UPN eta vascuencea

Atzo Ama Hizkuntzen Eguna izan zen, UNESCOren ekimena, eta horrek Nafarroan gertatutakoaren gaineko bi iruzkin emateko bidea eman dit, zoritxarrez.

Alde batetik, Euskarabideak (Nafarroako Euskararen Institutua) ekitaldirik ez antolatzeko agindua jaso zuen, atzo bertan Deia egunkariak salatzen zuen bezala. Bestetik, NaBai-k euskararen aldeko adierazpena eraman zuen Legebiltzarrera.

UPN alderdia ez zen gai izan hitzez hitz honakoa esaten zuen adierazpenaren alde bozkatzeko: “Nafarroako Legebiltzarrak adierazten du lanari irmo ekingo diola euskararen egoera hobetzeko, Nafarroako ondarea baita”. Eskerrak gainerako guztiek baiezkoa eman zuten.

Garbi utzi du beste behin ere Sanz presidentearen alderdiak Nafarroako berezko hizkuntza (Linguae Navarrorum) arrotz sentitzen duela. Bagenekien hori, baina gorrotoa horrela ere hain libre adieraztea ere…

Identitate nazionalak alde batera utzita, zer polita litzateke nork bere lekuan lekuko ondasunak eta altxorrak ondo baloratzen jakingo balu.

Zein izango da UPNren hurrengo helburua? Frontoiak eraitsi? Txapelak debekatu?

Nondik gatozen onartzeko gai ez badira batzuk, zelan jakingo dute ba nora demontre eraman nahi gaituzten?

Gora euskal pornoa!

Sareak, apika, altxorrak eta sorpresa bikainak uzten dizkigu, eta kasu honetan sorpresa hori bikoitza izan da. Alde batetik, deskubritu egin dugu sexua ez dela tabua Euskal Herrian, eta bestetik, euskaldunok Estatuan izan dezakegun indarraren erakusketa txikia eman dugu.

Twitter sare soziala gora doa, gero eta erabiltzaile gehiago dauzka eta informazioa argiaren abiaduran igarotzen zaigu begien aurretik. Tresna horren bidez, Jozulin blogariak euskarara bikoiztutako film batek zein izenburu eduki lezakeen hipotesitik abiatuta, #euskalporn gaia asmatu zuen atzo eta sarea zoratu egin zaigu. Gaur, euskal umorea nagusitu egin da Espainiar Estatuan: #euskalporn gaia Estatuko gai iruzkinduenen artean kokatu da (trending topic) irudiak erakusten duen bezalaxe:

%80an euskaraz idatzitako mezuak gai nagusi dira oraindik, lerro hauek idazten ari naizen bitartean. Ahuntzaren gauerdiko eztula dela esan dezakezue, baina euskara erdaldunengana hurbiltzeko aurrera pausu galanta eman dugu beharbada euskal internautok, erdaldunek kuriositatea azaldu dutelako honakoa bezalako mezuekin:

Euskara ikuspegi positibo batetik begiratu diote kanpotik, umorea eta bat batekotasunari esker. Sarea oraina eta etorkizuna da, eta euskarak badu indarrik bertan biziraun eta hari esker hazten jarraitzeko.

Egutegian, otsailaren 17a #euskalporn eguna bezala ezagutu beharko genuke. Zorionak euskal internauta eta lagunok!

Bukatzeko, arrakastaren harri koskorrak izan diren esaldi batzuk utziko dizkizuet, barrez lehertzeko modukoak. Twitter badaukazue, bide batez, ondo apuntatu euskal tuitero hauen izenak eta jarrai itzazue:

@jozulin: aluan gora, aluan behera, aluan gora semena

@Marrubiizozkia: Isuri beltza ona duk baina, xuria berriz hobia, txortan ikasi nahi duen horrek, gure [CENSORED]tara begira

@theklaneh: Jan goikoa eta zakiltzarra

@barnetx: Patxik Loez, Frenillo Glande Meataska, Antonio Txortangoiti eta Iñaki Oheanzabal

@aitzolete: gora euskal gerria askatuta!

