Urquijokeria gehiago

Ez zaizkit Gipuzkoak errepideetan jarri dituen seinaleak gustatzen, batez ere, gaur egun oso anitza ez den organo batek proposatutako estilo liburu nazionaletik hartuak direlako. Izpirituarekin ados egon ninteke, baina gauza hauek bestela adosteko modukoak iruditzen zaizkit, eta nazio mailan, ez lurralde historiko jakin baten.

gipuzkoa_8958_1Hori aparte utzirik, Carlos Urquijo jaunak, Espainiako Gobernuaren ordezkaria EAEn, duen jarrera penagarria da. Esaten du euskararen legea errespetatzen ez dutela aipatu seinaleek ez daudelako ele bietan, euskaraz eta gaztelaniaz alegia.

Nik espero dut Urquijo jauna arakatzaile lanetan ibiltzea berdin-berdin, gure geografia guztian gaztelaniaz soilik agertzen diren seinale eta agiriak salatzeko, horixe baita Euskararen Legearen izpiritua, euskara bultzatzea, ez gaztelania babestea. Mesedez eta faborez!

Nafarroa eta EAE batzearen alde dago Espainiako Gobernua

Atzo Kupoaren Batzorde Mistoa bildu zen Madrilen. Bertan izan ziren EAEko hiru Foru Aldundiak, ahaldun nagusiek ordezkatuta; Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Ogasun sailburu den Ricardo Gatzagaetxebarria barne; eta Espainiako Gobernua, Montoro ministroarekin.

Halako baten aurkitzen ziren lehen aldiz Ezker Abertzalekoak. Martin Garitanok esanda utzi zuen bilerara zihoala arduraz jokatu behar zuelako (besteoi, antzekoetan, arduraz jokatzea egokitu zaigunean, irainak jaso izan baditugu ere). Ardura deitzen dio Garitanok, eta sinesten diot, seguru asko ez delako han agertu loterien zergaren kudeaketa lortzeari esker, Gipuzkoak jasoko dituen 36.000.000 euro besapean dakartzana, Gabonetako loteriako sariari dagokion diru-bilketa alegia.

Baina gaurko bilerako albisterik onena, ezbairik gabe, hauxe izan da: Rajoyren Gobernua Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa fusionatzearen alde dago. Ez, ez, ez jarri aurpegi hori. Azalduko didazue, bestela, EAEko Ogasun sailburua agertzen den argazki honek zer esan nahi duen:

7b4d528cbb60e23cf98ba854bea63cd2
EAEko Ogasun sailburua, Ricardo Gatzagaetxebarria, eta Nafarroako Foru Erkidegoko bandera atzean.

Edo fusioaren alde daude, edo benetan, uste baino bananazaleagoak dira Inperioko Gobernukoak.

Oh.: Imajinatzen duzue Barcinak jarriko zuen aurpegia?

 

Lotan nago, begiak itxita…

Erreforma fiskala heltzear dago Gipuzkoara. Bueno, edo Bilduk esango lukeen bezala, “etorri dira inposatzaile hauek herria izorratzera” (haiek beti dira herria). Ez dago gogoratu beharrik, baina erreforma fiskala hiru alderdiren eskutik helduko da, EAEko herritarren gehiengoa ordezkatzen dutenak, gipuzkoarrak barne. Eta Batzar Nagusiek onartuko dute, gipuzkoarren ordezkariek.

IzengabeaGipuzkoako Foru Aldundiko agintariek ondo dakitenez erreforma gipuzkoar gehienek onartu egingo dutela Batzar Nagusien bitartez, tramitea luzatzen saiatzen ari dira. Orain, esaten dute denbora behar dutela erreforma ondo aztertzeko, oso gai garrantzitsua delako.

Hori bai, bitxiak izan dira Bilduk eman dituen pausoak erreforma honekiko. Hasiera batean, guztiz aurka azaldu ziren, hori atzerapausoa zelakoan Gipuzkoan. Orain, ordea, denbora behar dute erreforma ondo aztertzeko, ezin dute arinkeriaz jokatu ([Enlace roto.]). Beraz, ondorioa argi eta garbia da: arinkeriaz jokatu zuten Bildukoek erreformari, akordio fiskalari, lehen unetik, bizkarra eman ziotenean.

Gertatzen dena da konturatu egin direla bakarrik daudela momentu honetan, eta ez direla gai izan herri akordio handi batera heltzeko. Denbora orain? Adarra jotzen? Imajina dezaket, gauero, Martin Garitano kantatzen, agian, ETBko hurrengo “Euskal Kantuen Gaua” prestatzen: lotan nago, begiak itxita…

 

 

 

Laura Mintegiren analisi xelebreak

Atzo, Laura Mintegik sarrera berria argitaratu zuen bere blogean, eta egia esan, nahiko harrituta geratu naiz edukiarekin, kontraesan nabarmenak igarri baitizkiot.

Falta da lidergoa, ideia argiak, ausardia, besteen posizioetara hurbiltzeko saioa” dio EAJk zuzentzen duen Jaurlaritzaz, baina aurrerago, honako esaldi honekin borobiltzen du bere hasunarketa: “EH Bilduk aspalditxo plazaratu zituen gai nagusiak (eta gai horietan dituen jarrera aurrerazaleak) kontuan hartzen hasi dela EAJ“. EH-Bilduren planteamendu batzuk aintzat hartzen hasi bada Jaurlaritza, zelan esan dezake falta dela besteen posizioetara hurbiltzeko saiakerarik? Badirudi, EH-Bilduren ezaugarri nagusia kontraesana dela, hori da bere identitate-zeinua: lege bidegabeak errespetatu behar ez direla esatea, baina aldi berean, errespetatzea; zabor bilketa jakin baten aldeko apustu irmoa egitea, eta apurka, apustu hori baztertzen joatea (Donostia, esate baterako), e.a.

Gero, despotismo ilustratuaren “tout pour le peuple, rien par le peuple”  esaldiaren itzulpen bitxia egiten digu: “dena herriarentzat, baina ezertxo ez herriarengatik”? Esango nuke “herria aintzat hartu gabe” litzatekeela bigarren parte horren itzulpen hurbilago bat, baina tira, huskeria.

Dena den, Laura Mintegirentzako erantzunik onena Prospekzio Soziologikoen Kabineteak emandakoa da. 2013ko maiatzean, inkestaren arabera, EAJ litzateke lehen aukera EAE osoan, hiru lurraldeetan, eta 27 legebiltzarkideak mantenduko lituzke. Halaber, Gipuzkoan aurrea hartuko lioke EH-Bilduri, eta Bizkaian… Zer esan Bizkaiari buruz? IGO EGITEN DA EAJ. Harrigarria da Bizkaian oraindik igotzeko gaitasuna izatea. 17 puntuko abantaila aurreikusten du inkestak bigarren indarrarekiko, EH-Bildu alegia, eta hain justu, %17,5 litzateke hirugarren indarraren emaitza, PSErena.

Ondo dago Jaurlaritzak eta EAJk hausnartu behar duela esatea eta aholkuak ematea, baina era berean, ez legoke txarto gomendio horiek nork bere etxean aplikatzea aurretik.

 

Bilduk ez du murrizketarik egiten?

Gipuzkoako Gizarte Politika Sailak 5.200.000 euroko murrizketa izan du aurten, PSEk eta Bilduk onartutako “ezkerreko” aurrekontuetan.

  • Diru-sarrerak bermatzeko laguntzak murrizten dira, gizarte-bazterketa arriskua duten kolektiboentzat direnak.
  • Gipuzkoan gero eta hirugarren adineko pertsona gehiago egon arren, Aldundiak ez du ekimenik edo aldaketarik planteatzen, eta gero eta plaza gehiago behar dira egoitzetan.
  • Ez da inbertsiorik aurreikusten eta ez dago partidarik Irun, Elgoibar eta Usurbilko egoitzak eraikitzeko.
  • Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei eta bere familiei laguntzeko partidak ere jaitsi dira.
  • Zailtasunak dituzten pertsonak laneratzeko politiketarako partidek 2.000.000 euroko murrizketa izan dute.
  • Gizarte zerbitzuen arloan lan egiten duten entitate eta kolektiboekin hitzarmenak sinatzeko partiden zenbatekoa murriztu da.

Bizi dugun egoera ekonomikoa dela-eta, administrazio guztiak ari dira aparteko ahalegina egiten, ez daukat zalantzarik, baina Bilduk ez duela murriztuko dio behin eta berriro, eta Jaurlaritzan, ez duela murrizketarik dakarren aurrekonturik onartuko. Ba hara non! Gipuzkoan, PSErekin batera onartutako “ezkerreko” aurrekontu “progresista” hauetan murrizketak daude. Eta kontua da murrizketak datozela gizarte zerbitzuen arloan, gizarte politiketan, noiz eta orain, beste administrazio batzuetan eurena beraiena den mamu hau aipatzen duten bitartean.