Jauregia eraikitzen, hitzetik ekintzara

Harriduraz irakurri ahal izan dut gaur Ramón Jaureguik El Correon idatzitako [Enlace roto.].

Txalotu nahiko nuke Europako parlamentari sozialistak euskararen alde egiten duen hausnarketa. Goibeltzen nau, hala ere, hitz polit hauek estaltzen duten ezerezak, alderdi sozialistak oraindik ere asko baitauka erakusteko euskalgintzan.

Jaureguik, bere testuan, Ruiz de Soroaren iruzkin bat kritikatzen du, “euskal herritar elebakarrei bigarren hizkuntz komun bat ikastera behartzeak ez du zentzurik, beste hizkuntz komun bat ezagutzen dutela aintzat hartuta (gaztelania alegia)”. Sozialista batek baieztapen hori salatzeak dituen inplikazioak esperantzarako bidea zabaltzen digu euskaltzaleoi. Ematen du euskararen aldeko apustu sendoa egiteko asmoa omen darabiltela arrosaren alderdikoek. Ikusteko dago.

Artikuluan, nola ez, abertzaleoi egurra ere ematen digu: hizkuntzaren politizazioa, euskara independentziarako erabili nahi izatea, e.a. Propagandarako bota beharreko cliché gisa ulertuko ditut momentuz, mezu postiboarekin geratzea nahiago baitut. Baina izenburuan diodan legez, jauregia eraikitzeko ez da nahikoa hitz politak isurtzearekin, lan egin beharra dago, eta horretan momentuz, alderdi sozialistak kale egiten du.

Atzo bertan Ibilaldia izan genuen Bermeon, jendetza bildu zen han euskara eta ikastolei behar duten bultzada eta berotasuna eskaintzeko. [Enlace roto.] entzun behar izan zituen, baita lekuz kanpoko irainen bat, baina euren esku dago euskararekin aldarrikatzen duten konpromisoa erakustea, frogatzea, gauzatzea, hezurmamitzea.

Faltan botatzen ditut, zilegi bekit esatea, euskara ikasle aplikatu batek atzokoa bezalako jaiaren gainekoari buruzko balorazioren bat, esker ona erakustea, poztasuna agertzea, edo dena delakoa. Patxi Lopezez ari naiz, mutu geratu zaigu. Idazlanetan ez dakit zelan ibiliko den, ahozkoan bederen, “hobetu beharra”.

Guztiok erakutsi behar dugu herri honetan euskara guztiona dela, eta euskararen aldeko apustu sendo eta tinkoa egiten dugula. Ongi etorriak Jaureguirenak bezalako adierazpenak, ea hurrengoak Aitorren hizkuntz zaharrean emanak datozkigun.

Bueltaka Nafarroako hizkuntz politikarekin

Gaur bertan heldu berri zait hemen behean ikus-sufri-entzun dezakezuen bideoa:

Aurretik idatzitako postaren harira dator bideoa, eta aurretik esandakoei ezer gutxi gehi niezaieke. Adibide hotz xumeak diosku azaldu beharreko oro.

Ez da bakarrik Nafarroako administrazioak euskararekin duen sentiberatasun gabezia, ez horixe. Langileek eurek erakusten duten harridura da larriena, euskaraz hitz egitea inuiteraz hitz egitearen pareko bailitzan.

Gogora dezagun berriz ere: euskara Nafarroako Erkidegoaren berezko hizkuntza da, hala xedatzen du legeak gainera.

Seguru asko, Euskal Autonomia Erkidegoan ere halako kasuak aurki genitzake, baina hamaika pausu aurretik goaz, zorionez.

Doluminak eta animoak nafar euskaldunei.

Navarrismoaren gidaria

Migueliko Sanzen emariak ez du hondorik. Iturri agorrezina dugu berau, euskaldunon edota euskal hiztunon zoritxarrerako baina.

