Sortuk ez daki independentzia zelan lortu

Eta ez da bakarrik Ezker Abertzalekoek ez dakitela zelan lortu, ez, gainera aditzera eman nahi dute oso seguru daudela euskal bideaz eta eurek bakarrik daukatela herri honen erabateko burujabetzarako giltza. Baina errealitatetik ezin urrunago.

Atzo bertan, Hasier Arraizek, Ezker Abertzalearen alderdi ofizialaren presidentea, esaten zuen independentzia nahi duten eragile sozial eta politiko guztien arteko akordioa bilatuko dutela, alde bakarrekoa, eta jakina, nola ez?, “la confrontación es inevitable e imprescindible”. Horrela, adibidez, eredu eskoziarretik aldentzen dira. (Ikusi albistea [Enlace roto.]).

Baina duela gutxi, bi hilabete eskas hain zuzen ere, iazko abenduaren 15ean, Pernando Barrenak zera esaten zigun, Euskal Herrian[Enlace roto.] independentzia erdiesteko. Hori esan zutenean, denok ulertu genuen, eta ez zuten ukatu, azpian pakturako izpiritua zegoela, akordio ireki eta zabalak bilatzearena, anitzak, guztien artekoak, desberdinen artekoak alegia. Independentistok bakarrik ez dugulako herri hau osatzen, herri hau anitza da, eta independentzia nahi izanez gero, alde bakarretik eraikitako independentzia hori, seguru asko, eraikin ahula izango da, lurrera arin erortzeko arriskua izango lukeena.

IzengabeaLehen ez bagenekien zein zen Ezker Abertzalearen proiektua, orain gutxiago. Zer nahi dute? Independentziarako bide solido bat, zaila eta malkartsua izango dena, baina eraikin sendoa altxatzea ahalbidetuko ligukeena? Ala nahiago dute propaganda hutserako bakarrik balio duen indar independentisten aldeko akordio hori zarata apur bat ateratzeko, eta bide batez, euskal biktimismoaren diskurtsoa gehiago higatu?

Nik ez daukat hegaxka magikorik, baina Ezker Abertzaleak are gutxiago, diskurtso publikoa ere ez daukatelako batere garbi. Argi ditzatela gauzak etxe barruan lehenago, bederen.

Sra. García, usted es vasca

Batzuek esango dute “gartzea” hitzetik datorrela, beste batzuek “hartza” izenetik, baina ezin uka daitekeena da gaztelaniaz “García” idazten den abizena euskal jatorrikoa dela. Euskaltzaindiak Euskal Deituren zerrendan jasotzen du eta idazkera hau da hobesten duena: Gartzia.

Hori esanda, sorpresa handiz ikusi dut Interneten ABCko kazetari den Romualdo Maestrek bere blogean idatzitakoa: El “derecho a decidir” de los García. Eta artikulua irudi “eder” honekin apaintzen du:

MapaApellidosEspaña(Oraindik ez dakit Trebiñu zergatik agertzen den zuriz, baina tira…).

Kazetariak “nazionalismoa” kritikatu nahi du, hori bai, etnizismoan oinarritutako argudioak erabiliz, hau da, kritikatu nahi duen hori berori hartzen du idazleak bere arrazoiketa eraikitzeko. Eta are okerrago, egiatzat jotzen du García abizenaren espainiartasuna, baina arestian esan bezala, ezin da okerrago egon, Garcia deitura horrek euskal jatorria baitauka. Hara non!

Beste perla batzuen artean, ABCko “kazetari” honek beste gezur batzuk ere esaten ditu bere errealitatea edertzeko: adibidez, nazionalistek beti eskatu dutela zergen kudeaketa, ahaztuz katalanek ezetz esan ziotela Kontzertu Ekonomikoaren antzeko bide bati Estatutua negoziatu zutenean; edo esaten du, baita ere, erkidego autonomo guztiek porrot egin dutela ekonomikoki (bitxia zelan euren zergak Foru Ogasunen bidez batzen dituzten Erkidegoen kasua ez den; baina bada ez bada, guztiak direla esaten du).

Eta azkenik, autoreak artikuluan bertan onartzen duen bezala, ez dut ahaztu nahi goian duzuen irudi hori nondik datorren. Maestre jaunak dio Twitter bidez heldu zaiola, @maripuchi izeneko baten bidez (irudian bertan ikus dezakezue sinadura). Ba @maripuchi hori Cristina Juesas da, Patxi Lopezen Gobernuan komunikazio aholkulari izanikoa. TOMA YA!

Espainiaren demokrazia-iruzurra

García Margallok, Espainiako kanpo ministroa, “España promete no interferir en Escocia” izeneko artikuluan zera esan du, laburbilduz, ez dutela muturra Erresuma Batuko gaietan sartuko; Eskozian kontsulta legal bat egiten bada, eurek errespetatuko omen dute. Hitzez-hitz, zalantzarik gera ez dadin, hizkuntza zerbantinoan honelaxe adierazten zuen ministro jaunak: “Si Escocia se independiza de acuerdo con los procedimientos legales e institucionales, pedirá su adhesión (a la UE). Si ese proceso ha sido realmente legal, esa petición puede ser considerada. Si no, entonces no”.

IzengabeaHausnarketa sakonik egiten ezean, tranpan jaus gintezke eta esan, zer ondo! Zenbat aldatu diren hauek! Kanpo ministroak, orain, onartu egiten du independentziarako prozesurik egon daitekeela, eta babes zuzena ematen ez dion arren, Espainiako Gobernuak emaitza errespetatuko duela dio.

