Hilezkortasuna eta irakasleak

Zirriborroen artean neukan sarrera bat berreskuratuko dut gaurkoan.

Badarama denbora-tartetxo bat jubilaturik Miguel Angel Santos Guerrak. Oso idazle emankorra dugu; liburu mordoa ezezik, astero zutabeak ere argitaratzen ditu El Adarve izeneko blogean. Sarreretako batean, Rubem Alves-en testu hau irakurri nion:

“Hilezkortasun-ariketa bat da irakastea. Nolabait, bizirik irauten dugu gure hitzaren magiaren bitartez mundua ikusten ikasi zuten begien jabeengan. Horregatik, irakaslea ez da inoiz hilko.”

Inoiz irakaskuntzan aritu garenok, akaso, horrelako zerbait galdetu diogu uneren batean geure buruari. Ea horrelako zerbait lortzeko gai izan garen. Lagun bati egunotan Facebook-en antzeko bidetik idatzi dio ikasle ohi batek. Edonola ere, zalantzarik ez dut denok izango dugula gogoan irakasleren bat, dena delakoagatik ahaztu ez duguna, berak irakatsitakoa bizitza osoan lagun izan duguna –edota duguna–.

Batxilergoa Derion elkarrekin egin genuenok, adibidez, Mikel Zarate aipatu izan dugu behin baino gehiagotan. Garai hartako bere jokabideak era profesionalagoan aztertzen saiatu izan naiz gerora, oroitzapenetan oinarritutako azterketa izan arren; ez dakit modu kontzientean edo ez, baina egun aipatzen diren konpetentziak eta bizitzarako ikastea zuela ipar esango nuke.

Eta zuk, adiskide horrek? Baduzu oraindik gogoan aspaldiko irakasleren bat?

Cementerio-Hilerria by Iñaki Murua, Flickr-en

Marrazkiari beldurrik ez

Ikasle nintzen garaian ez nuen marrazketarako doai berezirik; egia esan, ozta-ozta gainditzen nituen horrelako gaiak eta askorik ere ez nituen landu.

Aspaldi kontatu nuen bezala, helduen euskara-irakasle izatera iritsi nintzenean ere ez nintzen horretan trebea, jakina. Horregatik, altxor gisa gorde nuen 80. hamarkadan Habeko Mik aldizkarian atera zen “Marrazkiari beldurrik ez” bilduma. Egia esan, gizon orratzaren erdipurdiko marrazketan geratu nintzen baina, hala ere, baliagarri suertatu zitzaidan. Horregatik, gomendatu edo utzi izan diot zenbait lankide eta ezaguni. Areago oraindik: pentsamendu bisuala maiz aipatzen da orain, eta Dibujamelas bezalako ekimenekin egin dezakegu topo.

Orain ez dakit non dauzkadan orrialde haiek. Baina HABE erakundeak digitalizatu egin ditu, eta guztion eskura daude Ikasbil esparruan (1. atala eta 2. atala). Honelaxe kontatu dute Irakasbilen.

Hezibide ona eta munduaren ezagutza

Hezibide onaz idatzi nuen aurrekoan hemen. Eta irakasle modura bizi izandako egoera bitxi bat gogoratu nuen argitaratu orduko; egunero-egunero helduei euskara irakasten aritzen nintzaieneko pasadizo bat.

Ikasle berezi samar bat izan nuen ikasturte hartan. Bai, denok garela bereziak onartu arren, hark bazuela bere “puntutxoa” ezin ukatu. Adibidez, bere idazlanak ulergaitzak zirela esaten nionean, irakasleon kultura eza kritikatuz erantzuten zidan; nirea eta lankideena, behintzat. Bestela esanda, bere ustez idazlanak onak ziren; gure kultur maila (edo munduaren ezagutza, auskalo) zen berak idatzitakoak ulertzeko genuen oztopoa.

Egun batean, atsedenaldia bukatutakoan klasera berriz sartu eta lanari berrekin genionean, banana bat zuritu eta jaten hasi zen mutila. Haserretu eta klasean errespetu-falta zela esan nion nik, areago oraindik atsedenaldia bukatu bezain laster izanda; nirekiko eta ikaskideekiko errespetu falta zela gaineratu nuen. Berak, berriz, ez zetorrela bat esan zidan oso serio; nik errespetu falta bezala ikusten nuena, berak behar fisiologiko bati erantzutea zela uste zuen.

