Jauregia eraikitzen, hitzetik ekintzara

Harriduraz irakurri ahal izan dut gaur Ramón Jaureguik El Correon idatzitako [Enlace roto.].

Txalotu nahiko nuke Europako parlamentari sozialistak euskararen alde egiten duen hausnarketa. Goibeltzen nau, hala ere, hitz polit hauek estaltzen duten ezerezak, alderdi sozialistak oraindik ere asko baitauka erakusteko euskalgintzan.

Jaureguik, bere testuan, Ruiz de Soroaren iruzkin bat kritikatzen du, “euskal herritar elebakarrei bigarren hizkuntz komun bat ikastera behartzeak ez du zentzurik, beste hizkuntz komun bat ezagutzen dutela aintzat hartuta (gaztelania alegia)”. Sozialista batek baieztapen hori salatzeak dituen inplikazioak esperantzarako bidea zabaltzen digu euskaltzaleoi. Ematen du euskararen aldeko apustu sendoa egiteko asmoa omen darabiltela arrosaren alderdikoek. Ikusteko dago.

Artikuluan, nola ez, abertzaleoi egurra ere ematen digu: hizkuntzaren politizazioa, euskara independentziarako erabili nahi izatea, e.a. Propagandarako bota beharreko cliché gisa ulertuko ditut momentuz, mezu postiboarekin geratzea nahiago baitut. Baina izenburuan diodan legez, jauregia eraikitzeko ez da nahikoa hitz politak isurtzearekin, lan egin beharra dago, eta horretan momentuz, alderdi sozialistak kale egiten du.

Atzo bertan Ibilaldia izan genuen Bermeon, jendetza bildu zen han euskara eta ikastolei behar duten bultzada eta berotasuna eskaintzeko. [Enlace roto.] entzun behar izan zituen, baita lekuz kanpoko irainen bat, baina euren esku dago euskararekin aldarrikatzen duten konpromisoa erakustea, frogatzea, gauzatzea, hezurmamitzea.

Faltan botatzen ditut, zilegi bekit esatea, euskara ikasle aplikatu batek atzokoa bezalako jaiaren gainekoari buruzko balorazioren bat, esker ona erakustea, poztasuna agertzea, edo dena delakoa. Patxi Lopezez ari naiz, mutu geratu zaigu. Idazlanetan ez dakit zelan ibiliko den, ahozkoan bederen, “hobetu beharra”.

Guztiok erakutsi behar dugu herri honetan euskara guztiona dela, eta euskararen aldeko apustu sendo eta tinkoa egiten dugula. Ongi etorriak Jaureguirenak bezalako adierazpenak, ea hurrengoak Aitorren hizkuntz zaharrean emanak datozkigun.

Bueltaka Nafarroako hizkuntz politikarekin

Gaur bertan heldu berri zait hemen behean ikus-sufri-entzun dezakezuen bideoa:

Aurretik idatzitako postaren harira dator bideoa, eta aurretik esandakoei ezer gutxi gehi niezaieke. Adibide hotz xumeak diosku azaldu beharreko oro.

Ez da bakarrik Nafarroako administrazioak euskararekin duen sentiberatasun gabezia, ez horixe. Langileek eurek erakusten duten harridura da larriena, euskaraz hitz egitea inuiteraz hitz egitearen pareko bailitzan.

Gogora dezagun berriz ere: euskara Nafarroako Erkidegoaren berezko hizkuntza da, hala xedatzen du legeak gainera.

Seguru asko, Euskal Autonomia Erkidegoan ere halako kasuak aurki genitzake, baina hamaika pausu aurretik goaz, zorionez.

Doluminak eta animoak nafar euskaldunei.

Navarrismoaren gidaria

Migueliko Sanzen emariak ez du hondorik. Iturri agorrezina dugu berau, euskaldunon edota euskal hiztunon zoritxarrerako baina.

Nafarroako Erkidegoak duen presidenteak euskararen kontra ez duela ezer dio, baina harroputz ageri da bere gobernuak aurrera daraman hizkuntz politikarekin.

Milaka herritarrek euskararen alde manifestatzeak, antza, ez dio ezer esaten Sanz jaunari, ez dio hausnarketarako arrazoirik erakusten.

Baina adierazpenik mingarrienak, hotzenak, larrienak, pozoiz lepo daudenak hauexek dira: “euskararen gaineko ardurarik ez daukat, denbora okupatzen dit bakarrik”.

Gaztelaniaz esanda, ez dirudi hain latza (“el tema del euskera no me preocupa, me ocupa”), baina euskaraz eman eta gero agerian geratzen da hitz horiek gordetzen duten guztia, eta gorroto hitzak ongi baino hobeto laburbilduko lukeena.

Nafarrek benetan merezi/nahi al dute euren berezko hizkuntza horrela zapaltzen eta mespretxatzen duen agintaririk? Neronek ez diot zentzu handirik ikusten, eta horrelako utzikeriak salaketa ozena, garbia eta sendoa behar luke nafarren eskutik.

“Linguae vasconum, linguae navarrorum”. Aspalditik datorkigun esaera horrek gordetzen du mami oro.

Nafar euskal hiztunen eskubidea delako, euren hizkuntza ere badelako.

