Ospakizuna Derion

Honez gero badakizu, irakurle lagun horrek: Derioko Seminarioan, Resurreccion Mª de Azkue ikastetxean alegia, egin nituen batxilergoko ikasketak joan den mendean, BUP zenean alegia. Lehen hezkuntzakoak, berriz, Begoñazpi ikastolan (eta bere aitzindari izan zirenetan) .

Euskara izan nuen lehen hizkuntza; ama-hizkuntza, nahi baduzu. Egia esan, gaztelania ere bai, txikitatik bietan moldatu bainintzen. Are, gogoan badut bitartekotza linguistikoa indarrean jartzen nueneko pasadizoren bat (baina hau hurrengo baterako utziko dut).

Euskaldun-zaharra esan genezake hortaz, bilbotar peto-petoa izan arren. Txikitatik euskalduna izanagatik, euskara lantzeari ekin nion jakina, ikastolako kume izanda. Deriora jauzia emandakoan, legez hizkuntz eredurik ez zegoen garaian, nahiz eta ikasketak gaztelaniaz ziren, bagenituen euskarazko eskolak (Jon Kortazar izeneko gazte bat izan zen irakasleetako bat, esaterako) eta bestelako gaietan ere lantzen genuen (besteak beste, Mikel Zarate edo Josune Ariztondorekin).

Deriotik mugitu gabe, ohikoa zen udan euskara lantzen segitzea uztailetan antolatzen ziren Udako Ikastaroetan. Eta halaxe egin nuen urte batzuetan, hamaika kiderekin denborak eta espazioak partekatuz; Labayru Institutoko tituluak ere eskuratu nituen. Gogoan dut erabiltzen zen leloetako bat: dakigunetik ez dakigunera. Orduan ez nuen halakorik espero, baina helduen euskalduntzea izan dut gerora lanbide gainera.

50. urteurrenera helduko aurten Derioko Udako Euskal Ikastaroa (DUEI irakurri dut berriki; irudian ere ikus daiteke). Eta ospatzeko dei bat ere badagoela jakin dut, ekainaren 15erako hain zuzen. Bazkari batekin, jakina. Nik ez dut joaterik izango, baina egun gogoangarria izango da, zalantzarik gabe. Zorionak hemendik, Labayruri, ikastaro horiek sortu eta bultzatu zituztenei eta, zelan ez, partaide izan ziren ikasle eta irakasle guztiei.

“Ikas-ziberkomunitateak eta irakasleen prestakuntza”: udako ikastaro bat

Behin baino gehiagotan hartu dut parte Euskal Herriko Unibertsitateak udetan antolatzen dituen ikastaro eta ekintzetan. Baina aurten bestelako ikuspegi bat izango dut; izan ere, ikasle edota partaide soil gisa aritu ordez zuzendari izango nauzu tailer tankerako jarduera batean. Egia esan, zuzendari eta irakasle.

Arrazoi duzu, adiskide. “Nire gaia” izango da ardatz: ikas-ziberkomunitateak eta irakasleen prestakuntza. Dena den, goi mailako bi lankide izango ditut tailerrean: Amaia Arroyo eta Lorea Fernández. Euskaldunak, doktoreak, gazteak (ni baino gazteago behintzat), adituak…

HABEren lankidetza du jarduerak. Eta oraingoan neguan baino arrakasta handiagoa izatea espero dugu. Jardun biko (b-learning) ikastaro hura ez zen aurrera atera, arrazoi desberdinengatik.

EHUko Uda Ikastaroen webgunean duzu informazio zabalagoa eta matrikula egiteko aukera; maiatzaren 31 baino lehen merkeagoa dela ez ahaztu. Elkar ikusiko dugu uztailaren hasieran Donostian?