Mikel Zarate: kantak eta kontuak

Joan den astean adierazi nizun Mikel Zarateri omenaldi bat egingo zitzaiola bere jaioterrian, Lezaman. Hala izan zen: bertako Kultur Etxea jendez lepo, ekitaldi hunkigarria, hamaika oroitzapen, hainbat eta hainbat ezagun (Derioko harrobia ere emankorra izan omen da), hainbat kanta eta kontu. Izan ere, Mikelekin zerikusia zuten abesti batzuk kantatu ziren bertan, egitarauan adierazitakoari jarraikiz. Eta ustekaberen bat ere izan nuen. Hortaz, Deian Oier Pérez egindako kronika nire ekarpentxoaz osatuko dut.

Juanjo Elezkano (hau ere irakasle izan nuen BUPen), abade eta kantautoreak, Mikelen hitzekin egindako abesti bat aurkeztu zuen; aspaldiko eleizako kantetan ere izan zuten lankidetzarik aspaldi batean; “Jaunari” izeneko diskoa lekuko, eta testuinguru horretan oso ezagunak diren batzuk, gainera (“Eskerrik asko Jauna” edo “Goazen elkarturik” esaterako). Gontzal Mendibilek ere baditu Mikelen hitzekin egindakoak, batez ere bakarka egin zuen bigarren lanean; besteak beste, haietako bat eta izenburua bera ere hari dagozkio: “Hasperen itun“. Zeanuritarrak esan zuenez olerkiengatik ezagutu du nagusiki Mikel. Aipatutako abestietako batzuk Josi Sierra prestatzen ari den dokumentalean agertzekoak dira.

Ekidazu da Lezamako abesbatza; izen hori ere Mikelek berak asmatu eta bere idazlanetan erabilia, “Euzkadi” debekatua zegoen garaietan. Koruak eskainitakoan ere Zarateren hitzak zeuden tartean, eta aspaldi-aspaldi Mocedades taldeak kantatu zuen, “Zure begiak” izenburuarekin. Hitzak, hiru egilerenak dira; lehendabizikoa, Lope de Vega. Bai, ondo irakurri duzu; bere lan batean euskaraz aurkitutakoak dira abestiaren ataletako bat (eta, ez dakit, susmoa dut Mikelek berak aipatu zigula klasean inoiz): “zure begi ederroc en el aztana…” (hona hemen Kike Amonarrizen txioa gai horri buruz)

Natxo de Felipe izan zen azkena. Eta honek ere nik ezagutzen ez nituen kontuak adierazi zituen: Lezamarekiko lotura eta Mikelekiko harremanak… (Josik osorik grabatu zuen). Esandakoen artean, pare bat aipatu, Oskorri sortu aurretikoak: Mikelek itzuli zizkion zituen maitasun-kanta batzuk, badu haren hitzekin egindako abesti bat (“Eta Oskorri sortu zen” diskoan argitaratua: “Zergatik zara zu mitozale” ). Eta handiena: nik uste nuen “Aita semeak” herrikoia zela (Wikipediak ere bai) eta oker nengoen. Bai, sarreraren puntu honetan ez dizut esan behar norenak diren hitzak, ezta? Hori bai, euskalkiaren eta batuaren arteko tira-biraren bat izan omen zen hitzei zegokienez. Oskorrik zabaldu zuen, eta oker ez banago, hit izatera heldu zen.  

Mikel Zarate gogoan

Apirilaren 10ean, asteazkenarekin, 40 urte beteko dira Mikel Zarate hil zenetik. Egun horretarako omenaldia antolatu du Lezamako UdalakLabayru Fundazioaren eta Mikelegaz40/40 Mikel barik proiektuaren laguntzaz. 

Blog honetan behin baino gehiagotan azaldu da jadanik, besteak beste, batxilergoko lehen mailan irakasle izan nuelako, joan den mendeko 70. hamarkadan hain zuzen, Derioko Seminario ikastetxean.

