San Ildefonsoko Patxi

Jakin badakigu lehendakariak 100 euroko [Enlace roto.] herritarren artean, 500.000 euro gastatu behar ditu horretan. Tira, 500.000 eta beste horren beste “neurria” iragartzen. Gainera, ez pentsa hauteskundeetan daukanik burua gure Patxik, ez horixe, gutxi gora behera hilabeteko epea utziko baitu zozketa egin eta hauteskundeak bitartean. Denbora sobera.

Nik galdera batzuk dauzkat lehendakari jaun agurgarriarentzat:

1. Non izango da zozketa? Koskojalesko Casa del Pueblon? Ala lehendakaritzan instalatuko da loteria-ontzia?

2. Familia bakar batek bonu bat baino gehiago  irabaz dezake ausaren magiaren eraginez?

3.  Zer merkataritza da dirua zozkatzen sustatzen dena? Ez al da hobe familien kontsumo ahalmena hobetzeko neurri eraginkorragoak bilatzea? (enplegua, behar duen jendearentzako gizarte laguntza…)

4.  Zer gertatuko da ikusten badut BMW eta Audia dauzkan auzokideari bonua egokitu zaiola eta niri ez zaidala deus ere jausi?

5. Zer gobernu klase da herritarren etorkizun eta arazoekin zozketak egiten dituena?

Horiek galderak, eta orain, ezkor galanta naizenik pentsa ez dezazuen, proposamen batzuk ere botako ditut Jaurlaritzaren aurrekontuan eraginik izan dezaketenak, baita ekonomia berraktibatzeko ere. Hona:

1. Gobernukideek (lehendakaria, sailburuak…) biluzik agertzen diren egutegia atera dezatela Korteinglesen atean saltzeko.

2. Txosna bat jar dezatela hiriburuetako Aste Nagusietan. San Ferminetan ere ausartuko balira, ez legoke gaizki.

3. Futbol partida bat joka dezala Eusko Jaurlaritzak Aldundien selekzio baten aurka. Diru apur bat ateraz gain, Patxi Lopezek aukera izango luke [Enlace roto.], bere ametsik beroena.

4. Aurtengo Euskal Encouterren, Aresekin koordinatuta, Ertzaintzak sarekada egin dezala pelikulak deskargatzen dituzten guztiak atxilotzeko eta isun lodikoteak kobratzeko.

5. “Lost” telesaila ikusi eta ondo ulertzeko maratoia ere antola dezake Patxik. Ez dakit honek zerbaiterako balio lezakeen, baina egun batzuetarako behintzat ondo okupatuta edukiko genuke gure “lunbreratxoa”.

Bestela ere, programarik ez dagoenean, beti geratzen da ondo urtegiren bat inauguratzea.

Ez horregatik, lehendakari.

Irekiak euskara berria irakatsi nahi digu

Herri honetan euskara gutxiesten duen erakunderik bada, Eusko Jaurlaritza dugu adibiderik garbienetarikoa. Batez ere, www.irekia.euskadi.net web orriari erreparatzen badiogu, Eusko Jaurlaritzaren komunikaziorako tresna hain zuzen ere.

Gaurkoan, honako berri honekin topo egin dut, urtarrilaren 26koa:

Alegia, lehendakariaren hitzak “se han sacado de lugar” edo gaztelaniazko antzeko zerbait esan nahi zuen titularrak. Testuingurua ahaztuta baloratu izan direla, hain zuzen ere.

Argi dago Irekian ez dela euskaraz erredaktatzen, baina zelan demontre egiten dira itzulpenak? Google Translator erabiliz?

Gutxi ez balitz, bertan idatzitakoak gehiagorako ematen du:

– “herria gutxien behar dituena grebak dira”

– “Lehendakariak Madrilen egon da gaur”

– “Lehendakariak komunikabideei sindikatuek burutuko duten grebari buruz azalari die, greba kritikatu du Lehendakariaren ustez, herriak ez du grebarik behar” (esaldia formolean gordetzeko modukoa da)

– “pasaden astelehenean euskara eta biolentziaren desagerpen arteko erlaziaren deklarazioek sortu zituzten polemikari buruz hitz egin du”

– “akordioak eta konpreomizuak”

– “gaur egungo klima ez da grebakoa eta biharkoak aurrekoetan bezala jarraioen gutxi izango du”

– “boluntateak eta ideiak”

Hori guztia lau paragrafotan bakarrik.  Marka bikaina!

Irekiaren asmoa euskaraz zelan idatzi behar ez den irakastea baldin bada, gutxienez jar dezala sede pedagogiko hori bere hasierako orrian, guztiok garbi izan dezagun.

