Lehendakari ikusezina

Aurreko artikuluren baten, Patxi Lopezen superbotereez aritu izan naiz. Bada aipatu botere horiei beste bat gehitu beharko diot, ahaztuta neukana edo: ikusezina da berak nahi duenean.

Non dago Patxi?

Ezaguna zen arazoen aurrean ostrukarena egiten zuela, burua lurpean sartu alegia. Estrategia horri jarraiki, Eusko Legebiltzarrean berari zuzendutako galderei ez die erantzun, eta besteren batek jarri izan behar die ahotsa adierazpenoi (arrakasta eskasarekin gainera).

Oraingoan, hain espainola den gure lehendakari honek, edo behintzat espainola dela esateko lotsatzen ez den honek, badirudi lotsa sentitu duela Hispanitatearen Eguneko desfile militarrean agertzeko. Lotsa sentitu, edo ikusezin egin dela bertaratzeko eta jaiaz gozatzeko, orgia nazionalista horretaz gozatzeko.

Dena dela, ikusezintasun boterea erabiliz joan bada, eman dezake lotsagatik ere izan litekeela. Baina okerrena ez da hori, okerrena da beste batzuk bidaltzen dituela aurpegia ematera, bere irudiak higadurarik sufri ez dezan. Iazkoan Aresi egokitu zitzaion saria, eta aurtengoan, Isabel Celáak agertu behar izan du Madrilen ospatzen den egun “patrioan”, indar armatuen ahuntza eta beste animalia espezie batzuk desfilatzen ikusteko.

Lopez jaunak, beste behin ere, ez du nortasun izpirik erakutsi.

Joan ala ez joan. “To go or not to go”

Guztion eskubide zibil eta politikoen aldeko larunbateko manifestazioak sentsazio isuria utzi du atzean. Hautsak harrotu egin dira, eta EAJ kritiken epizentroan geratu.

Joan ala ez joan? Hori da galdera. Ba argi dagoena zera da, joan aurretik zenbait gauza hartu behar izango direla aintzat aurrerantzean:

1. Fede ona rara avis omen da.

2. Adostutako paperak, batzuetan, haizeak eramaten ditu.

3. Erdian egoteak zaplaztekoak ezker-eskuinetik jasotzea dakar.

4. Ezker abertzaleak egindako hausnarketa sakonak ez du esperoko eragina izan euren zaleengan.

5. Errespetua ez da bakar batzuei zor zaien zerbait bakarrik, alde bietakoa behar du.

6. Manifestazioa deitzea erraza da, baina lelo handien atzean dauden xehetasunek ez dute protagonismorik hartzen, eta argi geratu den bezalaxe, askotan, xehetasun horiek dira protagonista.

Ondo goaz, bai jauna, bai andrea.

The Amazing Lopezman

superlopezMarvel argitaletxeko superheroia bailitzan, gure Patxik komiki eta film berrietako protagonista izateko hainbat ezaugarri betetzen ditu. Errepasa ditzagun banaka batzuk:

1.  Superheroi onenek bezalaxe, nortasun bikoitza dauka. Bruce Wayne eta Batman, Clark Kent eta Superman, Peter Parker eta Spiderman… Horien guztien maila berean, Patxi Lopez eta Gezurterobero: lehendakari ingeniaria, lehendakari ikasle aplikatua, lehendakaria eta bere nortasun birtuala (bera al da blog, Facebook, Twitter eta tramankulu horien atzetik dagoen gizakia?).

2. Errealitatea bere moldera itxuraldatzeko gaitasuna. Adibidez, liderra inoiz ez izanda, edo behintzat, lidergorik inoiz erakutsi ez duela, lidergoari buruzko hitzaldi batzuetan parte hartuz.

3. Hegan egiten du Patxi Lopezek, edo burua ilargian dauka askotan bederen.

4. Baina garrantzitsuena, ubikuotasunaren dohaina, aldi berean leku bakarrean baino gehiagotan egoteko ahalmena alegia. Hori frogatzen duen irudia duzue behean. Atzo bertan, bere Twitter kontuan, segundoetako diferentziarekin, lehendakaria bi toki desberdinetan zegoela iragartzen zen: Orozkon eta Lidergoaren Forumean (Bilboko Deustuko Unibertsitatean).

AMAZING PATXI

Hollywoodrako gidoia idatzi behar izango banu ez lidakete txakur txikerrik emango seguru asko, baina askoz ere pozago eta lasaiago ikusiko nituzke Lopezmanen abenturak eta balentriak telebistan eta ez, gaur egun gertatzen zaigun bezala, Ajuria Eneko besaulkian eserita dagoela jakinda.

Munduko Txapelketa Hegoafrikan berriro?

Beharbada ez duzue jakingo, baina gaurtik eta igandera arte munduko txapelketa izango dugu ostera ere Hegoafrikan, Pretoria hirian hain zuzen ere.

Gauza da, honako honetan, euskal ordezkariek ikurrina izango dutela bandera eta ez espainiarra edo frantziarra.

Misterioa alde batera utziz, Munduko Sokatira Txapelketa izango dugu lehian aste honetan.

P1943_11-09-10Batetik, ostiralera arte, kluben arteko munduko txapelketak izango dira, pisu desberdinetan. Euskadiko ordezkaria Goiherri talde erandioztarra izango dugu.