Dokumental bat dago arestian aipatutako proiektuaren azpian, Josi Sierraren kamarak eta eskuak landua; bertan aurkeztuko da, baina asmoa ibilbide luzeagoa egitea omen da. Edonola ere, litekeena da ni agertzea, bai ekitaldian, bai dokumentalean.

Hona hemen gaiaz Aikor webgunean argitaratutako sarrera: Oroitzapen bizia

Hilezkortasuna eta irakasleak

Zirriborroen artean neukan sarrera bat berreskuratuko dut gaurkoan.

Badarama denbora-tartetxo bat jubilaturik Miguel Angel Santos Guerrak. Oso idazle emankorra dugu; liburu mordoa ezezik, astero zutabeak ere argitaratzen ditu El Adarve izeneko blogean. Sarreretako batean, Rubem Alves-en testu hau irakurri nion:

“Hilezkortasun-ariketa bat da irakastea. Nolabait, bizirik irauten dugu gure hitzaren magiaren bitartez mundua ikusten ikasi zuten begien jabeengan. Horregatik, irakaslea ez da inoiz hilko.”

Inoiz irakaskuntzan aritu garenok, akaso, horrelako zerbait galdetu diogu uneren batean geure buruari. Ea horrelako zerbait lortzeko gai izan garen. Lagun bati egunotan Facebook-en antzeko bidetik idatzi dio ikasle ohi batek. Edonola ere, zalantzarik ez dut denok izango dugula gogoan irakasleren bat, dena delakoagatik ahaztu ez duguna, berak irakatsitakoa bizitza osoan lagun izan duguna –edota duguna–.

Batxilergoa Derion elkarrekin egin genuenok, adibidez, Mikel Zarate aipatu izan dugu behin baino gehiagotan. Garai hartako bere jokabideak era profesionalagoan aztertzen saiatu izan naiz gerora, oroitzapenetan oinarritutako azterketa izan arren; ez dakit modu kontzientean edo ez, baina egun aipatzen diren konpetentziak eta bizitzarako ikastea zuela ipar esango nuke.

Eta zuk, adiskide horrek? Baduzu oraindik gogoan aspaldiko irakasleren bat?

Cementerio-Hilerria by Iñaki Murua, Flickr-en

Gernika, 80 urte eta egun bat geroago

Ez da kontu berria gaur dakarkizudana. Luze hitz egin eta idatzi da egunotan Gernikaz eta 1937an bertan gertatutakoez. Deia blogosfera honetan ere izan du isla; besteak beste, gaiaz idatzi zuten atzo Bego Begiristainek eta Javier Vizcaínok. Ni, berriz, aspaldiko ekarpen xume bezain hunkigarri batekin natorkizu biharamunean, irakurle.

Izan ere, nerabezarotik daukat buruan. Behin baino gehiagotan kontatu dut (baita idatzi ere), Mikel Zarate izan genuela irakasle (agian, “maisu” esatea hobe) ikastetxean, BUPeko 1. mailako ikasle ginen hartan hain zuzen; eta bere gaia, teorian, “lengua española” bazen ere, beste hainbat irakasgai izan genuela bere eskutik. Hala, apirilaren 26 batean, klasearen hasieran eta artean ezer esan gabe, honako soneto hau idatzi zuen arbelean.

Zeus txikiaren haundi izan gura.
Agindu eroa. Indar frogantza.
Zezen hegalarien marruma dantza.
Infernua dator gure zerura.

Tximist lehertuen abiadura
haserre gorritan Gernikarantza…,
hasi da, hasi da hiri triskantza
eta garrasika dago mindura.

Garrasi larritan ama, umea,
aitaren gorputz hil buru gabea;
garrasika txori, lore, burdina,

harri, ohol, haize ta su irakina;
garrasiz herrien betiko lotsa,
askatasunaren betiko hotsa

Gernika, 1937
Iturria: https://de.wikipedia.org/wiki/Datei:Bundesarchiv_Bild_183-H25224,_Guernica,_Ruinen.jpg

Ea zer genekien Gernikako bonbardaketaz galdetu zigun geroago. Joan den mendean, 70ko hamarkadaren bukaeran, oker ez banabil.