Aukeratu ipuinaren amaiera

Bazen behin bi hizkuntza ofizial zituen herria: axulartarra bata eta zerbantinoa bestea.  Herri hura gobernatzen zuten mandatariek zerbantinoa zerabilten herritarrengana zuzentzeko. Herritar asko, aldiz, axulartarrez mintzatzen ziren, nahiz eta kasu gehienetan zerbantinoa ere ulertu.

Herritarrek ez zuten ulertzen nola herriaren subiranotasunetik bertatik ateratako gobernari haiek muzin egiten zioten euren hizkuntzari.

(Ipuin honek bi amaiera posible dauka, hautatu zeurea)

1. AMAIA:

Herritarrak, azkenean, ohitu egin ziren mandatari haien diskurtsora. Arrunt egin zitzaien zerbantinoz entzutea, eta zerbantinoz hasi ziren eurak ere bai.

Emeki, axulartarra galtzen joan zen,  eta txakurren izenetan edota esamolde jakin batzuetan soilik utzi zuen bere arrastoa.

Ordutik hona, nortasuna galduta, zer ziren ere gogoratzeko gai ere ez dira axulartarrez aritzen zirenen ondorengoak.

2. AMAIA:

Egoera hura axulartarrez mintzatzen zirenentzat ez ezik, onartezina zen  ere zerbantinoa zerabilten askorentzat.

Mespretxuak kaleak berpiztu zituen. Jendea konturatu egin zen bere hizkuntzak zuen balioaz. Mandatarien bizkar ematean ezkutuko interesak ikusi zituzten, herriarentzat mesedegarri izango ez ziren interesen defentsa hain zuzen ere.

Axulartar hizkuntzak Urrezko Arorako ataria eraiki zuen urte haietan: gero eta hiztun gehiago; musika, literatura eta bestelako arteen emaria biderkatu egin zen…

Axulartarrez ez zekitenengan ere interesak gora egin zuen. Mugimendu handi hura ikustean, haren partaide izateko beharra sentitu zuten, eta hurbildu egin ziren ordura arte arrotz egiten zitzaien mundura.

Azkenean, mandatari haiek euren karguak utzi behar izan zituzten, euren interes gorenek kale eginda, eta bidea zabalik utzi zieten atzetik etorri ziren beste batzuei, herriarengandik hurbilago zeudenak.

Urrezko Arorako ataria igaro eta hizkuntz baten kontzientziak berak, herritarren arteko elkarbizitzan ere bere harri koskortxoa jarri egin zuen. Denak lagunago, denak pozago.

Eta hala izan bazan sar dadila kalabazan…

Oharra: gaur, Sabino Arana Fundazioak euskarari buruzko mahai ingurua antolatu du, Xabier Lapitz kazetaria moderatzaile. Eusko Legebiltzarrean dauden indar politiko guztien ordezkari banak egon behar zuten eztabaidan.

PP-ren ordezkariak aitzakia jarrita huts egin du (Iñaki Oyárzabal, “y” grekoz eta tildez). PSE alderdiak, aldiz, Vicente Reyes bidali behar zuen hara, baina azken horren aitzakia desagertzea izan da, tutik ere esan barik.

Kasualitatez, edo ez, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko gobernua mantentzen duten bi alderdien ordezkariak falta izan dira.

Barka naza barkatu behar nauenak, baina alderdi horiek, halako jarrerekin, batez ere Gobernuko alderdiak, PSE, ez dute daukatena merezi.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *