PP eta Ezker Abertzalearen leku egokia

Lehenik eta behin, beste ezer esan baino lehen, bidezkoa da Bake Konferentziatik atera diren bost puntu nagusiak hemen jasotzea, bake iraunkor eta bidezkoa lortzeko beharrezkotzat jotzen direnak:

1. ETAri dei egiten diogu bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragartzen duen adierazpen publikoa egiteko eta soilik gatazkaren ondorioez aritzeko Espainia eta Frantziako gobernuei elkarrizketarako deia egiteko

2. Adierazpen hori egingo balitz, dei egiten diegu Espainiako eta Frantziako gobernuei baiezkoa eman eta gatazka armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko

3. Adiskidetzean aurrera egiteko urrats sendoak ematera dei egiten dugu, biktima guztiak ezagutu, konpentsatu eta lagundu. Onartu emandako mina eta lagundu zauri sozialak eta pertsonalak sendatzen.

4. Gure esperientziak azaltzen digunez, askotan gatazkak konpontzeko orduan badira bake iraunkorra eskuratzeko lagungarriak diren aztertu beharreko beste gaiak. Ildo horretan, eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezen iradokitzen dugu, gai politikoak eta gaiarekin zer ikusirik dutenak eztabaidatzeko, herritargoa kontsultatuz, horrek guztiak gatazkarik gabeko aro berria sortzen lagun dezakeelako. Gure esperientziak azpimarratzen duenez, hirugarren parte hartzaileek, begiraleek edota laguntzaileek, elkarrizketa bideratzen laguntzen dute. Hemen ere, gatazkarekin zer ikusirik duten parteek horrela erabakiko balute, elkarrizketa nazioarteko laguntzaileen bidez ere bidera liteke

5. Iradokizun hauentzako jarraipen batzorde bat osatzeko prest azaltzen gara.

Euskal gizartean ilusioa piztu eta tunelean argia ikusten hastea ahalbidetzen digun horrek guztiak, mesfidantza baino ez du sortzen Estatuko sektore batzuetan, eta Euskadin sektore horien ordezkari direnen artean. Erakusgarri bezala, gaurko egunkari edo komunikabide batzuen azalaetatik ateratakoak doazkizue jarraian (ABC, La Gaceta, Intereconomía eta La Razón):

Titular horiek protagonista izan nahi duten batzuen hitzekin janzten baditugu, antzerkiaren parte handi bat eginda daukagu:

  • Mayor Oreja: “ETAk erailtzen ez badu, irabazten ari delako da” . Bere betiko adierazpen-tranpak.
  • Iturgaiz: [Enlace roto.].  Antza ez diote kasu handirik egiten eta momentua baliatu nahi du. Nürembergen jazotako zerbait gertatuz gero, ea Pandoraren kaxa irekitzen ari den eta bere alderdiari eragiten dion Frankismoaren garaiagatik.
  • Basagoiti: Konferentziak “oztopatu, zaildu eta atzeratu egiten du” ETAren porrota.
  • Patxi Lopezen kasuan, gogoratu behar dugu [Enlace roto.] dagoela. Antza ez dio garrantzia handirik eman atzoko gertakizunari. Ez dago egon  behar duen lekuan, baina tristeena berarentzat zera da, ez duela inork faltan bota.

Hortaz, ikus daitekeen bezala, horiek guztiak lekuz kanpo daude. Baina zalantzak dauzkat nik Ezker Abertzalea ere ez ote dagoen leku desegokian. Gaur Floren Aoizek Gara egunkarian idatzi duen artikulua irakurtzen ari nintzela, tripek abisua eman didate: kontuz!!! Bake konferentzia al zen ala etekin politikoa ateratzeko aitzakia? “La era está pariendo un corazón vasco” izenburua jarri dio Floren Aoizek bere artikuluari.

ETAren amaieraren momentua da, ETAk armak uzteko momentua, ETAk gu bakean uzteko momentua. Gero gerokoak. Orain ETAren amaieraz bakarrik hitz egiten badugu, etorkizun laburrean politikaz hitz egin ahal izateko oinarri sendoak jarriko ditugu, zalantzarik gabe.

Hori dela-eta, berriro ere, Iñigo Urkulluren jarrerarekin geratzen naiz: [Enlace roto.].

22 thoughts on “PP eta Ezker Abertzalearen leku egokia”

  1. ETA gora ETA behera. Ba ETA jada iraganeko arazoa da. Larrituago egon beharko ginateke gure artean ditugu immigranteengatik. Hori bai dela benetako arazoa, eta izugarria izango da hurrengo urteotan.

