Hizkuntza “arraroak”

Ama-hizkuntzaren Nazioarteko Eguna ospatzen da otsailaren 21ean. Wikipedian, esaterako, “lehen hizkuntza” egokiagoa dela azaldu arren eta Kike Amonarrizek ere antzekoa azaldu zuen, gaurko kontua ez da horren ingurukoa, ezta Jone Uriak Berria egunkarian planteatutakoen esparrukoak.

Edonola ere, UNESCOk antolatzen du aipatutako egun hori urtero 1999tik, kultura aniztasuna eta eleaniztasuna sustatzeko asmoz. Horren harira, harritu egin nau El País egunkarian atera den berri bat: “Hay vida más allá del inglés: estos son los idiomas más raros que puedes estudiar“.

Neure buruari galdetu diot ea nork erabakitzen duen zer den arraroa eta zer ez; nork duen horretarako ahalmena eta nork aitortua. Izan ere, bakoitzak duen esperientziaren arabera sumatuko duela, eta ez hizkuntza nagusien betaurrekoak erabilita ezinbestean. Bestela esanda, nagusien “normalitatetik” urruntzen dena izango da arraroa, ezta?

Iturria: Photographer Nazrul Islam. Wikimedia Commons.

Gainera, ohi baino sentiberago egon ninteke agian. Izan ere, MOOC batean ari naiz parte hartzen azken asteotan, eta une honetan lantzen ari garenaren artean, Europako Erreferentzia Marko Bateratuan ageri den bezala, honako hauek daude: ezagutza soziokulturala eta kulturarteko kontzientzia.

Aipatutako online ikastaro ireki masibo horretarako blog bat sortu dut (bai, beste bat). Euskara ikastera hurbil litekeen ikasleriarekin estereotipo eta aurreritzien balizko lanketarako playlist bat sortu dut proposatutako erronketako bati erantzuteko asmoz… eta egon badaudela konturatu naiz. Entzun dut, behin baino gehiagotan, euskara zaila eta arraroa dela, baina, orain arte idatzitakoarekin bat eginez, ez nator bat jakina. Niri, berriz, euskara eta arraroa horrekin, Nafarroa euskararik gabe arraroa litzatekeela datorkit burura.

Irakaslearen gaitasunak

Musikari gisa ezagutzen nuen Marino Sáiz. Bibolina jotzen aritzen da sarri, beste abeslari batzuen jarduna laguntzen; inoiz, kantari ere bai. Lehengoan, berriz, irakaslea ere badela irakurri nuen El Paisen, eta musika baliatzen duela lehen hezkuntzako saioetan. Halaber, magia erabiltzen duen irakasle baten berri izan dut, Educación3.0 aldizkarian; Xuxo Ruiz Domínguez du izena.

Marino Sáiz, musikari eta irakaslearekin 2015ean

Adibide gehiago egongo da seguruenik. Horietako asmo, emozioarekin lotuta. María Méndezi, adibidez, learning by feeling edo sentimenduen bidetik ikasi irakurri nion, bigarren hizkuntzen ikas-irakaskuntzarekin lotuta azken honetan.

Hala ere (beti dago baina bat), irakasle bakoitzak bere alderdi sendoak eta ahulak ezagutuko ditu, bere gaitasunak eta ezagutzak. Hobetzea izango da erronka, jakina; gaitasunak zabaltzea, alegia. Baina ez da samurra; seguruenik, nekez iritsiko gara Marinoren edo Xuxoren mailara iristea euren esparruetan.

Beste alde batetik, erakunde hezitzaile berean aritzen garenean, badago kontuan hartu beharreko beste faktore bat: ikasleei egiten zaien eskaintzen koherentzia.

Eta honetan ari nintzela, Toni Solanoren erronka irakurri dut: DBHko ikasleek berari flauta jotzen irakastea.  Ez dut uste Hamelingo flauta-jotzailearen mailara iritsiko denik, baina horra hor ikasleak motibatzeko beste era bat, emozioak indarrean jartzekoa. Eta hori ere magia da.

Hizkuntzak eta politikariak

Ez zait gustatzen hizkuntzak jaurtitzeko armak bezala erabiltzea. Azken finean, gizarte osoaren kontrako ekintzak direlakoan nago, nahiz eta epe motzeko etekinei begira dagoenak dena dela zilegi pentsatuko duen.

Euskarari buruz Pablo Casado politikariak esandakoak eragin zidan berotua pasa ondoren iritsi naiz ondorio horretara . Izan ere, linguae navarrorum bezala ezaguna  dena Nafarroako hizkuntza ez dela esaten duenak (Noticias de Navarran berria) ezagutza eskasa edo aholkulari txarra duela pentsatu nuen hasiera batean. Halaber, niri orain dela urte batzuk gertatutakoa gogorarazi zidan: Nafarroako Arantza herrian topatu nuen emakume zaharrak harro-harro esan zidan legez,  han den-denak ziren euskaldunak, Gipuzkoako edozein herritan baino ehuneko handiagoan. Zer gertatuko litzateke emakume nafar hari euskera ez dela berea esango balio inork?

Joxemai https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Arantza_2016.jpg CC By SA 4.0

PP alderdikoa den ezagun bati (kuota ordaintzen duena, bere esanetan) adierazi nion nire hasierako susmoa, baina berak beste aldagai bat aipatu zidan: entzuten ari denak entzun nahi duena esatean egon litekeela oinarria, esandakoa egia ez dela jakin arren. Oso arriskutsua iruditzen zait halaxe jokatzea; esaera zaharrak dioenez, hazi txarretik uzta onik ez (edo gaizki esatea baino, hobe isilik egotea).

