duela, lidergoari buruzko hitzaldi batzuetan parte hartuz.

3. Hegan egiten du Patxi Lopezek, edo burua ilargian dauka askotan bederen.

4. Baina garrantzitsuena, ubikuotasunaren dohaina, aldi berean leku bakarrean baino gehiagotan egoteko ahalmena alegia. Hori frogatzen duen irudia duzue behean. Atzo bertan, bere Twitter kontuan, segundoetako diferentziarekin, lehendakaria bi toki desberdinetan zegoela iragartzen zen: Orozkon eta Lidergoaren Forumean (Bilboko Deustuko Unibertsitatean).

AMAZING PATXI

Hollywoodrako gidoia idatzi behar izango banu ez lidakete txakur txikerrik emango seguru asko, baina askoz ere pozago eta lasaiago ikusiko nituzke Lopezmanen abenturak eta balentriak telebistan eta ez, gaur egun gertatzen zaigun bezala, Ajuria Eneko besaulkian eserita dagoela jakinda.

Ares jainkoaren gudarostea

Greziarren mitologian, Ares jainkoa gerraren jainkoa zen, erromatarrentzat Marte zena.

Euskadin, antzinako zibilizazio haren jainkoa hezurmamitu egin zaigu, eta Barne sailburu kargua dauka. Izena, behintzat, ez du aldatu Ares jaunak.

Bere gudarostea prestatzen ari da, Espainiaren defentsan, hori baita xede bakarra, eta horretarako bakarrik zuzendu nahi baitu Ertzaintza.

Euskadirentzako eta euskal herritarrontzako izpirituarekin jaio zen polizia integrala barrutik husten ari zaigu, kreditua kentzen, arazo berriak bilatzen eta sortzen…

Azken [Enlace roto.] Ertzainetxeak arakatzeko agindua ematea izan da, ea guztietan Espainiako bandera eta Zeus Patxi Lopezen argazkia jarrita eta ondo jarrita daukaten egiaztatzeko.

Baina ez da horretan bakarrik geratu. Epe laburrera, Ertzaintzan zerbitzu eman ahal izateko, ez da derrigorrezkoa izango EAEn bizilekua izatea. Erabaki hori ulertzen da agente asko, euren segurtasunagatik, EAEren mugetatik kanpora bizitzera joatea erabakitzen dutelako. Baina badauka arazo bat, eta Ertzaintzaren nortasunarekin buka dezakeen erabakia dela, hots, herritik jaio eta herriarentzat lan egiten duen erakundea izatea.

Baliteke hemendik aurrera Estatuko Segurtasun Zerbitzuetarako prestatzen ari direnek Ertzaintzan sartzea aintzat hartu ahal izatea? Izan liteke Euskadin lan egitea, non eta herrizaingoan, Euskadi ezagutu gabe edo hamaika aurreiritzi edukita?

Horri guztiari euskararen ezagutza ia-ia ornamentua dela gehituta, esan genezake Ares Espainiaren defentsarako gudaroste txikiarentzako bidea irekitzen ari dela Elkarte Autonomoan.

Argazkiak kentzea, [Enlace roto.] buruz gezurretan aritu izana, sindikatuek bere dimisioa eskatu izana… elur bola gero eta handiagoa egiten ari diren detaile txikiak dira.

Aresen mitoak dio hegazti sakratuak omen zituela lagun jainkoak, eta horien artean, bere gustukoenak putre andanak ziren. Zein hegazti ote dabilzkio inguruan hegan azken aldi honetan?