Nafarroako Erkidegoak duen presidenteak euskararen kontra ez duela ezer dio, baina harroputz ageri da bere gobernuak aurrera daraman hizkuntz politikarekin.

Milaka herritarrek euskararen alde manifestatzeak, antza, ez dio ezer esaten Sanz jaunari, ez dio hausnarketarako arrazoirik erakusten.

Baina adierazpenik mingarrienak, hotzenak, larrienak, pozoiz lepo daudenak hauexek dira: “euskararen gaineko ardurarik ez daukat, denbora okupatzen dit bakarrik”.

Gaztelaniaz esanda, ez dirudi hain latza (“el tema del euskera no me preocupa, me ocupa”), baina euskaraz eman eta gero agerian geratzen da hitz horiek gordetzen duten guztia, eta gorroto hitzak ongi baino hobeto laburbilduko lukeena.

Nafarrek benetan merezi/nahi al dute euren berezko hizkuntza horrela zapaltzen eta mespretxatzen duen agintaririk? Neronek ez diot zentzu handirik ikusten, eta horrelako utzikeriak salaketa ozena, garbia eta sendoa behar luke nafarren eskutik.

“Linguae vasconum, linguae navarrorum”. Aspalditik datorkigun esaera horrek gordetzen du mami oro.

Nafar euskal hiztunen eskubidea delako, euren hizkuntza ere badelako.

Nazkatuta lehendakariaren errespetu faltekin

Ez nuke lar luzatu nahi, Patxi Lopezek esandakoa berez azaltzen baita:

(euskara klaseak) “Ikasten ari naiz, ikasten ari naiz. Beno, ni Ezkerraldekoa naiz, euskaraz inoiz hitz egin ez den zonaldea. Eta euskara konplikatua da. Gainera, piper ugari egiten dut klaseetara”.

1. Ezkerraldean ez dela inoiz euskaraz hitz egin? Jakinaren gainean gaude, Patxi Lopezen ikasketa maila ez da oso altua, baina halako baieztapen txoroa egiteko ausardia izateko arrazoi bakarrak egon behar du: ezjakina izateaz gain, lelo galanta behar du izan.

2. Euskara konplikatua da. Ai! Noiz arte entzun behar al dugu hori? Konplikatua norentzat? Konplikatua zerekin konparatuta? Japoniar hiztun bat hartuko bagenu, zein litzateke berarentzat zailago? Euskara ala gaztelania? Gehienetan borondate kontuan datza gakoa.

3. Piper egiten du klaseetara. Zenbat ateratzen zitzaizkigun klase horiek euskal herritar guztioi? 36.000€ urtean? Dirua zulotik behera bota behar al dugu?

Okerrena da bere axolagabekeriari begiratu behar izatea. Lehendakari honentzat euskaldunok ez gara ezer, euskaraz bizi nahi dugunok mespretxua edo ezaxolakeria merezi ditugu; barrerako motiboa baino ez gara, grazia egiten dion zerbait.

Hori bai, “power balance” eskumuturrekoa harro erakusten digu argazkian. Antza timo horientzako lekutxoren bat uzten dio bere astiak.

Hori guztia beste bat gehiago baino ez da, baina pazientzia bukatzen ari zaigu asko eta askori. Errespetua merezi dugulako, hori baino ez bada.

Lehendakari jauna, bihotz-bihotzetik, ZOAZ PIKUTARA. Niri ez didazu grazia putarik egiten.

Eskuak gora! ETAkoa naiz.

Ezin izan diet gogoei eutsi, eta gaur [Enlace roto.] irakurri dudan gertakari baten gainean idazteko premia izan dut.

«Somos mienbros e ETA como digas o agas algun movinieto directamete vas a recivir un tiro en la cabeza. Gorka ETA M.»

Ohartxo hori utzi omen zion Filologian doktore izango den tipo batek Bilboko txinatar saltoki bateko dendariari. Txinatarrak, oharra ezin ulertuta (oso logikoa den bezala), ez zion mehatxuari jaramonik egin eta kanpora atera zen hieroglifikoa argitzeko laguntza eske.

