Ez dugu ahaztuko

Gaur 75 urte betetzen dira Gernikan zerutik sua zetorrela antzeman zutenetik.  Asko dira erakunde desberdinek abian jarri dituzten omenaldiak, ezinbestekoa delako memoria bizirik mantentzeko, ez mendekua ereiteko, arbasoek sufritu zutenaz ikasteko eta aurrera begiratzeko baizik.

Baina erakunde guztiek ez dute detaile hori izan, eta hankamotz geratu gara, hankamotz hain zuzen ere Euskal Erkidego Autonomoko herri-subiranotasunaren ordezkari izan behar duen Eusko Legebiltzarrean.

Alemaniak barkamena eskatu egin zien gernikarrei 1997an, Udalera bidalitako gutun baten bidez. Baina Espaniak ez du gauza bera egin. Aralarren legebiltzar taldea, EAJ eta Ezker Anitzaren laguntzarekin, [Enlace roto.], Eusko Legebiltzarretik Estatuko Jefeari (elefanteak ehizatzen dituen hori) barkamena luza dezala eskatzeko.

Hain garbia eta ongi etorria izan litekeen proposamen hori ezerezean geratu da PPk, PSEk eta UPyD-k hankatartetik pasatu dutelako. Hori al da memoria zaintzea eta biktimak aintzat hartzea? Herriaren ordezkariak dira, eta herriak oso presente dauka Gernikan (eta beste hainbat herritan, baina Gernika da ikurra) jazotako sarraskia, baina batzuek, gaur egun oraindik, beste alde batera begiratzen dute.

Alemania, gutxienez, herri serioa da, eta nazismoaren lotsa pasatu ostean, aurpegira begiratu diote euren iraganari eta koherente izaten saiatu dira euren izena garbitzeko. Ibon Aranberrik 2002an Frankfurten atera zuen argazki honek, argi eta garbi uzten du lehen mailako herri baten (Alemania) eta hirugarren mailako baten (Espainia) arteko ezberdintasuna.

Ez dugu ahaztuko. Gernikak ordezkatzen duena bizirik dirau.

 

Blanca Urgell, dimisioa

Horren handia da gainean daukadan haserrea ez dudala gehiegi idatzi nahi.

Twitter bidez, Blanca Urgellek (Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua) idatzi duenarekin topo egin dut. Hona hemen:

Dominika Etxart, Niko Etxart rock abeslari famatuaren (Euskal Rock and Roll) AITA da, gizona beraz. Nikori bere aitarengandik etorri zitzaion musikarekiko pasioa, Dominika Etxartek sekulako lana egin baitzuen Zuberoako herri kantak berreskuratzen.

Esadazue, Blanca Urgellena ez da zuzenean dimisioa aurkezteko modukoa? Auzo lotsa ematen dit.

Goian bego Dominika Etxart, gure memorian merezi duen bezala gorderik edukiko dugun euskaltzale zuberotarra.

Gaztelania euskararen gainetik aurkezteko trikimailuak

Atzo, RAEk (Espainiar Hizkuntzaren Errege Akademia) [Enlace roto.] egin zion euskarari, 300 urteko historian, lehen aldiz.

Hitz politak eskaini zizkioten bertan euskarari: “euskara ez da horma, zubia baizik” (Aizpea Goenaga), “gizartearen elementu bateratzailea” (Wert ministroa), e.a.

Leku eta kolore guztietako ordezkaritza izan zen Madrilen: EAJ, Amaiur, Eusko Legebiltzarreko presidentea, PPkoak, PSEkoak, katalanak, galiziarrak… Nafarroako Gobernuko ordezkaritza falta izan zen bakarrik, baina ezaguna da Nafarroako Gobernuak euskarari dion begirunea.

Horretaz guztiaz gain, ordea, ekitaldiak berak, hitz horien guztien azpitik, islatu nahi zuen mezuari erreparatu nahi diot. Tira, islatu nahi zuena ez dakit, baina behintzat, nire ikuspegitik islatzen zuena.

Saretik apur bat trasteatzen ibili ondoren, ez dut aurkitu RAEk beste hizkuntzaren bati eginiko omenaldirik. Zergatik euskara orduan? Ba nire ustez, horrela garbi geratzen delako zein den hizkuntz nagusia eta zein menpekotasun egoeran dagoena. Nagusitasunetik, etnozentrismotik eginiko omenaldia iruditzen zait, edo gutxienez, seguru kutsu hori nabarituko dutela euskal herritar askok.

RAEk halakorik egitea ohikoa balitz, noiz edo noiz suahili edo txekiarrari omenaldia egin izan balie, akaso, atzoko ekitaldia ez litzateke susmagarria izango. Baina euskara aukeratu dute euskaldunoi bizkarrean zapladatxoa emateko, “ei! lasai! Oso jatorrak zarete eta Espainian asko maite zaituztegu”.

Jakin badakit halako ekitaldiak kritikatzea zaila dela, horregatik ulertzen dut alderdi abertzaleak bertara hurbildu izana: nola esango dute, bada, ezetz? Omenaldia da! Ba bai, ulergarria oso, baina nik behintzat, ezin dut burutik kendu horren guztiaren azpian dagoen edo egon daitekeen espainiar nagusitasunaren erakustaldi publikoa, eta harrapatu egin gaituzte.

Dena dela, eta pentsatzen duzuena duzuela ere, eztabaidarako tarte handia zabaltzen duen ikuspuntu hau jarri nahi nizuen begien aurrean. Ea zer deritzozuen.

