PSEren matraka eskas eta hutsala

Harriduraz begiratzen diet aurrekanpaina honetan sozialistek darabiltzaten argudioei, nire ustez nahiko argudio eskasak baitira, erantzun erraza dutenak.

Argudioetariko bat da EAJren eskutik eskuina helduko dela Euskadira, jeltzaleek PPrekin akordioa egingo dutela aurreratu nahian. Baina aurpegi galanta eta lotsa falta nabarmena behar dira kontu horrekin ateratzeko, PP eta PSEren arteko akordioa oraindik hain fresko daukagunean gure oroimenean. PPren eskutik heldu zen Lopez Ajuria Eneara, eta Lopezen eskutik sartu zen Eskuina Euskadira. Ez dago beste irakurketarik.

Beste alde batetik, Lopez eta Urkulluren arteko buruz burukako eztabaidarekin tematu dira, eta sinestarazi nahi diote gizarteari Urkulluk ez duela Lopezekin eztabaidatu nahi Koskojalesko lehendakariaren beldur omen delako. Urkullu Lopezen beldur izatea madari heldua bezala jausten den argudioa da, baina beste hainbat arrazoi daude argudio edo matraka horren aurka egiteko:

  • Kanpaina urrian hasten da, eta orduantxe hasten dira hauteskunde-eztabaidak.
  • Beste hautagai batzuk daude, eta horiek ere eztabaidan egon behar dute. Euskadi ez da Espainia, eta gizartearen aniztasunak bere isla izan behar du hauteskundeetan, eta bertan izaten diren eztabaidetan.
  • Lopez lehendakaria da, bai, baina bere garaian ez zituen hauteskundeak irabazi, bigarren indarra da PSE Legebiltzarrean; eta gaur egun, inkesten arabera, PSEk ez dauka aukerarik ezta bigarren indar izateko ere. Lopezek galdu du gizartearen aurrean sinesgarri agertzeko aukera azken lau urteotan zehar, eta orain Urkulluren itzala behar badu entzute pixka bat lortzeko, ez da jeltzalearen arazoa, berea baizik.
  • Azkenik, Lopezi ez diot entzun Urkullurekin eztabaida euskaraz egiteko proposamenik. 2010ean, lehendakariari Twitter bidez egin zioten elkarrizketa baten, legealdi honen amaieran eztabaidaren baten [Enlace roto.] parte hartzeko konpromisoa hartu zuen. Non geratu dira hitz horiek? Hondoratuta, beste hamaika konpromiso eta agindu bezala. Lotsagarria.

Aurrekanpaina zikina eramaten ari da aurrera PSE. Bere estiloa da, baina beharrak bultzatuta, barruan duten munstroa ageriago uzten dute. Horren harira, nire Twitter kontuan (@UgaitzZb) askotan errepikatzen dudana esango dut hemen berriro, post honekin, eta kanpaina bukaeraraino, PSEz esan behar dudan guztia esanda utzi nahi dudalako:

Jose Antonio Pastorren politika egiteko modua guztiz baztergarria iruditzen zait, errefuxatu egiten dut edozein kargu publiko Jose Antonio Pastorren estiloarekin aritzea Interneten, edo orokorrean, bizitzaren edozein arlotan. Iraina da Jose Antonio Pastorren hizkuntza eta gezurra bere lanabesa. Bere Twitter profiletik ateratako adibideek azalduko dute nire berbek baino askoz hobeto; hona hemen:

ETA ABAR, ETA ABAR, ETA ABAR…

Sinesgarritasuna zeharo galdu dutenek jai dute sinesgarritasuna gezur eta irainekin berreskuratu nahi baldin badute. Amaitu zaie gobernua, eta Ezker Abertzalearen eskutik ez bada, batek daki zenbat hamarkada egongo diren Jaurlaritza berriro zapaldu gabe. Noraezaren seinale.

 

Ez dugu ahaztuko

Gaur 75 urte betetzen dira Gernikan zerutik sua zetorrela antzeman zutenetik.  Asko dira erakunde desberdinek abian jarri dituzten omenaldiak, ezinbestekoa delako memoria bizirik mantentzeko, ez mendekua ereiteko, arbasoek sufritu zutenaz ikasteko eta aurrera begiratzeko baizik.

