Nola esan “maternés” euskaraz?


Halaxe galdetu zidan lehengoan kanpoko ezagun batek, euskaraz ez dakien batek alegia: ea gure hizkuntzan horretarako hitzik bageneukan. Begiratzen hasi nintzela aitortuko dizut, irakurle, ea zer zen. Haur txikiekin beste modu batera hitz egiten omen da (edo dugu); hizkera modu horri, hain zuzen, baby talk  deitu zaio, edo motherese.  Genero-ikuspegia dela-eta, parentese  ere bai, eta ikerketa-esparruetan, aldiz, child directed speach (CDS) ei da erabiliagoa.

Hala, gaztelaniaz, eta ingelesetik itzulpena eginda, maternés  ere erabiltzen da antza denez, Lola Ponsek idatzi duenari jarraikiz, adibidez. 

Euskararen eremuan, berriz, Hizpide aldizkarian aurkitu nuen honen inguruko artikulu bat, 49. zenbakian hain zuzen; Juan Jose Zubirik idatzitako “Haur hizkeraren erabileraz”. Artikulu horretan, ama hizkera eta haurrei zuzendutako hizkera hitzak ageri dira.

Gaur egun, haur-hizkera da nagusitu dena antza, besteak beste Euskaltzaindiaren webgunean ageri denari erreparatuz. Edonola ere, argiagoa agian baina “maternés” hori baino prosaikoagoa dela ematen du.

Hona hemen bertatik jasotako hitz batzuk:
apapa (kalera)
apatx (eseri)
ñañan egin (jan)
pa (musua)
pupu (mina)
taka-taka (oinez (ibili))
txitxi (haragi- edo arrain-zatia)

Besterik ezagutu edota erabiltzen al duzu?

Hizkuntzak… eta hizkuntzak

Atzo izan zen Ama Hizkuntzaren (edo Lehen Hizkuntzaren) Nazioarteko Eguna. 1997an izendatu zuen horrela UNESCOk otsailaren 21a, kultura aniztasuna eta eleaniztasuna sustatzeko asmoz. Egun hori dela-eta, bideo bat egin du UPV/EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak.

Beste ekimen bitxi baten berri ere izan dugu egunotan. Izan ere, mapa interaktibo batean, hitz bat ingelesez jarri eta Europan dauden hizkuntzetan agertzen zaigu hitz hori. European word translator deitzen da.

Eta bitxikeria batetik bestera. Horrelakoan ikusten diren bitartean, lehengoan irratiz erakunde hezitzaile baten iragarkian bertan ingelesez curriculuma baliatzen dutela jakinarazten zuten, ikasleak erakartzeko modu egokia delakoan edo. Euren hitzetan, arrakastarik handiena duen curriculuma da.

Neure buruari galdetu nion, curriculuma zer den kontuan izanda, nola egokitu den ikastetxe hori bere ingurura; eduki kontzeptuelez eta harago, zer nolako baloreak eta munduaren ikuskera sustatuko duen ikasleen artean. Eta ez naiz bakarrik Brexitzalea izango ote den pentsatzen ari; besteak beste, hizkuntzaz Britainia Handikoen artean sumatu dudan jarrera ere izan nuen gogoan. Lingua franca menperatzekotan…

Labur esanda: zein toki izango du gainontzekoen ama hizkuntzak mundua ulertzeko modu horretan? Eta, bitartean, Mikel Urdangarinen ahotsean Kirmen Uriberen hitzak etorri zitzaizkidan burura.

Azentu-markak euskaraz?

Garai bateko klasekideek oroimen ona dudala esaten didate; edo, gutxienez, garai batean gertatutako pasadizoak gogoratu eta gogorarazteko. Ematen dit oraingoan ere horrelako zerbait gerta daitekeela.

Izan ere, lehengoan euskaraz ez dagoela azentu-markarik aditu nion adiskide bati. Kanpoko hitzekin ager litezkeela adierazi nion, eta, horrekin batera, EHUko Zientzia-Fakultatean euskal lerroak abian jarri zireneko kontua gogoratu nuen.

Lehendabiziko urrats haietan, besteak beste, hizkuntza bera egokitzeko beharra ere izaten zen, lexikoan esaterako. Behin batean hiztegian aurkitzen ez genuen hitz batez galdetu genion irakasle bati; eta berak, irrifartsu, “agian asmatuko nuen” erantzun zigun lasai asko. Baina hiztegiaren aldekoez gain, bazegoen bestelako arazorik, eta proposamen bitxirik ere bai.

Hala, iraganeko -n soila eta iraganeko eta erlatibozko -n horiek bereizteko proposamen bat bazebilen orduan. Horren arabera, iraganekoaz gain erlatibozkoa zenari azentu-marka jarri beharko zitzaiokeen. Adibidez, “atzo etorri zen gizona” eta “atzo etorri zén gizona ez zen nire irakaslea”.

Elhuyarkoa [CC BY-SA 3.0 (https://creativecommons.org/licenses/by-sa/3.0)]

Ez dakit proposamena Euskaltzaindiara helduko zen, baina argi dago ez zuela aurrera egin. Auskalo baten batek berriro ekingo dion inoiz gaiari.

Ospakizuna Derion

Honez gero badakizu, irakurle lagun horrek: Derioko Seminarioan, Resurreccion Mª de Azkue ikastetxean alegia, egin nituen batxilergoko ikasketak joan den mendean, BUP zenean alegia. Lehen hezkuntzakoak, berriz, Begoñazpi ikastolan (eta bere aitzindari izan zirenetan) .

