Patxi Lopez: eztabaidarako bideoa

Aurreko idatzian esaten nizuen Patxi Lopezek, 2010ean, agindu egin zuela kanpaina honetan euskarazko eztabaidan parte hartuko zuela. Baina agindu hori 2009tik datorrela frogatzen duen bideoa erakutsi nahi dizuet oraingoan.

Bideoa oso laburra da, baina segundo bakoitzak bere mamia dauka:

http://www.youtube.com/watch?v=_GATSVQTxAw&feature=g-upl

Eta txundituta naukan esaldia: “tengo una CIERTA formación de ciencias que quiero saber el porqué de las cosas y en el euskera, a veces, no hay porqués” (Patxi Lopez, zientzia gizona).

Noizko, orduan, PSEtik horrenbeste eskatzen ari diren Urkullu eta Lopezen arteko buruz burukako eztabaida? Baina euskaraz, jakina.

PSEren matraka eskas eta hutsala

Harriduraz begiratzen diet aurrekanpaina honetan sozialistek darabiltzaten argudioei, nire ustez nahiko argudio eskasak baitira, erantzun erraza dutenak.

Argudioetariko bat da EAJren eskutik eskuina helduko dela Euskadira, jeltzaleek PPrekin akordioa egingo dutela aurreratu nahian. Baina aurpegi galanta eta lotsa falta nabarmena behar dira kontu horrekin ateratzeko, PP eta PSEren arteko akordioa oraindik hain fresko daukagunean gure oroimenean. PPren eskutik heldu zen Lopez Ajuria Eneara, eta Lopezen eskutik sartu zen Eskuina Euskadira. Ez dago beste irakurketarik.

Beste alde batetik, Lopez eta Urkulluren arteko buruz burukako eztabaidarekin tematu dira, eta sinestarazi nahi diote gizarteari Urkulluk ez duela Lopezekin eztabaidatu nahi Koskojalesko lehendakariaren beldur omen delako. Urkullu Lopezen beldur izatea madari heldua bezala jausten den argudioa da, baina beste hainbat arrazoi daude argudio edo matraka horren aurka egiteko:

  • Kanpaina urrian hasten da, eta orduantxe hasten dira hauteskunde-eztabaidak.
  • Beste hautagai batzuk daude, eta horiek ere eztabaidan egon behar dute. Euskadi ez da Espainia, eta gizartearen aniztasunak bere isla izan behar du hauteskundeetan, eta bertan izaten diren eztabaidetan.
  • Lopez lehendakaria da, bai, baina bere garaian ez zituen hauteskundeak irabazi, bigarren indarra da PSE Legebiltzarrean; eta gaur egun, inkesten arabera, PSEk ez dauka aukerarik ezta bigarren indar izateko ere. Lopezek galdu du gizartearen aurrean sinesgarri agertzeko aukera azken lau urteotan zehar, eta orain Urkulluren itzala behar badu entzute pixka bat lortzeko, ez da jeltzalearen arazoa, berea baizik.
  • Azkenik, Lopezi ez diot entzun Urkullurekin eztabaida euskaraz egiteko proposamenik. 2010ean, lehendakariari Twitter bidez egin zioten elkarrizketa baten, legealdi honen amaieran eztabaidaren baten [Enlace roto.] parte hartzeko konpromisoa hartu zuen. Non geratu dira hitz horiek? Hondoratuta, beste hamaika konpromiso eta agindu bezala. Lotsagarria.

Aurrekanpaina zikina eramaten ari da aurrera PSE. Bere estiloa da, baina beharrak bultzatuta, barruan duten munstroa ageriago uzten dute. Horren harira, nire Twitter kontuan (@UgaitzZb) askotan errepikatzen dudana esango dut hemen berriro, post honekin, eta kanpaina bukaeraraino, PSEz esan behar dudan guztia esanda utzi nahi dudalako:

