Hizkuntzen Europako Eguna

Irailaren 26a da Hizkuntzen Europako Eguna, 2001ean Europako Kontseiluak hala izendatu ondoren. Ospatzeari dagokionez, aurten, Euskal Herrian ez omen da ekitaldi berezirik antolatu.

Webgunetik hartua

Hiru dira helburu nagusiak, webgune ofizialaren arabera:

1.    Hizkuntzak ikastea zein garrantzitsua den azpimarratzea eta ikasten diren hizkuntzak dibertsifikatzea, eleaniztasuna eta kulturen arteko komunikazioa sustatzeko.

2.    Europako hizkuntza- eta kultura-aniztasunaren aberastasuna sustatzea, babestu eta bultzatu beharreko elementu gisa.

3.    Eskolan zein eskolaz kanpo hizkuntzak etengabe ikastea sustatzea, ikasketengatik, trukeengatik, behar profesionalengatik, mugikortasunarengatik edota plazer hutsagatik.

Ikusitako kontu bat: webgunean euskara hautatzeko aukera egon badago, baina eduki guztiak ez daude itzulita. Dena den, eduki interesgarriak daudela iruditu zait, jokoak besteak beste.

Beste alde batetik, eta teknologien bilakaera ikusita, ez dakit hizkuntzen ezagutza zein mailataraino joko den garrantzitsutzat aurrerantzean (nahiz eta maiz urte hasierako asmo onetako bat ingelesa ikastera itzultzea izan, ezta?). Adibide txiki bat; sarrera honi buruz pentsatzen ari nintzela, irakurlea euskalduna izango zelakoan nengoen. Baina une honetan erraza da edozein orrialde beste hizkuntza batera zuzenean itzultzea edota hautatutakoan irakurtzea; You Tubeko hainbat bideotan ere badago azpitituluak beste hizkuntza batean ikusteko aukera. Itzultzaile automatiko aurretatuak ere eskura daude, gero eta eraginkorragoak gainera. Kasu hauetan guztietan, badakigu itzulpena ez dela beti ona edo egokia. Alabaina, hor dago aukera.

Halaber, galdera bat irakurri dut Twitterren: ea hizkuntza irakasten duenak beste hizkuntza bat ikasi beharko lukeen. Jarrera ona eta aberasgarria, nire ustez eta izandako eskarmentuaren arabera. Hala egitea erabaki du, esaterako, Madrilen bizi den nire ezagun batek. Italierari ekingo dio, ez baitio nire aholkuari jarraki. Asmatu duzu zein zen, ezta?

One thought on “Hizkuntzen Europako Eguna”

  1. Sarrera argitara eman ondorengo bi kontu:
    – Hizkuntzen Europako Egunaren ondoren, Turismoaren Nazioarteko Eguna dator. Zoria, pentsatzen dut.
    – Hizkuntzen Eguna dela-eta egindako ekimenen batean, Europako Parlamentuarena esaterako, estatuetako hizkuntzak baino ez dira aipatu. Haserrea adierazi dute zenbait txio irakurri ditut, katalanek idatzitakoak nagusiki.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *