“Gara” egunkariaren profesionaltasuna

Bai, badakit, egunkari bakoitzak bere ildo editoriala dauka, eta Garak berea. Baina horrek albisteak profesionaltasun apur batekin erabiltzearekin talka egin behar al du ezinbestean?

Egunkari horrek, alde batetik Iñigo Urkullu lehendakariak Espainiako erregearekin izan zuen bileraren berri ematen du, eta bestetik, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailearen adierazpenak aipatzen ditu, EAEko eskumenak erruz defendatuko dituela Gobernuak alegia. Tira, egia esan, “alde batetik eta bestetik” esatea ez dakit oso egokia den kasu honetarako, bi berri horiek testu bakarrean batzen baititu Gara egunkariak, baten argazkia eta bestearen titularra kontrajarriz.

Zelako barreak botako zituzten erredakzioan, tartetxo ona igaroko zuten seguru, baina hori kazetaritza profesionaltasunez tratatzea baldin bada blog hau ingelesez idatzita dago.

Ez dakit, baina bada ez bada, ahaztuta badaukate edo, nik beste argazki hau gogorarazi nahiko nieke Garako erredaktoreei:

Errekondo, Amaiurren hautetsia kongresuan, Espainiako erregearekin

Gobernuaren aurrekontuak: arin ez, ondo

Hara! EAEko oposizioak dio Eusko Legebiltzarrak arinago aurkeztu beharko lituzkeela 2013rako aurrekontuak. Egoera ekonomiko larriak erabaki arinak behar omen ditu.

Basagoitik bere horretan jarraitzen du, Urkulluren exekutiboari eskatzen eta eskatzen, bera oporretan ikusi izan dugun bitartean, Panticosatik atera ezinik.

EH-Bildu larunbateko presoen aldeko manifestazioarekin okupatuta dago, baina beti dauka tartetxoren bat EAJren aurkakoetara apuntatzeko. A priori, beti kontra, bada ez bada.

UPyD-k, bere aldetik, aprobetxatu egiten du bere betiko mantrak errepikatzeko, alegia Lurralde Historikoen Legeaz eta hizkuntza politikaz hitz egingo dutela eurek aurrekontuak eztabaidatzerako orduan.

Eta azkenik, kasurik larri eta deigarriena PSErena dugu. Lehenengo, euren legegintzaldia uda pasa arte luzatu egin zuten eta hauteskundeak urrirako deitu, gobernu berriaren maniobrarako aukera estutuz eta oztopatuz. Eta ondoren, gobernu berriaren osatze prozesua oraindik %100ean amaitu ez denean, prisak sartzen dizkiote aurrekontuekin. Lotsagabea!

Baina herri honek ez du erabaki arinik behar, herri honek erabaki azkarrak behar ditu, adimentsuak, imajinazioz beterikoak, berriak… zenbaki gorriak, ahal bezain beste, saiheste aldera. Baina horrelako erabakiak hartzeko denbora behar da, eta urrats sendoak eman:

  • Gobernua osatu.
  • Diruzaintzaren egoera ondo ezagutu (ea auditoriak zer dioen).
  • Aurrekontu proiektua pentsatu eta definitu.
  • Gainerako alderdiei aurkeztu proiektua ekarpenak jasotzeko.
  • Adostasunak bilatu.
  • Legebiltzarrean aurkeztu.

PSEk hortaz (eta akaso, Legebiltzarreko gainerako taldeek), ez dauka inolako arazorik ezer eskatzeko, eurek aurrekontuak ti-ta baten prestatzen zituztelako, Patxi Lopezek zigarro bat itzali eta beste bat pizten duen tarte horretan, ziuuuum! Taka! Pentsatu gabe, bote prontoan, horrela gauzak hobeto ateratzen baitira, ezta?

Ba hori izan da aurreko hiru urteetan bizi izan duguna, baina zorionez, gauzak aldatu dira.

Arin ez, ONDO.

La Txaraina

Badirudi Iñigo Urkulluk Ertzaintzarentzat pentsatuta daukan eredu berriak, herritarrengandik gertuago, poliziaren izenari berari eragingo diola eta guzti. Bestela, ezin dut azaldu gaur bertan El País egunkariak, Euskal Erkidego Autonomorako sekzioan, azpititular baten, argitaratu duena:

Ez dakit merezi duen hemen azaltzeak ertzaina agentea dela eta taldeak hartzen duen izena Ertzaintza dela, baina bihoa bada ez bada.

