Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan

“Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan”. Horixe da 2020ko Euskaraldiaren leloa. Honez gero jakingo duzu zertaz ari naizen, ezta?

Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko* hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da”. […] helburua da gure hizkuntza ohiturak aldatuz euskararen erabilera handitzea, gutxieneko baldintza euskara ulertzea izanik.

Zer da Euskaraldia? Webgunetik jasotako testua.

Hitz teknikoagoak erabiliz, muda linguistikoa kontzeptua datorkit burura: “hiztunen bizitzan zehar jarrera linguistikoetan ematen diren aldeketei deritze muda linguistiko“.

Ez dakit 2018ko ekitaldiarekin alderik egongo den; etorriko da balorazioen unea. Egia badiotsut, ez dakit zein esaera beteko den: “ez dira bigarren aldiak inoiz onak izan” edo “bi ezkero, hiru seguru” (Cervantesen Refranero Multilingüetik hartuak). Besteak beste, pandemia-egoerak baldintzatuko duelakoan nago: harremanak murriztu behar badira… agian etxealdia hartu beharko da kontuan, edota Interneteko itsasoan(etan) euskararen erabilera.

Halakoetan nenbilela, hortaz, Sarean ahobizi eta belarriprest horiekin batera (edota horien ordez, ahozko harremanen garrantziaren eta erabileraren arabera) hatzbizi eta begiprest bururatu zitzaizkidan. Kontu berria izango zelakoan, bilaketak egiten hasi bezain laster hainbat erreferentzia agertu zitzaizkidan, horiek eta gehiago, lehendik zetozenak; besteak beste, @andonimalax-ek ere egin mahaigaineratu zituen 2018an. Beste zenbait proposamen ere aurkitu nituen, eskubizi, lumalari eta begialai, esaterako. Are: traol-hitz gisa ere aurkituko dituzu Twitterren; #begiprest, adibidez.

Bitartean, txoko honetarako ez dut muda linguistikorik planteatuko, eta, sarritan esan dudan legez, maratoia bailitzan, nire aletxoa ekarriko dut lantzean behin, ahalik eta euskararik txukunean, Interneteko itsasoan tantatxoak baino ez direla izango jakin arren.

Euskara Interneten

Euskarak Interneten ere bizirik iraun behar duela ez dut kolokan jarriko, jakina. Izan ere, hor ditugu egungo plaza nagusietako batzuk (herrixka globalarena, agian, labur geratu da) eta garai batean aurrez aurre egiten ziren solasaldien esparru berriak puri-purian daude. Ekimen ugari egin da eta egiten da hasieran esandako helburuari begira. Horretarako adierazleak ere baliatzen dira. Alderdi honetatik, ez dakit zein mailataraino izango den baliozkoa sumatu dudan gertaera bat. Baina nolabaiteko arrakastaren zantzua badela iruditzen zait.

Nork ez du jaso bere e-postaz ukaezina dirudien herentzia, sari, negozio edo antzeko zerbaiten berri? Eta zein hizkuntzatan heldu zaizkizu horrelako mezu susmagarriak? Hasiera batean ingelesez, nik uste; geroago, gaztelaniaz ere bai, baina akats nabariak zituzten testuak baliatuta. Testu horiek, dena den, gero eta egokiagoak direlakoan nago. Halaber, mezu susmagarriena aipatu nuen batean, hizkuntzari erreparatzea garrantzitsua zela esan zidan adiskide batek.

Sustatu-n irakurri nuen sarrera: Euskarazko spam neuronala, hau bai kalitatea! Laburbilduz: mezu susmagarriak euskaraz ere bidaltzen dituzte honez gero. Esparru zabaletan ari diren batzuek gure hizkuntza ere kontuan hartzen dutela ematen du; ondo ari gara. Txanponaren beste aldea: ez fidatu euskaraz dagoen guztiaz. Adi, beraz.

Portzierto. Aurrekoan Hizkuntzen Nazioarteko Egunaren berri eman nizun. Egun batzuk geroago, itzulpengitzarena izan zen. Hala ere, ez dut uste mezu susmagarriena ospakizunen artean egongo zenik, ezta?

Adin txikikoak eta Internet

Herenegun, otsailaren 9an alegia, izan zen Internet Seguruaren Nazioarteko Eguna.  Interneten eta teknologien erabilera segurua eta arduratsua sustatzeko ekimenak antolatu ohi dira horregatik. Gure inguruean, esate baterako,  Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak lehiaketa bat antolatu du (#SID2016Lehiaketa traola erabiltzen dute), baita Egonline webgunea abian jarri ere, Zeuk Esan ekimen orokorragoaren euritakopean.

 Honako mezua ematen dute aurkezpenean:

Internet, teknologia berriak eta sare sozialak ez dira ez onak, ez txarrak; eskaintzen dituzten abantailak edo desabantailak tresna horietaz egiten dugun erabileraren araberakoak dira. Horregatik, garrantzitsua da gizarte osoa konprometitzea, hezkuntzan tresna digitalak segurtasunez eta erantzukizunez erabiltzeko.

