Navarrismoaren gidaria

Migueliko Sanzen emariak ez du hondorik. Iturri agorrezina dugu berau, euskaldunon edota euskal hiztunon zoritxarrerako baina.

Nafarroako Erkidegoak duen presidenteak euskararen kontra ez duela ezer dio, baina harroputz ageri da bere gobernuak aurrera daraman hizkuntz politikarekin.

Milaka herritarrek euskararen alde manifestatzeak, antza, ez dio ezer esaten Sanz jaunari, ez dio hausnarketarako arrazoirik erakusten.

Baina adierazpenik mingarrienak, hotzenak, larrienak, pozoiz lepo daudenak hauexek dira: “euskararen gaineko ardurarik ez daukat, denbora okupatzen dit bakarrik”.

Gaztelaniaz esanda, ez dirudi hain latza (“el tema del euskera no me preocupa, me ocupa”), baina euskaraz eman eta gero agerian geratzen da hitz horiek gordetzen duten guztia, eta gorroto hitzak ongi baino hobeto laburbilduko lukeena.

Nafarrek benetan merezi/nahi al dute euren berezko hizkuntza horrela zapaltzen eta mespretxatzen duen agintaririk? Neronek ez diot zentzu handirik ikusten, eta horrelako utzikeriak salaketa ozena, garbia eta sendoa behar luke nafarren eskutik.

“Linguae vasconum, linguae navarrorum”. Aspalditik datorkigun esaera horrek gordetzen du mami oro.

Nafar euskal hiztunen eskubidea delako, euren hizkuntza ere badelako.

Euskara kirolean, euskara Nafarroan

Pozgarria da asteburu honetan ikusi dugun irudia bezalakoak ikustea noizean behin. Gainera, non eta Nafarroan.

“Paz de Ziganda” ikastolaren aldekoa da 2010eko Nafarroa Oinez. Urteroko jai horretan laguntzeko, Osasunak, Errealak eta Athleticek euren harri koskortxoa jarri dute. Asteburuan, beteranoen txapelketa jokatu da Txantrean (Iruña) helburu bakarrarekin: euskarari bultzadatxoa ematea.

Euskal Herriko talderik garrantzitsuenak horrelako ekimen batean baturik ikustea ez da txantxetarako kontua.

Dena dela, eta zirikadatxoa sartzeko ere, faltan botatzen da lehen taldeek euren konpromisoa agerian erakustea. Sekulako indarra emango lioke mezuari, euskarak behar duena emanaz: freskura, garrantzia, konpromisoa eta identifikazioa gazteekin.

Oso ondo, bikain, baina gehiago nahi dugu. Bihoaz bide honetatik.

Nazkatuta lehendakariaren errespetu faltekin

Ez nuke lar luzatu nahi, Patxi Lopezek esandakoa berez azaltzen baita:

(euskara klaseak) “Ikasten ari naiz, ikasten ari naiz. Beno, ni Ezkerraldekoa naiz, euskaraz inoiz hitz egin ez den zonaldea. Eta euskara konplikatua da. Gainera, piper ugari egiten dut klaseetara”.

1. Ezkerraldean ez dela inoiz euskaraz hitz egin? Jakinaren gainean gaude, Patxi Lopezen ikasketa maila ez da oso altua, baina halako baieztapen txoroa egiteko ausardia izateko arrazoi bakarrak egon behar du: ezjakina izateaz gain, lelo galanta behar du izan.

2. Euskara konplikatua da. Ai! Noiz arte entzun behar al dugu hori? Konplikatua norentzat? Konplikatua zerekin konparatuta? Japoniar hiztun bat hartuko bagenu, zein litzateke berarentzat zailago? Euskara ala gaztelania? Gehienetan borondate kontuan datza gakoa.

3. Piper egiten du klaseetara. Zenbat ateratzen zitzaizkigun klase horiek euskal herritar guztioi? 36.000€ urtean? Dirua zulotik behera bota behar al dugu?

