Zer krisi eta zer kristo?

Asko dira Patxi Lopez eta bere gobernuak dituzten hanka sartze, gestio txar eta xahutzeen adibideak, are gehiago, aski ezaguna da lehendakariak komunikazioarekin (edukirik gabekoa) duen obsesioa.

Oraingoan, txanponaren bi aurpegi horiek batera azaltzen zaizkigu La Gacetan (bai, infernura joango naiz) irakurri dudan [Enlace roto.]: “Patxi Lopezek ezerezean uzten ditu bere langileak eta sare sozialak kudeatzeko pertsona bat fitxatzen du”.

Erakundearen komunikazio, publizitate eta harreman publikoetarako 150.000 euro aurrekontuan aurreikusi arren, 100.000 euro gastatuko ditu Lopezek community manager bat kontratatzen. Ez al dago Eusko Jaurlaritzan lan hori gai egiteko den komunikazio teknikaririk? Eta ez badago, ez al da merkeago izango Jaurlaritzan barne prestakuntzarako dirua gastatzea? Langileengan inbertitzea, alegia.

Baina tira, ez badago ezin da ezer atera. Gastuak murrizten ari da behin eta berriro Eusko Jaurlaritza (zerbitzu asko kinka larrian jarriz), kredituak eskatu eta eskatu dabil, oraindik ez dakigu noraino heltzen den zorraren dimentsioa, baina 100.000 euro dauzkagu kanpotik community manager bat kontratatzeko (ezaguna edo laguna izango ote da? Ez dakit).

Gobernu honen noraezaren beste adibide garbi bat. Animo, euskal herritarrok! Gutxiago falta da.

Euskararen “aldeko” kutresaltxitxerismoa

Bueno, bueno, bueno, bueno… Zelako burrunba sortu duten Leizaola Elkargoak egindako bideoek (sakatu hemen ikusteko).

Ez dakit merezi duen bideotan zer ikus daitekeen azaltzea, ikusi eta listo, nik gehiago jo nahi dut sakonean dagoen planteamendura. Suposatzen da bideo horiek euskararen erabilera sustatzeko eginda daudela, euskaraz bizi daitekeela erakusteko.

Benetan, helburua hori bazen, ez dakit nola demontre iritsi diren halako zerbait egin behar zutela ondorioztatzera. Ez naiz komunikabide batzuek leporatu dieten sexismoarekin sartuko, gai horretako muga oso fina izan baitaiteke; hori bai, mugan zaudela antzematen baduzu, zer beharrizan daukazu arriskatzeko? Baina tira.

Nire benetako kezka gehiago da bideoak berak ematen duen itxura. Badakit, kasu askotan, gauzei “made in at home” edo kasero itxura hori emateak xarma berezia ematen diola egindakoari, berezitasun puntu bat. Baina Leizaola Elkargoak egindako bideo hauen kasuan, hori ere mugara eraman dute: soinua ez da batere ona, eta are okerrago, euskararen naturaltasunik ez da inondik inora agertzen. Ondorioz, bideoa ikustean, hain behartuta dauden pertsonen hizketaldiak entzutean, auzo lotsa sentitzea automatikoa da, kutresaltxitxerismoa. Muturra okerturik ikusi ditut bi bideoen zazpi minutuak, nire bizitzako estoizismo ariketarik latzenetarikoa.

Ez dakit kanpaina nork ordaindu duen, antza Eusko Jaurlaritzak eman du diru partidarik handiena honetarako, eta badakit autonomia duen erakunde batek zer egingo duen aurretiaz kontrolatzea oso zaila dela, baina nire herriko erakundeen logoak bideo horien amaieran ikusteak ere… uf! Atzeraka eman dit.

Nik gomendio bat luzatuko nieke Leizaola Elkargokoei (teknologia berrietan interesik badute euren web orria berriztatzeaz aparte): mesedez, hurrengo baterako ondo pensatu; mesede egingo al dio honek euskarari? Bere helburua betetzeko aukerarik al du?

Eurek beraiek ikusi badituzte bideo hauek, badakite zeintzuk diren galdera horientzako erantzunak.

(Azken orduko ed.: YOUTUBEN JARRI DEN “EUSKALTEGI BITXIA” BIDEOA SARETIK KENTZEA ESKATZEN DU BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK)

Igande santuak

Beherapenak heldu dira, eta Gabonak igarota, kontsumo eroenaren atzaparretan berriz jausteko aukera ezin hobea dugu mutur aurrean.

Baina aurten, gure polemikarik gabeko Euskadi maitagarri honetan, istilua azaldu zaigu merkataritzan. Istilua zergatik? Ba dikotomia honekin laburbil daiteke gauza: erostea eskubide ukaezina da / Igandeetan irekitzea gizartearen alienazioan beste aurrera pausu bat da.