Baina non dago iruzurra orduan? Tranpa da ministroak ez dituela adierazpen horiek baldintza demokratikoetan oinarritzen, baldintza legaletan baizik. Hau da, prozesu hauek errespetatuko omen dituzte legalak diren bitartean (eta “omen” jartzen dut behin eta berriro Erresuma Batuaz ari garelako, baina beste herrialde bat izango balitz…).

Gizarteen borondate demokratikoaren gainetik, legea jartzen du berriro García Margallo jaunak. Hortaz, Espainian, autodeterminazioa onartzen ez den bitartean, edo alde biko akordiorik ez dagoen bitartean, kontsultek legez kanpokoak izaten jarraituko dute.

Oso ondo daki Inperioko gobernuak zer esan duen. Espainian ez dute legea aldatzeko asmorik, eta beraz, besteek egin dezatela nahi dutena, baina eurek oso ondo zainduko dute Estatuaren (“nazioaren”) batasuna legearen eta legeak ahalbidetzen dituen baliabide guztien bitartez.

Ez da ezer aldatu. Berdinetan gaude.

Izendatua “Blogetan!” sarietarako

Azkue Fundazioak antolatu duen “Blogetan!” sarietarako norbaitek proposatu egin du blog apal hau sariduna suerta dadin.

Egia esan, oso blog onak daude nirea dagoen kategorian, baina dena den, blog hau gustuko baduzu, normalean jarraitzen edo gainetik begiratzen badiozu, eskertuko da botoa ematea.

Hementxe duzu esteka, oso erraza da: http://www.blogetan.com/sailkapena/kategoria/gizarte-eta-politika

Izengabea

Nafarroa eta EAE batzearen alde dago Espainiako Gobernua

Atzo Kupoaren Batzorde Mistoa bildu zen Madrilen. Bertan izan ziren EAEko hiru Foru Aldundiak, ahaldun nagusiek ordezkatuta; Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Ogasun sailburu den Ricardo Gatzagaetxebarria barne; eta Espainiako Gobernua, Montoro ministroarekin.

Halako baten aurkitzen ziren lehen aldiz Ezker Abertzalekoak. Martin Garitanok esanda utzi zuen bilerara zihoala arduraz jokatu behar zuelako (besteoi, antzekoetan, arduraz jokatzea egokitu zaigunean, irainak jaso izan baditugu ere). Ardura deitzen dio Garitanok, eta sinesten diot, seguru asko ez delako han agertu loterien zergaren kudeaketa lortzeari esker, Gipuzkoak jasoko dituen 36.000.000 euro besapean dakartzana, Gabonetako loteriako sariari dagokion diru-bilketa alegia.

Baina gaurko bilerako albisterik onena, ezbairik gabe, hauxe izan da: Rajoyren Gobernua Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa fusionatzearen alde dago. Ez, ez, ez jarri aurpegi hori. Azalduko didazue, bestela, EAEko Ogasun sailburua agertzen den argazki honek zer esan nahi duen:

7b4d528cbb60e23cf98ba854bea63cd2
EAEko Ogasun sailburua, Ricardo Gatzagaetxebarria, eta Nafarroako Foru Erkidegoko bandera atzean.

Edo fusioaren alde daude, edo benetan, uste baino bananazaleagoak dira Inperioko Gobernukoak.

Oh.: Imajinatzen duzue Barcinak jarriko zuen aurpegia?

 

El Correo: fikziozko tabu eta iraultzak

El Correo Español egunkaria “katxondokeriatan” hasi du urte berria. Duela pare bat egun, azalean jartzeko moduko albistea omen zen Batzoki bateko tabernak itxi egin duela, krisi garaian itxi egin duen ostalaritza negozio bakarra bailitzan. Ikusiko dugu zenbat tardatzen duen maizter berri batek hara heltzen eta taberna berriz zabaltzen.

IzengabeaBadirudi El Correoren asmoa zela EAJren irudia zikintzea, halako parekotasun bitxiak aditzera emanez, esan barik, eta horiek egunkariaren azalean jarriz. 10etik 1ek ondorioztatzen bazuen tabernak itxi egin duela EAJren kudeaketa txarragatik, nahiz eta batzokietako tabernak alokairuan ematen diren pribatuek eraman ditzaten, ba bere lana egintzat emango zuen Bizkaiko Vocentoren ordezkaritzak.

Baina ez da hor bukatzen El Correoren 2014ko urtarrileko EAJren kontrako gurutzada berri hau. Gaur goizean bertan, euren web gunean, hau irakur zitekeen:

IzengabeaLehendakariak esaten duena ondo iruditzen bazaie egunkari horretako kazetariei, pozten naiz, baina haratago joatea eta baieztatzea horrek iraultza ideologikoa suposatzen duela EAJ barruan bada EAJ batere ez ezagutzea, edo ezagututa, EAJn bazterrak nahasteko gogo handia izatea.

Oso erraza da, eskema bat egingo diet El Correokoei:

– Monarkia eta Errepublikaren artean, Errepublika.

– Espainiako Errepublika eta Euskal Errepublikaren artean, Euskal Errepublika.

– Gizarte eskubideei bai, Administrazioak herritarren beharrizanei erantzuteko baitaude.

Uuuuuuu!!!! Zelako tabuak! Enpin…