Txalorik ez Espainiako errege berriari

Politikan, askotan, nahiko ez zenukeen lekuetan egotea egon beharra duzu. Modu kolokialean esaten den bezala, arraina harrapatzeak ipurdia bustitzea dakar. Horregatik ez zait batere gustatzen, askotan, Ezker Abertzaleak izaten duen jarrera. Adibidez, Amaiurrek Kongresuan izan duena Juan Carlos I.aren abdikazioaren bozketan: gaia gustukoa ez dutenez, alde egiten dute legebiltzarretik eta listo; erantzukizun handiko jarrera. Kongresuan egon nahi ez badute, zergatik doaz?

Antzeko jarrera somatzen da Kutxabank Fundazio bihurtzeko prozesuan. Legeak behartzen du aldaketa hori, baina Gipuzkoako Kutxan erabaki hori hartu nahi ez dutenez, eta EAJri leporatu nahi dizkiotenez munduan gertatzen diren gaitz eta gaitzerdi guztiak, legez erabaki beharra dagoen horretatik ihes egingo dutela ematen du, oso modu koldarrean.

Horregatik, gaur, Felipe VI. koroatzeko zeremonian, pozik geratu naiz Urkullu lehendakariak eta Mas presidenteak izan duten jarrerakin: errespetu instituzionala bai, ezadostasuna agertzea ere bai. Erabat ados!

unnamed

Zuri, gorri eta berdea

Gaur Munduko Futbol Txapelketa hasten da Brasilen. Hasten dela diot, baina batek daki, Hegoafrikan izan ziren arazoak badirudi hutsaren hurrengoa izan zirela Brasilekoekin konparatuz, beraz… Agian hasi bai, baina ikusiko dugu nola bukatuko den.

Edozelan ere, ez du ematen oso itxurosoa denik hain estu dabilen gizarte baten halako dirutza xahutzea honetan. Egon liteke pentsa dezakeenik Munduko Txapelketa bultzada ekonomikoa izan daitekeela herrialdearentzat, eta ez dakit ba, ea zortea duen hala pentsatzen duenak, benetan. Eztabaidaezina dena, nire aburuz, zera da, Brasilen irudia, herrialde moduan, marka gisa, hondoratzen ari direla. Arazoak hor daude, hor zeuden lehenago ere, eta Mundialak azaleratu eta zabaldu egin ditu.

Eta aitzinsolasa eginda, aitorpena: txapelketa jarraituko dut, goitik behera, ahal dudan beste. Zergatik? Kirola eta futbola gustuko ditudalako. Baina ez dut sekula ahaztuko nire koloreak hauek direla eta hauek nahi ditudala lehian:

Euskal selekzioaEz dut ikusle inpartzial izan nahi, ez dut talde gogokorik aukeratu nahi, ez dut zertan batek edo besteak galtzea edo irabaztea desiatu nahi. Nik neuk badaukat nire gogokoa, baina momentuz, ez dut soropilean, ofizialki, ikusiko.

OFIZIALTASUNA ORAIN!

Nafarroa eta EAE batzearen alde dago Espainiako Gobernua

Atzo Kupoaren Batzorde Mistoa bildu zen Madrilen. Bertan izan ziren EAEko hiru Foru Aldundiak, ahaldun nagusiek ordezkatuta; Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Ogasun sailburu den Ricardo Gatzagaetxebarria barne; eta Espainiako Gobernua, Montoro ministroarekin.

Halako baten aurkitzen ziren lehen aldiz Ezker Abertzalekoak. Martin Garitanok esanda utzi zuen bilerara zihoala arduraz jokatu behar zuelako (besteoi, antzekoetan, arduraz jokatzea egokitu zaigunean, irainak jaso izan baditugu ere). Ardura deitzen dio Garitanok, eta sinesten diot, seguru asko ez delako han agertu loterien zergaren kudeaketa lortzeari esker, Gipuzkoak jasoko dituen 36.000.000 euro besapean dakartzana, Gabonetako loteriako sariari dagokion diru-bilketa alegia.

Baina gaurko bilerako albisterik onena, ezbairik gabe, hauxe izan da: Rajoyren Gobernua Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa fusionatzearen alde dago. Ez, ez, ez jarri aurpegi hori. Azalduko didazue, bestela, EAEko Ogasun sailburua agertzen den argazki honek zer esan nahi duen:

7b4d528cbb60e23cf98ba854bea63cd2
EAEko Ogasun sailburua, Ricardo Gatzagaetxebarria, eta Nafarroako Foru Erkidegoko bandera atzean.

Edo fusioaren alde daude, edo benetan, uste baino bananazaleagoak dira Inperioko Gobernukoak.

Oh.: Imajinatzen duzue Barcinak jarriko zuen aurpegia?

