Larreina vs. Antigüedad

Sal diezadatela nahi duten bezala, baina Antigüedad Bizkaiko zerrendaburu eta Larreina Gipuzkoako zerrendaburu ikustea koalizio beretik antagonikoa iruditzen zait.

Hemen ez naiz sartuko batak edo besteak duen ideologiarekin, baina nabarmen desberdina da. Iñaki Antigüedad Ezker Abertzalearen estandar onartuetara ondo egokitzen den hautagaia da, baina Larreina? Fededuna, Opusekoa… Ez dakit, begietara min ematen du.

Baina ez hori bakarrik, atzo bertan, Twitterren, honakoa botatzen zuen Eusko Alkartasunakoak Raxoi eta Rubalcabaren eztabaidari buruz:

larreina
Los dos han huido del problema fundamental de España: su modelo socio-económico, su estructura económica. No tienen modelo alternativo
08/11/11 00:26

Ildo horretatik, badirudi Larreinak baduela proiekturen bat Madrilen aurkezteko, Madrilen zer edo zer eztabaidatu edo aldatzen saiatzeko grina, identitate kontu mardulez gain. Baina Publico egunkarian, atzo bertan ere bai, Antigüedadi egin zioten elkarrizketari erreparatuta, bere hitzek Larreinarenak ezabatzen dituzte: “No vamos a Madrid a participar en la gestión del Estado, que en su propia esencia constitucional niega el derecho del pueblo vasco a decidir su futuro”. Ez doaz, beraz, ekonomiaz hitz egitera Madrilera.

Badirudi arazoak daudela Amaiurren proiektu garbi bat identifikatzeko, egitasmo zehatz eta garbiak. Ondo dago independentzia aldarrikatzea, ni ere horri lotzen natzaio, baina horrek bakarrik ez du balio. Ideiak behar dira, proiektuak, plangintzak, proposamenak, e.a. Eta Josu Erkorekak, adibidez, oso garbi dauka hori guztia, behin eta berriro errepikatzen baitu Euskadin eta Euskadirentzat egindako programa bakarra aurkezten duela EAJk. Gainera, badago programa hori non kontsultatu.

Euskal hautesleria nahasteko maniobrak asko dira, beraz. Ez bakarrik PPk eta PSOEk bipolarizatzeko asmo zital horrekin erakusten dizkigutenak, baita Amaiurrek ere hitz lodiak darabiltzanean aditzera ematen dituenak ere. Amaiurren musika abertzale askoren gustukoa izan daiteke, baina musikari hitzak ere jarri behar zaizkio, abestia ondo borobiltzeko.

Baina badirudi hautesleriak, Euskadin, Erkidego Autonomoan bederen, gauzak oso garbi dituela, eta [Enlace roto.]. Bakearen alde egindako lan eta ahaleginak balio duelako, ekarritako transferentziek ere zenbatzen dutelako eta EAJri esker Madriletik ekarri den diruak krisiaren efektuak lausotzen lagundu duelako.

Hori da musika eta letra edukitzea. Eta musika eta letra horren erritmoa, apurka, Nafarroara ere hedatzen hasiko da. Azkenean lana eta ideiak baitira baloratu beharrekoa, eta jendeak baloratzen dakiena, lehenago edo beranduago.

Eta hori guztia gutxi balitz, umore puntuarekin amaitzeko, uste dut Independentziarena aldatu eta zuzenean Espainia konkistatu behar dugula, behintzat Espainiako neska eta emakumeak konkistatu. Juer! Abertzale bat da Espainiako emakumeen politikaririk kuttunena. MERITAZO, URKULLU! Taldea eta guzti egin dute Facebooken, “Urkullu, queremos un hijo tuyu” XD

Nortasun kontua

Gernikako Estatutuaren efemerideak, bakearen testuinguruan, analisirako parada goxo eta ezin hobea utzi digu.

Alde batetik, eta Espainian lerrokatuta dauden alderdiei dagokienez (PP eta PSE), jokoz kanpo daudela argi eta garbi dago. Marko politikoa aspaldi zegoen gaindituta Euskadin, baina orain, ETA azkenik  tiroka ez dabilenean, oraindik ez dute jakin aro berrira egokitzen. Ez daukate proposamen berririk. Gutxienez, asmo eta begi onez hartu dute notizia.