Jose Antonio Pastorren politika egiteko modua guztiz baztergarria iruditzen zait, errefuxatu egiten dut edozein kargu publiko Jose Antonio Pastorren estiloarekin aritzea Interneten, edo orokorrean, bizitzaren edozein arlotan. Iraina da Jose Antonio Pastorren hizkuntza eta gezurra bere lanabesa. Bere Twitter profiletik ateratako adibideek azalduko dute nire berbek baino askoz hobeto; hona hemen:

ETA ABAR, ETA ABAR, ETA ABAR…

Sinesgarritasuna zeharo galdu dutenek jai dute sinesgarritasuna gezur eta irainekin berreskuratu nahi baldin badute. Amaitu zaie gobernua, eta Ezker Abertzalearen eskutik ez bada, batek daki zenbat hamarkada egongo diren Jaurlaritza berriro zapaldu gabe. Noraezaren seinale.

 

Irekiaren artxiboa, “a la mayor gloria de López”

Irekiak, Eusko Jaurlaritzak alegia, argazki artxiboa sortu du. Argazki horiek doan erabil daitezke, deskargatu… eta zuk zeuk ere zure argazkiak igo ditzakezu artxibo horretara.

Ideia oso ona iruditzen zait, oso erabilgarria gainera. Kontuak datoz argazkiak nola etiketatu dituzten aztertu nahi badugu:

Patxi Lopez bilaketa eginda, 520 emaitza agertzen zaizkigu (Irekiakoek oraindik ez dakite mugagabea erabiltzen, zer egingo diogu ba…)

“Rey” bilatzen badugu (Irekiakoek oraindik ez dutelako errege hitza ezagutzen), 372 emaitza agertzen zaizkigu.

Iñigo Urkullu edo Antonio Basagoiti bilatzen baditugu, ordea, ez dugu inolako emaitzarik izango, eta are larriago, Ibarretxe bilatuz gero ere, ez dugu hutsaren hurrengoa lortuko dugu, argazki bakar bat ere ez etiketa horrekin. Aintzat hartu artxibo horretan dauden argazkiak Patxi Lopez lehendakaritzara heldu aurretikoak direla ere bai.

Baina erremate ona eman nahi badiozue horri guztiari, bilatu “lehendakari” hitza. 2391 emaitza lortuko dituzue, eta nola ez, argazki horietan Euskadin izan dugun lehendakari bakarra agertuko zaizue: Patxi Lopez jauna.

PSOEren gobernua goraipatzeko sortu den beste tresna bat. Lastima, tresna polita baita, baina oso hastapen interesatua izan duena.

Memoria eta Bizikidetzari buruzko Biltzarra

Gaur Eusko Jaurlaritzaren Barne Sailburutzak antolatutako Memoria eta Bizikidetzari buruzko Biltzarrean parte hartu dut hizlari bezala, gazteen ikuspuntua islatzeko antolatu den atalean.

Nirekin batera, Jesús García de Cos, José Luis Zayas eta Edorta Martínez aritu dira, Leire Iglesiasek moderatutako mahaian. Nik barkamenaz hitz egitea erabaki dut, eta hementxe duzue bota dudan hitzaldia (bideoak):

“Francoren diktadura bizi izan ez duen belaunaldi batekoa naiz ni. Jaio nintzenerako, demokrazia ezarrita zegoen, bere hastapenean bazegoen ere. Agian garai hartan ez zen lortu eta oraindik ez da lortu, guztion gustukoa izan daitekeen status politikoa, baina dudarik gabe, pentsamendu eta adierazpen askatasuna dira orduan aukeratu zen bidea.

Testuinguru hartan, zoritxarrez, ETAk bere denbora-tarterik krudelena biziarazi zigun, aktiboena eta odoltsuena.

82an jaio nintzen, eta oso ondo gogoratzen ditut, egunez egun, albisteak odolez, indarkeriaz eta beldurrez zikin zeudela. Baina uste dut, benetan, 15 urterekin bat-batean heldu nintzela. Kolpe batean ETA zer zen igarri nuen, zer suposatzen zuen, noraino ematen zigun min, nolakoa zen eragiten zuen kaltea. Miguel Angel Blanco erail zutenean, 1997ko uztailaren 13an, heldutasun politikoa etorri zitzaigun gure belaunaldiko gazte askori, eta esan dudan bezala, kolpe batean izan zen.

Gogoan ditut, oraindik, sufrimenduzko 48 ordu haiek, bi eguneko bahiketa. Burura datozkidan lehen izenak, grabatuta geratu zitzaizkidanak umea izan arren, Joseba Goikoetxea (1993), Julio Iglesias Zamora (1993) eta Ortega Lara (1996) dira. Bahiketengatik protesta mutua ziren begizta urdinak gogoratzen ditut, baina ezin izango dut inoiz ahaztu nire herrian, 1997ko uztaileko egun hartan, zegoen ISILTASUNA.

Egun haietako isiltasuna latza zen kalean, estu eta larri geunden denok. Koadrilan 15 urte baino ez geneuzkan, 15 urte soilik, baina buruan zinegotzi gazte hura besterik ez genuen, 15 urte eta bere sufrimendua guk ere sentitzen genuen, 15 urte eta ETAk bere mehatxua ez betetzea desiratzen genuen gure indar guztiekin. Giroa arnasten genuen, ez genekien zergatik, baina guk ere sentitzen genuen, hura desberdina zen.

Zoritxarrez, hala izan zen. ETAren aurkako manifestazio jendetsuen hasiera markatu zuen zorigaitz hark.

Harrezkero, gehiago sufritu behar izan dugu, talde terroristaren logika zitaletik ikusita ere, ulertzen ez genituen galerekin, Ernest Lluch erail zutenean bezala.

ETAk  negar eginarazi zigun inpotentziaz, penaz, baita amorruz ere. Denok gara ETAren biktimak, eta senide edo lagun bat galtzearen mailan ez badago ere, oso gogorra da gure herria minaren poderioz usteltzen ikustea. Ni bezalako gazte independentista batentzat, ETA izan da Euskadik bizi izan duen ezbehar nagusienetarikoa, Euskadiren zamarik handiena. Sufrimenduaren eta  atsekabearen haziak erein ditu gu guztion baratzetan: gurasoak, seme-alabak, neba-arrebak, konstituzionalistak, abertzaleak, ezkerrekoak edo eskuinekoak.

Ezin ditut ahaztu ETAk eraman zituenak, honako galdera hauek burutik kendu ezin ditudan bezalaxe: zer gertatuko zatekeen? Nola egongo ginateke, gaur egun, armak duela 30 urte utzi izan balituzte?

Oso kontziente gara, ez dugu sufrimendu hori guztia ahazten, eta askoren lanari esker indarkeriari amaiera eman zaion garaian, porrotaren beldurra agertzen da, atzera begiratu eta garai zaharretara bueltatu gaitzakeen akatsen beldurra. Barkamenaz hitz egiten da, berradiskidetzeaz… Baina, ba al dakigu, zehatz-mehatz, zertaz ari garen?

NOLA ULERTZEN DUT NIK BARKAMENA?

Barkamena, egin diguten kaltea konpontzeko jokabidea da.

Hirugarrenek eragindako atsekabe edo minaren aurrean, nekez ixten diren zauriak zabal daitezke.

Bihozmin horren aurrean, mendekua eta justizia edozeren gainetik bilatzea bezalako sentimenduak jartzen baditugu, zauria sakonago egiten dugu, eta askoz zailago itxiko da. Mina ez da eteten.

Hala ere, barkatzeak ez du suposatzen justizia bilatzeari uko egitea, bai ordea justizia horretan lasaitu emozionala bilatzeari uko egitea, hala ez bada, oztopoa izango baita gure bizitzan ditugun helburuak erdiesteko. Barkamena terapeutikoa da.

ZER DA BARKAMENA?

-Kaltea eragin duenaren kontrako jarrera suntsitzaileak nahita aldatzea, eta horien ordez, konstruktiboak izatea.

-Erasotzailearen kontrako jarrera negatiboak alde batera uztea eta positiboak izatea ere barne har dezake.

-Portaera aldatuz, pensamoldeak, sentimenduak, sentsazioak eta emozioak ere alda daitezke. Barkatzea askatasunez hartutako erabaki indibiduala da.