Baina erakunde guztiek ez dute detaile hori izan, eta hankamotz geratu gara, hankamotz hain zuzen ere Euskal Erkidego Autonomoko herri-subiranotasunaren ordezkari izan behar duen Eusko Legebiltzarrean.

Alemaniak barkamena eskatu egin zien gernikarrei 1997an, Udalera bidalitako gutun baten bidez. Baina Espaniak ez du gauza bera egin. Aralarren legebiltzar taldea, EAJ eta Ezker Anitzaren laguntzarekin, [Enlace roto.], Eusko Legebiltzarretik Estatuko Jefeari (elefanteak ehizatzen dituen hori) barkamena luza dezala eskatzeko.

Hain garbia eta ongi etorria izan litekeen proposamen hori ezerezean geratu da PPk, PSEk eta UPyD-k hankatartetik pasatu dutelako. Hori al da memoria zaintzea eta biktimak aintzat hartzea? Herriaren ordezkariak dira, eta herriak oso presente dauka Gernikan (eta beste hainbat herritan, baina Gernika da ikurra) jazotako sarraskia, baina batzuek, gaur egun oraindik, beste alde batera begiratzen dute.

Alemania, gutxienez, herri serioa da, eta nazismoaren lotsa pasatu ostean, aurpegira begiratu diote euren iraganari eta koherente izaten saiatu dira euren izena garbitzeko. Ibon Aranberrik 2002an Frankfurten atera zuen argazki honek, argi eta garbi uzten du lehen mailako herri baten (Alemania) eta hirugarren mailako baten (Espainia) arteko ezberdintasuna.

Ez dugu ahaztuko. Gernikak ordezkatzen duena bizirik dirau.

 

Gaztelania euskararen gainetik aurkezteko trikimailuak

Atzo, RAEk (Espainiar Hizkuntzaren Errege Akademia) [Enlace roto.] egin zion euskarari, 300 urteko historian, lehen aldiz.

Hitz politak eskaini zizkioten bertan euskarari: “euskara ez da horma, zubia baizik” (Aizpea Goenaga), “gizartearen elementu bateratzailea” (Wert ministroa), e.a.

Leku eta kolore guztietako ordezkaritza izan zen Madrilen: EAJ, Amaiur, Eusko Legebiltzarreko presidentea, PPkoak, PSEkoak, katalanak, galiziarrak… Nafarroako Gobernuko ordezkaritza falta izan zen bakarrik, baina ezaguna da Nafarroako Gobernuak euskarari dion begirunea.

Horretaz guztiaz gain, ordea, ekitaldiak berak, hitz horien guztien azpitik, islatu nahi zuen mezuari erreparatu nahi diot. Tira, islatu nahi zuena ez dakit, baina behintzat, nire ikuspegitik islatzen zuena.

Saretik apur bat trasteatzen ibili ondoren, ez dut aurkitu RAEk beste hizkuntzaren bati eginiko omenaldirik. Zergatik euskara orduan? Ba nire ustez, horrela garbi geratzen delako zein den hizkuntz nagusia eta zein menpekotasun egoeran dagoena. Nagusitasunetik, etnozentrismotik eginiko omenaldia iruditzen zait, edo gutxienez, seguru kutsu hori nabarituko dutela euskal herritar askok.

RAEk halakorik egitea ohikoa balitz, noiz edo noiz suahili edo txekiarrari omenaldia egin izan balie, akaso, atzoko ekitaldia ez litzateke susmagarria izango. Baina euskara aukeratu dute euskaldunoi bizkarrean zapladatxoa emateko, “ei! lasai! Oso jatorrak zarete eta Espainian asko maite zaituztegu”.

Jakin badakit halako ekitaldiak kritikatzea zaila dela, horregatik ulertzen dut alderdi abertzaleak bertara hurbildu izana: nola esango dute, bada, ezetz? Omenaldia da! Ba bai, ulergarria oso, baina nik behintzat, ezin dut burutik kendu horren guztiaren azpian dagoen edo egon daitekeen espainiar nagusitasunaren erakustaldi publikoa, eta harrapatu egin gaituzte.

Dena dela, eta pentsatzen duzuena duzuela ere, eztabaidarako tarte handia zabaltzen duen ikuspuntu hau jarri nahi nizuen begien aurrean. Ea zer deritzozuen.

