“Ikas-ziberkomunitateak eta irakasleen prestakuntza”: udako ikastaro bat

Behin baino gehiagotan hartu dut parte Euskal Herriko Unibertsitateak udetan antolatzen dituen ikastaro eta ekintzetan. Baina aurten bestelako ikuspegi bat izango dut; izan ere, ikasle edota partaide soil gisa aritu ordez zuzendari izango nauzu tailer tankerako jarduera batean. Egia esan, zuzendari eta irakasle.

Arrazoi duzu, adiskide. “Nire gaia” izango da ardatz: ikas-ziberkomunitateak eta irakasleen prestakuntza. Dena den, goi mailako bi lankide izango ditut tailerrean: Amaia Arroyo eta Lorea Fernández. Euskaldunak, doktoreak, gazteak (ni baino gazteago behintzat), adituak…

HABEren lankidetza du jarduerak. Eta oraingoan neguan baino arrakasta handiagoa izatea espero dugu. Jardun biko (b-learning) ikastaro hura ez zen aurrera atera, arrazoi desberdinengatik.

EHUko Uda Ikastaroen webgunean duzu informazio zabalagoa eta matrikula egiteko aukera; maiatzaren 31 baino lehen merkeagoa dela ez ahaztu. Elkar ikusiko dugu uztailaren hasieran Donostian?

Txikitako objektuak (eta oroitzapenak)

Aurreko astean idatzikoarekin lotura da gaurkoak. Lehen hezkuntzan erabiltzen zituzten objektuak klasera eramateko eskatu zien Lorea Fernandez irakasleak  ikasleei, euren esperientziak aztertu eta horien inguruan pentsatzeko asmoz.

Ez dakit neu ere halakorik egiteko gai izango nintzatekeen. Objektuez ari naiz, jakina; seguruenik, bidean geratu dira horrelako gauzak dagoeneko, oroitzapenak ez bezala. Trastelekuan egongo ote dira oraindik garai haietako Xabiertxo eta Nora zoaz liburuak, esate baterako? (portzierto, azken honetan marrazkiak eskolakide genituen batzuen aitak egin zituen, Larrik hain zuzen)

Zer diostazu zutaz?

Eta, aspaldiko garaietara etorrita, Rubio kuadernoez? Eskolan erabili zenituen edo baten bat gordeta duzu? Tira, hau irakurrita melankoniak jota bazaude, jakin “garai modernoetara” ere egokitu direla eta i-paderako aplikazioa ere badutela.

Rubiok Facebooken duen esparrutik hartutako argazkia