Adingabeek gure laguntza behar dute, tresna digitalak segurtasunez eta arduraz erabiltzeko garatu behar duten zentzu etikoa eta morala eskuratzeko; baina, horretarako, geuk ere jakituria eta ezagutza behar ditugu.

Ikuspegi hori garrantzitsua iruditzen zait, eta pozgarria aldi berean; alderdi positiboak eta mehatxuak adierazten dira,  eta ez azken hauek bakar-bakarrik. Horrez gain, gurasoentzat materiala zein aholkuak eskaintzen dituzte, gure umeak umezurtz digitalak izan ez daitezen. Halaber, egokiago ikusten dut informazio-iturria Ertzaintza edo polizia ez izatea,  orain dela urtebete eskas idatzi nuen bezalaxe. Nahiz eta ez dakit arlo honetan ere bikoizketarik ez den emango.

Zuzenketaren pare bat egingo nioke, nire “mamuetako” batzuen araberakoak direnak, seguruenik. Adibidez,  “berriak” adjektiboa teknologiekin lotzea ez dirudiela oso egokia; izan ere zer da berri eta noiz arte? (esaterako, ixtear omen dagoen Tuenti zerbitzurako lotura ematen dute ekimenean). Edo sare sozialak baino, sare sozialen gune eta zerbitzuak aipatzea egokiago ikusten dudala azken boladan, ziberespazioaren bitartez gauzatzen eta garatzen ez diren sareak ere baditugulako pertsonok.

Laburbilduz, atseginez jaso dut Jaurlaritzaren oraingo proposamena; nik txoko honetan proposatutakoekin eta hitzaldiren batean adierazitakoarekin bat dator. Seguruenik ez irakurri didatelako, zentzuzkoa delako baizik.

Den organistarik haundiena, xixtulari txar izaiten ahal

Ez dakit zer pentsatu duzun gaurko izenburuarekin, baina berriki Mercè Gisberti entzun nion bezalaxe, hezkuntza arloan antza edonork dauka bere burua aditutzat.

José Antonio Marinari aditu nion esaera afrikar hura, haurra hezteko tribu osoa dela beharrezkoa. Ados. Hala ere, ulergaitza zait, hezkuntzaz dudan ikuspegitik behintzat, “polizia hezitzailea” rola. Alegia, bestelako zeregin garrantzitsuagoak dituztelakoan sumatzen dut (eta dituzte horretan, “polizia” bat baino gehiago badugu inguruan, gainera)

Izan ere, Ertzaintzak ikastetxe batean emandako hitzaldi baten berri izan nuen (hitzaldi arrakastatsua, ustez). Ikastetxea azken boladan hedabideetan sarri agertu zaigu, gainera, gauzatzen ari den aldaketa metodologikoa dela-eta. Ezetz asmatu hitzaldiaren gaia? Bai, horixe bera: Interneten eta gizarte-sareen arriskuak, cyberbulling-a eta sexting-a, Sareko jazarpenari nola egin aurre… Egia da ez naizela hitzaldi horietara joan eta egia ere bada onak zirela esan zidatela. Bat nator, bisturiarekin edo labanarekin bezala, Interneten erabileran dagoela kakoa, baina alderdi batean jartzea arreta eta indarra ez zait egokiena iruditzen. Eta poliziaren ikuspegitik hitz eginda, zigorrari eta isunari beldur, hezkuntza motibazioekin eta balore jakinekin uztarturik dagoela kontuan izanda… bide hoberik badagoelakoan nago. Are, auskalo “alderdi iluna” dastatzeko gonbite izkutuari erantzungo zaion gaztearen aldetik, arauak hausteko motibazioa indartuta.

Egun bertsuetan, hain arrakastatsua ei den @policia deritzon tuiter-erabiltzaileak (Polizia Nazionalaren community managerra edo) idatzitako txio batekin egin nuen topo (eta erantzun ere bai, berak ez bezala). Kontrolatzeak baino gurasook ematen dugun ereduak indar eta arrakasta handiagoa duela uste dut; bestela esanda, noiz eta zertarako erabiltzen ditugu telefonoak? geuk bai filosofia ikasteko ala? Eta, aurreko adibidean bezala, antzeko iturburua du informazioak.

_MG_5120_opt
Hitzaldiaren bideoa: http://youtu.be/cZGvkmP5vKU

Haurrak ez daitezela “umezurtz digitalak” izan adierazi nuen jada; egoera kontrolatzeko asmoz euren atzetik joatea iruzur modu bat ere izan daitekeela –eta zaila gainera– eta hobe dela bidaide izatea. Ez ninduke harrituko kontrolari aurre egiteko gaztetxoak bere sareak baliatzea. Azken finean, ziberespazioa espazioa ere bada eta gaztea, gazte.


Sarrera honen bertsio bat gazteleraz, Zapatero a tus zapatos

Interneten idaztea eta hezkuntzaren esparruko blogak

Abuztuan Felipe Zayas-en berri eman nizun hemen. Orduan adierazi nizun bezala, irailean berriz hurbildu zen guregana. Eta halaxe izan zen. Honekin batera duzu berak Interneten idazteaz eta hezkuntza esparruko blogez aurkeztutakoa.

 

Hori bai, ez zuen hau aipatu 😉