UPyD eta EH-Bildu lubakian

“Urkulluk zer nolako herri eredua nahi duen eta norekin eraikitzeko prest dagoen argitu behar du”. Hori zioen EH-Bilduk maiatzaren 5ean, haien blogean irakur daiteke. Eta esaldi horrekin argi uzten zuten, gaur egun, Euskadin, banaketaren zale amorratuak direla. Herri hau eraikitzeko ez da hauturik egin behar, herri hau guztion artean eraiki behar dugu, eta detailetxo hori buruan sartzen ez zaigun bitartean, ez dago zereginik, porrotera kondenatuta gaude, behin eta berriro.

trinchera-guerra-civil-masia-villalonga-19_4_2013Orain, urrian, egoera latza bizi duen esparru ekonomikorako zenbait erabaki jasotzen dituen EAJ eta PSEren arteko akordioari batu zaio PP, eta PP batzea ez da huskeria, PPren eskuetan baitago Arabako Foru Aldundia, eta beraz, neurriak Araban aplikatzea ahalbidetzen du. Gipuzkoan EH-Bildu dagoela esango didazue, egia, baina PP, PSE eta EAJren laguntzarik gabe (iaz PSErena izan zuen) ez dauka gehiengorik Batzar Nagusietan. Beraz, EAEn, harmonizaziorako aukera handiak daude gaur egun, hiru lurralde historikoak elkarrekin ibiltzekoa.

Gasteizko Legebiltzarrean dauden bost alderdietatik bi geratu dira hitzarmen honetatik kanpo. Gizarteak akordioak eskatzen dituen honetan (ikusten genuen pasa den asteko inkestan), bi horiek oraindik uste dute zoroak besteak direla, edo Jaurlaritzak erabaki egin behar duela herriaren zein lubakitan kokatzen den. Baina, orain, momentuan, lubakian dauden bakarrak EH-Bildu eta UPyD dira, entzungor. Eta lubakiak inoiz baino kaltegarriagoak dira.

 

 

 

EH-Bilduk ez ditu Bilboko erailketak salatu nahi

Shaolin iruzurtiaren erailketek sekulako zurrunbiloa sortu dute, ez bakarrik Bizkaian edo Euskadin. Mugak erraz gainditu ditu. Badakizue, morboa erraz saltzen da.
Dena den, eta zoritxarrez, emakumeen aurkako indarkeriaren kasu berri bat da hau, muturrekoa bai, baina emakumeen aurkakoa, edo gizarte honetan, hainbat kasutan, emakumeek bizi dituzten ezberdintasunetatik eratorritako beste bortizkeria bat.
Kasu horrek erantzun politiko bat ere izan du: Bilboko Udalean alderdi politiko guztiak bat eginik atera diren bitartean erailketa hau gogor salatzeko, Legebiltzarrean, aldiz, EH-Bilduk ez du adierazpen hori berori sinatu nahi izan. Hementxe duzue froga:

20130607091448603

Eta zer gertatzen da indar politiko guztiek sinatzen ez badute? Bada EH-Bilduren kontraesanak beste behin ere agerian uzteaz aparte, adierazpen hori ezin dela Legebiltzarraren adierazpena izan, eta halabeharrez, presidentearen erabakia izan behar duela.

EH-Bilduk erailketen errua EAJri leporatu nahi zion. Beti bezala, kakanahastea egin nahi izan du politikagintzarekin, eta akordioa bilatu barik, desadostasunaren bila joan da. Jaurlaritzaren murrizketak aipatu nahi zituen (%73 gastu sozialera bideratzen zuen aurrekontua diseinatu zuen Jaurlaritza, gainerako indar politikoek atzera bota dutena) justifikatzeko horrek emakumeen aurkako indarkeria estrukturala larriagotzen zuela.

Nik jarrera horri izen garbi bat jarriko nioke, sarraskijalearena. Edozer gauzak balio du, ahal den bezala EAJren aurka egiteko, duintasuna bidetik galtzen bada ere.

Kazetaritza objektiboa Gara egunkariarena

Esaten da gaztelaniaz txistua gora botatzen duzunean, azkenean, gainean jausten zaizula. Eta hala da, askotan, intentziorik onenarekin esandako hitzak irentsi behar izaten ditugu egoerak aldatzen direlako, iritziak ere aldakorrak direlako, ikuspegi desberdinak jorratu ditugulako, e.a.

Baina kuriosoa da gauza alderantziz gertatzen denean, hau da, txistua gora bota beharrean, zuzenean zure buruaren gainera botatzen duzunean.

Quiroga EAEko PPren presidente, eta antza, Garak salatzen duena da ez dela prozesu demokratikorik egon alderdiaren barruan. Erraza da eurentzat hori orain esatea, baina badirudi ez zutela berdin pentsatzen EH-Bilduk, ez dakigu zehazki zelan, Laura Mintegi aukeratu zuenean lehendakarigai. Orduan ez zitzaion hautaketa-prozesuari aipamenik egin eta dena ziren hitz goxoak.

Gogoan daukat, duela urte batzuetako CQC telebista saioaren barruan “Ética Periodística” izena zuen ataltxoa. Agian denbora luzeegia eman zuten “La Razón” egunkariko adibideekin.

Aurrena praktika, gero predika

Bilduk eta PSEk eskatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari zerbitzu guztiak euskaraz emateko, [Enlace roto.] irakur dezakezuenez.  Eta bikain iruditzen zait, ongi etorriak euskararen egoera hobetzeko har daitezkeen neurri guztiak.

Ez dut egoera sakon-sakon ezagutzen, baina ez daukat Aldundia administrazio erdalduna den sentsaziorik. Seguru asko ele bietan emango dira ia zerbitzu guztiak, eta bakarren baten, gabeziaren bat aurki genezake, tekla egokiak sakatuta konpon litekeena. Hortaz, gabezia horiei buelta emateko neurriak jartzen badira, hobe.

Hori bai, garbi daukadana da PSE alderdi erdaldun peto-petoa dela, salbuespenak salbuespen. Hemendik Limarainoko aurpegi puska behar da, PSEk euskararen alde ezer gutxi egin duenean, asko jota kontrako gauza handirik ez, orain eskaera honekin ateratzeko. Eta berriro diot, bikain iruditzen zait eskatzea, baina eskatzeko ere nolabaiteko sinesgarritasuna beharko da, ez? Minimo bat.

Orain arte, ez dut ezagutu euskararen defentsa eta erabilera sutsuagatik nabarmendu den agintari sozialistarik, eta jarrera hori, gobernatu/tzen dituzten administrazioetarako luzagarria da. Oraindik gogoratzen dut “Euskara eta libertadea” izeneko hura…

Aurrena praktika, gero predika.

EH-Bildu: nola erabili euskara eta umeak kontzientziak astintzeko

EH-Bilduk arazo bat dauka. Tira, ez dakit EH-Bildu esan edo EH-Bildun Ezker Abertzalearekin sartu diren gainerako alderdiek daukaten araz0a. Adibide garbia Eusko Alkartasuna da, noraezean dabiltza, laupabost kargu salbatu nahian.

Bestela, nola uler daiteke, adibidez, 2009an zuzenketa batzuk sinatzea eta onartzea Legebiltzarrean, eta 2013an, hitzez-hitz errepikatzen diren zuzenketa berberen kontra aritzea? 2009an, Haurreskolen Partzuergoan beste hizkuntza batzuk sartzeari buruzko zuzenketaren alde sinatu zuen Eusko Alkartasunak Legebiltzarrean. 2013an, aldiz, EH-Bildu ez da bakarrik aurka agertu, ez, horrez gain, manipulazioa erabili izan dute esateko EAJk gaztelania sartzen zuela haurreskoletan euskararen kalterako. Zirku horretan, hainbat komunikabidek, badakizue zeintzuk, txaloka aritu dira. Baina eskuztatze borobila izan da, Leixuri Arrizabalaga eta Jone Berriozabal legebiltzarkide jeltzaleek [Enlace roto.] batean azaltzen duten bezalaxe. EAJk ez du bere iritzia aldatu 2009tik hona, eta garai hartan, Jesus Maria Larrazabal Antiak, EAko legebiltzarkidea, sutsuki defendatzen zuena Legebiltzarrean, gaur egun EH-Bilduk sutsuki mespretxatzen duen testu bera da. Hortik egongo dira interbentzioetako aktak eta bideoak, bilatu nahi duenarentzat. Nik hau aurkitu dut:

http://www.youtube.com/watch?v=ATfJzGppW8s&feature=youtu.be

PSEk ere antzeko zerbait egin du, ez pentsa. Horretan berdin dabiltza sozialistak eta bildutarrak. PSEk zuzenketa hori berori sinatu egin zuen 2009an, eta 2013an, EH-Bilduk polemizatu egin duenez, ez du sinatu.

Ez dut ezer asmatzen, hementxe dauzkazue urte hartako eta aurtengo Legebiltzarreko dokumentuen kopiak, berdin berdinak, parez pare jarrita, izenpeak eta datak bakarrik aldatzen dira:

EAJko legebiltzarkideek aipatutako arituluan esaten duten bezala, gainera, EH-Bilduko ordezkariek hobe lukete guztiaren kontra agertzea baino, ez zerbaiten alde agertzea, proposamen zehatzak egitea baizik; eraikitzen laguntzea alegia, edo behintzat, argi utz dezatela zeren alde dauden, jakin badakigulako, arau orokor gisa, EAJk aurkezten duen guztiaren kontra egotea dela euren politika. Eta bazterrak nahastea, noski.

Patxi López, ola ke dise?

Kutsatuta nago, “daitort”. Kristoren barregurea ematen dit “ola ke ase” meme inozo, erraz eta sinple horrek, eta hain justu horretan dago bere arrakasta.

Eta “ola ke ase” hori hainbatetan irakurri ondoren Facebooken, Twitterren, Whatsappen eta abarretan, Patxi Lopez etorri zait burura, ezinbestean, asteburuko PSEren kongresuaren harira, 2012ko urriaren 31ko prentsan honako adierazpen hauek atera baitziren bere ahotik:

 

  • “Nuestro viejo partido se está haciendo un partido viejo”
  • “Hay partes del discurso político” del PSE que “se están quedando caducas”

Hitz horietatik ondorioztatzen zen, oinarrian, aurpegi aldaketaren bat behar zuela alderdi sozialistak, eta horrez gain, diskurtso berritzailea behar zuela. Ba asteburuko PSEren kongresua igaro egin da, eta nire ustez, ez bata ez bestea, ez funtsezko aurpegi berririk, ezta diskurtso berritzailerik ere. Pertsona berberek jarraitzen dute PSEren zuzendaritzaren buruan, eta jakina, erabakitzeko eskubidea deabrua da, Espainiari lotuta jarraitu behar dugu, handik etorriko omen baitira gure gaitz guztietarako erremedioak.

Esan bai, baina egin… “Ola, Patxi Lopez, ke dise? y luego, ke ase?”.