Ez dut gogoan nola bukatu genuen eztabaida; seguruenik, taldekideak harrituta egongo ziren eta nor bere kulturaren arabera bata ala bestearen alde. Azken finean, hezibide “ona” zer den nola ulertzen den.  Eta hizkuntzak ikastean, adibidez, munduaren ezagutza eta kultur talka aipatzen da, gaitasun soziokulturalaz edota soziolinguistikoaz ari direnean; esate baterako, etxe batera jatera gonbidatu gisa joatea jartzen du Instituto Cervantesek adibide bezala mundu-ezagutza desberdinen arteko aldea aipatzen denean. Besteak beste, eremu guztietan korrokada egitea ez da berdin hartzen, ezta?

enmanuel m Flickr-en

Belarrondoko hezitzaileak?

Frantzian ez omen daude belarrondoko edo zaplastekoak debekatzeko lege bat onartzearen alde –umeei zigor fisikoa ezartzeari buruzkoa litzateke, oro har–, nahiz eta Europako Kontseiluak bertako gobernua ohartarazi duen. [Enlace roto.].

Egia da ohiturak legez aldatzea zaila dela. Are, garai batean horrelako diziplinaz ikasi egiten zela –eta ondo ikasi gainera– defendatuko duenik ere egongo da. Euskarazko itzulpena ez dakit letra odolez ikasi, odolarekin ikasi, odolaren bidez ikasi edo zer izango litzatekeen –edo zatekeen esan beharko honez gero?–.

Ni ez naiz zigor fisikoaren aldeko; arrazoirik ez duenak erabiltzen duela iruditzen zait, bestelako argudiorik edo biderik ez dagoenean indarkeriaz zerbait “konpon” liteke ustez baina indarkeriaren gurpil zoroan sartuta ondoren. Zer esanik ez heziketaz ari bagara. Ematen den ereduak, erakusten denak, horrexek du benetako pisua. Garenaren zaratak ez du uzten esaten duguna aditzen (Santos Guerrari aspaldi entzundakoa)

Pixabay.com gunetik hartua

Txikitan ez nintzen horrelako zigorren beldur izan; beharrik ere ez, ez etxean, ez eskolan. Ez nuen horrelao egoerarik bizi behar izan. Alabaina, badut pasadizo bat kontatzeko.

Behin, lehen hezkuntzan egongo nintzen, OHO hasi berria zen garaian. Zaplastekoa eman zidan irakasle batek (gizonezkoa bera; ez dakit hori funtsezkoa den ala ez, gehienak andereñoak baitziren). Ez zuen arrazoirik horretarako baina halaxe egin zuen, kontrola ez galtzearren edo. Urteak joan ondoren, ustekabean, nire senide baten etxean egin genuen topo. Badakizue horrelakoetan zer gertatu ohi den, “gogoratzen duzu Urlia, Iñaki? Irakasle izan zenuen ikastolan” edo antzeko bat esan zidaten. Mutil koskorra nintzen ordurako, eta nik, baietz, oso ondo gogoratzen nuela. Ez nuen gogoratzen nolakoa zen klasean, berarekin zer ikasi nuen… edo bai; seguruenik berak espero ez zuen zerbait ondo ikasi nuelako. Eta, aukera paregabea izanda, ez nintzen isildu, ez horixe. Baietz erantzun nien, ondo gogoratzen nuela… urte batzuk lehenago arrazoirik gabe belarrondoko bat eman zidan irakaslea zelako, irakasle bakarra gainera. Aurrean zeuden guztiak harrituta geratu zirela uste dut, irakaslea barne; berak ez zuen horrelakorik gogoratzen.

Zerbait irakatsi zidala uste dut, badiot. Baina, seguruenik, espero ez zuena. Alegia, ez “ondo” portatzen –bere parametroetan ondo portatzen, behintzat– justiziaren eta boteretik bideratutako indarkeriaren artean badagoela alderik baizik.

Irakaslerik onenari saria

Joan den hilabetearen hasieran Irakaslerik onenak… izenburuko sarrera eman nuen argitara. Hautaketen kontua hurrengo batean izango dugu berriz ere mintzagai, selektibitatea besteak beste. Gaurkoan, berriz, prentsaren bidez izan dudan sari baten berri emateko da, irakaslerik onenarentzako Nobel Sariaren antzeko izan nahi duena: Global Teacher Prize @TeacherPrize. Hala, miloi bat dolarreko saria emango dio Varkey Gems Fundazioak hautatuari. Tarteko bidean izendatuak direnek ere izango dute errekonozimendurik.

Nik ez dut, Nobel Sariekin bezala, inolako esperantzarik jakina, nahiz eta irizpideetako batean blogetan idaztea aipatu. Hori bai, sari lortzen duenak, hurrengo bost urteetan (ere) klasean ematen jardun beharko du. Beraz, ezin jubilatzeko asmotan dagoenik sari hau lortu. Baten bat proposatu nahi baduzu, aplikazioa martxan dago.

Eta zuk, irakasle, zein da jaso duzun saririk onena? Eta zuk, ikasle, izan duzun irakaslerik onena?