Oscañídetza

Gaur egun Eusko Jaurlaritzan daudenen helburua ez da herri hau aurrera ateratzea, helburua da Euskadi Espainiarekin mimetizatzea. Euskal identitatea murriztu, ez ezabatu, eta museo baten beira-arasan sartu zer ginen guztiek gogora dezaten. Baina zer garen eta zer izango garen… horrek beste noranzko bat dauka: Madril.

Euskara ez da arazo, dio Bengoak, Osasun sailburua, arazoa da euskara ezartzeko hartu izan den abiadura. Ño! Mendeetan egon izan da euskara zanpatuta, eta orain abiadura da arazo. Akaso ez ote gara motelegi ibili? Nola izan daiteke euskal gizartearen ordezkari euskaldunon hizkuntza defendatzen ez duena, eta are gehiago, hizkuntza hori zapaldu egiten duena?

[Enlace roto.] euskara bazterrean utzi da, hutsaren hurrengoa da agian Euskadiko zerbitzu publikorik inportanteena den horretan. Jakina, orain Espainia osoko profesionalek lan egin ahal izango dute, eta kalitatea igoko da. Zertarako lehentasuna eman bertokoak diren profesional onei?

Nik proposamen batzuk dauzkat Bengoa jaunarentzat:

1. Gaztelaniaren derrigortasuna ere ezabatzea. Horrela oraindik eta profesional hobeak lortuko ditugu, mundu osokoak. Inportanteena da mediku onak edukitzea, eta ez hizkuntza.

2. Euskaraz bakarrik mintzo diren ume txiki eta agure-atsoekin akabatzea. Buruko minak baino ez dituzte ematen, arazoa eurak dira, ez euskara. Gaztelaniaz ere jakingo balute, askoz ere integratuago egongo lirateke.

3. Osakidetzari izena aldatzea, baskofonoegia baita. Euskara ez da arazo, baina gauzak argi utzi behar dira. Espainiako profesionalak batzea bada helburu, Oscañídetza da izenik egokiena. Argi eta garbi uzten dugu Euskadikoak garela hain propioa den gure “tz” horrekin, baina era berean, mundura Espainiara zabalik gaudela erakutsiko dugu.

Horiexek proposamenak sailburuarentzat. Hori bai, iradokizunekin batera, erregu bat: behingoz, ALDE EGIN! !

“Hijoputismo” ilustratua

Carlos Martinez Gorriaran jauna UPyD alderdiaren sortzaileetariko bat da, eta gainera, filosofia irakaslea da EHU-UPVn. Antzekotasunak nabariak dira Fernando Savaterrekin.

Gauza da filosofia irakasle honek ez duela ikasi oraindik ideiak inposatzerik ez dagoela. Ematen du horretaz apur bat badakitela hauek guztiek ETA baldin bada ideia horiek inposatu nahi dituena, baina euren gustukoak ez direnen emaitzak eta joerak ikusten hasten direnean, halakoak botatzen dituzte:

“Asturias Euskadi bezalakoa da, baina 300.000 putaseme gutxiagorekin”.

Zenbakiak borobildu dituenez, ez dakigu PPSOE koalizioari botoa eman diotenez ari den, Bilduren hautesleez, edota EAJren hautesleez.  Susmoa daukat Bildukoei buruz ari dela.

Hala ere, 300.000 putaseme? Botoa duten herritarren artean, bostetik putaseme bat suposatzen du horrek, %20. Gizaseme honen familia hurbileko laupabost kideetatik, nor izango ote da putaseme estatistikoa?

Carlos Martinez Gorriaranek putaseme asko heziko zituen EHUren ikasgeletan, eta antza denez, filosofia irakasle honek ez du jakin onak eta eredugarriak diren baloreak haiei transmititzen.

Nik uste, sakonean, Euskadi bi zatitan banatuta dagoela, oinarri oinarrian: gure herria maite dugunon aldean kokatzen garenak, akats eta guzti, eta gure herria mespretxatzen eta gorrotatzen duten euskal herritarrak.

Lehen taldean gaudenok eraikiko dugu hesirik edukiko ez duen Euskal Herri berria. Ziur naiz.

Gezurteroak boterean, noiz arte?

Lehenik eta behin, barkamena eskatu behar dizuet, baina jakin badakizuenez, gure lehendakaria ez da oso trebea euskaraz, eta hitz egiten duenean, gaztelaniaz egin ohi du.