Joxe blogariak ere, Teknopatak, ekarpen ederra egin du Patxi Lopezek bere garaian Yo es que soy de la margen izquierda, una zona donde no se ha hablado euskera nunca” bota zuenekoa gogora ekarriz:

@joxe: Yo es q soy de la Margen Izquierda, y alli nunca se ha hecho porno

Neronek ere ekarpentxoa egin nahi izan dut, ez dira besteak bezain onak, baina horietako baten lekukoa utziko dut nire txokoa den honetan:

@UgaitzZb: Fernando HorTente, Gorka Tiraiok, Andoni Biraola, Kaskarlos Gurpegi, Iker Mingain, HiHor HabilOndo, Markel Zurrupaeta.. Athletic Porn

Interneteko istorio politak. Gora Euskadi, Leñe!

San Ildefonsoko Patxi

Jakin badakigu lehendakariak 100 euroko [Enlace roto.] herritarren artean, 500.000 euro gastatu behar ditu horretan. Tira, 500.000 eta beste horren beste “neurria” iragartzen. Gainera, ez pentsa hauteskundeetan daukanik burua gure Patxik, ez horixe, gutxi gora behera hilabeteko epea utziko baitu zozketa egin eta hauteskundeak bitartean. Denbora sobera.

Nik galdera batzuk dauzkat lehendakari jaun agurgarriarentzat:

1. Non izango da zozketa? Koskojalesko Casa del Pueblon? Ala lehendakaritzan instalatuko da loteria-ontzia?

2. Familia bakar batek bonu bat baino gehiago  irabaz dezake ausaren magiaren eraginez?

3.  Zer merkataritza da dirua zozkatzen sustatzen dena? Ez al da hobe familien kontsumo ahalmena hobetzeko neurri eraginkorragoak bilatzea? (enplegua, behar duen jendearentzako gizarte laguntza…)

4.  Zer gertatuko da ikusten badut BMW eta Audia dauzkan auzokideari bonua egokitu zaiola eta niri ez zaidala deus ere jausi?

5. Zer gobernu klase da herritarren etorkizun eta arazoekin zozketak egiten dituena?

Horiek galderak, eta orain, ezkor galanta naizenik pentsa ez dezazuen, proposamen batzuk ere botako ditut Jaurlaritzaren aurrekontuan eraginik izan dezaketenak, baita ekonomia berraktibatzeko ere. Hona:

1. Gobernukideek (lehendakaria, sailburuak…) biluzik agertzen diren egutegia atera dezatela Korteinglesen atean saltzeko.

2. Txosna bat jar dezatela hiriburuetako Aste Nagusietan. San Ferminetan ere ausartuko balira, ez legoke gaizki.

3. Futbol partida bat joka dezala Eusko Jaurlaritzak Aldundien selekzio baten aurka. Diru apur bat ateraz gain, Patxi Lopezek aukera izango luke [Enlace roto.], bere ametsik beroena.

4. Aurtengo Euskal Encouterren, Aresekin koordinatuta, Ertzaintzak sarekada egin dezala pelikulak deskargatzen dituzten guztiak atxilotzeko eta isun lodikoteak kobratzeko.

5. “Lost” telesaila ikusi eta ondo ulertzeko maratoia ere antola dezake Patxik. Ez dakit honek zerbaiterako balio lezakeen, baina egun batzuetarako behintzat ondo okupatuta edukiko genuke gure “lunbreratxoa”.

Bestela ere, programarik ez dagoenean, beti geratzen da ondo urtegiren bat inauguratzea.

Ez horregatik, lehendakari.

Francoren jarrerak hizkuntzen kontra

Uuuuuuf!! Gaiak eta gaiak daude aste honetan idazteko, eta zin dagizuet denbora izan ahala horietaz solastuko naizela.

Baina gaurkoan, Girona futbol taldeko entrenatzailearen, Raul Agné, bideo bat erakutsi nahi dizuet. Bideoan, Aragoin Huescaren aurka jokatu eta gero, katalanez egiten diote galdera bat. Bera, normaltasun osoz, katalanez hasten da erantzuten, baina hango kazetariak arbuiaka hasten dira.