Testua deigarriago egitea baldin bazen kazetariaren asmoa, bazeuzkan askoz ere aukera hobeak, hala nola, Vaya Semanitako “Txaraina” edo kale borroka giroetako “Txakurrak” zein “Zipaioak” izen maitekorrak. Bestela ere, bazeukan artaldeez gogoratzea eta Patxi Lopez edo Aresen “Archancha” terminoa hartu.

Argitaratu aurretik, zenbatek irakurriko zuten albiste hori El País egunkariko erredakzioan? Eta argitaratu ondoren?

 

Salba dezagun enplegu publikoa!!

Bilduk gobernatzen ez duen Udaletan, seguru honako lelo segida entzungo zenutela azken boladan oposizioaren eskutik:

  • Udal zerbitzurik ez azpikontratatzea, udal langile gehiago kontratatu beharra dago.
  • Udalek, eduki ez arren, diru gehiago gastatu behar dute (halakoetan adibidez).
  • Ondorioz, Udala zorpean geratu arren, enplegua sortuko da.

Ezker koaliziokoek beraiek, duela urtebete eskas, idatziz utzi zuten gai honen gainean duten ikuspuntua, euren web orrian bertan (barkatu, baina ez dago euskaraz argitaraturik): “Bildu considera que es prioritario desarrollar políticas para fortalecer y mejorar el sistema público por lo que se compromete a impulsar en todas las instituciones en las que tiene responsabilidades de Gobierno la publificación, en todos los campos y servicios en los que haya posibilidad de hacerlo, renunciando a realizar nuevas subcontrataciones; a poner límites a la temporalidad, con oferta pública de empleo y estabilizando los puestos de trabajo existentes; y a mantener una apuesta a favor de los sueldos más bajos” (artikulua osorik).

Bada pentsamolde hori, behin eta berriro ezkerrekoak direla esatea eta gaur gosaldu dudan berri hau nola uztar daitezkeen ezin dut oso modu arrazionalean azaldu: “[Enlace roto.]” (Urduña). Baina ez hori bakarrik, sindikatuek salatu dute dagoeneko hiruzpalau lanpostu gehiago kolokan daudela. Bilduk, bestalde, hain ezkerrekoa izanik, muzin egin die sindikatuek proposatutako alternatiba edo bestelako soluzio posibleei.

Uler dezaket egoera ekonomiko kaskarra duten administrazioek aparteko neurriak behar izatea egoera bere onera ekartzeko, benetan, baina ulertu ezin dudana da koherentzia falta eta saldu nahi didaten/diguten azaleko jarrera ezkertiar-progresista hori. Zer gertatuko zen EAJk gobernatzen duen Udal batek halako erabakirik hartu izan balu?

Hor airean uzten dut itauna, zuen buruari erantzun diezaiozuen.

Hauteskunde debateak

Atzo ETB1eko debatea izan zen, euskaraz, eta Patxi Lopez, duela hiru urte eta erdi agindu egin bazuen ere, ez zen bertan izan. Ezta Basagoiti ere, baina hura ez genuen espero.

Euskarazko debatea ikusi ostean, pentsatu nuen lehen gauza zera izan zen, pena ematen zidala euskaldunak ez diren euskal herritarrek eztabaida jarraitu ezin izana, benetan arina, mamitsua eta emankorra izan zelako, gaztelaniazkoa ez bezala.

Oso irudi ona eman zuten bai Urkulluk, bai Mintegik, lasai, solturaz, eta esan nahi zutena ondo azalduz, mahaikideen solasaldien interbentzioak baldintzatuaz. Urkulluri estadista handiko trazak ere antzeman nizkion, eta Laura Mintegik berak ere bere adostasuna adierazi behar izan zion euskal subiranotasunaren gaia atera zenean. Basagoitik eta Lopezek jarri dute kanpaina honetako joko zikina, eta ETB1en falta izan zirela nabaritu zen ere aspektu horretan, eztabaida lasaia izan zelako, mamitsua bai, baina lasaia, harropuzkeriarik gabekoa.

Baina batez ere, ETB1eko formatuaren emankortasunari begira, galdera bat bururatu zitzaidan: zergatik aurreko eguneko debatea ez zen hain erakargarria izan? Astuna ere suertatu zen tarte askotan. Ba erantzun bat eta bakarra aurkitzen diot galdera horri. Jakina da eztabaidetako arauak eta moldeak solaskideen artean adostu behar dituztela, eta hala ez bada, ez dago debaterik. Jakinda Lopez eta Basagoiti falta izan zirela ETB1ekoan, erraz ondoriozta daiteke bietariko batek (edo biek, akaso) ekidin zutela bart izan zen debatearen formatua ETB2koan ere ikusi ahal izatea. Esateko ezer gutxi duenak bakarrik jar liezazkioke hainbesteko mugak eztabaida sakon, serio, eramangarri eta mamitsu bati, programa duena, ostera, esateko gauza asko dituena, ez da zertan horren beldur izan.

