Berrehun sarrera eta agur bat

Dagoeneko 199 sarrera argitaratu ditudala adierazi dit blog honen kudeaketa-orriak. 199 aletxo 2013ko otsailaren 7tik. 200. honetarako gidoitxoa baneukan; 201. sarrerarako ere bai. Hala ere, eta behin baino gehiagotan izan dudan zalantza bat berriz sortu ondoren (2016ko udan, esaterako), agurra esateko ordua iritsi dela erabaki dut. Parentesia irekitzekoa. Puntua jartzekoa: puntu eta jarrai, puntu eta bereiz, amaiera ematekoa… auskalo.

2007an, muslaria izan ez arren, garai hartan DEIAren online kontuetako arduraduna zen Josetxu Rodriguezen enbidoari erantzun eta blog hau sortzea proposatu nion: euskara hutsean eta hezkuntzari buruz. Gaietan gehiegi ez sakontzeko eskatu zidan eta halaxe egiten saiatu naiz. Sarrera bakoitzean argazki bat jartzeko aholkuari ere jarraitu diot zintzo-zintzo (nahiz eta gerora konturatu DEIAko argazkiek iraungitze-data antzekoa bazutela, hori izan baitzen nire lehenengo sarreretako iturria).

Zazpi urtean berrehun sarrera ez dira asko; badakit. Gutxiago izan dira iruzkinak: ehun eta hogeita bederatzi. Eta, errepasoa egin gabe, hortik erdiak gutxienez nire erantzunak. Estatistikiei buruz ere ez dago askorik esateko: xumeak, nik dakidala. Arrazoitu egin zidan behin Josetxuk berak daturik eman gabe baina: badakizu, sarrera askorik ez…

Beste kontu bat ez ahazteko: DEIAko blogosferan maila desberdinetako txokoak zeudela konturatu nintzen gerora. Hau ere ez da hemen kontatzen dudan lehendabiziko aldia; 6. urteurrenean adierazi nizun.

2020ko Euskaraldia bukatuta eta Euskararen Nazioarteko Egunaren ondoren ez dakit hartu dudan erabakia egokiena den. Ez dakit blog honek urteotan zertxobait gehitzen edo biderkatzen lagundu duen; ez dakit hizkuntza ahogozatzeko balio izan dion inori. Saiatu, saiatu naiz gutxienez.

0903_World Cafe-zuri beltza

Agur beraz, irakurle; Ez dakit “agur ta banoa…” izango den edo “agur baina ez betiko”. Edo ez adiorik. Seguruenik, beste toki batzuetan, beste gune batzuetan ere elkartzeko aukera izango dugu, hitz egiteko, iritziak trukatzeko… ziberespazioan eta aurrez aurre. Bitartean, ondo segi. Senez eta zentzuz jokatu eta zaindu!

9 thoughts on “Berrehun sarrera eta agur bat”

    1. Eskerrak zuri, Vicente, hemendik pasatzeagatik 😉
      Agurra ez da betiko izango, gure artekoa behintzat. “Ikasle eta irakasle” esparru honetan, berriz, auskalo.
      Ez adiorik.

  1. Pena bat.

    Zuk zure sarreren hauen artean orain dela gutxi esan zenuen:

    “Nire aletxoa ekarriko dut lantzean behin, ahalik eta euskararik txukunean, Interneteko itsasoan tantatxoak baino ez direla izango jakin arren”

    Ba… Pena da tanta horiek berriro hemen ez ikustea.

    Zorionak egindakoagatik

    Mila esker eta Ondo izan

  2. Bai, Itziar. Halaxe izan zen.
    Baina banituen zalantzak aspaldi. Eta puntua jartzeko unea iritsi zela erabaki nuen zenbaki biribil horretara helduta. Idatzi nuen legez, ez dakit nolako puntua izango den.
    Dena den, nire txoko nagusia, Botxotik ziberespaziora irekita egongo da (momentuz, behintzat) eta zalantzarik ez dut elkarrekin hitz egiteko aukera izango dugula.
    Eskerrik asko eta laster arte.

    1. Espero dut hitz egiteko aukerarik izango dugula baina ez sareetan, baizik eta taberna batean ahal izatean

        1. Genial! Gontzal Athleticen komisiorako aukeratu berria!!! Asko poztu naiz, eta seguru zu ere bai.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *