“Ikas-ziberkomunitateak eta irakasleen prestakuntza”: udako ikastaro bat

Behin baino gehiagotan hartu dut parte Euskal Herriko Unibertsitateak udetan antolatzen dituen ikastaro eta ekintzetan. Baina aurten bestelako ikuspegi bat izango dut; izan ere, ikasle edota partaide soil gisa aritu ordez zuzendari izango nauzu tailer tankerako jarduera batean. Egia esan, zuzendari eta irakasle.

Arrazoi duzu, adiskide. “Nire gaia” izango da ardatz: ikas-ziberkomunitateak eta irakasleen prestakuntza. Dena den, goi mailako bi lankide izango ditut tailerrean: Amaia Arroyo eta Lorea Fernández. Euskaldunak, doktoreak, gazteak (ni baino gazteago behintzat), adituak…

HABEren lankidetza du jarduerak. Eta oraingoan neguan baino arrakasta handiagoa izatea espero dugu. Jardun biko (b-learning) ikastaro hura ez zen aurrera atera, arrazoi desberdinengatik.

EHUko Uda Ikastaroen webgunean duzu informazio zabalagoa eta matrikula egiteko aukera; maiatzaren 31 baino lehen merkeagoa dela ez ahaztu. Elkar ikusiko dugu uztailaren hasieran Donostian?

Ikas-ziberkomunitateak: ikastaro bat abian

Orain arte Euskal Herritik kanpo aritu naiz nagusiki nire tesian landutako gaiez, Madrilen, Puerto Sagunton edo Bartzelonan, besteak beste. Bilbon eman nuen saiotxoren bat, baina gaztelaniaz. Beraz, aukera bat izango dut egiaztatzeko ea “gizona, santu izateko, herriz aldatu behar” esaera betetzen den.

Izan ere, “Irakasleen ikas-ziberkomunitateak helduen euskalduntze-alfabetatzearen esparruan” ikastaroa antolatu du HABEk. Jardun bikoa, erdipresentziala edo blended learning erakoa izango da: aurrez aurreko bi saio izango ditu, hasieran eta amaieran, eta online egingo da tarteko lana. 2019ko urtarrila eta otsailean egingo da.

ELE BCN jardunaldietan emandako tailerretako argazkia. Encuentro ELEk argitaratua.

DigCompEdu marko edo esparruko gaitasunak garatu eta hobetzea da helburu nagusia, bereziki eraginez honako helburu operatibo hauetan

  • Lankidetza profesionala: teknologia digitalak erabiltzea elkarlanean ezagutza eraikitzea.
  • Garapen profesional jarraitua (GPJ) digitala: online GPJrako aukerak esploratzea.
  • Baliabide digitalak aukeratzea: baliabide egokiak identifikatzea eta ebaluatzea oinarrizko irizpideak erabiliz.
  • Baliabide digitalak sortu eta moldatzea, ezaugarri aurreratu batzuk erabiliz.
  • Baliabide digitalak eraginkortasunez partekatzea.

Izena emateko epea hilaren 15ean amaituko da, eta doan da ikastaro hau. Beraz, animatzen bazara, badakizu.

Aurrerago izango dugu beste berriren bat udari begira; oraingoz, ezin gehiago aurreratu.

Zer ikusi, huraxe ikasi

Aita-semeak ez zeuden tabernan, elkarrekin bizikleta gainean baizik. Bizikleta berean, seme txikia atzeko aulkitxoan baizihoan. “Tira, Europako ohitura horietara hurbiltzen ari garela ematen du” esan diot neure buruari. [Enlace roto.]teorian behintzat. Baina goizean goiz izanagatik, beste gogoeta pare bat etorri zait.

Pablo Viñas DEIAn

Ez zihoazen errepidetik. Espaloia seguruagoa da bidegorri gutxi dagoen hiri honetan, areago oraindik bizikleta garraiobide bezala erabiltzen ari denarentzat. Seguruagoa bizikletariarentzat, jakina. Azken boladan, espaloia-errepidea jauzi horiekin, gainontzekoen segurtasuna kolokan jartzen ari den asko sumatzen hasia naiz (besteak beste, oker ez banago, ez dute zebra-bideetan lehentasunik bizikleta gainean doazenek). Semeak ikasiko duen arlo bat, seguruenik.

Bestetik, semeak kaskoa zeraman; ez, ordea, aita gidariak. Bigarren (balizko) ikasgaia: kaskoa txikientzat da. Bestela esanda, nagusiek ez dute horren beharrik, trafikoari buruzko ikasgaiek eta oharrek kontrakorik adierazi arren.

Sarreran idatzi dudanari jarraiki, “zer ikusi, huraxe ikasi”. Edo, “etxean ikusia, haurrak ikasia”. Edota geroago, heltzen zoazen heinean, [Enlace roto.] egin beharko ohiturak aldatzeko… isunik ez dagoen bitartean. Santos Guerrari entzun nion bezalaxe, “egiten dugunaren zaratak ez du esaten duguna entzuten uzten”.

Etorri da iraila…

eta horrekin batera, ikasturte berriaren hasiera, eskolara bueltatzeko deia. Adiskideren batek aipatu du urte berriaren hasieran baino aldaketa eta berrikuntza gehiago sumatzen duela bere inguruan; eta ez da bera, hain zuzen, ikastetxe batera lehenengoz joango den haur horietako bat.

Bizitza osoan ikastearena (eta, konturatu edo ez, halaxe gertatzen dela baieztatzea) txoko honetako leloetako bat bada; udan ere ikasi egiten dela, beste bat (uztailaren 17ko sarreraren gaia izan zen, adibidez). Ez dago etenik.

Jose Mari Martinez, Deia-n argitaratutako argazkia (14/06/24)

Hala ere, zail zaio askori ulertzea. Lehengo baten, beste adiskide baten alabak galdetu zion ea zergatik esaten nuen ikastera nindoala (heldua, oso nagusia beretzat, eta uda sasoian). Are, amak esan zion nirekin euskaraz hitz egin zezakeela eta nerabezaroaurrean dagoen neskak erantzun berriz, klasean hasi arte ez duela hizkuntza hori erabiliko. Esaldi batean hemen aipatzen ditudan ajeetako asko irudikatuta.

Irailean, ikasten hasi baino, ikasten segituko dugu, etenaldirik gabe. Klasean bai, baina jantokian, kirolean eta eskolaz kanpoko jardueretan ere bai. Zientzia landuko den solasaldirako ekimenetan ere bai, jakina ([Enlace roto.]). Azken finean, toki eta eremu guztietan. Guztiok.

Interneten idaztea eta hezkuntzaren esparruko blogak

Abuztuan Felipe Zayas-en berri eman nizun hemen. Orduan adierazi nizun bezala, irailean berriz hurbildu zen guregana. Eta halaxe izan zen. Honekin batera duzu berak Interneten idazteaz eta hezkuntza esparruko blogez aurkeztutakoa.

 

Hori bai, ez zuen hau aipatu 😉