-Prozesu jarraitua da, denborarekin sakondu eta osa daitekeena.

ZER EZ DA BARKAMENA?

-Barkamenak ez dakar, halabeharrez, berradiskidetzea. Barkamena indibiduala da eta berradiskidetzeak, ordea, alde bien akordioa eskatzen du.

-Ez da ahaztea, ahaztea ez baita borondatezkoa, gerta daiteke ala ez. Ezin ditugu sentimenduak kontrolatu, baina bai horien aurrean ditugun portaerak.

-Ez da erasoa justifikatzea edo garrantzia kentzea. Beti izango da justifikaezina, beti izango du balorazio negatibo hori.

-Ez du suposatzen erasotzaileari zigorra kentzea halabeharrez, edo egin duenaren ondorioak jasan ez ditzala.

-Ez da ahuleziaren seinale. Barka daiteke, eta aldi berean, berriro mindu ez gaitzaten baliabideak jarri.

Hortaz, OSO GARRANTZITSUA da barkamena eta berradiskidetzea ezberdintzea. Azken horretarako mina eman digutenek konpondu behar dutelako (hori da desiragarriena) edo gizarteak ezarritako zigorra bete.

ZERGATIK USTE DUT EZIN DELA BARKAMENA EXIJITU?

  • pertsonala eta indibiduala delako
  • erabaki askea delako eta zintzoa izan behar duelako
  • barkatzea ez delako ahaztea, baina bai onartzea amorruarekin bizi nahi ez dugula
  • barkamenak nor bere burua sendatzen duelako, baina horretaz konturatzea ez da erraza.

Gainera, barkatzeko prest al dago barkatzea exijitzen duena? Posible al da adierazpen publiko baten bidez jasandako sufrimendu guztia barkatzea? Barkamenak eman dezakeen lasaitasun emozionalarekin bizi nahi da eta ez mendeku edo justizia egarriaren kargarekin?

Aurrekoari barkamena exijitzeko akatsa betetzen badugu, edozeren gainetik, barkatzeko prest ote gauden ondo jakin behar dugu, horretaz kontziente izan behar dugu.

Baina, hala ere, nire ustez, ez da barkamenik exijitu behar, horrek ez baitu ezer baldintzatzen, barnetik atera behar da, barkamenaren ordainetan ezer espero barik, ezer exijitu barik. Barkamena nor bere barrutik jaiotzen da, nork bere jokabidea aldatu nahi duelako erasoak eragindako sentimendu negatiboen aurrean.

Askotan, gainera, politikagintzan, eta zenbaitetan oihartzun mediatiko handia duten biktimen elkarteek baldintzaturik,  barkamena exijitze hori iseka publikoa bilatzera zuzenduta dagoela ematen du, damua bideratzera baino gehiago. Sorgin gurpil batean sartzen gara horrela: biktima elkarte batzuek populismoa darabilte klase politikoan eragiteko, eta klase politikoak, bere aldetik, arduraz jokatzea ahazten du eta diskurtso hori bereganatzen dute. Hori dela-eta, behin baino gehiagotan, biktimak bere probetxurako erabiltzea leporatu zaie.

Zintzotasunez uste dut biktimen erabilera hori ez dela kontzientea, “zure bandoan” dauden eta terrorismoaren zentzugabekeria bizi izan dutenei huts egin nahi ez izatea dela, maitasun eta errespetu guztia erakusteko nahia. Baina sorgin gurpil horrek asko konplikatzen du berradiskidetzea.

Esan daiteke, ordea, egon badirela, euren diskurtsoak duen pisu emozionala baliatuz, politikagintzan eragin nahi izan duten biktimen elkarteak. Eta egia da, biktimei egindako kaltea errespetatu, omendu eta konpondu beharra dago, baina euren iritzia baliagarria bada ere, ez da beste batena baino baliagarriagoa, eta saminak, askotan, arrazoitzeko gaitasuna eragozten du. Soluzioei begira, distantzia hartzea komeni da.