Hitz-gakoa: sinesgarritasuna

[Enlace roto.] Eusko Jaurlaritzaren krakari dagokiona izan da, bere testuinguru jakinarekin: Iñigo Urkullu atera zen esatera Eusko Jaurlaritzaren deiak jaso dituela laguntza eske, eta maneiatzen dituen datuen arabera, egoera oso larria dela.

Zezenen modura atera dira, horren ostean, Idoia Mendia, Rodolfo Ares, Basagoiti (antza bai, gobernuan dago) eta inguruko beste batzuk. Baina airean somatzen zen sentsazioa ez zen hori, gizarteak sinetsi egiten zituen Iñigo Urkulluren hitzak.

Horregatik, hain zuzen ere, gezurra luza ezin zitekeela ikusirik, EBBren presidenteak Ares berak deitu ziola zehaztu ondoren, ez dio inork informazio hori ukatu, eta barne sailburuak egiaztatu egin zuen. Ostera, beste hitz batzuk erabili dituzte horri aurre egiteko: erantzukizun falta, arduragabekeria… Hau da, eraso pertsonala, oinarri handirik gabekoa.

Zer da, beraz, horretatik guztitik ondoriozta dezakeguna? EBBren presidenteak etsai politikoak izango ditu, batzuen gustukoago izango da eta beste batzuen ez horren gustuko, baina gauza bat argi eta garbi geratu da: Iñigo Urkullu zeharo sinesgarria da. Ez du inork esango, edo oso arerio hiperlerrokatu gutxi batzuek bakarrik, gezurretan ibiltzeko gai denik.

Gaur egungo politikagintzan, hori zaindu beharreko aktibo bat da. Rubalcabak harro asko esan dezake Patxi Lopez aktibo bat dela PSOE barruan, baina benetako aktiboa, jendeak estimatzen duena, beste hori da, sinesgarritasuna, seriotasunarekin eta lan irmoarekin landutako sinesgarritasuna alegia.

Ba al da hori baino balio inportanteagorik hain kutsatuta dagoen politikagintzan?

Zer krisi eta zer kristo?

Asko dira Patxi Lopez eta bere gobernuak dituzten hanka sartze, gestio txar eta xahutzeen adibideak, are gehiago, aski ezaguna da lehendakariak komunikazioarekin (edukirik gabekoa) duen obsesioa.

Oraingoan, txanponaren bi aurpegi horiek batera azaltzen zaizkigu La Gacetan (bai, infernura joango naiz) irakurri dudan [Enlace roto.]: “Patxi Lopezek ezerezean uzten ditu bere langileak eta sare sozialak kudeatzeko pertsona bat fitxatzen du”.

Erakundearen komunikazio, publizitate eta harreman publikoetarako 150.000 euro aurrekontuan aurreikusi arren, 100.000 euro gastatuko ditu Lopezek community manager bat kontratatzen. Ez al dago Eusko Jaurlaritzan lan hori gai egiteko den komunikazio teknikaririk? Eta ez badago, ez al da merkeago izango Jaurlaritzan barne prestakuntzarako dirua gastatzea? Langileengan inbertitzea, alegia.

Baina tira, ez badago ezin da ezer atera. Gastuak murrizten ari da behin eta berriro Eusko Jaurlaritza (zerbitzu asko kinka larrian jarriz), kredituak eskatu eta eskatu dabil, oraindik ez dakigu noraino heltzen den zorraren dimentsioa, baina 100.000 euro dauzkagu kanpotik community manager bat kontratatzeko (ezaguna edo laguna izango ote da? Ez dakit).

Gobernu honen noraezaren beste adibide garbi bat. Animo, euskal herritarrok! Gutxiago falta da.

Igande santuak

Beherapenak heldu dira, eta Gabonak igarota, kontsumo eroenaren atzaparretan berriz jausteko aukera ezin hobea dugu mutur aurrean.

Baina aurten, gure polemikarik gabeko Euskadi maitagarri honetan, istilua azaldu zaigu merkataritzan. Istilua zergatik? Ba dikotomia honekin laburbil daiteke gauza: erostea eskubide ukaezina da / Igandeetan irekitzea gizartearen alienazioan beste aurrera pausu bat da.

Sinplifikazio galanta da bota dudana, baina galdera-kate baten bidez eman nahi nioke nik aterabidea arazoari: zer gizarte eredu da sortu nahi duguna? Kontsumoan oinarritu behar al dugu gure ekonomiaren funtzionamendua? Krisiak ez al zuen ba frogatu hori eredu aldrebesa zela? Kontsumoan oinarritu behar al dugu gure aisialdia? Hori al da gure seme-alabei utzi nahi diegun etorkizuna?

Agian galdera horiek planteatzearekin atzerakoia izango naiz oso, baina atzerakoia zergatik? Familia defendatzeagatik, lanarekin uztartu ahal izateko; kultura eta sormena defendatzeagatik gure aisialdia pasatzeko modu konstruktiboena dela uste dudalako, kirolarekin batera; erostea gure beharrak asetzeko bete behar dugun ekintza bezala baino ez dudalako ikusten.

Jaun-andreok, Internet 24 orduz zabalik dago, astelehenetik igandera. Has gaitezen pentsatzen zerekin bete nahi dugun gure denbora librea eta zer eraiki nahi dugun denbora libre horretan.

Atzerakoia bada hori defendatzea, kontserbadorerik kontserbadoreena naiz, baina nire ustez, gizabanakoen eta gizartearen mesederako.