    1. ETAren arazoa amaitu dela esateko oraindik ikustekoak gaude. Denborak igaro behar du.

      Etorkinei buruz, zurekin erabat desados. Euskaldunok ohituta gaude aspaldi migrazio mugimenduetara (kanpora eta barrura), eta jarrera berberarekin hartu behar ditugu oraingoak. Bizitza partekatzea, tolerantzia, errespetua… alde bietakoa, guztion mesederako.

      Dena den, milesker zure iritzia plazaratzeagatik.

  2. Florenek garai berriotan euskal bihotza ernetzen ari dela idatzi, eta gure izkiriatzaile jeltzale txit garbia haserretu ez al da ba?

    Ufff, susmoa dut azaroaren 20an Partido Nacional Vasco-aren paretik igaroko den tsunamiak (barka diezadatela japoniar eta enparauek) ez ote dituen jokoz kanpo harrapatuko ditu batzuk…

    Zuk, bitartean, segi errealitateari ez-ikusi egiten, segi ETAz, iraganaz, idazten, besteok EUSKAL NAZIOA LIBREA eraikitzen dugun artean. Bai, horretan ari gara eta!

    A, eta ETAz gogoratzen zaren moduan, gogoratu Lasa eta Zabalaz, Josuz, Santiz… Gogoratu zure alderdiak 90eko hamarkadan bultzatutako dispertsioaz, gogoratu espainiar errepideetan hildakoez…

    Ugaitz, espabilatu, zure DEIAko “txolloak” iraungipen-data du eta: azaroaren 20a!

    1. Gustatzen zait tsunamiaren metafora, dakarren guztiarekin.

      Errealitateari ondo begiratzen diodala uste dut, ahal bezain beste, eta ez dut sekula ukatuko garai honek duen berezitasun eta garrantzia. Hori bai, gauza bi, niretzat ahaztezinak:

      1. 30 urteren bueltan ez nago eskerrik asko esateko moduan. Esan behar dudana da “bazen garaia”, eta aurrera.
      2. Bakea eta nazio eraikuntza nahasteak ere atzeraka ematen dit. Esan nahi duzuna, baina batzuek euskal nazio librearen bidean urteak daramatzate, beste batzuk gora begira zebiltzan bitartean. Leziorik ez.

      ETAz gogoratzen naiz ETA delako hizpide, punto. Hasi gara dagoeneko betiko diskurtso atzerakoiekin?

      Bukatzeko, eta ez dut zertan argitu, baina blog hau nirea da, nire izen abizenekin, nire iritziak plazaratzeko eta nahi duenak irakur dezan. Horretarako, astean inork ordaintzen ez dizkidan ordutxo batzuk botatzen ditut, asko ala gutxi, baina nire astia. DEIArena blogaren jantzia da, besterik ez.

      Goraintziak eta jarraitu irakurtzen.

      1. Zertan da atzerakoia nire diskurtsoa? Iraganari ez al zaio begiratu behar, ala? Dispertsioak ere min handia egin dio herriari, eta biktima asko utzi ditu bidean. Horretaz ez duzu aritu nahi, ala? Ba, orduan, txarto gabiltza.

        Eskerrak ematearena ere ez dut ulertzen. Nazioa eraikitzen ari garela diotsut, baina ez dut inoren esker onik nahi. Horretan laguntzea nahi dut, eta Partido Nacional Vascoa, zure Urkullu adoratua buru, ez da laguntzen ari. Eta hori da tristeena, horren “nacional” izanda…

        Betiko diskurtsioa zurea da, ETA eta soilik ETA aipatzen duena. Kaka ateratzen hasita, atera dezagun guztiona, ezta?

        Alde bakarrera begiratzeak ez gaitu ataka honetatik aterako, jeltzale txit garbi hori.

        Goraintziak, fenomeno!

        1. Ez zaizkit konparagarriak iruditzen bata eta bestea, biak txarto, baina ez dago konparatzerik erailtzea eta espetxe politika. Eta argi gera bedi, BIAK TXARTO, baina bakoitzak badu bere neurria.

          EAJ urteak daramatza herria eraikitzen, edonon (baita Madrilen ere, hasiera hasieratik). Lan egin eta jendeari bizi-kalitatea eman, Euskadiz harro sentiarazi biztanleria. Egibarrek ere esan du: “la Izquierda Abertzale va a tener una ventaja q nunca ha tenido el PNV: no tendrá enfrente una fuerza absolutamente obstruccionista como sí ha tenido el PNV durante todos estos años por parte de la propia Izquierda Abertzale. El PNV ha construido sociedad y Pueblo Vasco a pesar de la Izquierda Abertzale”.

          Bide batez, zure argudioak oso baliagarriak izan daitezke, baina ez dakit zergatik kakaztu behar dituzun doinu ziztrin horrekin.

