Sra. García, usted es vasca

Batzuek esango dute “gartzea” hitzetik datorrela, beste batzuek “hartza” izenetik, baina ezin uka daitekeena da gaztelaniaz “García” idazten den abizena euskal jatorrikoa dela. Euskaltzaindiak Euskal Deituren zerrendan jasotzen du eta idazkera hau da hobesten duena: Gartzia.

Hori esanda, sorpresa handiz ikusi dut Interneten ABCko kazetari den Romualdo Maestrek bere blogean idatzitakoa: El “derecho a decidir” de los García. Eta artikulua irudi “eder” honekin apaintzen du:

MapaApellidosEspaña(Oraindik ez dakit Trebiñu zergatik agertzen den zuriz, baina tira…).

Kazetariak “nazionalismoa” kritikatu nahi du, hori bai, etnizismoan oinarritutako argudioak erabiliz, hau da, kritikatu nahi duen hori berori hartzen du idazleak bere arrazoiketa eraikitzeko. Eta are okerrago, egiatzat jotzen du García abizenaren espainiartasuna, baina arestian esan bezala, ezin da okerrago egon, Garcia deitura horrek euskal jatorria baitauka. Hara non!

Beste perla batzuen artean, ABCko “kazetari” honek beste gezur batzuk ere esaten ditu bere errealitatea edertzeko: adibidez, nazionalistek beti eskatu dutela zergen kudeaketa, ahaztuz katalanek ezetz esan ziotela Kontzertu Ekonomikoaren antzeko bide bati Estatutua negoziatu zutenean; edo esaten du, baita ere, erkidego autonomo guztiek porrot egin dutela ekonomikoki (bitxia zelan euren zergak Foru Ogasunen bidez batzen dituzten Erkidegoen kasua ez den; baina bada ez bada, guztiak direla esaten du).

Eta azkenik, autoreak artikuluan bertan onartzen duen bezala, ez dut ahaztu nahi goian duzuen irudi hori nondik datorren. Maestre jaunak dio Twitter bidez heldu zaiola, @maripuchi izeneko baten bidez (irudian bertan ikus dezakezue sinadura). Ba @maripuchi hori Cristina Juesas da, Patxi Lopezen Gobernuan komunikazio aholkulari izanikoa. TOMA YA!

Espainiaren demokrazia-iruzurra

García Margallok, Espainiako kanpo ministroa, “España promete no interferir en Escocia” izeneko artikuluan zera esan du, laburbilduz, ez dutela muturra Erresuma Batuko gaietan sartuko; Eskozian kontsulta legal bat egiten bada, eurek errespetatuko omen dute. Hitzez-hitz, zalantzarik gera ez dadin, hizkuntza zerbantinoan honelaxe adierazten zuen ministro jaunak: “Si Escocia se independiza de acuerdo con los procedimientos legales e institucionales, pedirá su adhesión (a la UE). Si ese proceso ha sido realmente legal, esa petición puede ser considerada. Si no, entonces no”.

IzengabeaHausnarketa sakonik egiten ezean, tranpan jaus gintezke eta esan, zer ondo! Zenbat aldatu diren hauek! Kanpo ministroak, orain, onartu egiten du independentziarako prozesurik egon daitekeela, eta babes zuzena ematen ez dion arren, Espainiako Gobernuak emaitza errespetatuko duela dio.

Baina non dago iruzurra orduan? Tranpa da ministroak ez dituela adierazpen horiek baldintza demokratikoetan oinarritzen, baldintza legaletan baizik. Hau da, prozesu hauek errespetatuko omen dituzte legalak diren bitartean (eta “omen” jartzen dut behin eta berriro Erresuma Batuaz ari garelako, baina beste herrialde bat izango balitz…).

Gizarteen borondate demokratikoaren gainetik, legea jartzen du berriro García Margallo jaunak. Hortaz, Espainian, autodeterminazioa onartzen ez den bitartean, edo alde biko akordiorik ez dagoen bitartean, kontsultek legez kanpokoak izaten jarraituko dute.

