Hizkuntzen Europako Eguna

Irailaren 26a da Hizkuntzen Europako Eguna, 2001ean Europako Kontseiluak hala izendatu ondoren. Ospatzeari dagokionez, aurten, Euskal Herrian ez omen da ekitaldi berezirik antolatu.

Webgunetik hartua

Hiru dira helburu nagusiak, webgune ofizialaren arabera:

1.    Hizkuntzak ikastea zein garrantzitsua den azpimarratzea eta ikasten diren hizkuntzak dibertsifikatzea, eleaniztasuna eta kulturen arteko komunikazioa sustatzeko.

2.    Europako hizkuntza- eta kultura-aniztasunaren aberastasuna sustatzea, babestu eta bultzatu beharreko elementu gisa.

3.    Eskolan zein eskolaz kanpo hizkuntzak etengabe ikastea sustatzea, ikasketengatik, trukeengatik, behar profesionalengatik, mugikortasunarengatik edota plazer hutsagatik.

Ikusitako kontu bat: webgunean euskara hautatzeko aukera egon badago, baina eduki guztiak ez daude itzulita. Dena den, eduki interesgarriak daudela iruditu zait, jokoak besteak beste.

Beste alde batetik, eta teknologien bilakaera ikusita, ez dakit hizkuntzen ezagutza zein mailataraino joko den garrantzitsutzat aurrerantzean (nahiz eta maiz urte hasierako asmo onetako bat ingelesa ikastera itzultzea izan, ezta?). Adibide txiki bat; sarrera honi buruz pentsatzen ari nintzela, irakurlea euskalduna izango zelakoan nengoen. Baina une honetan erraza da edozein orrialde beste hizkuntza batera zuzenean itzultzea edota hautatutakoan irakurtzea; You Tubeko hainbat bideotan ere badago azpitituluak beste hizkuntza batean ikusteko aukera. Itzultzaile automatiko aurretatuak ere eskura daude, gero eta eraginkorragoak gainera. Kasu hauetan guztietan, badakigu itzulpena ez dela beti ona edo egokia. Alabaina, hor dago aukera.

Halaber, galdera bat irakurri dut Twitterren: ea hizkuntza irakasten duenak beste hizkuntza bat ikasi beharko lukeen. Jarrera ona eta aberasgarria, nire ustez eta izandako eskarmentuaren arabera. Hala egitea erabaki du, esaterako, Madrilen bizi den nire ezagun batek. Italierari ekingo dio, ez baitio nire aholkuari jarraki. Asmatu duzu zein zen, ezta?

Etorkinak eta hizkuntza

Azken asteotan gai honi buruz idatzi behar nuela pentsatzen aritu naiz. Izan ere, tankera desberdinekoak izan zitezkeen berriak irakurri nituen, Deian bertan, esate baterako. Alde batetik, errumaniera irakasten ari direla Getxoko eskola batean, arrakasta handiz gainera; bestetik, Sabino Arana Saria jasoko zuela Garamendi amerikarrak, euskal nortasuna Estatu Batuetan eta mundu osoan bizirik iraun dadin egindako lanagatik. Tankera desberdinekoak diot, ez dakidalako neurri bakarra erabiltzen den kanpotik etorritakoek jatorrizko kultura mantendu nahi dutenean eta kanpora joandako euskaldunek gauza bera (edo antzekoa) egiten dutenean.

Eta horretan nenbilela, dokumentu interesgarri batekin egin dut topo Interneteko itsasoan; Europako Kontseiluak integratze linguistikoaz argitaratutakoa da. Hainbat hizkuntzatan irakur daiteke, besteak beste, ingelesez (forms of linguistic integration) edo frantsesez (L’intégration des nouveaux arrivants est un processus aux aspects multiples, qui rend son évaluation complexe); ez, ordea, gazteleraz edo euskaraz. Irakurtzea gomendatzen dizut, besterik ez bada, Google itzultzailea edo antzekoa baliatuta, alderdi esanguratsu eta interesgarriak lantzen baitituzte. Gaia lantzen ari dira eta aurki sinposio bat ere antolatzekoak dira.

LIAM: Linguistic Integration of Adults Migrants

Dokumentu horrek dioenez, hizkuntza ez da komunikatzeko tresna soila; nortasun kulturalaz ere badu lotura, norbanakoarenaz edota taldearenaz. Hizkuntza bat edo beste erabiltzeak, gizartean nagusi denak edo ezezaguna denak, kolokan jar ditzake nortasun horiek.

Halaber, integrazio linguistikoa prozesu asimetrikoa omen da; hartzaile den gizarteko kideentzat ere eragina izan dezake eta jarrera desberdinak sortarazi.  Zer esanik ez gizarte berri horretara hurbiltze denarentzat. Ikuspuntuaren arabera aldatuko dela integrazioaren prezioa dio aipatu dokumentuak. Integratzeko moduak ere azaltzen dira; etorkinen helburu eta beharrak islatuko dira horietan. Eta euren araberako erabakia dela planteatzen da.

Hausnartzeko gai garrantzitsua dugu, eta gure uste eta baloreen arabera erabaki eta jokatzeko eremua; zurikeriak eta faltsukeriak alde batera utzita, ikuspegi koherentez kasu guztietan neurri bera erabilita.