Entrenatzailea minduta sentitzen da, oso nabarmen, eta prentsaurrekoa bukatutzat ematen du. Hemen daukazue:

Hori da batzuen jarrera Espainian norbaitek bere hizkuntza erabiltzen duenean, eta batez ere, hizkuntza hori gaztelaniaren menpeko ikusten dutelako gertatzen da. Baina Agné bezalako pertsonekin, aurrera pausuak ematen ditugu, halako jarrerak indarrez salatuta geratzen baitira, guztion erakusgarri.

Horrekin nahikoa ez balitz, telebistan ikus daitezkeen hamaika realityen arteko baten, lehiakide galiziar batek honakoa dio: “galegoz hitz egiten duen mutil batek, dena galtzen du”. Xarma edo erakargarritasuna galtzen dituela ulertzen da. Ikusi bideoa:

Franco hil zenetik urteak pasatu dira, baina jarrera batzuk hartu behar izan ditugu herentzian, eta ez dira galtzen.

Irekiak euskara berria irakatsi nahi digu

Herri honetan euskara gutxiesten duen erakunderik bada, Eusko Jaurlaritza dugu adibiderik garbienetarikoa. Batez ere, www.irekia.euskadi.net web orriari erreparatzen badiogu, Eusko Jaurlaritzaren komunikaziorako tresna hain zuzen ere.

Gaurkoan, honako berri honekin topo egin dut, urtarrilaren 26koa:

Alegia, lehendakariaren hitzak “se han sacado de lugar” edo gaztelaniazko antzeko zerbait esan nahi zuen titularrak. Testuingurua ahaztuta baloratu izan direla, hain zuzen ere.

Argi dago Irekian ez dela euskaraz erredaktatzen, baina zelan demontre egiten dira itzulpenak? Google Translator erabiliz?

Gutxi ez balitz, bertan idatzitakoak gehiagorako ematen du:

– “herria gutxien behar dituena grebak dira”

– “Lehendakariak Madrilen egon da gaur”

– “Lehendakariak komunikabideei sindikatuek burutuko duten grebari buruz azalari die, greba kritikatu du Lehendakariaren ustez, herriak ez du grebarik behar” (esaldia formolean gordetzeko modukoa da)

– “pasaden astelehenean euskara eta biolentziaren desagerpen arteko erlaziaren deklarazioek sortu zituzten polemikari buruz hitz egin du”

– “akordioak eta konpreomizuak”

– “gaur egungo klima ez da grebakoa eta biharkoak aurrekoetan bezala jarraioen gutxi izango du”

– “boluntateak eta ideiak”

Hori guztia lau paragrafotan bakarrik.  Marka bikaina!

Irekiaren asmoa euskaraz zelan idatzi behar ez den irakastea baldin bada, gutxienez jar dezala sede pedagogiko hori bere hasierako orrian, guztiok garbi izan dezagun.

Eta EGA titulua oparitu nahi du Gobernu honek? Gero eta argiago daukat zergatik.

Hementxe doakizue testua osorik, bada ez bada, zuzentzea bururatzen zaien (kontu hartu, bide batez, tagak gaztelaniaz bakarrik daudela):

Jon Juaristi: kanpoan uso etxean otso

Honezkero, guztiok jakingo zenuten Jon Juaristi jauna Euskararen Aholku Batzordeko kide izendatu duela Patxi Lopezek.

Honezkero, jakingo dituzue Juaristiren bizitzaren gorabehera asko, baita bere ideologia nola irauli duen urteen poderioz: ETAkide izatetik, espainolistarik eskuindar eta espainolena izatera.

Honezkero, ezagunak egingo zaizkizue Espainian “intelektualtzat” jo duten pertsonaia honen esaldi batzuk. Batzuk euskal abertzaletasunari buruzkoak, eta beste batzuk, seguru asko larriagoak, euskararen kontra botatakoak.