Oso ondo daki Inperioko gobernuak zer esan duen. Espainian ez dute legea aldatzeko asmorik, eta beraz, besteek egin dezatela nahi dutena, baina eurek oso ondo zainduko dute Estatuaren (“nazioaren”) batasuna legearen eta legeak ahalbidetzen dituen baliabide guztien bitartez.

Ez da ezer aldatu. Berdinetan gaude.

Izendatua “Blogetan!” sarietarako

Azkue Fundazioak antolatu duen “Blogetan!” sarietarako norbaitek proposatu egin du blog apal hau sariduna suerta dadin.

Egia esan, oso blog onak daude nirea dagoen kategorian, baina dena den, blog hau gustuko baduzu, normalean jarraitzen edo gainetik begiratzen badiozu, eskertuko da botoa ematea.

Hementxe duzu esteka, oso erraza da: http://www.blogetan.com/sailkapena/kategoria/gizarte-eta-politika

Izengabea

Nafarroa eta EAE batzearen alde dago Espainiako Gobernua

Atzo Kupoaren Batzorde Mistoa bildu zen Madrilen. Bertan izan ziren EAEko hiru Foru Aldundiak, ahaldun nagusiek ordezkatuta; Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Ogasun sailburu den Ricardo Gatzagaetxebarria barne; eta Espainiako Gobernua, Montoro ministroarekin.

Halako baten aurkitzen ziren lehen aldiz Ezker Abertzalekoak. Martin Garitanok esanda utzi zuen bilerara zihoala arduraz jokatu behar zuelako (besteoi, antzekoetan, arduraz jokatzea egokitu zaigunean, irainak jaso izan baditugu ere). Ardura deitzen dio Garitanok, eta sinesten diot, seguru asko ez delako han agertu loterien zergaren kudeaketa lortzeari esker, Gipuzkoak jasoko dituen 36.000.000 euro besapean dakartzana, Gabonetako loteriako sariari dagokion diru-bilketa alegia.

Baina gaurko bilerako albisterik onena, ezbairik gabe, hauxe izan da: Rajoyren Gobernua Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa fusionatzearen alde dago. Ez, ez, ez jarri aurpegi hori. Azalduko didazue, bestela, EAEko Ogasun sailburua agertzen den argazki honek zer esan nahi duen:

7b4d528cbb60e23cf98ba854bea63cd2
EAEko Ogasun sailburua, Ricardo Gatzagaetxebarria, eta Nafarroako Foru Erkidegoko bandera atzean.

Edo fusioaren alde daude, edo benetan, uste baino bananazaleagoak dira Inperioko Gobernukoak.

Oh.: Imajinatzen duzue Barcinak jarriko zuen aurpegia?

 

Abertzaleak herriaren etsai

Gaur 20 urte bete dira ETAk Joseba Goikoetxea ertzaina eta EAJko militante nabarmena zikin erail zuenetik. Bere 16 urteko semearen aurrean egin zuen, gaur egun, aita omentzeko edo, ertzaina den seme hori berori.

Erailketa gehiago burutu zituen ETAk aurretik. Hau zergatik izan zen desberdin? Familia eta urkoenei eragindako sufrimenduari dagokionez ezin daiteke esan desberdina denik, baina inflexio puntu bat markatu zuen. Hilketa honekin ETAk bi mezu bota zizkion euskal gizarteari:

  1. Ez zara abertzale zintzoa ez baduzu ETAren borroka babesten.
  2. ETA da Euskadiko polizia, ejertzitoa eta epailea, ETA da Jainko ahalguztiduna. ETAk erabakitzen du zer dagoen ondo eta zer txarto, ETAk erabakitzen zer zigortu eta nola zigortu, ETAk kentzen dizu bizia bizitzea merezi ez baduzu.

1403210_569011386486999_1305993709_oGaurko egunkariek dakartena baino asko gehiago idaztea ez da erraza, eta adibidez, Juan Maria Atutxaren “La Trainera de Joseba” artikulua gomenda diezazueket. Era berean, Berria edo Gararen isiltasuna ere aipa nezake, Egin isilik egon ez zen bezala.