Okerrena da bere axolagabekeriari begiratu behar izatea. Lehendakari honentzat euskaldunok ez gara ezer, euskaraz bizi nahi dugunok mespretxua edo ezaxolakeria merezi ditugu; barrerako motiboa baino ez gara, grazia egiten dion zerbait.

Hori bai, “power balance” eskumuturrekoa harro erakusten digu argazkian. Antza timo horientzako lekutxoren bat uzten dio bere astiak.

Hori guztia beste bat gehiago baino ez da, baina pazientzia bukatzen ari zaigu asko eta askori. Errespetua merezi dugulako, hori baino ez bada.

Lehendakari jauna, bihotz-bihotzetik, ZOAZ PIKUTARA. Niri ez didazu grazia putarik egiten.

Propaganda sistema. Nahia eta ahalmena ez dira berdin

Euskadiko Elkarte Autonomoko gobernuaren propaganda aparatuak, El Correok hain zuzen ere, honako albistea argitaratzen du gaur: [Enlace roto.].

Nik “nahi” hitz hori azpimarratuko nuke titularrean. Albistea, izatekotan, legealdia amaitu eta orduan, benetan, zenbat gobernu-ekintza atera duen aurrera ikustea bailitzateke.

Nahia eta ahalmena ez datoz beti bat. Orain arte ahalmen eskasa erakutsi du gobernuak, eta hitzek ez dute herritarron gogoa asebetetzen. Ekintzak gauzatuta ikusi nahi ditugu.

Baina badakigu zein den Lopezen lehentasuna, Ibarretxerekiko konparazioan irabazle ateratzea. Zail du baina, lanaz ari garela, konparazio horretan egungo lehendakariak aurrekoari aurrea hartzea.

Ondo dago asmoak entzutea, bazelako garaia bide batez. Urtebete baino zertxobait gehiago pasa da gobernura jauzia eman zutenetik, eta atzo aurkeztu zuten behingoagatik euren “plangintza”.

Zailena dute aurretik, ekintzak abian jartzea eta lana erruz egitea ekintza horiek edukiz betetzeko. Ikusiko dugu.

Gainera, jakin badakigu lehendakariarentzat atzo beltza zena, gaur zuria dela. [Enlace roto.]

Bien bitartean argi dago propaganda makinaria bere lana egiten ari dela, barrutik hutsik dauden albisteei sekulako garrantzia emanaz.

A! Bukatzeko, eta ahaztu barik, gobernu-ekintza horien artean ez dut euskara sustatzeko bakar bat ere ikusi.

Emaguzu gaur gure eguneroko ogia…

Zazpi urte Egunkariarekin

Atzo eta gaurko komunikabideek esandakoari erreparatuta, gauza gutxi dago gehitzeko “Egunkaria” epaitzaren gainean.

Askotan gertatzen den bezalaxe, ahoa bero-bero jarri zitzaien batzuei orain zazpi urte zentzugabekeria hau guztia hasi zenean. Jakina, horiek ez dute zertan atzera egin, berbak haizeak eramango balitu bezala… Baina adibideak banaka batzuk dira.

Kasu honetan argi geratzen da gurutzada ez zela terrorismoaren kontrakoa, gurutzada abertzaletasunaren kontrakoa zen. Abertzaletasunaren zantzu guztiei buru-berokia jartzen diete, aizkora eta sugea. Arerio politikoa deuseztatzeko argudiorik ez badaukazu, iraintzea baita irabazteko biderik errazena, eta irainari estalki legala jarriz gero… suziriak!

Tristeena da, azkenean galdera hau egin behar izatea zeure buruari: “eta euskarak zer ikusi dauka honekin guztiarekin?”. Herri honetan euskara eurena ere badela onartzen ez duten bakar batzuk dauden bitartean, ez dugu aurrera egingo. Euskara politizatuta bizitzera kondenatuta dago.