Sinplifikazio galanta da bota dudana, baina galdera-kate baten bidez eman nahi nioke nik aterabidea arazoari: zer gizarte eredu da sortu nahi duguna? Kontsumoan oinarritu behar al dugu gure ekonomiaren funtzionamendua? Krisiak ez al zuen ba frogatu hori eredu aldrebesa zela? Kontsumoan oinarritu behar al dugu gure aisialdia? Hori al da gure seme-alabei utzi nahi diegun etorkizuna?

Agian galdera horiek planteatzearekin atzerakoia izango naiz oso, baina atzerakoia zergatik? Familia defendatzeagatik, lanarekin uztartu ahal izateko; kultura eta sormena defendatzeagatik gure aisialdia pasatzeko modu konstruktiboena dela uste dudalako, kirolarekin batera; erostea gure beharrak asetzeko bete behar dugun ekintza bezala baino ez dudalako ikusten.

Jaun-andreok, Internet 24 orduz zabalik dago, astelehenetik igandera. Has gaitezen pentsatzen zerekin bete nahi dugun gure denbora librea eta zer eraiki nahi dugun denbora libre horretan.

Atzerakoia bada hori defendatzea, kontserbadorerik kontserbadoreena naiz, baina nire ustez, gizabanakoen eta gizartearen mesederako.

Rosa Diezen printzipioak edo Groucho Marxenak

UPyD-ren kanpainak ardatz nagusi bat izan du azken hauteskundeotan: hauteskundeen legea, hain zuzen ere alderdien ordezkaritza zelan banatzen den zehazten duen araudia.

Lege horren arabera,  kongresuko diputatuak lurraldeka banatzen dira. Hau da, probintzia edo herrialde historiko bakoitzak diputatu kopuru jakin bat eramaten du kongresura. Ez du balio alderdi batek Espainia osoan ateratzen dituen boto kopuruak, baizik eta lurralde bakoitzan ateratzen dituenak lurralde horretan bere ordezkaritza lortu ahal izateko.

Hori da UPyD eta Rosa Diezek kritikatu dutena. Adibidez, EAJk edo Amaiurrek baino boto gehiago izanda, ordezkaritza murritzagoa daukate. Baina Espainiako legeak bere lurralde guztiek ordezkaritza izatea bermatzen du. Gutxienez, horretan, asmatu egiten dute estatuan, eta horrela, Melilla bezalako gutxiengoak ez dira handiagoak diren populazioen menpe zapalduta geratzen.

UPyD-k, beraz, ez du ordezkaritza nahikoa lortu talde parlamentarioa osatzeko kongresuan. Baina hori lortu ahal izateko ez dute lotsarik izan eta Foro Asturias alderdiarekin (Álverez Cascosena) akordio batera heldu dira, bien artean taldea osatzeko.

Gogorarazi beharra dago, UPyD-k proposatzen duen hauteskunde legearekin, seguru asko, Foro Asturias alderdiak ez lukeela daukan ordezkaritza lortuko. Baina printzipioek ez dute garrantziarik dirua edo helburu jakin bat jokoan baldin badago, antza. Beraz, Rosa Díezek bere egin dezake Groucho Marxen esaldi ospetsu hura: “hauek dira nire printzipioak, gustuko ez badituzu beste batzuk dauzkat”.

Gainera, Rosak zera zioen hauteskundeen hurrengo egunean, ez zuela beste alderdi batzuen laguntzarik onartuko taldea osatu ahal izateko.

Lotsagarria.

Fernando Aramburu, alias Juaristi II.

Iraina ez da doan bakarrik ateratzen, ez, gainera saritzen da. Zeri buruz ari naizen? Ba hona hemen Fernando Aramburu “idazle” baskoaren esalditxo batzuk, [Enlace roto.] eman du elkarrizketa aurtengo Tusquets saria jaso ostean:

  • “el cura me retiró del grupo de forma sibilina sugiriendo a mis padres que aprendiese a tocar el tamboril, lo cual era un descenso de categoría. Los que sabían euskera podían aprender a tocar la guitarra” -> Listo! Hor dago guztiaren azalpena, umetako traumak jota dago, eta euskararekiko gorrotoa garatu eta perfekzionatu du urteetan zehar. Baina jarrai dezagun.
  • “Era una ciudad (Donostia) con orgullo cosmopolita que mantuvo el festival de cine, inauguró el de jazz… Tenía el deseo de ocupar un lugar en el planeta. Luego esto se perdió, sobre todo en la década 1977-1987, y el nacionalismo tuvo una responsabilidad en esa pérdida” -> Frankismoaren nostalgia, hortxe zeharka, baina bai, nostalgia.
  • “En el País vasco se mantiene la ficción de que existen lectores en euskera” -> onena da Mexikon bizi dela. Ez dut uste azalpenik behar denik, blog honek bakarrik irakurle gutxi batzuk ditu.