Gezurraren gainean eraikitako agintea dauka Patxi Lopezek, hori garbia da, eta bideo honetan ikus daiteke, garden-garden, zeri buruz ari natzaizuen:

Zerekin ordainduko dio PSEk PPri lehendakaritzan egon ahal izatea? Ba, momentuz, ordainketa hasi egin da, eta potolo-potoloa da:[Enlace roto.].

Zer izango da sozialisten hurrengoa? Bien bitartean, gezur gehiagorekin konforma gaitezke:

– Ele aniztasunaren aldeko apustuak aipatu, programak gaztelania hutsean bidaltzen dituzten bitartean.

– Bizkaiaren alde aurpegia ateratzen dutela esatea, Castron bizi diren bitartean.

– Gardentasunaren alde egingo dutela, [Enlace roto.] kobratzen dituztenean, inolako beharrik gabe.

Ustelkeria akusazioak beste batzuei bota, inolako oinarri sendorik gabe.

Eta abar…

Igandean politika egiteko modu honi bizkarra emateko lehen aukera daukagu. Aukera horri guk emango al diogu bizkarra?

Astakeriak kanpainan

Lau egun besterik ez, eta nahikotxo entzun behar izan ditugu dagoeneko.

Behin eta berriro errepikatzen dira, adibidez, Basagoitirenak: ETA gora, ETA behera, Bildu ETA da, EA eta ETA bildu dira, ETA, ETA… Bildu kaka.

Patxi Lopezen txilinbueltak ere oso ospetsuak dira: Bildu kaka baina “ongi etorri Bildu”. Gainera, esan du ez duela sekula Bildurekin hitzarmenik egingo. Bildu kendu eta PP jarri, eta orain dela bi urteko kanpainako esaldiaren hitzez hitzeko kopia aterako zaizue.

Hain ospetsuak ez diren beste bi politikariren perlatxoak dakartzat gaurko:

– Oskar Matute (Alternatiba, gaur egun, Bilduren barruan): “hitzarmen partidistak ikusiko ditugu Bilduri hautesleek emango dioten boterea kentzeko”.  Ez du gogoratu nahi, ordea, Bildu bera “sortu” zutenetik, hitzarmen partidista bat dela berez, EA, Alternatiba eta Ezker Abertzaleak osatutako hitzarmen partidista.

– Javier Maroto (PPren bozeramailea Gasteizko Udalean): “nik euskara maite dut, nire bigarren abizena Aranzabal da”.  Eta listo! Abizenei botere magikoak aitortu dizkie Maroto jaunak. Zer esan behar ote du bere alderdiko zati erlijiosoenak? Heresia bota du, ezta?

Umoreari erreparatu nahi badiozue bakarrik, oraindik hamaika egun geratzen zaizkigu barre batzuk botatzeko. Gauza serio hartu nahi izanez gero, tamalgarria da politikari batzuen hausnarketarako ahalmena.

Zoritxarrez,  to be continued…

PPSOE eta Alerdien Legearen “mierda” handia

Lasai, baliabide literarioa baino ez da izenburukoa, irakurtzen jarrai dezakezue zikintzeko inolako beldur barik.

Alderdien Legea eta Sorturen legalizazioaren gaiari bueltaka nabilkio azken egunotan, ez baitut mierdarik (merde, Iparraldekoentzat) ulertzen.

Gerta liteke ere nire ulertzeko gaitasuna mierda handi bat izatea, baina Alderdien Legea eta legalizazioaren kasuaren mierdaren hipotesitik abiatuko dut nire iruzkina, ahal den neurrian arrazoituz.

Ea ba, lehen urratsean, PPk eta PSOEk Alderdien Legea onartu zuten Batasuna legez kanpo uzteko terrorismoarekin lotuta daudelako, eta mundu horrekin ez dutelako garbi apurtzen.

Lehen urrats horretatik Batasuna eta Ezker Abertzalearen hainbat ilegalizazio dator. Tartean, antzeman egiten dira PSOEren gobernuaren keinu batzuk: EHAK Eusko Legebiltzarrean sartzea, udal hauteskundeetan ezker abertzalearen zerrenda batzuk bakarrik baliozkotu (ia-ia AHTren ibilbidean dauden udalerriak, kasualitatez).

Garai hartan, Ezker Abertzaleak terrorismoa eta indarkeria garbi salatu behar zituela esaten zen, hori zela baldintza joko demokratikoan berriz ere sar zitezen.

