Unibertsitateen sailkapena

Agian jakingo duzu, irakurle lagun horrek, UNEDen lortu nuela nire lizentziatura ; doktoregoa ere bai, handik urte batzuetara, bidaia edo prozesu luze samar baten ondoren (ingurune akademikoan buru-belarri ikertzen ez egotearen ondorio jakinetako bat, seguruenik). Horren guztiaren jakitun izanda, unibertsitateen sailkapenean unibertsitate hau ez dagoela toki onean jakinarazi zidan atzo ezagun batek. Heziketaren esparru zabalean egiten diren horrelako sailkapenez eta horien eraginez pentsarazi dit iruzkinak.

Interneten bila hasi naiz, ea berri zehatzagorik irakurtzen nuen; besteak beste, DEIAn. Egunkari honetan (edo webgunean) oraindik ez da horren ingurukorik argitaratu, antza denez. Baina Ranking de las universidades españolas izenekoarekin bai egin dut topo, eta egunotako antzeko berri batzuekin ere bai; prentsa-oharra egin dutela egiaztatu dut.

Lehenengo datua: BBVA dago atzean (edo azpian) azaldu dizudan ikerlanean. Esanguratsua dela iruditzen zait niri. Edonola ere, kuxkuxean segitu dut eta adiskideak esandakoa baiztatzeko modua izan dut: UNED nahiko atzetik dabil, bai. Dena den, eta horrelako sailkapenetan, zein den erabilitako irizpideari erreparatzea funtsezkoa delakoan nago, zeintzuk diren errealitate bat aztertzeko baliatu diren adierazleak (Bilbo hiririk garbienetakoa dela esateko bezala, adibidez), zeintzuk konparatzeko langak. Oraingo honetan, behintzat, espresuki argitaratu dituzte.

Seguruenik UNEDen izan dudan ikasprozesua eta bilakaera ere ez dira eredugarrienak izango (“ikasle arrakastatsuen” artean nagoela esatea ez dut uste gaizki ulertutako apaltasuna litzatekeenik). Bertan ez dela ezer oparitzen zin dagizut; hobeto esanda, ez zidatela ezer oparitu. Ez dakit gainontzeko unibertsateetan, eta ez dut horrelakorik aditzera eman nahi, jakina. Adibide gisa, agindutako (eta nire kasuan burututako) lanen zailtasuna aipatu nion gerora lizentziaturaren garaian izan nuen irakasle bati, mailatik gorako ikerketak egin behar izan baikenituen eta laguntza handirik gabe. Bere erantzuna, “baina, ikasi egin zenuen, ezta?”. Baietz esan nion, eskatutako lanen maila azpimarratzen nion bitartean.

Laburbilduz: errealitate konplexuak sinplifikatzea ez da erraza, nire ustez; titularretatik harago irakurtzea ere ez da ohitura txarra. Halaber, sailkapenean UOC ez dabilela urruti ikustea ere deigarria iruditu zait. Ikasleen nolakotasunari ere erreparatu ote zaio ikerketan, urrutitik ikastea aukeratzen duenaren nolakotasunari, alegia? Ez dakit, beharbada “errua ez da distantziarena” izango, Xabi Aburruzagaren kantuaren hitzak erabilita. Eta eraginik izango balu, ordea? Zertxobait irakurri dut, bai.

Unibertsitatea, aurrerapena eta tradizioa

San Tomas Akinokoa da gaur; berori dugu unibertsiteen patroi. Hala, gai horren inguruko gogoeta laburrarekin natorkizu.

Egunaren inguruko ospakizun batean hartu nuen parte joan den astean (ikusi nahi baduzu, 1:21:25 aldera agertzen naiz). Ospakizunean deigarria izan zitzaidan (eta seguruenik unibertsitate gehienetan antzekoa gertatuko da) esparru horretan tradizioek duten pisua: janzkeretan (birreteak, togak eta eskumuturrekoak, muzetak, koloreak, eskularru zuriak…), erritoetan (besarkadak, esaterako), Gaudeamus igitur ereserkia bera (edo kantatzeko hautatzen den zatia)…

Baina aldi berean, pertsonen goi-mailako prestakuntza eta ikerketa dira unibertsitateetatik espero direnak; aurrerapenerako bideak eskaintzea, beraz, jakintza-mailan behintzat. Are, eta honek ere eztabaida zabalerako eta hausnarketarako bidea ematen du, badago unibertsitateak irakaskuntza gutxiesten duela pentsatzen duenik (Amalio Reyk idatzitako sarrera, gazteleraz), eta horren aurrean ikerketzea nahiago dela.

Ondorioz, badirudi txanpon baten bi aldeak dituela unibertsitateak, oraindik orain: ohitura eta tradizioaren pisua (ekitaldia, eta parafernalia, nahi bada, erakusgarri bat baino ez den arren) eta gerora begiratzearen beharra (baita ikas-irakas prozesuetan ere).

Nor unibertsitatera?