Puntu honen hasierara itzulita, horri guztiari mundu horretatik datorren barkamenaren exijentzia gehitzen baldin badiogu, saminetik hitz egiten dela uste dut, erraietatik hain zuzen ere, egoerak eskatzen duen hausnarketa lasairik gabe, zirrikiturik antzeman gabe barkatzeko aukerari, samina jokabidetik bertatik konpontzen hasteko.

NOLA KUDEATU, BERAZ, EUSKADIN IREKI DEN GARAI BERRI HAU?

ETAk borroka armatuari utzi dio, baina oraindik ez da ezer lortu, hau guztia bidearen hasiera baino ez da. Ezin du inork esan meritua berea soilik denik,  euskal gizarte osoaren ahaleginari esker baikaude hemen. Berriro diot, bakearen bidetik ibiltzen hasi gara, besterik ez.

Esan dudan bezala, aintzat harturik barkamenik ezin dela exijitu, eta desiragarria izan arren gure herriaren adiskidetzerako, galdera hauxe da: nola kudeatu behar da prozesua?

Barkamena exijitzen dutenak daude, beharrezkoa ez dela diotenak, eta baliteke, bakarrik ahaztea helburu dutenak ere aurkitzea. Klase politikoak, testuinguru honetan, maila eman behar du, une historiko honek suposatzen eta exijitzen duen maila alegia.

Ezer baino lehen, eta beste edoezeren gainetik, diskrezioak ezinbestekoa eta ukaezina izan behar duela iruditzen zait. Bake prozesua ez da boto gutxi batzuk handik edo hemendik atera ahal izateko aukera, ezta botoren beste lekuren batetik galtzeko arriskua ere. Politikagintzan akordioaren oinarriak ezarri behar dira: noraino heldu nahi dugun, noraino heldu ahal garen, eta ETAren aurrean, noraino emateko prest gauden, zeintzuk diren eman beharreko urratsak. Horiek aho batez erabakitzeko gaiak dira. Bakebidean bazterrean geratzen denak, baliteke aukera paregabea galtzea benetan erakusteko noraino dagoen herri eta gizarte honekin konprometituta.

Zinez uste dut alde batera utzi beharreko adierazpen publikoak ere badaudela, bakea bezain garrantzitsua den gaiaren aurrean, politikariek batasuna erakutsi beharko luketelako, prozesuari zor zaion errespetuagatik eta eurei botoa ematen dieten herritarrekiko errespetuagatik.

Handia izan da atsekabea, atzean heriotza asko utzi ditugu, baina hain zuzen ere, horrek motibatu behar gaitu, eurengatik egin behar dugu, euren memoriak merezi duen ohoreagatik, eta euskal gizarteari benetan merezi duena eman ahal izateko: bake eta elkartasun eszenatokia, denok aurrez aurre, begietara begiratzeko modukoa, ideologiak edo jatorriak bigarren mailan utzita.

Zauriak ondo itxi egin behar dira, guztiok adostutako kontaera idatzi. Askotan esan da, gainera, euskal gizartea ez zela nahikoa heldua ETAri aurre egiteko, baina talde terroristaren kontrako lehen manifestazioak Euskadin izan ziren, ez dago gaizki hori, gaur eta hemen, gogoratzea. Gizarte honek ere merezi du entzun behar izan dituen irain guztiak atzean uztea.

Muturreko Ezker Abertzalearen ahalegina ere aintzat hartzekoa da prozesu honetan. Uste dut badakitela exijentzien mugak non dauden, espetxe politikan egiten ari diren aldarriketekin egiazta daitekeen bezala. Ez da pisuko ahotsik entzun mundu horretan amnistiarik eskatzen, eta horren ordez, aho-batekotasun handia dago presoak hurbiltzeko eskaeran. Muturreko Ezker Abertzalea pausuak ematen ari da, baina ezin da petroliontzi handi bat biratu timoi kolpe zakarren bidez. Prozesua hondoratu nahi ez badugu, ezin dugu hori ahaztu.