Zertara datoz, hala ez bada, Antonio Basagoitiren azken burutazioak ETB1ekin? Azpitituluak gaztelaniaz jarri? ORAIN? Non eta ETB1en? Orain arte ez dut entzun edo ikusi ETB2n azpitituluak euskaraz jartzeko proposamenik.

Halakoak dauden bitartean, ez da harritzekoa ere honakoak sufritu behar izatea: Egunkariako zuzendarien absoluzioa atzera pausua da (García Casquero, AVT). Biktimek, zelan ez, errespetu osoa merezi dute eta solidaritaterik zintzoena, baina biktimak izateak ez die arrazoia ahoan jartzen Jainkoaren iluminazioa bailitzan.

Berba horiek mingarriak dira, ia herri oso bat eurekin izan duten auzipetuen kontrako iraina, eta luzapenez, guztiok aho bete hortz irakurtzen ditugu, bihotza erreta.

Zer da hemen okerrena? Askotan egin diot honako galdera hau neure buruari, eta ez dut nik erantzunik emango: nola balora dezake euskaraz ez dakien batek euskaraz soilik egina dagoen zerbait? Nondik ateratzen du atrebentzia hori?

Hori da euskaldunon zama. Eta atzo emozio guztiak pil-pilean zeudela, sei urte igaro eta gero, Patxi Lopezek honako hau esateko astia zeukan bakarrik Twitter bidez (bai, gaztelaniaz):

Hutsaren hurrengoa.

Duintasuna, traizioa eta gainbehera

Hiru hitz eta hiru azalpen azken egunotan ezer idatzi barik egon ostean ateratako ondorio batzuei buruz.

Duintasuna: Ramon Etxezarretak izan duena, duela gutxi arte Hizkuntz Politikarako sailburuorde izan dena. Kargua utzi du. Zenbaiten curriculuma hor dago, eta Etxezarretaren euskaltzaletasuna ezin dugu kolokan jarri. Zergatik utzi ote du ba Gobernua? Duintasunagatik.

Euskaldunon hizkuntza maite ez duen gobernua ezin da euskaldunon gobernua luzaroan izan. Zure helburuen etsai dituzun “lagunen” artean lan egiteak zeharo nekagarria izan behar duelako, orain arte erakutsitako ibilbidea suntsitu baino lehen, hobe delako barkua garaiz uztea.

Sozialisten lelo lerdoak zioenari jarraiki, “Euskara eta libertadea“, ahalik eta azkarren euskara eurengandik aldentzeko askatasuna da hauek gordetzen dutena.

Traizioa: duintasuna erakutsi arren, Etxezarretak [Enlace roto.] ematea espero genuen batzuek. Ez zela ondo ahokatzen, baina sakoneko desberdintasunik ez zegoela bere lankideekin azaldu zigun. Jatekoa ematen dizun eskuari haginka egitea badakigu ez dagoela oso ondo, baina ez badago sakoneko desberdintasunik ez da dimititzen, lan egiten da eta kideak konbentzitzen saiatu. Traizioa ekidin nahi izan du hortaz. Hala ere, seguru nago bere alderdi ingurukoek Etxezarretaren konbikzio eta usteei traizio galanta erakutsi dietena.

Gainbehera: Lopezen gobernuarena. Azukre koskortxo bat lez urtzen ari zaio [Enlace roto.]. Jendeak alde egiten dio, lekualdatzeak daude, berregituraketa nahikotxo akaso, e.a. Hori gutxi ez balitz, inkestak gero eta okerrago doazkio, eta Aste Santuan atera behar izan dute azkena, informazioa herritarroi ahalik eta gehien ezkutatzeko asmoz. [Enlace roto.] ere horretaz konturatu dira, fidel jarraitzen dute, baina korneta tokeak hasi egin dira.

Baina zer demontre! Beste batek esango zukeen moduan “El País Vasco va bien”. Eta nik zera gehituko nioke: “sabórealo”.