Joan den astean eskatzea libre dela nioen hemen. Hala, XX. mendean –orain dela 30 urte inguru, alegia– manifestazio batzuetan oihukatzen zena gogorarazi dit [Enlace roto.]k ([Enlace roto.]). Mikel @eztabaik aipatu ohi du, eta azken boladan gazteen manifestazioren batean ere entzun dut berriz: “el hijo del obrero, a la universidad” zen –eta da– aldarrikapena.

[Enlace roto.] deia.com-etik hartutako argazkia

Nerau ere unibertsitatera heldu den lehen belaunaldiko familia batekoa naiz; ikasketa formaletan urri ibili izan gara antza. Beti aipatzen dut derrigorrezko hezkuntza zabaldu eta luzatu izana gizartearentzat onuragarria dela –beste upeleko sagardoa da hori nola ari den gauzatzen–. Halaber, eta bizitza osoan zehar ikastea (Life Long Learning), “gehiegi estudiatzea” (sobreformación) fenomenoa, , gaitasuna duena (eta ez naiz gaitasun ekonomikoaz ari) goi-mailako ikasketera heltzea egokia da oso nire ustez, ondo bideratutako Lanbide Heziketaren garrantzia ahaztu gabe

Horregatik, bakar-jokoan nork bere burua engainatzea baino amarrua delakoan nago erreforma hori. Garai bateko lizentziaturako bost-sei urteak edo diplomatua izateko hiruak lau-bosteko graduetara pasatu ondoren, hiru urte ondorengo amaierako bi urteko masterraren eredura ei goaz. [Enlace roto.]. Ikasteko maileguak eskatzeko eredua askorentzat bide bakarra akaso. Bai, mundu zabalean ez da horren arraroa… osasun-zerbitzu pribatuak ez diren bezala. Krisiaren ajeak, edo aitzakia –hau bai merkea–.

Berrietako loturak, Deia.com webgunekoak dira

Nolako irakaskuntza nahi / espero dugu?

Paperezko Deian irakurri nuen lehendabizi eta gero webgunean ere badagoela ikusi dut; zuzendariari idatzitako gutun bat da: “[Enlace roto.]“. Egilea, ikasle bat, bere esanetan.

Bertan adierazten duenari jarraiki, karrera bat baino gehiago egin du dagoeneko; arrakastaz gainera. Eta kexu da ikaskideen ordenagailu eramangarrien zaratak ez diolako irakasleen azalpenak behar bezala entzuten uzten. Eta nik, entxufe edo konektibitate faltagatik kexa adierazteko izango zelakoan…

Pedriren argazkia, Flickr-en, CC lizentziapean

Behaketak informazio ugari eskain diezaguke; dokumentuen analisiak ere bai. Eta hala iruditzen zait aipatzen dudan kasuetan. Irakasleen hitzen eta diskurtsoak berebiziko pisua dute pertsona honentzat; areago oraindik, klase magistralak irakaskuntza unibertsitarioaren ezaugarri nagusienetako bat dira bere ustez.

Aurreko mendeetakoa bere horretan mantenduz gehitzen diot nik honi, gizarteak eta gerora begirako bizitzak eskatzen digutenari edota eska diezagukeetanari muzin eginez. “Konpetentziak eta gaitasunak” diozu? Ondo, eskerrik asko. Ordenagailu eramangarriak? Beste horrenbeste; apunteak hartzeko, jakina.; Besterik egin ahal da, ala?

Gazteen emantzipazioa

Jaurlaritzak gazteen emantzipazioa sustatu nahi duela irakurri nuen [Enlace roto.] (estatistikari erreparartu nahi badiozu, hona hemen Gazteen Euskal Behatokiak eskainitako datuak). Sekula baino prestatuago omen dugu gazteria, arlo teorikoetan behinik behin (ikus, esaterako, [Enlace roto.]). Baina etorkizuna ilun samarra, oro har.  Areago oraindik, gainkostu bi sumatzen ditut, gutxienez, gizartearentzat.

Oskar Martínezek DEIAn ateratako argazkia

Gainprestakuntza hasteko, alegia, behar dena baino gehiago estudiatzea, eta ustez, nahi baino sarriegi noraezean ibilita. Hala eta guztiz ere, utz dezadan argi aurrera jo eta kritikak entzun aurretik, aurrerapauso handia dela nire ustez derrigorrezko heziketa luzatu zein unibertsitateko ateak ireki izana, baita bizitza osoan ikastearen beharra ere. Baina, adibidez, ingeniaritza ikasi eta gero paddle irakasle izan, ez dakit ba.

Aurrekoaz gain, hemen prestatu pertsonak gero atzerrira joateko. Esanguratsua; gerora begira japoniera ikasten ari zela entzun nion lehengoan ingeniarigai bati, hemen etorkizun beltza ikusten baitu.  Gertakari honek gainera kalte itzela egingo digu bihar-etzi, Ameriketan ere txakurrak ortozik dabiltzala ahaztu gabe –eta Alemanian ere bai, eta Japonian–

Lanbide Heziketa izango da irtenbidea, [Enlace roto.]? Unibertsitatean karrera batzuetan postuak mugatzen badira ([Enlace roto.]) nork izango du nahi duen hori ikasteko aukera (betikoek seguru)? Zalantzak ugari, lagun hori, eta irtenbide errazik ez, momentuz.