          1. Ea, bada. Zenbat lerrokada, hainbat erantzun:

            1- Erahilketak alde bikoak izan dira. Eta espetxe-politikak, presoen banaketa bilatzen zuen sakabanatze-politika basatiak, gatazkaren sua biziagotu baino ez zuen egin. Berriz diot, PNVren oniritziaz.

            A, eta, bide batez esanda, presoen kolektiboak irmo eutsi dio horri guztiari. Besarkadarik zintzoena eurentzat!

            2- Ezker abertzaleak beste inork baino gehiago sufritu du Espainiar eta Frantziar Estatuen jarrera zanpatzailea. Hortxe dira komunikabideen kontrako erasoak, besteak beste.

            Eta zer demontre da hau? “El PNV ha construido sociedad y Pueblo Vasco a pesar de la Izquierda Abertzale”. Jode, lotsagarria, Ugaitz, halako baieztapenak eredutzat hartzea. Eta min ematen dit, Egibar artalde jeltzalean salbagarri delako.

            Ze Euskal Herri eta euskal gizarte eraiki dute jeltzaleek, baina?

            3- Nire tonu “ziztrinak” zure idazkera handiusteari erantzun besterik ez dio egiten.

            Adi-adi naukazu, majo.

          2. Gauza bat argi dago, zertzelada lodietan ez gara ados jarriko. Baina trazu finagoetan, batzuetan bederen, adostasun puntuak aurki ditzakegu. Ez zure kasuan bakarrik.

            Tonuaz: nahiko neutroa izan ohi da erantzunetan, hori bai, antenatxoa ukitzen didaten arte, hasiera-hasieratik esan dizudana baitiotsut, hauek nire iritziak dira, ez dituzu zertan erosi. Berriketarako gaude, betiere errespetua oinarri.

            Ez dut nik Ezker Abertzalearen sufrimenduaren auzirik egingo, baina egia da berandu heldu dela 2011 honetan gertatu dena. Lehenago ere etor zitekeen. Duela 20 urte ere, berandu zatekeen. Baina etorri da, eta gaztelaniaz esaten den bezala “más vale tarde que mal acompañado”, ala ez da horrela?

            EAJk herria eraiki du eta lan horretan jardun du, batzuentzat hobeto eta beste batzuentzat okerrago, baina hala da. Eta agintean egon denean, gizarteak horrela nahi izan duelako izan da. Euskadik aurrera egin duela ukaezina da, hainbat arlotan, eta gero, ados egon gintezke ala ez kasu zehatzetan.

            “Adi-adi naukazu” bezalako esaldirik ez daukazu zertan errepikatu, kontziente naiz esaten dudanak pizten dizun interesaz, eta pozten nau. Milesker.

          3. Bale, eta sakabanatze-politikaz txintik ere ez, ezta alde biko erahilketez ere.

            Baina, tira, nik berriz ere gomendatzen dizut azaroaren 20an datorrenerako prest egoteko, aterpe ona aurkitzeko, eta Urkullu, Bilbao, Azkuna eta enparauek PNVren baitan eragin duten txikizioaz gogoetan hasteko…

            Besarkada bat, txapeldun!

          4. Aterpea? Zertarako? Hau demokrazia da, txo! Irabaz beza herriak nahi duena, nire indabak ez daude plater horretan. Dena dela, ez ahaztu ESPAINIAKO Kongresu eta Senaturako hauteskundeak direla. Hara aurkezten ziren alderdiak ez al ziren espainolak eta Euskal Herriaren etsaiak? Traidoreak? Logika horri jarraituz… 1+1 = 2

            Esan dut esan beharrekoa espetxe politikaz, garbi gainera. Alde biko erailketena falta zitzaidan, kasuen! Gauza bera: TXARTO.

            Aizu. zure agurrak guztiz lekuz kanpokoak iruditzen zaizkit oraindik ere, eta ez dago ulertarazteko modurik. Baina tira, nor bere estiloarekin.

          5. Aterpea, zertarako? Modu txit demokratikoan gainera jausiko zaizkizuen milaka botoendako…

            On egin, aixkide!

  3. ETAren arazoa, hein handi batean, kanpotik etorritako espainiarren ondorioa izan da (beste faktoreek ere eragin dute). Beraz, ez esan “ohituta” gaudela, zerbait ona bailitzan. Ohituta gaude ere gure hizkuntza zokoratua egotera, baina horregatik ez dugu onartzen jarraitu behar, ezta? Immigranteak, gaur gaurkoz, euskal nortasunerako oso kaltegarriak dira, etorkinen seme-alabek euren burua espainoltzat joko dutelako (%80an gutxienez).

    1. Berriro ere, ez nago inondik inora diozunarekin ados.

      Zeharo arriskutsuak iruditzen zaizkit botatzen dituzunak. Gaur egun, Espainiako etorkin askoren seme-alabak euskal abertzaleak dira. Gure porrota izango da etorkin berriei gure produktua ondo saltzen ez badiegu. Elkarbizitza, bakea eta errespetua, hori da pena merezi duen gizartearen bide bakarra.

  4. Bai, espainiako etorkin askoren seme-alabak abertzaleak dira, baina ze portzentajetan? %20an? Eta Araban, Barakaldon edo Bilbon, zenbatean? (are gutxiagoan, seguru). Kontua ez da datu absolutuak, erlatiboak baino. Hau da, zenbat eta immigrante gehiago, euskal nortasun murritzago. Etorkinen erreferente kultural, sozial, politiko, mediatikoak… espainolak dira. Bai, ados, gurera erakarri behar ditugu, baina nekez lortuko dugu uholdea hain handia izanik eta botere mediatiko eta politiko hain eskasa dugunean.

    1. Nolanahi ere, errua ez da eurena, eta ez naz ni sartuko pertsonak kriminalizatu nahi dituen ideia-segidan. Kinka larriagoak bizi izan ditu euskal nortasunak eta hemen gaude

  5. Honen haritik, zera aipatu nahi dut, nonbait irakurria dudala Euskal Herriak jasan edo hartu duen immigrazioa Europa osoan larriena edo handiena izan dela, puska batez ere, azken mende(ot)an, eta gogoeta egin beharko genuke horretaz, (nire ustez immigrazio barik kolonizazio-zantzuak dituen zera den arren).

    Kontua da gure “ospe txar sabindarra” lepoan daramagunez, txintik ere ezin dugula atera, eta arazo (bai, arazo) honen aurrean “herrian” sortzen ari den iritzi “orokorra” ez da batere onuragarria buenismo abertzale/nazionalaren helburuetarako. Eman belarria kaleko jardunari, “miamol”, sutan dago eta.

    1. Horren aurrean, pedagogia soziala. Gizartean eman daitezkeen iritzi batzuk pedagogiarekin moldatzen dira eta ohiturak aldatuz doaz: segurtasun uhala autoan erabiltzea, tabernetan ez erretzea, e.a.

      Guztiok lekua dugun gizartea eraikitzea ere helburu bat da, eta bide horretan, euskal nortasunari eustea. Espainiar edo frantses nortasunak kolokan daude immigrazio prozesuengatik? Zergatik gurea bai? Begira dezagun aurrera eta topa ditzagun soluzioak

      1. Bai, horren aurrean pedagogia soziala, baina horren ordez txiringito parapublikoak sortzen dira (eta hemen bai duplizitateak, triplizitateak eta horrela biderkatzeko taula osoa erre arte), eta ohiturak aldarazteko moduak eta moduak daude, ez dut uste aipatu dituzun aldaketa hipokritak adibiderik onenak direnik.

        Segurtasun uhalarena zigor gogorren bidez ezarri zuten (baina kotxeek eman duten abiadura moteldu barik), alkoholarena zer esan (negozio ederra eta are kultura ezaugarria omen baita), eta tabakoarekin berdin, zerga itzelak jaso behar ditu estatuak eta ez du debekatuko, baina isunak itzelagoak. Horra pedagogia, gorosti makila, eta dena aseguru etxeen presiopean edota balizko auzibideetan dirutza ez galtzeko.

        Pedagogia zinezkoa numeroak eskuan egiten da, eta ondotxo dakizu huts egiten ari dela sistema. Immigranteei euren aldetik zerbait emateko garaia dela uste du jende askok, eta diru publikoak lagundutako buenismoaren aldetik leziatze hutsak ez du egoera konponduko. Gauza batzuk desaktibatu behar dira, eta herri honen gobernua berez dagokigunok egiten ez badugu, bestek egingo du, eta gizartea bere erara moldatu.

        Hori bai, beste horiek Europapean babestuko dira, erretze, alkoholtze, segurtasun-uhaltze eta puxikak puztearen kontu horretan guztian bezala-bezalaxe. “Uropak dioelako”.

          1. Sinestea libre, eta ondo kudeatutako utopia bada, tira… txistutxakurtasun instituzionala, ordea, ez dut onartzen nik.

  6. Urriaren 18an esan nuen bezala (ETAren iragarpena aurretik), ETA jadanik iraganeko arazoa da eta kezkatuago egon beharko ginateke gure artean dauden gehiegizko immigranteengatik. Bozkatzeko eskubide dutenean, ez dute abertzaletzat ikusiko euren burua (ez dute EAJ edo BILDU bozkatuko). EHren nortasunarentzat, euskararentzat, %15ko immigrazioa galbidea da.
    Etorkinentzat diru-laguntzak murriztu beharko ginateke, eta asko alde egingo lukete eta oso gutxi etorri.

Leave a Reply to NI Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *