Gaurko egunez hasi zen Iñaki hemen idazten 2013an; hiru urte joan dira beraz dagoeneko. Ez nuen ospakizun handirik espero eta halaxe izango dela baieztatu dit, aurreko urteetan bezalaxe; ezohiko sarrera batekin zorionduko nau berak, 2014an eta 2015ean bezala. Are, iaz esandako kontu berberak errepikatuko lituzkeelakoan nago horrela egitea gustatuko balitzaio. Baina badakit beti ukitu berezi eman nahi izaten duela, baita nire kasuan ere.
Ez dakit beste inor gogoratuko den nitaz; “anaia nagusia” akaso. Baina hemen nago, nire txikitasunean, blogosfera herri zabalean eta Deiako auzo blogosferikoan.
Egia esan, oraindik orain nirekiko zalantzak dituela sumatzen diot; isiltasun-tarteak izan ditudala argi dago eta Botxotik Ziberespaziora baino gazteago izanagatik, edo horregatik agian, ez naiz bestearen mailan hazten; apurka-apurka segitzen dut nire bidea egiten. Ez dut zarata handirik egiten, ezta polemikarik sortarazten ere. Emeki-emeki noa. Iñakiren hasierako hautuari bere horretan segitu dio: euskara dut hizkuntza eta hezkuntza, zentzu zabalean, gai eta esparru.
Hala ere, pozik nago. Hiru urteko ibilbidea bada denbora blog batentzat; 2007an egindako ikerketa batean 15 hilabete inguruko batez besteko iraupena zutela ondorioztatu zuten eta harrez gero blogen bizitza zaildu egin dela iruditzen zait; beste batzuen ustez, % 95a ez da lehen urtera heltzen. Gainera, propio sortzen ditu gehienetan edukiak hemen jartzeko. Itsaso zabalean tokitxo bat dudala pentsatzen duen bitartean behintzat, itsasoan urak handi direla ahaztu gabe.