Bada momentua heldu eta Ezker Abertzaleak Sortu sortu (barkatu errepikatzea) zuen, gaitzespen eta guzti, garbi, estatutuetan. Momentu horretan, baldintzak aldatu egin ziren, eta hasi ziren esaten Batasunaren ondorengo garbia zela (buru pentsakor galantak), eta jakina, horrek ezeztatu egiten  zuela alderdiaren legezkotasuna. Bazirudien, hortaz, indarkeria gaitzestearekin ez zela nahiko.

Baina azkenik, eta Sortuk zenbat eta garbiago hitz egin indarkeriaren gainean, beste baldintza bat agertu zaigu ZP presidentearen patrikatik: ETA desagertu arte, oso zail izango du Sortuk legezko izatea. Eta lasai-lasai, txo.

Garbi dago, edo hala ikusten dut nik behintzat, Ezker Abertzaleak botere mugatua duela azken baldintza biak bete ahal izateko. Alde batetik, nola demontre ez dira ba izango Batasunaren ondorengo? Ezker Abertzalea da! Euskal Herriko soziologia ez da aldatu, baina ongi etorria izan bedi gizartearen zati baten hausnarketa prozesu baten ondoriozko egoera berri hau.  Eta beste alde batetik, ETA desagertu arte? Ez diot honetan Ezker Abertzaleak eragin ezin dezakeenik, baina hori bakarrik, eragin, inoiz ez da erabaki hori Ezker Abertzale osoaren esku egongo.

Inpresioa da lege malgu bat daukagula Alderdien Legearekin. Gobernuari (eta oposizioari) komeni ahala tira egiten da gomatik edo goma lasaiago utzi. ZER DA, orduan, ALDERDIEN LEGEAK BENETAN DIOENA????

A! Eta beste gauza bat. Balizko legalizazioari buruz presidenteak eta barne ministroak horrenbeste hitz egiteak kolokan jartzen du ere (berriro) Espainiako botere-banaketa.

Eta txaloak eman behar ditugu demokrazian bizitzeagatik, tortura kasuak ikertu ere egiten ez direnean.

Asteburu on.

Libre Dios al castellano de las atrocidades del euskera

Barkatuko didazue izenburua gaztelaniaz jartzearena, baina nik ere lehendakariak duen arreta deitzeko gaitasunari heldu nahi nintzaion.

Dagoeneko entzun edo irakurriko zenuten Patxi Lopezek euskararen gainean atzo botatako iruzkina. Bada ez bada, errepikatuko dizuet: “bortizkeriaren bukaeran […] euskarak bat egingo du behin betikoz askatasunarekin”. Hortaz, indarkeria dagoen bitartean, euskara horri lotuta egongo zaio, edo agian, hobeto esanda, horri lotuko DUTE.

Patxi Lopezek botatako astakeriaren ildotik, honakoak ere bota genitzake: “zezenketak desagertu arte, gaztelania ez da odol-jario horretaz libre egongo”; edo “frankistarik geratzen ez denean, gaztelaniak bat egingo du behin-betikoz askatasunarekin”. Kirtenkeria galantak, ez da hala?

Baina horrek guztiak badu, sinestezina badirudi ere, irakurketa larriagorik.  Patxi Lopezek honakoa zioen Euskararen Egunean (duela hilabete eta erdi) bere blogean bertan:  “Galderak eta liskarrak alde batera usteko garaia heldu dela uste dut” (“s” hizki hori ez dut nik idatzi).

Liskarrak alde batera utzi, baina oraindik gaur egun, euskara indarkeriari lotzen dio guztiona omen den lehendakari honek.

Guztiona beharko du izan, antza bere agintaritza, Irekiaren hitzetan, Qatarreraino hedatu baitu:

Gaur zuzenduta egon arren, atzo oraindik hori zeukan argitaratuta nire Irekia maiteak. Zelako begirunea dion Gobernu honek euskarari!

Garbi baino garbiago geratzen da Patxi Lopez eta bere gobernuaren ardura nagusiak zein diren:

1. Terrorismoaren eta indarkeriaren matraka ahalik eta gehien luzatzea, biktimismo horri azken tanta atera arte.

2. Publizitatea. Beste ardura batzuk dituztela saltzea, baina saltzea bakarrik, azpian ez baitago ezer.

Lehendakari honi euskara eta euskaldunok bost axola, arrazoi sinple batengatik: ardura minimorik izango balu, ez luke esaten duena esango; eta zer esaten duen ez badaki ere, arduragabekeria oraindik eta larriagoa da. Ba al da hori eztabaidatzerik?