Bestetik, larunbatean, nazioen munduko txapelketa izango da jokoan. Baina gure mutilek ez dute horretan parte hartuko, euskaldunak direlako, eta ez espainiarrak edo frantziarrak. Nazioarteko Sokatira Federazioa (Tug of War International Federation) kontziente da Euskal Herriko arazo politikoaz, baina ez omen dirudi oso ausarta denik azalpenak eman behar dituenean, eta euskaldunek Frantzia edo Espainiaren izenpean tiratu beharko lukete. Adibide gisa, klikatu  hemen mundialean parte hartzen duten herrialdeen zerrenda nola antolatu duten ikusteko. Frantzia eta Espainia batera agertzen zaizkigu! (Northern Spain/Southern France). Kuriosoak behinik behin gauzak benetan nolakoak diren ez azaltzeko egiten diren tranpatxoak.

Hain gureak diren kiroletan ere, gure selekzioak izateko eskubidea ukatu egiten zaigu. Tamalgarria.

Kirol hutsera bueltatuz, ikusiko dugu gauzak zelan doazen. Blog honetatik gure ordezkaritzaren berri ematen saiatuko naiz berriak heldu ahala, ea munduko txapeldun ateratzen zaizkigun.

Momentuz, eta lehenengo dastaketatxo gisa, Hegoafrikako iturriek honakoa kontatzen didate:

Oso gogor entrenatzen ari dira pisaketa egunean (gaur) dagokien pisua emateko, pisua ez gainditzeko, gose handia pasatuz ere bai.

Apur bat harrituta omen daude hotel inguruko giroarekin, segurtasun gabezia zantzuak omen baitauzka: hesi ugari, asko elektrifikatuak; prostituzioa; eskolta autoak entrenatzera ateratzeko…

Azkenik, zur eta lur geratu dira beste herrialde batzuetako delegazioek dauzkaten baliabideekin. Inork imajinatzen al ditu txinatarrak sokatiran? Ba bai, hortxe daude, zazpi entrenatzailerekin eta hainbat itzultzailerekin, gureek daukatenaren bikoitzaren bikoitzarekin alegia.

Ea ba, sokatik tira eginda munduko zein txokora hurbiltzen den zapia. Zorte on mutilok!

Valentziera inposatzen du PPk

Bazen garaia, badakit, baina oporretatik egunerokotasunera bueltatzea gogorra izan ohi da. Hala ere, oporrek ez dute soilik atsedenerako parada ematen, behaketa eta hausnarketarako aukera borobila eskaintzen digute ere bai.

Opor osteko sindromea deritzeten hura ez omen da existitzen, baina gogor jotzen dio beste sindromeren batek espainiar estatuko alderdi politikoren bati: nortasun bipolarra.

valenciáLevante aldetik emandako alditxoan Partido Popularrak Espainiako alde horretan darabilen hizkuntz politikaz zertzelada batzuk hartu ahal izan ditut.

Ez da arraroa (ohikoena dela esango nuke) valentzieraz soilik idatzita dauden seinaleekin topo egitea edonon: errepidean, dendetan…
Baten bat ere ele bitan ikusi ahal izan dut, autobideko bidesaria markatzen duena kasu (peatje-peaje). Seinale hori berori Euskadin ere elebiduna da: peaje-toll (bigarren hizkuntza ingelesa da, bada ez bada).

Detaile txiki horiek ikusirik ezinezkoa da honako galdera honi bueltaren bat edo beste ez ematea: zergatik han bai eta hemen ez?

PPk du agintea Valentziako Elkarte Autonomoan, Euskadin euskara inposatzen ari garela dioen alderdi politiko berbera.

Agian arazoa, beste barik, euskaldunak garela da, eta ezin izango diogu paradoxari bestelako argudiorik aurkitu. Lastima!iss

Bitartean Isabel San Sebastián bezalako kazetariak agertuko zaizkigu telebistan, euskaldunontzat zeharo iraingarriak diren adierazpenekin. Azkena iragan larunbatekoa, Tele Cincoko “La Noria” saioan: “el vascuence es incomprensible.

Nork bere zilborrari begiratzeak zer dakarren, ezta?

Abertzale “radical”

Abertzale: adj. Dicho de un movimiento político y social vasco, y de sus seguidores: Nacionalista radical. Apl. a pers., u. t. c. s.

raeHortxe RAEk “abertzale” hitzaz ematen duen definizioa. Muturreko abertzalea. Izenlaguna edo adjektiboa gaztelaniak sartzen dio, ez euskarak.

Hitzekin jolasean, gure hizkuntza ere kutsatu nahian dabiltza. Jakin badakite zeinek duen boterea, eta “abertzale” berbari kutsu negatiboa sartu nahi diote errotik, sustraitik, alde radical-etik. Bide batez, euskaldunok zer garenaz lotsatzea lortzen badute, minipuntutxo berdea Akademiarentzat eta Espainiako abertzale (benetan radical) guztien bibak eta txaloak izango dituzte.

Akademia ere politika egitera apuntatu da. Lotsagarri, penagarri, eta Espainia zer den erakusgarri. Ez zen nahikoa epaileekin, hizkuntzalaritzak ere politikagintzan muturra sartu beharra zuen.

Gaur haserre nago. Ez al diote euskarari nahikoa min ematen? Ez al gaituzte euskaldunok sarriegi hizpide?
Mesedez, bakea behar dugu, baina bakea bere zentzurik zabalenean. RAEk zelan definitzen digu bakea? Ziur asko, bakea hitza Akademiak onartuko balu, “desaparición del movimiento terrorista vasco” definizioa emango liguke, gure hitzak zelan erabili behar ditugun gaineko lezio berria emanez.

Zulo, abertzale… katea ez da eten.