Berria egunkariaren “publisitatea”

Zur eta lur geratu naiz, aho bete hortz, erreakzionatu ezinik…

Lagun batek bidali egin dit Berria egunkariak bere agenda erosteko zabaltzen ari den publizitate orria, eta benetan, ez daukat hitzik, mutu geratu naiz. Hobe zuek zeuek ikusten baduzue:

 

Komunikabide euskaldunek ere ez badute euren euskarazko publizitatea zaintzen, nork zainduko du?

 

 

Patxi Lopez: eztabaidarako bideoa

Aurreko idatzian esaten nizuen Patxi Lopezek, 2010ean, agindu egin zuela kanpaina honetan euskarazko eztabaidan parte hartuko zuela. Baina agindu hori 2009tik datorrela frogatzen duen bideoa erakutsi nahi dizuet oraingoan.

Bideoa oso laburra da, baina segundo bakoitzak bere mamia dauka:

http://www.youtube.com/watch?v=_GATSVQTxAw&feature=g-upl

Eta txundituta naukan esaldia: “tengo una CIERTA formación de ciencias que quiero saber el porqué de las cosas y en el euskera, a veces, no hay porqués” (Patxi Lopez, zientzia gizona).

Noizko, orduan, PSEtik horrenbeste eskatzen ari diren Urkullu eta Lopezen arteko buruz burukako eztabaida? Baina euskaraz, jakina.

PSEren matraka eskas eta hutsala

Harriduraz begiratzen diet aurrekanpaina honetan sozialistek darabiltzaten argudioei, nire ustez nahiko argudio eskasak baitira, erantzun erraza dutenak.

Argudioetariko bat da EAJren eskutik eskuina helduko dela Euskadira, jeltzaleek PPrekin akordioa egingo dutela aurreratu nahian. Baina aurpegi galanta eta lotsa falta nabarmena behar dira kontu horrekin ateratzeko, PP eta PSEren arteko akordioa oraindik hain fresko daukagunean gure oroimenean. PPren eskutik heldu zen Lopez Ajuria Eneara, eta Lopezen eskutik sartu zen Eskuina Euskadira. Ez dago beste irakurketarik.

Beste alde batetik, Lopez eta Urkulluren arteko buruz burukako eztabaidarekin tematu dira, eta sinestarazi nahi diote gizarteari Urkulluk ez duela Lopezekin eztabaidatu nahi Koskojalesko lehendakariaren beldur omen delako. Urkullu Lopezen beldur izatea madari heldua bezala jausten den argudioa da, baina beste hainbat arrazoi daude argudio edo matraka horren aurka egiteko:

  • Kanpaina urrian hasten da, eta orduantxe hasten dira hauteskunde-eztabaidak.
  • Beste hautagai batzuk daude, eta horiek ere eztabaidan egon behar dute. Euskadi ez da Espainia, eta gizartearen aniztasunak bere isla izan behar du hauteskundeetan, eta bertan izaten diren eztabaidetan.
  • Lopez lehendakaria da, bai, baina bere garaian ez zituen hauteskundeak irabazi, bigarren indarra da PSE Legebiltzarrean; eta gaur egun, inkesten arabera, PSEk ez dauka aukerarik ezta bigarren indar izateko ere. Lopezek galdu du gizartearen aurrean sinesgarri agertzeko aukera azken lau urteotan zehar, eta orain Urkulluren itzala behar badu entzute pixka bat lortzeko, ez da jeltzalearen arazoa, berea baizik.
  • Azkenik, Lopezi ez diot entzun Urkullurekin eztabaida euskaraz egiteko proposamenik. 2010ean, lehendakariari Twitter bidez egin zioten elkarrizketa baten, legealdi honen amaieran eztabaidaren baten [Enlace roto.] parte hartzeko konpromisoa hartu zuen. Non geratu dira hitz horiek? Hondoratuta, beste hamaika konpromiso eta agindu bezala. Lotsagarria.

Aurrekanpaina zikina eramaten ari da aurrera PSE. Bere estiloa da, baina beharrak bultzatuta, barruan duten munstroa ageriago uzten dute. Horren harira, nire Twitter kontuan (@UgaitzZb) askotan errepikatzen dudana esango dut hemen berriro, post honekin, eta kanpaina bukaeraraino, PSEz esan behar dudan guztia esanda utzi nahi dudalako:

Jose Antonio Pastorren politika egiteko modua guztiz baztergarria iruditzen zait, errefuxatu egiten dut edozein kargu publiko Jose Antonio Pastorren estiloarekin aritzea Interneten, edo orokorrean, bizitzaren edozein arlotan. Iraina da Jose Antonio Pastorren hizkuntza eta gezurra bere lanabesa. Bere Twitter profiletik ateratako adibideek azalduko dute nire berbek baino askoz hobeto; hona hemen:

ETA ABAR, ETA ABAR, ETA ABAR…

Sinesgarritasuna zeharo galdu dutenek jai dute sinesgarritasuna gezur eta irainekin berreskuratu nahi baldin badute. Amaitu zaie gobernua, eta Ezker Abertzalearen eskutik ez bada, batek daki zenbat hamarkada egongo diren Jaurlaritza berriro zapaldu gabe. Noraezaren seinale.