Areago oraindik: hizkuntzak eta emozioak-sentimenduak lotuta daude; ez dugu berdin jokatzen edota sentitzen gure ama-hizkuntzan edo beste batean aritzean, Jon Andoni Duñabeitiari  hitzaldi batean aditu nion bezalaxe. Ikuspegi hori kontuan izan dute seguruenik, Pedro Sánchezen ingurukoek katalanaren erabileran, Antoni Gutiérrez Rubi-ri irakurri diodanaren arabera .

Artizarra eta ziberkomunitateak

Ez natzaizu egunsentian edo ilunabarrean eguzkiaren inguruan ikus daitekeen argizagiaz; ezta Donibane Garazin aurki daitezkeen “artizarra” izeneko gailetez ere. Atzo aurkeztu zuten Bilbon Artizarra, “euskaldunen sare sozial tekniko-zientifiko-profesionala” izango dugu gaurkoan mintzagai.

Atzoko aurkezpen-saioan, baikorregi sumatu nituen hizlari guztiak. Horrexegatik, besteak beste, nire atzoko txioa zertxobait argitzea izango da sarrera honen helburua.

Ikusi beharko dugu zein den dagoeneko 400 kidetik gora duen ingurune honen bilakaera. Ingurune edo webgune diot; izan ere, sare sozialak modu presentzialean ere badaudela esan ohi dut sarri (UEU bera aztertzea nahikoa litzateke adibide bat baino gehiago izateko). Halaber, Internetek horrelako egitura sozialak hedatzeko,  zabaltzeko, indartzeko balio dezakeela, denbora eta espazioaren mugak gaindituta. Horregatik, ez dut gustuko “sare sozial” besterik gabe erabiltzea.

Bestetik badaude, eta nik egindako ikerketa nagusia dut gogoan (txiotesian laburtua; “Ikas-ziberkomunitateak eta irakasleen prestakuntza” artikuluan landuago aurkeztuta; tesi osoa ere eskura duzu, hala nahi baduzu), komunitaterako bidea (edo ziberkomunitaterakoa) erraztu, zaildu,  oztopatuko… duten kontu edo faktore batzuk; 16 zehaztera heldu ginen. Seguruenik horiei (eta gehiagori ere bai) erreparatu diete proiektua martxan jarri aurretik, baina azpimarratu dezagun horietako baten bat.

  • Partaidetza (eta partaidetza pasiboa) da oinarrizko puntuetako bat, zalantzarik gabe. Alegia, zein mailatan hartzen dute parte modu aktiboan izena eman dutenek. Are, partaidetzaren kalitateari ere erreparatu beharko litzaioke, “partaidetza soziala” deritzona (agurrak eta antzekoak) nagusitu ez dadin.
  • Lidergoa, dinamizazioa. Hona hemen beste alderdi garrantzitsu bat: nork eta nola egingo duen lan hori, zein baldintzatan…
  • Espazio batean egotea bai da funtsezkoa, baina espazio horrek ez du zertan itxia izan behar. Neure burua ere badut orain gogoan; “beste gune bat, hau nagia!” pentsa dezakeenik egon liteke, pentsatzen duena egongo da. Beste profil bat sortu eta zaindu beharra, beste gune batean sartu behar berriak ikusteko eta komunikatzeko… Orain artekoak nahikoa ez balira bezala.
  • Gehiago ere badaude: helburu komunak, partaide-kopurua…

Azken finean, sarritan aipatzen dut Remei Campsek idatzitakoa ematen ditudan hitzaldi eta saioetan zein idazkietan: edukiagatik heltzen dira pertsonak komunitateetara, baina erabilgarritasunagatik eta harremanengatik geratzen dira. Geroak esango digu zein izan den Artizarraren bidea.

Hilezkortasuna eta irakasleak

Zirriborroen artean neukan sarrera bat berreskuratuko dut gaurkoan.

Badarama denbora-tartetxo bat jubilaturik Miguel Angel Santos Guerrak. Oso idazle emankorra dugu; liburu mordoa ezezik, astero zutabeak ere argitaratzen ditu El Adarve izeneko blogean. Sarreretako batean, Rubem Alves-en testu hau irakurri nion:

“Hilezkortasun-ariketa bat da irakastea. Nolabait, bizirik irauten dugu gure hitzaren magiaren bitartez mundua ikusten ikasi zuten begien jabeengan. Horregatik, irakaslea ez da inoiz hilko.”

Inoiz irakaskuntzan aritu garenok, akaso, horrelako zerbait galdetu diogu uneren batean geure buruari. Ea horrelako zerbait lortzeko gai izan garen. Lagun bati egunotan Facebook-en antzeko bidetik idatzi dio ikasle ohi batek. Edonola ere, zalantzarik ez dut denok izango dugula gogoan irakasleren bat, dena delakoagatik ahaztu ez duguna, berak irakatsitakoa bizitza osoan lagun izan duguna –edota duguna–.

Batxilergoa Derion elkarrekin egin genuenok, adibidez, Mikel Zarate aipatu izan dugu behin baino gehiagotan. Garai hartako bere jokabideak era profesionalagoan aztertzen saiatu izan naiz gerora, oroitzapenetan oinarritutako azterketa izan arren; ez dakit modu kontzientean edo ez, baina egun aipatzen diren konpetentziak eta bizitzarako ikastea zuela ipar esango nuke.

Eta zuk, adiskide horrek? Baduzu oraindik gogoan aspaldiko irakasleren bat?

Cementerio-Hilerria by Iñaki Murua, Flickr-en