 

“Separatist”, “terrorist”, “separatist-terrorist”…

Basque separatist is freedIzengabea dio New York Times egunkariak, hau da, “Euskal independentista bat askatu dute”.

Pozik jartzen ziren sare sozialetan dabiltzan Ezker Abertzalekide eta zale asko, dirudienez, euren ustez, Espainia eta espainiarrei min handia emango dielako New York Times-ek ETAkide bati “separatist” deitzea eta ez “fucking terrorist” (“fucking” hori ez da nire uztakoa). Ospatzeko modukoa iruditzen zitzaien kalifikazio hori, Espainiara begira beti, jakina.

Baina gatozen Euskadira. Eta Euskadin zer? Zer eragin dauka horrek gure herrian? Ba, nire ustez, tamalgarria da. New York Times-ek “separatist” berba erabiltzen du euskal terroristari kalifikazioa emateko. Hau da, euskal mugimendu independentista guztia terroristatzat jotzen du Estatu Batuetako egunkari horrek, eta Ezker Abertzalekoak pozik. Ba barkatuko didazue, baina bagaude asko eta asko “separatist” garenak, baina ez “terrorist“, eta gauzak desberdintzea ez dago batere gaizki.

Gero gertatuko da gertatzen dena, ez dituztela partea eta unibertso osoa desberdinduko eta haserre jarriko garela. Ba jarraitu horrelakoak txalotzen.

Bokazio publikoaren krisia

Euskadi eta Espainiako egoera politikoek ez dute zerikusirik. Auzokide dugun herrialdean politikiariekiko konfiantza hutsaren parera heldu den bitartean, ez du ematen gure artean egoera hain larria denik. Hala ere, ezin uka daiteke han gertatzen denak hemen ere eragin egiten duela.

Gauzak horrela, ADECCO Fundazioak ikerketa baten emaitzak atera berri ditu, eta horietatik, ondorioztatzen da Espainiako umeek ez dutela politikari izateko interesik adierazten. Lau eta hamasei urte bitarteko adingabeen %4,4k bakarrik erantzun dute politikari izatea gustatuko litzaiekeela. Badirudi, gainera, hori lehen aldiz gertatzen dela.

IzengabeaAskok uste dute egoera ekonomiko latzaren arduradun nagusiak politikariak direla. Erruaren leporatze horri politikariekiko konfiantza falta gehitzen badiogu, politikarako desinteresa da emaitza.

Baina larria iruditzen zait niri premisa horietatik abiatuta emaitza hori lortzea. Politikariak baldin badira, Espainiako umeen ustez, egoera ekonomikoaren arduradun nagusiak eta politikarien jarrerak ez badituzte gustuko, zergatik ez arazoari aurpegira begiratu? Horrek ez luke gauzak aldatzeko edo hobetzeko sentimendurik piztu beharko? Oraingoek gaizki egiten baldin badute, zergatik ez dute belaunaldi berriek ardura bere gain hartzeko inolako gogorik erakusten?

Espainiako politikaren egoera larria bada, are larriagoa da atzetik datozenen interes falta nabarmen hori. Bokaziorik ez badago, noren esku geratuko da herrialde bat zuzentzeko ardura?

Politika zerbitzu publikoa da, gauzak hobetzen saiatzeko gogoan oinarrituta egon beharko lukeen bokazioa. Egoera hobetzeko bokaziorik ez bada azaleratzen, etorkizuna zalantzagarria da. Espainian gutxienez.

 

 

 

 

Kazetaritza objektiboa Gara egunkariarena

Esaten da gaztelaniaz txistua gora botatzen duzunean, azkenean, gainean jausten zaizula. Eta hala da, askotan, intentziorik onenarekin esandako hitzak irentsi behar izaten ditugu egoerak aldatzen direlako, iritziak ere aldakorrak direlako, ikuspegi desberdinak jorratu ditugulako, e.a.

Baina kuriosoa da gauza alderantziz gertatzen denean, hau da, txistua gora bota beharrean, zuzenean zure buruaren gainera botatzen duzunean.

Quiroga EAEko PPren presidente, eta antza, Garak salatzen duena da ez dela prozesu demokratikorik egon alderdiaren barruan. Erraza da eurentzat hori orain esatea, baina badirudi ez zutela berdin pentsatzen EH-Bilduk, ez dakigu zehazki zelan, Laura Mintegi aukeratu zuenean lehendakarigai. Orduan ez zitzaion hautaketa-prozesuari aipamenik egin eta dena ziren hitz goxoak.

Gogoan daukat, duela urte batzuetako CQC telebista saioaren barruan “Ética Periodística” izena zuen ataltxoa. Agian denbora luzeegia eman zuten “La Razón” egunkariko adibideekin.