Abertzaleei dagokienez, bestetik (EAJ eta Ezker Abertzalea, bere izendapen guztiekin), ilusioz beterik datoz oraina eta etorkizuna, eta ilusio hori gizarteari kutsatzen zaio. Futbol talde batek txapelketak irabazten dituenean zaleak ateratzen zaizkion bezalaxe, bake egoeran eta proiektu berriak mahai gainean, abertzaleak aterako dira kalera eta hautestontzietara zokoratuta zeuden izkinetatik.

EAJk, Iñigo Urkulluren hitzetan, [Enlace roto.] proposatu du 2015erako, erreferendumarekin. Konstituzioa estatu independente batek bakarrik izan dezake, eta atzo, Gernikako haritzpean, sinbologia karga guztiarekin, independentziaz hitz egin zuen Euzko Alderdi Jeltzaleak. Estonia eta Kroazia Europan diren bezalaxe, adibide eta guzti.

Amaiur osatzen duten alderdien kasuan, Bildu osatzen dutenek eta Aralarrek bi adierazpen ezberdin egin zituzten, baina mezua antzekoa: autodeterminazioa eta guztien arteko elkarrizketa, laburbilduz. Ildo horretan, badirudi, askori arraro egingo bazaie ere, EAJ haratago joan zela mezu politikoan eta zehaztasunean, ausartago azaldu zen. Hori bai, ez dago zalantzarik independentzia dela Ezker Abertzalearen helburua, nahiz eta atzo ez zen mezu nagusia izan.

Eta hor tartean, Rubalcabari zera esatea bururatu zitzaion, independentzia ez dela ezinezkoa.

Giro da, politikaz hitz egiten ari gara herri honetan, Euskadiren etorkizun politikoaz, nazioa zelan egituratuko dugun. Eta abertzaleen artean, helburua bat eta bakarra da, baina bideak zehaztu behar dira, moduak, nortasuna.  Hortxe egongo da desberdintasun nagusia, eta herri hau nondik zuzenduko den erabakiko duen xehetasuna.

NORTASUN kontua da.

Agur eta desohore

Egun historikoa bizi genuen atzo. ETAk, 30 urte berandu, azkenean “akabo” esan du. Agur esan dio tiroak jo edo bonbak jartzeari.

Gizarteak aspaldi emana zion bizkarra talde armatuari, eta talde armatuak ez zeukan beste erantzunik, ez zuen beste biderik, agur esan behar zuen, gero eta garbiago baitzeukan traba baino ez zela herri honen bidean, sufrimendua baino ez duela ekarri.

Hala ere, esaldi bakarra azpimarratu nahiko nuke ETAren adierazpenetik: “ETAk bere jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki du”. Gainerako guztia zarata baino ez da nire belarrietarako, honelakoak entzutean aspaldiko hozkirriak baitatozkit: “urte luzeetako borrokak sortu du aukera“. Aiiiiins!! Urte luzeetako borrokak sufrimendua eta politikaren frustrazioa baino ez ditu ekarri. Urte ilunak.

Orain aukerez beteta datorren unibertso mugagabea zabaltzen zaigu begien aurrean. Orain arte ez dugu jakin zehazki Euskadi noraino irits zitekeen, arrasto batzuk baino ez genituen antzematen, baina orain ez dago oztoporik bidean. Euskadik aurrera egingo du ongizatean, ekonomian, ezagutzan… ASKATASUNEAN.

Hemendik aurrera ez gara inoiz gehiago beldur izango, historia berriro hasten da herri honentzat.

Eskerrik asko bake konferentzian egon diren politikari eta agente sozial guztiei. Eta eskerrik asko, nola ez, antolatzaileei: Lokarri eta Paul Rios. Asko entzun dute azkenaldian, baina euren lanak erruzko ordaina jaso du. MILESKER!

Baina zergatik eskerrak eman ETAri? Zergatik izan behar zuen horren berandu? ETAk ez zeukan ezer antzezterik, eskerrak eman behar bagenizkio bezala agur esateagatik. Ez ba! ETA bidean zapaldu dugun gorotza da. Orain oinetakoen zola ondo garbitu eta lanera.