Eta EGA titulua oparitu nahi du Gobernu honek? Gero eta argiago daukat zergatik.

Hementxe doakizue testua osorik, bada ez bada, zuzentzea bururatzen zaien (kontu hartu, bide batez, tagak gaztelaniaz bakarrik daudela):

Libre Dios al castellano de las atrocidades del euskera

Barkatuko didazue izenburua gaztelaniaz jartzearena, baina nik ere lehendakariak duen arreta deitzeko gaitasunari heldu nahi nintzaion.

Dagoeneko entzun edo irakurriko zenuten Patxi Lopezek euskararen gainean atzo botatako iruzkina. Bada ez bada, errepikatuko dizuet: “bortizkeriaren bukaeran […] euskarak bat egingo du behin betikoz askatasunarekin”. Hortaz, indarkeria dagoen bitartean, euskara horri lotuta egongo zaio, edo agian, hobeto esanda, horri lotuko DUTE.

Patxi Lopezek botatako astakeriaren ildotik, honakoak ere bota genitzake: “zezenketak desagertu arte, gaztelania ez da odol-jario horretaz libre egongo”; edo “frankistarik geratzen ez denean, gaztelaniak bat egingo du behin-betikoz askatasunarekin”. Kirtenkeria galantak, ez da hala?

Baina horrek guztiak badu, sinestezina badirudi ere, irakurketa larriagorik.  Patxi Lopezek honakoa zioen Euskararen Egunean (duela hilabete eta erdi) bere blogean bertan:  “Galderak eta liskarrak alde batera usteko garaia heldu dela uste dut” (“s” hizki hori ez dut nik idatzi).

Liskarrak alde batera utzi, baina oraindik gaur egun, euskara indarkeriari lotzen dio guztiona omen den lehendakari honek.

Guztiona beharko du izan, antza bere agintaritza, Irekiaren hitzetan, Qatarreraino hedatu baitu:

Gaur zuzenduta egon arren, atzo oraindik hori zeukan argitaratuta nire Irekia maiteak. Zelako begirunea dion Gobernu honek euskarari!

Garbi baino garbiago geratzen da Patxi Lopez eta bere gobernuaren ardura nagusiak zein diren:

1. Terrorismoaren eta indarkeriaren matraka ahalik eta gehien luzatzea, biktimismo horri azken tanta atera arte.

2. Publizitatea. Beste ardura batzuk dituztela saltzea, baina saltzea bakarrik, azpian ez baitago ezer.

Lehendakari honi euskara eta euskaldunok bost axola, arrazoi sinple batengatik: ardura minimorik izango balu, ez luke esaten duena esango; eta zer esaten duen ez badaki ere, arduragabekeria oraindik eta larriagoa da. Ba al da hori eztabaidatzerik?

The Amazing Lopezman

superlopezMarvel argitaletxeko superheroia bailitzan, gure Patxik komiki eta film berrietako protagonista izateko hainbat ezaugarri betetzen ditu. Errepasa ditzagun banaka batzuk:

1.  Superheroi onenek bezalaxe, nortasun bikoitza dauka. Bruce Wayne eta Batman, Clark Kent eta Superman, Peter Parker eta Spiderman… Horien guztien maila berean, Patxi Lopez eta Gezurterobero: lehendakari ingeniaria, lehendakari ikasle aplikatua, lehendakaria eta bere nortasun birtuala (bera al da blog, Facebook, Twitter eta tramankulu horien atzetik dagoen gizakia?).

2. Errealitatea bere moldera itxuraldatzeko gaitasuna. Adibidez, liderra inoiz ez izanda, edo behintzat, lidergorik inoiz erakutsi ez duela, lidergoari buruzko hitzaldi batzuetan parte hartuz.

3. Hegan egiten du Patxi Lopezek, edo burua ilargian dauka askotan bederen.

4. Baina garrantzitsuena, ubikuotasunaren dohaina, aldi berean leku bakarrean baino gehiagotan egoteko ahalmena alegia. Hori frogatzen duen irudia duzue behean. Atzo bertan, bere Twitter kontuan, segundoetako diferentziarekin, lehendakaria bi toki desberdinetan zegoela iragartzen zen: Orozkon eta Lidergoaren Forumean (Bilboko Deustuko Unibertsitatean).

AMAZING PATXI

Hollywoodrako gidoia idatzi behar izango banu ez lidakete txakur txikerrik emango seguru asko, baina askoz ere pozago eta lasaiago ikusiko nituzke Lopezmanen abenturak eta balentriak telebistan eta ez, gaur egun gertatzen zaigun bezala, Ajuria Eneko besaulkian eserita dagoela jakinda.