Hitz-gakoa: sinesgarritasuna

[Enlace roto.] Eusko Jaurlaritzaren krakari dagokiona izan da, bere testuinguru jakinarekin: Iñigo Urkullu atera zen esatera Eusko Jaurlaritzaren deiak jaso dituela laguntza eske, eta maneiatzen dituen datuen arabera, egoera oso larria dela.

Zezenen modura atera dira, horren ostean, Idoia Mendia, Rodolfo Ares, Basagoiti (antza bai, gobernuan dago) eta inguruko beste batzuk. Baina airean somatzen zen sentsazioa ez zen hori, gizarteak sinetsi egiten zituen Iñigo Urkulluren hitzak.

Horregatik, hain zuzen ere, gezurra luza ezin zitekeela ikusirik, EBBren presidenteak Ares berak deitu ziola zehaztu ondoren, ez dio inork informazio hori ukatu, eta barne sailburuak egiaztatu egin zuen. Ostera, beste hitz batzuk erabili dituzte horri aurre egiteko: erantzukizun falta, arduragabekeria… Hau da, eraso pertsonala, oinarri handirik gabekoa.

Zer da, beraz, horretatik guztitik ondoriozta dezakeguna? EBBren presidenteak etsai politikoak izango ditu, batzuen gustukoago izango da eta beste batzuen ez horren gustuko, baina gauza bat argi eta garbi geratu da: Iñigo Urkullu zeharo sinesgarria da. Ez du inork esango, edo oso arerio hiperlerrokatu gutxi batzuek bakarrik, gezurretan ibiltzeko gai denik.

Gaur egungo politikagintzan, hori zaindu beharreko aktibo bat da. Rubalcabak harro asko esan dezake Patxi Lopez aktibo bat dela PSOE barruan, baina benetako aktiboa, jendeak estimatzen duena, beste hori da, sinesgarritasuna, seriotasunarekin eta lan irmoarekin landutako sinesgarritasuna alegia.

Ba al da hori baino balio inportanteagorik hain kutsatuta dagoen politikagintzan?

Rosa Diezen printzipioak edo Groucho Marxenak

UPyD-ren kanpainak ardatz nagusi bat izan du azken hauteskundeotan: hauteskundeen legea, hain zuzen ere alderdien ordezkaritza zelan banatzen den zehazten duen araudia.

Lege horren arabera,  kongresuko diputatuak lurraldeka banatzen dira. Hau da, probintzia edo herrialde historiko bakoitzak diputatu kopuru jakin bat eramaten du kongresura. Ez du balio alderdi batek Espainia osoan ateratzen dituen boto kopuruak, baizik eta lurralde bakoitzan ateratzen dituenak lurralde horretan bere ordezkaritza lortu ahal izateko.

Hori da UPyD eta Rosa Diezek kritikatu dutena. Adibidez, EAJk edo Amaiurrek baino boto gehiago izanda, ordezkaritza murritzagoa daukate. Baina Espainiako legeak bere lurralde guztiek ordezkaritza izatea bermatzen du. Gutxienez, horretan, asmatu egiten dute estatuan, eta horrela, Melilla bezalako gutxiengoak ez dira handiagoak diren populazioen menpe zapalduta geratzen.

UPyD-k, beraz, ez du ordezkaritza nahikoa lortu talde parlamentarioa osatzeko kongresuan. Baina hori lortu ahal izateko ez dute lotsarik izan eta Foro Asturias alderdiarekin (Álverez Cascosena) akordio batera heldu dira, bien artean taldea osatzeko.

Gogorarazi beharra dago, UPyD-k proposatzen duen hauteskunde legearekin, seguru asko, Foro Asturias alderdiak ez lukeela daukan ordezkaritza lortuko. Baina printzipioek ez dute garrantziarik dirua edo helburu jakin bat jokoan baldin badago, antza. Beraz, Rosa Díezek bere egin dezake Groucho Marxen esaldi ospetsu hura: “hauek dira nire printzipioak, gustuko ez badituzu beste batzuk dauzkat”.

Gainera, Rosak zera zioen hauteskundeen hurrengo egunean, ez zuela beste alderdi batzuen laguntzarik onartuko taldea osatu ahal izateko.

Lotsagarria.