Gainerako politikariek zentralitateari begiratu behar diote, posibleak diren elkarguneak izan behar dituzte begibistan, beldurrik gabe. Bakearen adeko apustua egin beharra dago. Ahalegin hori ikusi egin dut bide baketsuen alde beti egin duen abertzaletasunaren inguruan: alderdien legea baliogabetzea eskatuz, bestelako espetxe-politikari buruz hitz eginez, biktimengana hurbilduz, batzuekin eta besteekin hitz eginez, bitartekaritza lanak eginez, elkarrizketak bideratuz, beti bigarren maila diskretuan. Eta hori guztia, hauteskundeetarako desgastea ahazturik edo garrantzia eman barik, protagonismotik ihes eginez, diskrezio osoz. Demokrazian, botoen bidez gauzatutako herri subiranotasuna baino garrantzitsuagoa den zerbait baitago: GUZTIEN ONGIA.

Konplexurik ez, kanpora beldur guztiak, demagogiak baztertu, zokoratu erdipurdiko adierazpenak edo adierazpen neurtuegiak… Atera dezagun bake prozesua lehia politikotik, erabaki dezagun guztion artean norantz ibili nahi dugun eta marraz dezagun bide hori, guztiok zerbait atzean utzi behar izango dugun arren”.

 


 

 

 

Ez dugu ahaztuko

Gaur 75 urte betetzen dira Gernikan zerutik sua zetorrela antzeman zutenetik.  Asko dira erakunde desberdinek abian jarri dituzten omenaldiak, ezinbestekoa delako memoria bizirik mantentzeko, ez mendekua ereiteko, arbasoek sufritu zutenaz ikasteko eta aurrera begiratzeko baizik.

Baina erakunde guztiek ez dute detaile hori izan, eta hankamotz geratu gara, hankamotz hain zuzen ere Euskal Erkidego Autonomoko herri-subiranotasunaren ordezkari izan behar duen Eusko Legebiltzarrean.

Alemaniak barkamena eskatu egin zien gernikarrei 1997an, Udalera bidalitako gutun baten bidez. Baina Espaniak ez du gauza bera egin. Aralarren legebiltzar taldea, EAJ eta Ezker Anitzaren laguntzarekin, [Enlace roto.], Eusko Legebiltzarretik Estatuko Jefeari (elefanteak ehizatzen dituen hori) barkamena luza dezala eskatzeko.

Hain garbia eta ongi etorria izan litekeen proposamen hori ezerezean geratu da PPk, PSEk eta UPyD-k hankatartetik pasatu dutelako. Hori al da memoria zaintzea eta biktimak aintzat hartzea? Herriaren ordezkariak dira, eta herriak oso presente dauka Gernikan (eta beste hainbat herritan, baina Gernika da ikurra) jazotako sarraskia, baina batzuek, gaur egun oraindik, beste alde batera begiratzen dute.

Alemania, gutxienez, herri serioa da, eta nazismoaren lotsa pasatu ostean, aurpegira begiratu diote euren iraganari eta koherente izaten saiatu dira euren izena garbitzeko. Ibon Aranberrik 2002an Frankfurten atera zuen argazki honek, argi eta garbi uzten du lehen mailako herri baten (Alemania) eta hirugarren mailako baten (Espainia) arteko ezberdintasuna.

Ez dugu ahaztuko. Gernikak ordezkatzen duena bizirik dirau.

 

Blanca Urgell, dimisioa

Horren handia da gainean daukadan haserrea ez dudala gehiegi idatzi nahi.

Twitter bidez, Blanca Urgellek (Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua) idatzi duenarekin topo egin dut. Hona hemen:

Dominika Etxart, Niko Etxart rock abeslari famatuaren (Euskal Rock and Roll) AITA da, gizona beraz. Nikori bere aitarengandik etorri zitzaion musikarekiko pasioa, Dominika Etxartek sekulako lana egin baitzuen Zuberoako herri kantak berreskuratzen.

Esadazue, Blanca Urgellena ez da zuzenean dimisioa aurkezteko modukoa? Auzo lotsa ematen dit.

Goian bego Dominika Etxart, gure memorian merezi duen bezala gorderik edukiko dugun euskaltzale zuberotarra.