Gainera esaten du, [Enlace roto.] agertzen den bezala, 208 edo 503 euskal irakurle dagoela, asko jota, eta ez hori bakarrik, euskal idazleak diruz lagunduta daudela eta ez direla askeak. Galdetu beharko genioke nola dakien hori guztia ez bada euskaraz hitz bat ere irakurtzeko gai.

Baina tira, beti izango dira gure Jon Juaristi Maitearen jarraitzaileak.

Ni ez naiz fededuna… Hauteskundeen emaitzak ulertzeko gida

Baneukan gogoa hauteskunde orokorretako emaitzei heltzeko, baina gogoa eta astia, zoritxarrez, askotan ez datoz bat.

Ez zaituztet zenbaki potoloekin aztoratuko, askotarikoak ikusiko zenituztelako dagoeneko, bai ordea, zenbakien aurrean jartzeko filosofia eta jarreraren gaiari heldu nahi nioke.

Alde batetik, ahaztu gauza bat, ezabatu zuen hardiskatik, zenbaki batek, berez, ez du ezer esaten. Zenbakia bera baino inportanteagoa da zenbaki hori inguratzen duen testuingurua: aldi politikoa, lekua, joera, e.a. Hortaz, “alderdi batek xxxxxx boto irabazi/galdu ditu” bezalako adierazpen handien aurrean, lasai, eseri eta erreparatu, lehenik eta behin, adibidez, hauteskunde bat eta bestearen arteko parte hartzean egon den desberdintasunari. Zerbait aipatzearren, baina garrantzitsua, guztirako boto kopurua ere ez delako beti berdina.

Bestetik, eta gure Euskadira etorrita, koalizioen emaitzak aztertzerakoan ere, egiten ditugun batuketek  logika jakin bati jarraitu behar diote:

  • UPN eta PPren botoak batzen baditugu Nafarroan koalizioan joan direlako, zilegia da, eta berdin berdin balio du EAJ eta Geroa Bai koalizioarenak batzea (EAJ baitago barruan).
  • Gogoratu, bestalde, Amaiur Amaiur dela, eta ez Bildu edo Ezker Abertzale tradizionala. Beraz, Amaiurrek galdu edo irabazi duena batekiko edo bestearekiko, erreferentzia bat baino ez da, baina ez egia absolutua. Adibidez: Ezker Abertzaleak duen babes soziala ez da orain handiagoa (edo txikiagoa) emaitza zehatz batzuengatik, sentsibilitate gehiago gordetzen baititu koalizio honek. Kasu honetan, bereziki deigarria da Bilduren emaitzak ezin hobetu izana, Aralar gehitu denean proiektura. Baina nire aurreko argudiora itzulita, horren arrazoia testuinguruak emango digu eta hurrengo hauteskunde batzuetako emaitzek.
  • Bi garaipen mota daude hauteskunde hauetan: botoetan lortzen dena eta eserlekuetan lortzen dena, biak ala biak baliagarriak, eta biak bere esanahi sinbolikoarekin. Ez nituzke bata ala bestea gutxietsiko.

Laburbilduz, zenbakiek ez dute egia absoluturik ematen. Horregatik esaten da hauteskundeetan, maiz, guztiek irabazten dutela, baina egia esan, alderdi bakoitzak bere testuinguruan hartzen ditu zenbakiak, irakurketa jakin, eta ziur asko, baliagarria eginez. Kontuan izan, beraz, hauteskunde gau horretan, alderdietako liderrek euren jendeari hitz egiten diotela, ez horrenbeste gizarteari.

Horregatik, hain zuzen ere horregatik, iruditu zitzaizkidan hain deigarriak Iñaki Antigüedadek (Amaiur) gau horretan bota zituen lau hitz, jendaurrean, hitzaldia ematen ari zela: “gu ez gara fededunak”. Bere aurrean, eta inguruan, zeukan jendea ez zen bere betiko eta ohiko jendea, Ezker Abertzale tradizionala ez diren beste sektore batzuk zeuden. Zer aurpegi jarriko zuten Larreinak eta bere boz emaileek hori entzutean?

Amaitzeko, orduan, argi eduki gau horretan politikariek bere jendeari hitz egiten diotela, baina aldi berean, ez legoke gaizki politikariek beraiek ere kontuan hartzea bere jendea zein den.