Hizkuntzen heriotza

Bueltaka dabilkit sarrera hau abuztuaren hasieran Mamen Hornok idatzitako “Por qué mueren las lenguas” sarrera irakurri nuenetik. Bi arrazoi nagusi azaltzen ditu bertan.

Halaber, Juan Tortosak idatzitako “Filólogos cabreados” testua ere irakurri dut gerora. Latina eta grekoa hizkuntza hilak ote diren aipatzen da. Arestian azaldutako sarreran, arrazoietako bat ematen dio Mamenek latinaren “desagerpena”ri (irakurri bere sarrera jakin nahi baduzu, merezi du-eta). Ohi bezala, pentsatzeari ekin eta nire bizitzako pasadizoekin lotu ditut kontu hauek guztiak.

Izan ere, eta Botxotik Ziberespaziora blogean kontatu nuen iaz, BUPeko ikasle nintzela, bigarren mailan hain zuzen, latinarekin egin nuela topo. Egia esan, latinarekin eta irakasle berezi batekin; asko zekielakoan nengoen… eta nago. Ez zaitez harritu: latinez hitz egiten zigun klasean irakasle horrek. Gogoan ditut, bai, “Urlia, surge / sede” [alegia, Urlia altxatu / eseri] edo “aperum librum in pagela ducentesima prima” bezalakoak. Garai hartako klasekide batek oso oroimen onekoa naizela esaten dit; ez dakit ba halaxe izango den, baina latinaren bestelako ikuspegi bizi bat eman zigula begien bistakoa da.

Mamenek azaldutako bigarren arrazoian euskararen kasuan sumatu dut. Eta horrelako arriskuei aurre egiteko egindako ahaleginak. Besteak beste, “Fisika nuklearra ere euskaraz” sarreran azaldutako ikuspegiak tarteko. Azken finean, sarri (eta aspalditik gainera) esan dut ez dudala hizkuntza kontuengatik museoko ataltxo bat izan nahi.

Eta nola ez, ezin ahaztu sarritan irakurri ditugun Joxan Artzeren hitzok:

5 thoughts on “Hizkuntzen heriotza”

  1. Hainbeste ikerketa eta komedia eta egia oso sinplea da: hizkuntzak hiltzen dira bere ezaguera derrigorrezkoa ez denean. “No entiendo, traduce por favor” esan dezakegunean eta “Ez dut ulertu zer esan duzun, esan euskaraz denok ulertzeko” esan ezin dugunean. Eta hori da dena. Elebitasuna egoera trantsitorio bat, luzeagoa edo motzagoa izan daitekeena, besterik ez da. Hizkuntza bat beste batetik ordezkatzen den bitartean dirauen fenomeno trantsitorio bat. Ez dute ezertarako balio diglosia fosilizatzeko saiakerak, Irlandan bezala edo orain arte hemengo hizkuntz politika bezalakoak. Jendeak hizkuntza bat ikastea, ikastolan adibidez, eta, handik atera eta gero, ezertarako balio ez izatea, da arrainak piszifaktoria batean sortzea eta gero itsasora botatzeko tokian komunetik behera botatzea bezala. Martxa honetan, 20 urte barru, euskara jendeak ezagutuko du, agian gaur egun baino gehiago, baina inork ez du hitz egingo ezta gaur egun hitz egiten den guneetan ere.

    1. Ezagutza eta erabileraren arteko oreka: arazo handia benetan gure eremuan. Eta irtenbide errazik ez dagoela ematen dit.

  2. Eta esaldi hori:” hizkuntza bat ez da galtzen…. ” txorakeri galanta iruditu zait beti. Horrelako esaldiak asmatzen dituzten “intelektualekin” euskaltzaletasunak ez du etorkizunik. Hizkuntza bat ezertarako ez ba da behar, ez dakitenek ez dute ikasten eta dakitenek ez dute hitzegiten. Ez dira bi gauza desberdin baizik gauza beraren bi aurpegi. Derrigorrezko hizkuntza bat behar da eta hori, aspaldidanik, gaztelania da. Hori ez bada aldatzen…

    1. Nik beste ikuspegi batetik ikusi izan dut beti Artzerena, Patxi. Alegia, ez botatzea besteei errua, eta euskaldunok badugula euskararen etorkizunean erantzunkizunik.

      1. Hizkuntzak komunikazio tresna bat dira eta hori da bilatu behar dena: hizkuntzaren ofizialtasuna eta mundu guztiak hitzegitea, jende “normalak” ere bai, ez “militanteek” bakarrik. Hiztunei militantzia eskatzeak ez du ezertarako balio. Seguru edozein hizkuntza hilen azken hiztunak oso militanteak izandu zirela. Izan behar da, inor jada hitzegiten ez zuen hizkuntza bat hitzegiten segitzeko. Militantzia, beste erremediorik ez dagoenean, erresistentzia moduan, ongi dago baina hortik ez ba da ateratzen hizkuntza hil egingo da.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *