Baneukan gogoa hauteskunde orokorretako emaitzei heltzeko, baina gogoa eta astia, zoritxarrez, askotan ez datoz bat.
Ez zaituztet zenbaki potoloekin aztoratuko, askotarikoak ikusiko zenituztelako dagoeneko, bai ordea, zenbakien aurrean jartzeko filosofia eta jarreraren gaiari heldu nahi nioke.
Alde batetik, ahaztu gauza bat, ezabatu zuen hardiskatik, zenbaki batek, berez, ez du ezer esaten. Zenbakia bera baino inportanteagoa da zenbaki hori inguratzen duen testuingurua: aldi politikoa, lekua, joera, e.a. Hortaz, “alderdi batek xxxxxx boto irabazi/galdu ditu” bezalako adierazpen handien aurrean, lasai, eseri eta erreparatu, lehenik eta behin, adibidez, hauteskunde bat eta bestearen arteko parte hartzean egon den desberdintasunari. Zerbait aipatzearren, baina garrantzitsua, guztirako boto kopurua ere ez delako beti berdina.
Bestetik, eta gure Euskadira etorrita, koalizioen emaitzak aztertzerakoan ere, egiten ditugun batuketek logika jakin bati jarraitu behar diote:
- UPN eta PPren botoak batzen baditugu Nafarroan koalizioan joan direlako, zilegia da, eta berdin berdin balio du EAJ eta Geroa Bai koalizioarenak batzea (EAJ baitago barruan).
- Gogoratu, bestalde, Amaiur Amaiur dela, eta ez Bildu edo Ezker Abertzale tradizionala. Beraz, Amaiurrek galdu edo irabazi duena batekiko edo bestearekiko, erreferentzia bat baino ez da, baina ez egia absolutua. Adibidez: Ezker Abertzaleak duen babes soziala ez da orain handiagoa (edo txikiagoa) emaitza zehatz batzuengatik, sentsibilitate gehiago gordetzen baititu koalizio honek. Kasu honetan, bereziki deigarria da Bilduren emaitzak ezin hobetu izana, Aralar gehitu denean proiektura. Baina nire aurreko argudiora itzulita, horren arrazoia testuinguruak emango digu eta hurrengo hauteskunde batzuetako emaitzek.
- Bi garaipen mota daude hauteskunde hauetan: botoetan lortzen dena eta eserlekuetan lortzen dena, biak ala biak baliagarriak, eta biak bere esanahi sinbolikoarekin. Ez nituzke bata ala bestea gutxietsiko.
Laburbilduz, zenbakiek ez dute egia absoluturik ematen. Horregatik esaten da hauteskundeetan, maiz, guztiek irabazten dutela, baina egia esan, alderdi bakoitzak bere testuinguruan hartzen ditu zenbakiak, irakurketa jakin, eta ziur asko, baliagarria eginez. Kontuan izan, beraz, hauteskunde gau horretan, alderdietako liderrek euren jendeari hitz egiten diotela, ez horrenbeste gizarteari.
Horregatik, hain zuzen ere horregatik, iruditu zitzaizkidan hain deigarriak Iñaki Antigüedadek (Amaiur) gau horretan bota zituen lau hitz, jendaurrean, hitzaldia ematen ari zela: “gu ez gara fededunak”. Bere aurrean, eta inguruan, zeukan jendea ez zen bere betiko eta ohiko jendea, Ezker Abertzale tradizionala ez diren beste sektore batzuk zeuden. Zer aurpegi jarriko zuten Larreinak eta bere boz emaileek hori entzutean?
Amaitzeko, orduan, argi eduki gau horretan politikariek bere jendeari hitz egiten diotela, baina aldi berean, ez legoke gaizki politikariek beraiek ere kontuan hartzea bere jendea zein den.
Esaten duzu: “Kasu honetan, bereziki deigarria da Bilduren emaitzak ezin hobetu izana, Aralar gehitu denean proiektura.”
Ze emaitza dituzu zuk? Amaiurrek Bilduren emaitzak hobetu ditu EAE-n eta hego EH.
PNV-k berriz maiatzetik 3.000 botu galdu ditu EAE-n.
Eta botuak eta eserlekuen garaipenean argi dago bi interpretazio egin daitezkela. Baina, argi dago, hauteskunde batetan irabazten duena, eserleku gehiago lortzen duena da. Hau da, eserlekua giztietatik erdia baino eserleku bat gehiago duena, ez botu gehien duenak. Horregatik, eserleku geihen lortzea da garrantzitxuena hauteskunde batzuetan. Egia da, madrileko hauteskundeak izaterakoan, abertzaleontzat, ez duela garrantzi gehiegi eserlekuen kopurua, hori ere esan beharra dago.
Galdera bat, PNV-n, zenbat daude opusekoak, edo opusen egondakoak???
Nafarroaren kasua are bereziagoa da, aparte aztertzeko modukoa, eta luze gainera. Dena den, labur-labur, Aralarren eragina Nafarroan askoz handiagoa zen, eta bai, Amaiur %3 igo da gutxi gora behera, baina kontuan hartu behar da GeroaBai mantendu egin dituela NaBai-ren emaitzak, alderdi bat gutxiagorekin.
EAEren kasuan, Bilduk %25,94 atera zuen foru hauteskundeetan (Aralar gehituta, %29,48) , eta orain, aldiz, % 24,40. Bost puntuko galera.
EAJ-k, %31,66 atera zuen aurrekoetan, eta orain, %27,74. Galera %4koa da. Honi ere gehi dakioke ohikoa dela Espainiako hauteskundeetako galera txiki bat, baina emaitza ona dela aurreko Espainiakoetan PSOEk irabazi ziolako.
Amaiurren kasuan, ezin dugu irakurketa hori egin, ez besterik ere, ez baita hauteskunde orokorretara inoiz aurkeztu gaur egungo formularekin.
Zenbakiekin magia egin daiteke, eta interpretazioak anitzak. Hala ere, orokorrean, oso orokorrean, nire interpretazioa da nazio sentimendua hazten ari dela Euskadiko Hegoaldeko lau lurraldeetan, eta hori beti da poztekoa.
Opuseko galdera horri buruz, kasu argi eta publiko bat aipatzen nuen, besterik ez, adierazpen horiek jendaurrekoak izan baitziren, fededun baten ondoan, eta fededun horren publikoarentzat ere bai.
Ea orain eguneroko politikan gauzak zelan doazen.
Goraintziak.