 

Euskalki berria aurkitu dut Arrigorriagan

Hementxe berton daukazuen Eraikuntza L.H.ko Institutuaren (sic) kartela ikusi dut kaletik jarrita. Ez dakit zergatik deitu zidan arreta, baina kontua da irakurtzen hasi nintzela. Irakurri ondoren, nire alde iluna atera zen, kartela bere lekutik kendu eta eskaneatzeko behar nuela erabaki nuen. Horrelako aurkikuntza mundialak ez dira egunero egiten.

Tira, azalduko dizuet. Kartela irakurtzen jarri, eta hasiera baten, sutan jarri nintzen. Zelan ote zen posible kartel baten horrenbeste akats ikustea euskarazko testuetan? Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren logoarekin. Baina guztia irakurri ondoren, argia piztu zitzaidan, zeharo oker nengoen. Nik akastzat jotzen nituen horiek, Arrigorriagako euskalki berri baten ezaugarriak baino ez dira. Badakizue, hizkuntza bizirik dago.

Hementxe dituzue, beheko irudian ondo ikusten ez badituzue, kartelean agertzen diren Arrigorriagako euskalkian idatzitako esaldiak:

  • “Zure etorkisunari buruz pentsatu!”
  • “Nork esango luke geure entrepresa eramango genuela Lan Arrikuen Prebentzioa”
  • “Igeltxerotza eraikuntza ikasleak gara ¡Errekomendatzen dizugu!”
  • “Euren familiakoa izango banintz bezala sentitzea lortzen dute” (gaztelaniazko bertsioa: “aquí nos sentimos como una gran familia”)
  • “Notak asko hobeagotu ditugu pozik nago ikasten lanbide on bat izango dudala etorkizunean”
  • “Margozten, papera eta azulejoak, pintzen mutilenak? guri asko gustatzen zaigu”
  • “Aurten amaitzerakoan atzerrirajoango gara praktikak egitera ¡

Ez esan euskalki berri honek xarmarik ez duenik. Jo! Luis Lucien Bonaparte bezala sentitzen naiz. 🙂

Blanca Urgell, dimisioa

Horren handia da gainean daukadan haserrea ez dudala gehiegi idatzi nahi.

Twitter bidez, Blanca Urgellek (Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua) idatzi duenarekin topo egin dut. Hona hemen:

Dominika Etxart, Niko Etxart rock abeslari famatuaren (Euskal Rock and Roll) AITA da, gizona beraz. Nikori bere aitarengandik etorri zitzaion musikarekiko pasioa, Dominika Etxartek sekulako lana egin baitzuen Zuberoako herri kantak berreskuratzen.

Esadazue, Blanca Urgellena ez da zuzenean dimisioa aurkezteko modukoa? Auzo lotsa ematen dit.

Goian bego Dominika Etxart, gure memorian merezi duen bezala gorderik edukiko dugun euskaltzale zuberotarra.

Gaztelania euskararen gainetik aurkezteko trikimailuak

Atzo, RAEk (Espainiar Hizkuntzaren Errege Akademia) [Enlace roto.] egin zion euskarari, 300 urteko historian, lehen aldiz.

Hitz politak eskaini zizkioten bertan euskarari: “euskara ez da horma, zubia baizik” (Aizpea Goenaga), “gizartearen elementu bateratzailea” (Wert ministroa), e.a.

Leku eta kolore guztietako ordezkaritza izan zen Madrilen: EAJ, Amaiur, Eusko Legebiltzarreko presidentea, PPkoak, PSEkoak, katalanak, galiziarrak… Nafarroako Gobernuko ordezkaritza falta izan zen bakarrik, baina ezaguna da Nafarroako Gobernuak euskarari dion begirunea.

Horretaz guztiaz gain, ordea, ekitaldiak berak, hitz horien guztien azpitik, islatu nahi zuen mezuari erreparatu nahi diot. Tira, islatu nahi zuena ez dakit, baina behintzat, nire ikuspegitik islatzen zuena.

Saretik apur bat trasteatzen ibili ondoren, ez dut aurkitu RAEk beste hizkuntzaren bati eginiko omenaldirik. Zergatik euskara orduan? Ba nire ustez, horrela garbi geratzen delako zein den hizkuntz nagusia eta zein menpekotasun egoeran dagoena. Nagusitasunetik, etnozentrismotik eginiko omenaldia iruditzen zait, edo gutxienez, seguru kutsu hori nabarituko dutela euskal herritar askok.

RAEk halakorik egitea ohikoa balitz, noiz edo noiz suahili edo txekiarrari omenaldia egin izan balie, akaso, atzoko ekitaldia ez litzateke susmagarria izango. Baina euskara aukeratu dute euskaldunoi bizkarrean zapladatxoa emateko, “ei! lasai! Oso jatorrak zarete eta Espainian asko maite zaituztegu”.

Jakin badakit halako ekitaldiak kritikatzea zaila dela, horregatik ulertzen dut alderdi abertzaleak bertara hurbildu izana: nola esango dute, bada, ezetz? Omenaldia da! Ba bai, ulergarria oso, baina nik behintzat, ezin dut burutik kendu horren guztiaren azpian dagoen edo egon daitekeen espainiar nagusitasunaren erakustaldi publikoa, eta harrapatu egin gaituzte.

Dena dela, eta pentsatzen duzuena duzuela ere, eztabaidarako tarte handia zabaltzen duen ikuspuntu hau jarri nahi nizuen begien aurrean. Ea zer deritzozuen.