Euskara kirolean, euskara Nafarroan

Pozgarria da asteburu honetan ikusi dugun irudia bezalakoak ikustea noizean behin. Gainera, non eta Nafarroan.

“Paz de Ziganda” ikastolaren aldekoa da 2010eko Nafarroa Oinez. Urteroko jai horretan laguntzeko, Osasunak, Errealak eta Athleticek euren harri koskortxoa jarri dute. Asteburuan, beteranoen txapelketa jokatu da Txantrean (Iruña) helburu bakarrarekin: euskarari bultzadatxoa ematea.

Euskal Herriko talderik garrantzitsuenak horrelako ekimen batean baturik ikustea ez da txantxetarako kontua.

Dena dela, eta zirikadatxoa sartzeko ere, faltan botatzen da lehen taldeek euren konpromisoa agerian erakustea. Sekulako indarra emango lioke mezuari, euskarak behar duena emanaz: freskura, garrantzia, konpromisoa eta identifikazioa gazteekin.

Oso ondo, bikain, baina gehiago nahi dugu. Bihoaz bide honetatik.

Metroz metro, herritarrak ahaztu

PSEren Gobernuak “lanean” dirau, gogor eta tinko.

Badirudi Patxi Lopezek baduela Urdaibarako proiektu [Enlace roto.], hori bai, ez du detailerik eman. Tira, badakigu gauza onek itxaron egin behar dutela, eta sorpresa moduan baldin badatoz, asko poztuko gara herritarrok, inprobisazioa izugarri maite baitugu.

Dena dela, badaude iruzkintzeko beste gai batzuk, hala nola Metro Bilbaoren inguruan gertatzen ari den guztia.

Alde batetik, serio hartu omen du (des)Gobernuak [Enlace roto.] eramateko proposamena. Gogoratzen dut ez horrenbeste Bizkaibusek ibilbide hori betetzen zuteneko garaia. Baina, antza, Kantabriako mandatariek ez zuten oso gustuko euskal “inbasio” hura, eta kendu behar izan ziren autobus haiek.

Agian tontotzen hasia nago, metroa haraino eramatea ez al da antzeko zer edo zer? Kantabriako Gobernuak oniritzia eman dio Gobierno Vascoari? “Buen rollito”.

Ondo da, ondo da, bizkaitar pila bizi da Castron, egia da. Baina, ezer esatearren, Mungian bizi direnak ere, nik dakidala, bizkaitarrak dira, eta oraindik ez dute metroa euren herriraino eramateko proiekturik ikusi.

Baina Patxi Lopezen taldetxoarentzat, bizkaitar guztiok ez ditugu eskubide berberak. Santurtziko Mamariga auzokoek, euren patrikatik ordaindu behar izango dute Santurtziko geltokitik [Enlace roto.]. Portugaleten, Sestaon eta Basaurin ez da hori gertatzen.

Gogora dezagun Santurtzin EAJ dagoela agintean. Gainerako hiru herri horietan, aldiz, PSEk agintzen du. Loturarik egongo al da?

Gaizki ez pentsatzea ezinezkoa suertatzen zait.

Nazkatuta lehendakariaren errespetu faltekin

Ez nuke lar luzatu nahi, Patxi Lopezek esandakoa berez azaltzen baita:

(euskara klaseak) “Ikasten ari naiz, ikasten ari naiz. Beno, ni Ezkerraldekoa naiz, euskaraz inoiz hitz egin ez den zonaldea. Eta euskara konplikatua da. Gainera, piper ugari egiten dut klaseetara”.

1. Ezkerraldean ez dela inoiz euskaraz hitz egin? Jakinaren gainean gaude, Patxi Lopezen ikasketa maila ez da oso altua, baina halako baieztapen txoroa egiteko ausardia izateko arrazoi bakarrak egon behar du: ezjakina izateaz gain, lelo galanta behar du izan.

2. Euskara konplikatua da. Ai! Noiz arte entzun behar al dugu hori? Konplikatua norentzat? Konplikatua zerekin konparatuta? Japoniar hiztun bat hartuko bagenu, zein litzateke berarentzat zailago? Euskara ala gaztelania? Gehienetan borondate kontuan datza gakoa.

3. Piper egiten du klaseetara. Zenbat ateratzen zitzaizkigun klase horiek euskal herritar guztioi? 36.000€ urtean? Dirua zulotik behera bota behar al dugu?

Okerrena da bere axolagabekeriari begiratu behar izatea. Lehendakari honentzat euskaldunok ez gara ezer, euskaraz bizi nahi dugunok mespretxua edo ezaxolakeria merezi ditugu; barrerako motiboa baino ez gara, grazia egiten dion zerbait.

Hori bai, “power balance” eskumuturrekoa harro erakusten digu argazkian. Antza timo horientzako lekutxoren bat uzten dio bere astiak.

Hori guztia beste bat gehiago baino ez da, baina pazientzia bukatzen ari zaigu asko eta askori. Errespetua merezi dugulako, hori baino ez bada.

Lehendakari jauna, bihotz-bihotzetik, ZOAZ PIKUTARA. Niri ez didazu grazia putarik egiten.