Agur eta desohore.

PP eta Ezker Abertzalearen leku egokia

Lehenik eta behin, beste ezer esan baino lehen, bidezkoa da Bake Konferentziatik atera diren bost puntu nagusiak hemen jasotzea, bake iraunkor eta bidezkoa lortzeko beharrezkotzat jotzen direnak:

1. ETAri dei egiten diogu bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragartzen duen adierazpen publikoa egiteko eta soilik gatazkaren ondorioez aritzeko Espainia eta Frantziako gobernuei elkarrizketarako deia egiteko

2. Adierazpen hori egingo balitz, dei egiten diegu Espainiako eta Frantziako gobernuei baiezkoa eman eta gatazka armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko

3. Adiskidetzean aurrera egiteko urrats sendoak ematera dei egiten dugu, biktima guztiak ezagutu, konpentsatu eta lagundu. Onartu emandako mina eta lagundu zauri sozialak eta pertsonalak sendatzen.

4. Gure esperientziak azaltzen digunez, askotan gatazkak konpontzeko orduan badira bake iraunkorra eskuratzeko lagungarriak diren aztertu beharreko beste gaiak. Ildo horretan, eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezen iradokitzen dugu, gai politikoak eta gaiarekin zer ikusirik dutenak eztabaidatzeko, herritargoa kontsultatuz, horrek guztiak gatazkarik gabeko aro berria sortzen lagun dezakeelako. Gure esperientziak azpimarratzen duenez, hirugarren parte hartzaileek, begiraleek edota laguntzaileek, elkarrizketa bideratzen laguntzen dute. Hemen ere, gatazkarekin zer ikusirik duten parteek horrela erabakiko balute, elkarrizketa nazioarteko laguntzaileen bidez ere bidera liteke

5. Iradokizun hauentzako jarraipen batzorde bat osatzeko prest azaltzen gara.

Euskal gizartean ilusioa piztu eta tunelean argia ikusten hastea ahalbidetzen digun horrek guztiak, mesfidantza baino ez du sortzen Estatuko sektore batzuetan, eta Euskadin sektore horien ordezkari direnen artean. Erakusgarri bezala, gaurko egunkari edo komunikabide batzuen azalaetatik ateratakoak doazkizue jarraian (ABC, La Gaceta, Intereconomía eta La Razón):

Titular horiek protagonista izan nahi duten batzuen hitzekin janzten baditugu, antzerkiaren parte handi bat eginda daukagu:

  • Mayor Oreja: “ETAk erailtzen ez badu, irabazten ari delako da” . Bere betiko adierazpen-tranpak.
  • Iturgaiz: [Enlace roto.].  Antza ez diote kasu handirik egiten eta momentua baliatu nahi du. Nürembergen jazotako zerbait gertatuz gero, ea Pandoraren kaxa irekitzen ari den eta bere alderdiari eragiten dion Frankismoaren garaiagatik.
  • Basagoiti: Konferentziak “oztopatu, zaildu eta atzeratu egiten du” ETAren porrota.
  • Patxi Lopezen kasuan, gogoratu behar dugu [Enlace roto.] dagoela. Antza ez dio garrantzia handirik eman atzoko gertakizunari. Ez dago egon  behar duen lekuan, baina tristeena berarentzat zera da, ez duela inork faltan bota.

Hortaz, ikus daitekeen bezala, horiek guztiak lekuz kanpo daude. Baina zalantzak dauzkat nik Ezker Abertzalea ere ez ote dagoen leku desegokian. Gaur Floren Aoizek Gara egunkarian idatzi duen artikulua irakurtzen ari nintzela, tripek abisua eman didate: kontuz!!! Bake konferentzia al zen ala etekin politikoa ateratzeko aitzakia? “La era está pariendo un corazón vasco” izenburua jarri dio Floren Aoizek bere artikuluari.

ETAren amaieraren momentua da, ETAk armak uzteko momentua, ETAk gu bakean uzteko momentua. Gero gerokoak. Orain ETAren amaieraz bakarrik hitz egiten badugu, etorkizun laburrean politikaz hitz egin ahal izateko oinarri sendoak jarriko ditugu, zalantzarik gabe.