Lapur proiektuaren aurpegia ikusi nahi izango nukeen une hartan, Leslie Nielsenen filmen bateko eszenen antz ikaragarria hartzen baitiot. Txinatarra laguntzeko agertu zen marokoarrak, antza, hobeto ulertu zuen bertan gertatzen ari zena eta “lapurra” neutralizatzea lortu zuten. Ertzaintzari deitu eta zoro hura atxilotu egin zuten.

Herri honek daukan zamarekin, eta oraindik ere burugabe batzuk horretaz baliatu nahi dira euren mozolokeria agerian uzteko. Barrez lehertzekoa da atzo Bilbon gertatutakoa, baina… Zer demontre dauka jendeak buruan????

Hori bai, El Correo irakurrita barre-algarak ezin eutsiz ibili naizen lehen aldiari omenaldia egin nahi izan diot sarrera honekin. 2010eko apirilaren 19a, egutegian gorriz markatzeko data.

Gorka ETA M. izenarekin sinatzen duen alproja hori ezagutzeak ere esperientzia mundiala behar du izan.

Erromatar hauek… burutik jota daude.


Zazpi urte Egunkariarekin

Atzo eta gaurko komunikabideek esandakoari erreparatuta, gauza gutxi dago gehitzeko “Egunkaria” epaitzaren gainean.

Askotan gertatzen den bezalaxe, ahoa bero-bero jarri zitzaien batzuei orain zazpi urte zentzugabekeria hau guztia hasi zenean. Jakina, horiek ez dute zertan atzera egin, berbak haizeak eramango balitu bezala… Baina adibideak banaka batzuk dira.

Kasu honetan argi geratzen da gurutzada ez zela terrorismoaren kontrakoa, gurutzada abertzaletasunaren kontrakoa zen. Abertzaletasunaren zantzu guztiei buru-berokia jartzen diete, aizkora eta sugea. Arerio politikoa deuseztatzeko argudiorik ez badaukazu, iraintzea baita irabazteko biderik errazena, eta irainari estalki legala jarriz gero… suziriak!

Tristeena da, azkenean galdera hau egin behar izatea zeure buruari: “eta euskarak zer ikusi dauka honekin guztiarekin?”. Herri honetan euskara eurena ere badela onartzen ez duten bakar batzuk dauden bitartean, ez dugu aurrera egingo. Euskara politizatuta bizitzera kondenatuta dago.

Zertara datoz, hala ez bada, Antonio Basagoitiren azken burutazioak ETB1ekin? Azpitituluak gaztelaniaz jarri? ORAIN? Non eta ETB1en? Orain arte ez dut entzun edo ikusi ETB2n azpitituluak euskaraz jartzeko proposamenik.

Halakoak dauden bitartean, ez da harritzekoa ere honakoak sufritu behar izatea: Egunkariako zuzendarien absoluzioa atzera pausua da (García Casquero, AVT). Biktimek, zelan ez, errespetu osoa merezi dute eta solidaritaterik zintzoena, baina biktimak izateak ez die arrazoia ahoan jartzen Jainkoaren iluminazioa bailitzan.

Berba horiek mingarriak dira, ia herri oso bat eurekin izan duten auzipetuen kontrako iraina, eta luzapenez, guztiok aho bete hortz irakurtzen ditugu, bihotza erreta.

Zer da hemen okerrena? Askotan egin diot honako galdera hau neure buruari, eta ez dut nik erantzunik emango: nola balora dezake euskaraz ez dakien batek euskaraz soilik egina dagoen zerbait? Nondik ateratzen du atrebentzia hori?

Hori da euskaldunon zama. Eta atzo emozio guztiak pil-pilean zeudela, sei urte igaro eta gero, Patxi Lopezek honako hau esateko astia zeukan bakarrik Twitter bidez (bai, gaztelaniaz):

Hutsaren hurrengoa.