Zuetariko askok, gainera, honezkero irakurriko zenuten orain gutxi Juaristik ABC egunkarian idatziriko[Enlace roto.]. Horretan, bere izendapenak sortu duen zurrunbiloari buruzko iruzkina oparitzen digu Gizon jakintsuak (Zaldieroaren pertsonaia datorkit gogora, Savater filosofoan inspiratua):

Euskara normalizatu eta sustatzeko organoko kide den Juaristi honek, bere azken idazkian utzitakoa lasai-lasai aztertzea merezi duela uste dut, eta esaldi batzuk atera eta iruzkinduko ditut jarraian, axola ez bazaizue:

1. “supone (euskararen aholkulari izateko izendapenak), qué duda cabe, un reconocimiento honorífico de cierta autoridad científica y quizá moral en los aspectos lingüísticos, culturales y sociológicos implicados en el desarrollo de la normativa referente al uso oficial del idioma vasco”: lehen baieztapen horrek agerian uzten du Juaristik ez dakiela Euskararen Aholku Batzordea zer demontre den ere. Autoritate zientifikoa, eta agian morala onartzearen pareko dela dioenean, ez da konturatzen ari, bere izendapenarekin batera, zuzenean euskararekin zer ikusirik ez dutenen izendapenak ere egon direla (aktoreak adibidez), eta hain zuzen ere horrek eman beharko liokeela aberastasuna organoari, alegia, euskara maitatuz, euskalgintzatik kanpo begira diezaioketelako euskararen egoerari, bultzadatxoa emateko. Handikeria somatzen da lehenik eta behin, hortaz.

Baina bigarrenik, “uso oficial del idioma vasco” dio. Hortik eratortzen da Aholku Batzordea euskararen erabilera ofizialari buruzko iritzia emateko dagoela uste duela Juaristik. Gezurra %100ean, erabilera ez arautuak, kalekoak… sustatzea baitu helburu hainbat eta hainbatetan. Ezjakinkeria edo interes falta, beraz.

2. “lo que resulta archiconocido es la obsesión de los varones nacionalistas por las ovejas […] No se vea, sin embargo, en estas palabras crítica alguna a las inclinaciones y habituales prácticas amorosas de los herederos políticos de Sabino Arana, tan dignas de respeto como las de cualquier otra cultura primitiva”: hasteko, gustu txarrekoa da zoofilia eta abertzaletasunaren artean egiten duen konparazioa, agian lejioaren ahuntza etorriko zitzaion berari gogora.

Gero, “kultura primitiboa” aipatzen du. Hor ez da oso ondo ulertzen zer esan nahi duen, iraina garbia den arren: abertzaleok ez gara modernoak eta haitzuloetan bizi gara oraindik? Euskaldunok al gara horrela? Abertzaleok eta ez hain abertzaleak direnak, euskaldunak izanik, ez al gara kultura beraren partaide?

3. “Entre considerarlo (euskara) una lengua de sencillos aldeanos y pastorcillos o una lengua de trogloditas, me parece más benigno y justo lo primero”: gauza bat ala bestea, emaitza berdina; Juaristik ez dio inolako begirunerik euskarari. Ez da hizkuntza modernoa, ez du balio komunikatzeko (ez dakit zer egiten ari naizen ni neu orain momentuan), aspaldiko kontua da, e.a. Hori irakurtzen da bere hitzetan, baina hala ere, euskara biziberritzeko Aholku Batzorde horren kide dugu fenomenoa.

4. “Es innegable que los nacionalistas vascos no me caen simpáticos, salvo contadísimas excepciones, pero, en general, nada tengo contra los vascos no nacionalistas”: ETAtik datorren gizon batek dio hori. Baieztapen sektarioa, ideologia gizabanakoen nortasunaren gainetik jartzen duena. Eta tipo hau al da gaur egun Espainiak aitortuta duen intelektualetariko bat? Beherapenetan erosten ditu Espainiak bere intelektualak?

Mingarria, iraingarria, lotsagarria eta beste hainbat “-garri” gehiago da Juaristiren artikulua. Beste esaldi batzuk ere atera zitezkeen, baina horiek dira adierazgarrienak nire ustez, eta gainera, ez dut irakurlerik tripako minez utzi nahi.

Hori bai, argi dago eta argi uzten du Juaristik berak, Lopez lehendakariak euskararen oilotegian otsoa sartu egin duela.