Baneukan gogoa hauteskunde orokorretako emaitzei heltzeko, baina gogoa eta astia, zoritxarrez, askotan ez datoz bat.
Ez zaituztet zenbaki potoloekin aztoratuko, askotarikoak ikusiko zenituztelako dagoeneko, bai ordea, zenbakien aurrean jartzeko filosofia eta jarreraren gaiari heldu nahi nioke.
Alde batetik, ahaztu gauza bat, ezabatu zuen hardiskatik, zenbaki batek, berez, ez du ezer esaten. Zenbakia bera baino inportanteagoa da zenbaki hori inguratzen duen testuingurua: aldi politikoa, lekua, joera, e.a. Hortaz, “alderdi batek xxxxxx boto irabazi/galdu ditu” bezalako adierazpen handien aurrean, lasai, eseri eta erreparatu, lehenik eta behin, adibidez, hauteskunde bat eta bestearen arteko parte hartzean egon den desberdintasunari. Zerbait aipatzearren, baina garrantzitsua, guztirako boto kopurua ere ez delako beti berdina.
Bestetik, eta gure Euskadira etorrita, koalizioen emaitzak aztertzerakoan ere, egiten ditugun batuketek logika jakin bati jarraitu behar diote:
- UPN eta PPren botoak batzen baditugu Nafarroan koalizioan joan direlako, zilegia da, eta berdin berdin balio du EAJ eta Geroa Bai koalizioarenak batzea (EAJ baitago barruan).
- Gogoratu, bestalde, Amaiur Amaiur dela, eta ez Bildu edo Ezker Abertzale tradizionala. Beraz, Amaiurrek galdu edo irabazi duena batekiko edo bestearekiko, erreferentzia bat baino ez da, baina ez egia absolutua. Adibidez: Ezker Abertzaleak duen babes soziala ez da orain handiagoa (edo txikiagoa) emaitza zehatz batzuengatik, sentsibilitate gehiago gordetzen baititu koalizio honek. Kasu honetan, bereziki deigarria da Bilduren emaitzak ezin hobetu izana, Aralar gehitu denean proiektura. Baina nire aurreko argudiora itzulita, horren arrazoia testuinguruak emango digu eta hurrengo hauteskunde batzuetako emaitzek.
- Bi garaipen mota daude hauteskunde hauetan: botoetan lortzen dena eta eserlekuetan lortzen dena, biak ala biak baliagarriak, eta biak bere esanahi sinbolikoarekin. Ez nituzke bata ala bestea gutxietsiko.
Laburbilduz, zenbakiek ez dute egia absoluturik ematen. Horregatik esaten da hauteskundeetan, maiz, guztiek irabazten dutela, baina egia esan, alderdi bakoitzak bere testuinguruan hartzen ditu zenbakiak, irakurketa jakin, eta ziur asko, baliagarria eginez. Kontuan izan, beraz, hauteskunde gau horretan, alderdietako liderrek euren jendeari hitz egiten diotela, ez horrenbeste gizarteari.
Horregatik, hain zuzen ere horregatik, iruditu zitzaizkidan hain deigarriak Iñaki Antigüedadek (Amaiur) gau horretan bota zituen lau hitz, jendaurrean, hitzaldia ematen ari zela: “gu ez gara fededunak”. Bere aurrean, eta inguruan, zeukan jendea ez zen bere betiko eta ohiko jendea, Ezker Abertzale tradizionala ez diren beste sektore batzuk zeuden. Zer aurpegi jarriko zuten Larreinak eta bere boz emaileek hori entzutean?
Amaitzeko, orduan, argi eduki gau horretan politikariek bere jendeari hitz egiten diotela, baina aldi berean, ez legoke gaizki politikariek beraiek ere kontuan hartzea bere jendea zein den.