Eta hari horretatik tiraka, El Correok argitaratzen duen “El día en el que ETA puso en la diana a la Ertzaintza y al PNV” artikuluaren pasarte batzuk literlaki kopiatzea baino ez zait geratzen, nahiko garbiak baitira:

“El ‘comando Bizkaia’ siguió al pie de la letra la línea marcada por sus cabecillas cuando asesinó a Goikoetxea, que también fue sometido a una intensa campaña de desprestigio a través de publicaciones próximas a la izquierda abertzale. “El diario ‘Egin’ apuntaba y, al cabo de un tiempo, ETA ejecutaba”, recuerda Daniel Etxeberria, alias ‘Pampero’, compañero del mando asesinado en la unidad de Berroci y objetivo de la banda durante años”. […]

El propio Goikoetxea realizó sus únicas declaraciones públicas para salir al paso de la “campaña de desprestigio” que estaba sufriendo. “Entiendo que a ellos les parezca una persona molesta porque soy un profesional de la Ertzaintza y nacionalista. Tanto a ETA como a su mundo les duele que sea ‘gente de casa’ la que va a por ellos. Pero soy vasco y seguiré viviendo en Euskadi”, dijo a la agencia Vasco Press. […]

HB reaccionó pidiendo la retirada de la Policía vasca de la lucha antiterrorista y, al mismo tiempo, en muchas comisarías aparecieron pasquines del entorno radical con un mensaje: “Si no nos atacas, yo no te ataco”. […]

1993an, Martin Garitano zen Egin egunkariko zuzendari. Gaur, Garak ez dio ezer.

Gaur, aldiz, Santi Brouarden alaba Josebaren omenaldira doa.

 

Bakegintzaren koktelera

Estrasburgoko Auzitegiaren epaia aplikatuz, beste 13 etakide atera berri dira kalera. Kubatiren kasuan, espetxetik ateratzean, zain zeuzkan biktimen senide batzuk, irainka hasi zitzaizkionak. Bideoa ikusgai dago zenbait komunikabidetako web guneetan.

Kubati_efe_foto300x168Ulertzen dut biktimen samina, ulertu ezin dudana da nola tenkatzen diren iraganean, nola ez duten aurrera begiratu nahi, zergatik daukaten halakoetan denbora galtzeko edo inbertitzeko gogorik… Zer da jarrera hori kitzikatzen duena? Saminak berak bultzatuta egiten ote dute? Amorruak agian? Ala militantzia politikoa baino ez da? Urteetan ikasitako rolari eusteko militantzia politikoa?

Zein izan beharko luke, beraz, bizitzan aurrera egin eta mina atzean utzi nahi duen biktimaren jarrerak? Mendeku nahikariak laguntzen al du? Gerta liteke, baita ere, biktima zuzenak direnak atzean utzi nahi izate horren aldeko etengabeko borrokan egotea. Baina berdin jokatzen dute bigarren edo hirugarren mailako biktimek? Hau da, berdin jokatzen dute atentatua zuzenean pairatu duen batek, edo seme-alaba erail dioten batek, eta osaba, izekoa, lehengusua, laguna… biktima duen batek?

Pentsa baliteke mina parekoa ez dela kasu bietan, ondoriozta daiteke, berdin antzean, samin horren aurreko erreakzioa ere ez datorrela bat. Euren azalean jarrita, baliteke batzuek sakon-sakonean itsatsita duten min hori ez dutela inoiz ahaztuko onartuta edukitzea, eta hala ere, bizitzan aurrera egitea helburu izatea. Beste batzuek, aldiz, mina hain sakonekoa ez izanik, baliteke konpromisoa adierazteko modurik onena mendekuan aurkitzea.

Aldi berean, urteetako hazia ereitearen fruituak jasota, Espainiako Gobernuak biktimen lobbya sortuta dauka, biktima batzuena, ez guztiena, eta horrek asko baldintzatzen du Madrilgo bakegintza politika.

IzengabeaEta bukatzeko, euskal komunikabide batzuetan, Berria kasu, etakideei euskal preso deitzen diete, edo horretan diraute. Bilboko trafikatzaile bat, ostera, ez dakigu euskal preso ote den Berriarentzat.

Sartu hori guztia kokteleran, astindu, eta hara! Zein garai polit eta itxaropentsua bizi dugun. Edo agian, Hertzainak taldearen letrari buelta emanez, ekaitzaren ostean dator barea.