Hori dela-eta, berriro ere, Iñigo Urkulluren jarrerarekin geratzen naiz: [Enlace roto.].

Espainolez! Ni mersedes, ni hostias

Zer txarrak eta gaiztoak diren katalanak, euren hizkuntzez errotulatzen ez duten merkatariei isuna jartzen baitiete. Gainera, ez da hala. Aurretik hartutako konpromisoarekin betetzen ez dutenei, diru-laguntza kentzen omen diete. Baina tira, txikikeriak.

Zer txarrak eta gaiztoak garen euskaldunok, behar den moduko lehendakari bat etorri behar izan zaigula (Patxi Lopez alegia) euskal merkataritzaren gainean zegoen Damoclesen ezpataren mehatxua behin betiko uxatzeko. Hemengo merkatariei ez zaie isunik jarriko euskara mespretxatzeagatik, zelan ba? Gainera, merkatari handiei exijitzen zitzaien, Kortingles, Sara, Kalefur eta antzekoei… Horiek onak dira, horiek enplegua sortzen dute, eta euskara jarri behar al da baldintza bezala espainolez bakarrik mintzo direnek lan egin ez dezaten? Zer intoleranteak diren euskaldunak…

Ba bueno, badirudi espainiar estatuan ez direla erdipurdiko kontuekin edo epelkerietan ibiltzen, eta espainola defendatu behar bada, isun kolpeka defendatuko dute eurek, hain zuzen ere Euskadin eta Katalunian kritikatzen duten gisara. Irakurri berri hau: [Enlace roto.].

Baina betiko istorioa da, Euskadin balio ez duenak balio du Espainiako leku askotan, eta ez du inork txintik ere esango: autobus gidariei ingelesa exijitzea oposaketa ateratzeko Kanariar irletan, Valentzian kartelak valentzieraz jartzea bakarrik, Erkidego berean valentziera “inposatzea” eskoletan, e.a.

Euskadin euskaraz mintzo garenok, aldiz, matraka barneratuta daukagu zoritxarrez: en castellano, por favor. Eta askori, mesedez eskatzea ere kostatzen zaie.

Gezurrak legebiltzarrean

Patxi Lopez buru belarri aritu da gaur bere diskurtsoarekin Legebiltzarrean. Ohiko “bla, bla, bla” hutsalaz aparte, gauza batek deitu dit arreta ikaragarri. Irekiak honela jasotzen zuen bere Twitter kontuan:

Horiexek lehendakariaren hitzak, eta hitz horiek, bi gezur estaltzen dituzte. Alde batetik, ez da egia Ezker Abertzalea legala denik. Sortu alderdiaren kasua oraindik ez da argitu, eta argitu bitartean, ilegala da Ezker Abertzalearen alderdi hori. Gainera, egon badago zerrendetan aurkeztu ezin diren Ezker Abertzaleko kide asko, zerrenda horiek “kutsatzen” dituztelakoan. Hortaz, legaltasuna azpimarratzea, hori guztia Bilduren legaltasunaren azpian estaltzea da, eta gogora dezagun, gaur egun, Bildu beste bi alderdik osatzen dutela: Eusko Alkartasuna eta Alternatiba.

Beste alde batetik, demokrazia eta zuzenbide estatua gailendu direla esan du Lopezek. Hori orain onartzea, bada azken urteotan demokraziak eta zuzenbide estatuak funtzionatu ez dutela esatearen pareko, baina are gehiago, Sortu legez kanpo dagoen bitartean ere, ez dago baieztapen hori inondik inora hartzerik. Gainera, jakin badakigu, Bildu legeztatzea Zapatero eta Iñigo Urkulluren arteko berbaldi eta negoziaketen ondorioz gertatu zela, eta horiei esker, Espainiako demokrazia eta botereen banaketa airean utziz.

Ez dakit zein den Lopezen jokoa, baina argi dago egia esatea ez dela bere planen barruan sartzen.  Orduan, presoak hurbiltzearen aldeko jarrera adierazi duenean, zer esan du? Egia ala gezurra?