Mintegi (hasiera batean egongo ez zela esan arren) eta Urkullu indartuta atera dira ETBko debateetatik, biei bere osotasunean erreparatuta. Eta atzokoan, aurrekoan bezalaxe, Urkullu izan zen erdigunea, denak zeuden hari begira.

Euskal gizartea ere horretaz jabetuko delakoan nago. Garai berriak datoz.

Zein da EH-Bilduren independentziarako bidai-orria?

Abertzale guztion helburua da noizbait Euskal estatu aske baten herritar izatea. Horretan ez daukat nik zalantza handirik. Eta independentziarako helburu horrek lehendakaritzarako kanpaina hau busti egin du, nola ez, Katalunia eta Eskoziako oihartzunak bultzatuta.

Baina independentzia berba, horrela erabilita, azalpen handirik gabe, kontzeptu hutsala da gaur egun, ez da deus. Ez dago oso-osorik independentea den estaturik, guztiek dute nolabaiteko dependentzia beste estatu batekiko, lehengairen batekiko, inportazioekiko edo dena delakoarekiko, baita EE.BB-k ere.

Uste dut askoz ere egokiagoa dela Euskal Estatu terminoa erabiltzea, estatu kontzeptuak dependentzia horiek guztiak onartu egiten baititu bere baitan, baina aldi berean, euskal subiranotasun osoa ere gordetzen du. Eta horretaz, egia da, orriak eta orriak idaz litezke, askoz ere analisi edo entsegu politiko sakonagoen bitartez, baina ez nentorren gaur blog honetara independentzia definitzera. Garrantzitsuak diren ideia pare horiek mahai gainean utzi ondoren, EH-Bilduren independentzia (Euskal Estatu) xede horren azpian zer dagoenari begiratu arin bat eman nahi nion.

Eta xede horretarako, EH-Bilduk oraindik argitu ez dituen zenbait galdera planteatu beharko genizkioke gure buruari, ez baitira nolanahiko itaunak:

1. Laura Mintegik lehendakaritza eskuratuko balu, zeinen independentzia planteatuko luke hurrengo egunean? Bizkaia, Araba eta Gipuzkoarena? Zer egingo dugu Nafarroa (biak), Zuberoa eta Lapurdirekin?

2. Independentziak gizartearen babesa behar du, hori argi dago, baina zenbatekoa? Eta berriro ere, zein lurraldetan?

3. Ba al dakigu ziur zer gertatuko den independentzia aldarrikatu eta hurrengo egunean? Nik badakit arazo handirik ez dela egon, orain arte, Europar Batasunetik kanpoko herrialde berriak Europan sartzeko, baina Batasunaren parte den estatu batetik askatzen den estatu berri batek, lekurik izango luke Europan? Jakin badakit, EAJko legebiltzarkide den Izaskun Bilbaok galdera hori planteatu egin duela Bruselan, baina oraindik ez dago erantzun garbirik.

Hiru galdera horien erantzunik ez diot irakurri edo entzun EH-Bildu koalizioari. Europar Batasunarena ere aipatu dut, gainera, Arnaldo Otegi berberari entzun bainion BECen, larunbatean, Europako euskal estatua nahi zuela. Ez neukan Ezker Abertzalearen europar bokazio horren berri, baina ongi etorri, ados bainago horretan, Euskadi aske baten etorkizuna Europatik pasatzen dela alegia.

Laburbilduz, EH-Bilduren independentziarako bidai-orria ikusi nahi nuke, eurek independentzia erdieste hori zelan planteatzen duten. Bien bitartean, Iñigo Urkulluk plazaratu du euskal auziari dagokion proposamenik sinesgarri, egingarri eta bateragarriena: harreman bilaterala Estatuekin, maila berberean, eta maila horretan, akordioak bilatzea eta euskal gizarteari erabakitzeko eskubidea aitortzea. Zenbat eta autogobernu zabalagoa, orduan eta ongizate maila altuagoa. Eta bide horretan, ahalik eta euskal herritar gehien batu ditzagun abertzaletasunaren inguruan, argi baino argiago ikus dezaten eskumen gehiago duen euskal gobernu batek onurak baino ez dakartzala euskaldun ororentzat.