XXI. Agiña memoriala, Ez dok amairu

Urriaren hirugarren astean, urtero bezala, Agiña Memoriala antolatuko du Jatorki Abesbatzak larunbatean. Eta sustatzaile eta lehenengo zuzendari izan zuen Andoni Arregi gogoratzeaz eta omentzeaz gain, Ez dok Amairu taldea gogoratu eta omenduko du aurten, mugimendu horretako kideen musika eta emankizunak baliatuta.
Historia gogoan izatea ez da ariketa txarra, eta musikaren bidea da horietako bat. Historiak eta musikak bat egiten dute sarri, eta honela ikusten dugu Agiñan, besteak beste. Eresoinka izan zuen gai iazko saioak eta jauzi txiki bat eginez, XX. mendeko 60-70 hamarkadetara iritsiko gara aurten.
Garai haietako abestiak gaur egungo musikarien ukituarekin ezagutu edo berriz gozatzeko aukera paregabea, beraz, Bilboko Atxuri auzoan dagoen Gizakundearen Elizan, urriaren 20an, iluntzeko 20:15ean.
Honako hauek izango ditu kide etzi Jatorkik: Unanue Kamara KoralaMario Lerena piano-jolea eta 3 Taula Txalaparta Ekimenak. Ni neu ere tartean izango nauzu.

Eresoinka, 1937-2017

Laurogei urte bete dira aurten 1937an,  gerra garaian beraz, Eusko Jaurlaritzak Eresoinka taldea sortu zuenetik; Euskal Herriko enbaxada kulturala izan omen zen une latzetan, egoerak behartuta ekimena ahitu zen arte.

Omenaldi gisa, garai hartan kantatutakoak eta dantzak ikuskizun batera biltzea bururatu zitzaion Jatorki Abesbatzari urtero Andoni Arregiren omenez antolatzen duen Agiña memorialerako; XX. urteurrena beteko duen Memoriala, hain zuzen (XVII.aren berri ere eman nizun hementxe bertan).

Hau honela, Jatorkiren ahotsetan eta Olaeta Ballet Elkartearen kideen musika eta dantzekin, bi omenaldi batera ikusi eta entzuteko aukera bihar, Bilboko Atxurin dagoen Gizakundearen elizan, 8:15ean hasita.

Proiektuak bizirik iraun zuen bitartean Eresoinkak eman zituen hiru kontzerturen inguruan ardaztuko da ikuskizuna (Sare, Paris eta Londresekoak), irudiak eta soinuak lagun; bukaera gisa, Usandizagaren “Mendi mendiyan” lanaren zati bat eskainiko dute, Mario Lerena pianojolearekin batera.

XVII. Agiña Memoriala, Andoni Arregiren oroimenez

Bihar eta etzi ospatuko da XVII. Agiña Memoriala. Andoni Arregi zenaren omenez antolatzen du urtero-urtero Jatorki abesbatzak udazken partean.

1998an hil zen Jatorkiren sortzaile eta zuzendari izan zen Andoni Arregi. Harrez geroztik, eta omenaldi xume bezain sakona eskainiz, Agiña memoriala antolatzen du taldeak. Izena, 1974an Andonik berak egindako lan batetik dator, Zutik! izenekoa. Zuhaitz horren irudia goraipatu zuen, bizitzarako eredu gisa jarriz: “ixil, apal, baña… zutik”

Neuk ere irakasle eta maisu izan nuen Andoni, hamaika urtez jarraian abesbatzeko kide izan nintzen-eta, solfeo-ikasketak bukatutakoan. Garai hartan, solfeo zen, teoria eta guzti, ikasten genuena, edota irakasten zigutena, ez egungo eskolaz kanpoko jardueretako musika-hizkuntza.

Hasieran ez zegoen oso seguru, gazte edo ikusten ninduen taldean aritzeko, baina urteak eman nituen bertan, asko ikasita gainera. Ez zidan Andoni taldeko arropa itzultzen utzi; egunen batean itzuliko nintzela esaten zidan. Eta, seguruenik, halaxe izango da.