Euskara izan nuen lehen hizkuntza; ama-hizkuntza, nahi baduzu. Egia esan, gaztelania ere bai, txikitatik bietan moldatu bainintzen. Are, gogoan badut bitartekotza linguistikoa indarrean jartzen nueneko pasadizoren bat (baina hau hurrengo baterako utziko dut).

Euskaldun-zaharra esan genezake hortaz, bilbotar peto-petoa izan arren. Txikitatik euskalduna izanagatik, euskara lantzeari ekin nion jakina, ikastolako kume izanda. Deriora jauzia emandakoan, legez hizkuntz eredurik ez zegoen garaian, nahiz eta ikasketak gaztelaniaz ziren, bagenituen euskarazko eskolak (Jon Kortazar izeneko gazte bat izan zen irakasleetako bat, esaterako) eta bestelako gaietan ere lantzen genuen (besteak beste, Mikel Zarate edo Josune Ariztondorekin).

Deriotik mugitu gabe, ohikoa zen udan euskara lantzen segitzea uztailetan antolatzen ziren Udako Ikastaroetan. Eta halaxe egin nuen urte batzuetan, hamaika kiderekin denborak eta espazioak partekatuz; Labayru Institutoko tituluak ere eskuratu nituen. Gogoan dut erabiltzen zen leloetako bat: dakigunetik ez dakigunera. Orduan ez nuen halakorik espero, baina helduen euskalduntzea izan dut gerora lanbide gainera.

50. urteurrenera helduko aurten Derioko Udako Euskal Ikastaroa (DUEI irakurri dut berriki; irudian ere ikus daiteke). Eta ospatzeko dei bat ere badagoela jakin dut, ekainaren 15erako hain zuzen. Bazkari batekin, jakina. Nik ez dut joaterik izango, baina egun gogoangarria izango da, zalantzarik gabe. Zorionak hemendik, Labayruri, ikastaro horiek sortu eta bultzatu zituztenei eta, zelan ez, partaide izan ziren ikasle eta irakasle guztiei.

Mikel Zarate: kantak eta kontuak

Joan den astean adierazi nizun Mikel Zarateri omenaldi bat egingo zitzaiola bere jaioterrian, Lezaman. Hala izan zen: bertako Kultur Etxea jendez lepo, ekitaldi hunkigarria, hamaika oroitzapen, hainbat eta hainbat ezagun (Derioko harrobia ere emankorra izan omen da), hainbat kanta eta kontu. Izan ere, Mikelekin zerikusia zuten abesti batzuk kantatu ziren bertan, egitarauan adierazitakoari jarraikiz. Eta ustekaberen bat ere izan nuen. Hortaz, Deian Oier Pérez egindako kronika nire ekarpentxoaz osatuko dut.

Juanjo Elezkano (hau ere irakasle izan nuen BUPen), abade eta kantautoreak, Mikelen hitzekin egindako abesti bat aurkeztu zuen; aspaldiko eleizako kantetan ere izan zuten lankidetzarik aspaldi batean; “Jaunari” izeneko diskoa lekuko, eta testuinguru horretan oso ezagunak diren batzuk, gainera (“Eskerrik asko Jauna” edo “Goazen elkarturik” esaterako). Gontzal Mendibilek ere baditu Mikelen hitzekin egindakoak, batez ere bakarka egin zuen bigarren lanean; besteak beste, haietako bat eta izenburua bera ere hari dagozkio: “Hasperen itun“. Zeanuritarrak esan zuenez olerkiengatik ezagutu du nagusiki Mikel. Aipatutako abestietako batzuk Josi Sierra prestatzen ari den dokumentalean agertzekoak dira.

Ekidazu da Lezamako abesbatza; izen hori ere Mikelek berak asmatu eta bere idazlanetan erabilia, “Euzkadi” debekatua zegoen garaietan. Koruak eskainitakoan ere Zarateren hitzak zeuden tartean, eta aspaldi-aspaldi Mocedades taldeak kantatu zuen, “Zure begiak” izenburuarekin. Hitzak, hiru egilerenak dira; lehendabizikoa, Lope de Vega. Bai, ondo irakurri duzu; bere lan batean euskaraz aurkitutakoak dira abestiaren ataletako bat (eta, ez dakit, susmoa dut Mikelek berak aipatu zigula klasean inoiz): “zure begi ederroc en el aztana…” (hona hemen Kike Amonarrizen txioa gai horri buruz)

Natxo de Felipe izan zen azkena. Eta honek ere nik ezagutzen ez nituen kontuak adierazi zituen: Lezamarekiko lotura eta Mikelekiko harremanak… (Josik osorik grabatu zuen). Esandakoen artean, pare bat aipatu, Oskorri sortu aurretikoak: Mikelek itzuli zizkion zituen maitasun-kanta batzuk, badu haren hitzekin egindako abesti bat (“Eta Oskorri sortu zen” diskoan argitaratua: “Zergatik zara zu mitozale” ). Eta handiena: nik uste nuen “Aita semeak” herrikoia zela (Wikipediak ere bai) eta oker nengoen. Bai, sarreraren puntu honetan ez dizut esan behar norenak diren hitzak, ezta? Hori bai, euskalkiaren eta batuaren arteko tira-biraren bat izan omen zen hitzei zegokienez. Oskorrik zabaldu zuen, eta oker ez banago, hit izatera heldu zen.