Izendatua “Blogetan!” sarietarako

Azkue Fundazioak antolatu duen “Blogetan!” sarietarako norbaitek proposatu egin du blog apal hau sariduna suerta dadin.

Egia esan, oso blog onak daude nirea dagoen kategorian, baina dena den, blog hau gustuko baduzu, normalean jarraitzen edo gainetik begiratzen badiozu, eskertuko da botoa ematea.

Hementxe duzu esteka, oso erraza da: http://www.blogetan.com/sailkapena/kategoria/gizarte-eta-politika

Izengabea

Guztiontzako komunikabide euskaldunak

Atzo, Argia aldizkariari atxikituta dauden blogetariko baten, esaldi hau irakurri nuen: “Eusko Jaurlaritzak aurrekontu osoaren (10.215 milioi euro) %0,047 (4,87 milioi euro) inbertituko du euskarazko hedabideetan (EITBren 121,8 milioiak aparte)”.

p010_f01Benetan, zur eta lur geratu nintzen. EiTBrena, behartuta bezala edo, jartzen zuen blogariak. Zelan esan liteke Jaurlaritzak 4,87 milioi ematen dituela euskarazo komunikabideetarako bereak propio, DENONAK, direnak kontu horretan sartu barik, horiek hutsaren hurrengoa izango bailiran?: Euskadi Irratia, Gaztea, ETB1, ETB3… Eta hori, oraindik Jaurlaritzaren beste komunikatzeko bide edo tresna batzuk aintzat hartu gabe, hala nola, Irekia, Euskadi.net, sare sozialetako profilak…

Oso garbi daukat euskara bultzatu egin behar dugula, euskarari lagundu egin behar zaiola erakunde publikoetatik eta lagundu egin behar diogula kontsumitzaileok, merkatu pribatuan ez baita baldintza berberetan lehiatzen euskaraz produzitzen duena. Horregatik, zerbait egin beharko litzateke, adibidez, Harkaitz Canoren “Twist” liburuak, bereziki luzea ez dena, 26€ balio ez dezan.

Baina komunikabide pribatu batek zer egin behar ote du? Ba, lehenik eta behin, bere izaeraz kontziente izan, pribatua dela alegia. Ondo dago laguntza publikoa eskatzea, baina hasteko, administrazio publikoek bere kaxa ateratzen dituzten, guztionak diren eta ele bietan doazen komunikabideak gutxiestea ez zait oso jokabide garbia iruditzen. Eta agian, komunikabide pribatu horiek beste galdera batzuk bota beharko lituzkete airera, eurek beraiek erantzuteko modukoak: euskaldun guztion komunikabide gara? Guztiok eroso irakurtzeko moduko aldizkari edo egunkaria gara? Gure ildo editoriala euskara da bakarrik, euskal kultura eta euskaldunok oro har? Ez al dugu menpekotasun politikorik?

Ez dut esan nahi ildo editorialik eduki ezin dutenik, jakina, baina guztiok ordaindutako komunikabide euskaldun publikoak ditugula nahita ahaztea ez da fin geratzen argudioa tesi jakin batzuetara moldatu ahal izateko.

Jende gehiagok gure komunikabidea irakurtzea nahi badugu, horrek esan nahiko du jende gutxik irakurtzen digula, edo ez zaigula irakurle nahiko dugula iruditzen, eta agian, soluzioa guk geuk eman dezakegu, barrutik, kanpora begiratzen hasi baino lehen.

Hortik zeharko altxorrak

Denbora luzea neraman ezer idatzi barik. Irakur fidelik baldin badaukat, barkamenak aldez aurretik.

Baina askotan zaila da denbora ateratzea, ardurez beteriko aldiak datozkigu, eta gainera, ez dugu motibatzen gaituen gairik aurkitzen aparteko saiakerarik egiteko bitakora honetan.

Dena dela,  argazki honek merezi zuen, bitxiak baitira hortik zehar aurki ditzakegun gauzak.

Hemendik aurrera, behintzat, asteroko idazkitxora bueltatzea espero dut.

La Txaraina

Badirudi Iñigo Urkulluk Ertzaintzarentzat pentsatuta daukan eredu berriak, herritarrengandik gertuago, poliziaren izenari berari eragingo diola eta guzti. Bestela, ezin dut azaldu gaur bertan El País egunkariak, Euskal Erkidego Autonomorako sekzioan, azpititular baten, argitaratu duena:

Ez dakit merezi duen hemen azaltzeak ertzaina agentea dela eta taldeak hartzen duen izena Ertzaintza dela, baina bihoa bada ez bada.

Testua deigarriago egitea baldin bazen kazetariaren asmoa, bazeuzkan askoz ere aukera hobeak, hala nola, Vaya Semanitako “Txaraina” edo kale borroka giroetako “Txakurrak” zein “Zipaioak” izen maitekorrak. Bestela ere, bazeukan artaldeez gogoratzea eta Patxi Lopez edo Aresen “Archancha” terminoa hartu.

Argitaratu aurretik, zenbatek irakurriko zuten albiste hori El País egunkariko erredakzioan? Eta argitaratu ondoren?

 

Berria egunkariaren “publisitatea”

Zur eta lur geratu naiz, aho bete hortz, erreakzionatu ezinik…

Lagun batek bidali egin dit Berria egunkariak bere agenda erosteko zabaltzen ari den publizitate orria, eta benetan, ez daukat hitzik, mutu geratu naiz. Hobe zuek zeuek ikusten baduzue:

 

Komunikabide euskaldunek ere ez badute euren euskarazko publizitatea zaintzen, nork zainduko du?

 

 

Euskalki berria aurkitu dut Arrigorriagan

Hementxe berton daukazuen Eraikuntza L.H.ko Institutuaren (sic) kartela ikusi dut kaletik jarrita. Ez dakit zergatik deitu zidan arreta, baina kontua da irakurtzen hasi nintzela. Irakurri ondoren, nire alde iluna atera zen, kartela bere lekutik kendu eta eskaneatzeko behar nuela erabaki nuen. Horrelako aurkikuntza mundialak ez dira egunero egiten.

Tira, azalduko dizuet. Kartela irakurtzen jarri, eta hasiera baten, sutan jarri nintzen. Zelan ote zen posible kartel baten horrenbeste akats ikustea euskarazko testuetan? Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren logoarekin. Baina guztia irakurri ondoren, argia piztu zitzaidan, zeharo oker nengoen. Nik akastzat jotzen nituen horiek, Arrigorriagako euskalki berri baten ezaugarriak baino ez dira. Badakizue, hizkuntza bizirik dago.

Hementxe dituzue, beheko irudian ondo ikusten ez badituzue, kartelean agertzen diren Arrigorriagako euskalkian idatzitako esaldiak:

  • “Zure etorkisunari buruz pentsatu!”
  • “Nork esango luke geure entrepresa eramango genuela Lan Arrikuen Prebentzioa”
  • “Igeltxerotza eraikuntza ikasleak gara ¡Errekomendatzen dizugu!”
  • “Euren familiakoa izango banintz bezala sentitzea lortzen dute” (gaztelaniazko bertsioa: “aquí nos sentimos como una gran familia”)
  • “Notak asko hobeagotu ditugu pozik nago ikasten lanbide on bat izango dudala etorkizunean”
  • “Margozten, papera eta azulejoak, pintzen mutilenak? guri asko gustatzen zaigu”
  • “Aurten amaitzerakoan atzerrirajoango gara praktikak egitera ¡

Ez esan euskalki berri honek xarmarik ez duenik. Jo! Luis Lucien Bonaparte bezala sentitzen naiz. 🙂